Edukira salto egin Salto egin nabigazioara

Zer den GEP?

Atalak
sectionbanner.gif

Zer den GEP?

Sarrera Goi Eskola Politeknikoa Zer den GEP?

 

MGEP kooperatiba MONDRAGON Korporazioa eta Mondragon Unibertsitatean sartuta dago, eta Mondragón Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren titular juridikoa da.

Bere jarduera nagusiak prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza dira.

Historia

Mondragón Goi Eskola Politeknikoak 1943. urtean ekin zion irakaskuntzari, aita Jose Maria Arizmendiarrietak bultzaturik, bera izan baitzen Arrasateko esperientzia kooperatiboaren sortzailea. Ordutik hona handitzen joan da eta, aldi berean, hainbat enpresa berritzaile sorrarazi du.

1950eko hamarkadan, Arrasateko industriaren goraldiak hazkunde demografikoa eragin zuen; ondorioz, eskola-eskaria ere handitu egin zen. Eskariaren gorakada horri erantzuteko, 1952an, Eskola eraikin handiago batera lekualdatu zen.

Irudi0

Itzuli gora

Ikasketa ofizialak

1957an Lanbide Heziketa goitik behera berritu zuen, Lan Ministeriotik Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora igaro eta balio ofizialeko ikasketa gisa arautu baitzen. Eskolak, enpresa-ingurunearen beharrizanei begira, berehala ezarri zuen formula berria.

1960ko hamarkadan, mugimendu kooperatiboaren loraldiaz bat, ikasle-kopuruak gehitzen jarraitu zuen, Eskolak eginda zeuzkan aurreikuspen guztiak gainditu arte. Horregatik, 1965ean, Iturripeko gaur egungo egoitzara lekualdatu zen.

Itzuli gora

Ingeniaritza Teknikoko Eskola

Hamarkada horretan, 1968an hain zuzen, Ingeniaritza Teknikoko Eskolari zegokion onarpen ofiziala lortu zuen; horrela, ikasketa horiek emateaz gain, zegokien gradua emateko baimena ere bereganatu zuen. Ordura arte eta 1947tik, Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egiten ziren Eskolan, baina ikasleek Zaragozako Peritu-Eskolan matrikulatu behar izaten zuten titulua eskuratzeko.

Itzuli gora

FAGOR sorrera

Gauzak horrela, azpimarratu beharra dago 1956an Eskolako lehenengo belaunaldiko bost ingeniarik Arrasateko kooperatiba-mugimenduko lehenengo kooperatiba industriala eratu zutela: ULGOR, Koop. E. izenekoa, gaur egungo FAGOR.

Era berean, merezi du aipatzea 1966an ALECOP kooperatiba industriala eratu zela, ikasleei ikasketak eta lana bateratzeko aukera emateko helburuz. Gaur egun 50 bazkide monitore eta 500 bazkide ikasle baino gehiago dauzka.

Ildo beretik, 1974an, MGEPko irakasleek IKERLAN Ikerketa Zentroa sortu zuten. Gaur egun 200 ikertzaile inguru dauzka eta Espainiako puntako ikertegietako bat da.

1983an Gizabidea Irakaskuntzako Fundazio Pribatua onartu zen, hain zuzen ere Jose Maria Arizmendiarrietaren hil osteko lana. Eskolaren ondarea Fundazio horren eskuetara joan zen.

Itzuli gora

Internazionalizazioa

Bestalde, 1972. urteko gertakari nagusia internazionalizazioari emandako bultzada izan zen, urte hartan hasi baitziren trukaketak atzerriko unibertsitateekin. Halaber, Eskolak partaidetza aktiboa izan zuen 1986az geroztik Prestakuntzaren eta I+GBren alorretan egindako hainbat proiektutan.

1980ko hamarkadan, inguruneko erronkei aurre egin nahian, Eskolak plangintza zehatza egin zuen, alde batetik ikasketa berriak abian jartzeko, bai Lanbide-Heziketakoak bai Unibertsitate mailakoak, eta bestetik, ikerketa eta etengabeko prestakuntza sendotzeko.

Itzuli gora

IRAUNKOR sorrera

Hala, 1985ean, Eskolaren ia hastapenetik martxan egondako Etengabeko Prestakuntza sailari IRAUNKOR izena eman zioten, enpresetako langileak trebatzeko premia gero eta larriagoari erantzuteko, batik bat langile horiek teknologia berrietara egokitu eta birziklatzea errazteko.

Itzuli gora

Karrera Amaierako Proiektuak

I+GB jarduera oinarrizko elementua da irakasleek beren ezaguerak etengabe berritzeko eta enpresen errealitatearekin kontrastatzeko; era berean, jarduera horrek oso eginkizun garrantzitsua du ikasleen prestakuntzan, Karrera Amaierako Proiektua egin behar dutelako enpresetan.

Karrera Amaierako Proiektuez eta enpresetara zuzendutako Zerbitzuak emateaz gain, Ikerketa Aplikatuko nahiz Oinarrizko Ikerketa Bideratuko aktibitateak ere gauzatzen dira, eta aktibitate horiek azken urteetan garrantzi handia hartu dute.

Irudi1

Itzuli gora

Beste ekintzak

Eskolaren partaidetza zuzenak beste enpresa-ekimen eta heziketa-zentro batzuk sorrarazi ditu bere historian zehar. Duela gutxi, 1996an, CEI-SAIOLAN enpresa sortu zen, sektore aurreratuetako bederatzi enpresaren inkubategi gisa, nahiz eta jarduera horrek, MGEPko sail gisa ere, 1984tik emaitzak emanak zituen.

Azkenik, azpimarratu beharra dago MU 1997an jaio izana, Deba Garaiko beste bi unibertsitate-zentrorekin batera: Oñatiko ETEO Koop. E. eta Eskoriatzako Irakasle Eskola Koop. E.

Gaur egun, 2001-2004-2008rako Pan Estrategikoaren ondorioz, heziketa-ereduaren diseinua aztertzen ari gara (Mendeberri Proiektua), gure ikasleengana, behar dituzten ezagupenez gain, gizarteak eskatzen dituen gaitasun eta balioak ere helarazteko helburuz.

Horrez gain, unibertsitate-campusaren kontzeptu berri bat garatzen ari gara (Garaia Berrikuntza Gunea), enpresa eta gizartearentzako balioa sortzera zuzendutakoa. Gune horrek Unibertsitate-Institutuak, Ikertegiak eta enpresetako I+G unitateak biltzen ditu ingurune fisiko berean.

Itzuli gora