Edukira salto egin Salto egin nabigazioara

Ikerketa

Atalak
sectionbanner.gif

Ikerketa

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Enpresagintza Fakultateko IKERKETA, GARAPEN eta BERRIKUNTZArako lantaldea erakundeen kudeaketan berezitua dago, eta, gutxi gorabehera, 40 pertsonek (ikertzailek) osatzen dute. Haiek hainbat erakundetako pertsonekin lankidetzan aritzen dira beren I+G+B proiektuak aurrera ateratzeko, eta baita Aholkularitzako eta Laguntza Teknikoko proiektuak ere.

Gure helburu nagusia enpresa-eremuan oinarrizko eta aplikatutako ikerketa-lanak burutzea da, batez ere antolaketa, kudeaketa, jabetza eta gizarte eta lanaren alorretan, eta baita berrikuntzan eta negozio berrien hastean. Era berean, zera uste dugu: gure Lantaldearen ikerkuntza-jarduna

  • prestakuntza (akademikora) zein (enpresen) berrikuntzara zuzendu behar dela, ezagupen, tresna, teoria eta metodo berriak ekarriz, eta,
  • eta enpresa-jardunbidean oinarritu behar dela. Beste era batera esanda, guretzat ezinbestekoa da erakundeekin zuzeneko lankidetzan arituz ikertzea.

Erakundeak entitate sozialak dira, eta dena delakoak izanik ere beren helburuak (bezeroa zerbitzatzea, enplegua sortzea, errentagarriak izatea etab.), beren jardueraren  funtsezko oinarriak ikertzea, jaramon egitea eta berritzea izan beharko lukete negozio eta ideia berriak garatu asmoz, eta baita lan egiteko, kudeatzeko, antolatzeko eta aberastasuna banatzeko era berriak garatzeko asmoz ere. Gure aburuz, erakunde guztia sistema gisa artikulatzen duen ardatza dimentsio giza-soziala da, hots, gizakia; eta erakundeek beren helburuak arrakastarik handienarekin lortzeko, ezinbestekoa da haiek aintzat hartzea. Are gehiago, zera esatera ausartuko ginateke: enpresa-ekimen ugarik porrot egiten dutela giza-faktoreari behar adina garrantzia ez aitortzeagatik, negozio-aukera berrien kudeaketari arreta ez jartzeagatik edota funtzio teknikoa eta soziala orekatzen dituzten kudeaketa/antolaketa-ereduak ez ezartzeagatik.

Enpresen esparruko erakunde ugarik etengabe azaltzen dute beren gogoa enpresaren eguneroko kudeaketan pertsonak integra daitezela ahalbidetzen duten kudeaketa aurreratuko tresna teknikoak garatzeko edota erabiltzeko. 5 s-ak (ordena eta garbitasuna), EFQM eredua, edota plangintza estrategikoa... bezalako tresna teknikoak, kudeaketaren hobekuntzan aurrera egiteko helburuarekin erabiltzen direnak, ez dituzte beti nahi diren emaitzak ematen. Era berean, London Business School eta Babson Colleege erakundeek bultzatutako 2005eko GEM (Global Entrepreneurship Monitor) ikerketak, enpresa-jardunbide berrien sortze-maila neurtzen duenak, zera erakusten digu: EAEren egoera, batez besteko % 5,9ko ahalmen ekintzailearekin, tarteko postu batean kokatzen dela ikerketa-gai izan diren beste herrialdeetako batez besteko % 9,38arekin alderatuz gero. Egoera horrek honako galdera hauek planteatzera garamatza:

  •  Zein dira negozio berrien sortze-maila zehazten duten faktoreak?
  •  Zer gertatzen da enpresa-erakundeen eta enpresa osatzen duten pertsonen inguruan, aplikatutako tresna teknikoek erabilpenik ez izateko edota bilatzen diren xedeak lortzen ez laguntzeko.

Gure funtzioetako bat, kudeaketaren ikertzaile gisa, proiektuen garapenerako lan-hipotesiak lantzea da, garatzea erabaki dugun ikerketa-eremuetarako soluzio berriak aurkitzea ahalbidetzen dutenak. Ikerketa-eremu horiek honako arlo hauekin daude lotuta: a) negozio aukera berrien kudeaketarekin, b) gora doazen kudeaketa- eta antolaketa-dinamikekin edota dinamika aurreratuekin eta c) jabetzarekin, guztiak pertsonarengan oinarrituak egonik.

Gauzak horrela, hipotesi gisa plazaratzen ditugu arduratzen gaituzten gaiak:

Zer dela eta erakunde askok ez diote negozio berriak aprobetxatu eta sortzeko bideari ekiten?

Ez ote da izango prestakuntza faltagatik edota enpresa/negozio berriak sortzeko beharrizanaren kontzientziazio ezagatik?

Zergatik egiten du porrot kudeaketarako tresna tekniko berrien aplikazioaren zati batek?

Ez al da izango, hein batean, agian goizegi aplikatzen direlako, batez ere, norberarekin batera lan egiten duten pertsonek ez dutelako prestakuntza, motibazio eta konpromisoaren inguruko egokitzapen kulturalik izan?

Abiatze-hipotesiak baliozkoak izango balira, enpresak jardunbide berrietan hastea lagunduko duten tresna-multzoak eskainiko dituzten ikerketa-proiektuen diseinuan pentsatzen hasi beharko ginateke. Horrez gain, ikerketa-proiektu horiek tresna berrien egokitasun eta beharrizanaz pertsonak beren kabuz jabe daitezela ere bultzatuko lukete. Hori dela eta, eite teknikoko tresnak aplikatzen hasi aurretik, eite sozialagoa duten beste batzuk aplikatu beharko liratekeela planteatzen dugu. Tresna sozial horietan pertsona litzateke guztiaren muina, eta haietan ekintzailetasuna eta berrikuntza bultzatuko lirateke kudeaketan eta jabetzan parte hartzeko aukera berri gisa.

 

Gure Ikerketa eta Berrikuntza Lerroak

Gure Ikerketa Lerroak honako honetan oinarritzen dira: funtzionamendu eraginkorra eta erakundeen eraldaketa, alderdi giza-sozialean zein tekniko-enpresarialean, bultzatzen dituzten azterketa psikologiko, eredu, tresna, teoria eta metodoen garapenean. Ikuspegi hori kontuan hartuz, hiru ikerketa-lerro planteatzen ditugu:

  1. Dinamika emergenteak erakundeen kudeaketan.
  2. Erakunde kooperatiboen eta gizarte-ekonomiako erakundeen kudeaketa.
  3. Ekintzailetasuna eta berrikuntza kudeaketan.

 

Itzuli gora