2009/10/31 admin
2009ko ekainean Gmane posta-zerrenden biltegiko arduradunengandik jasotako eskari baten ondorioz, aurrerantzean ItzuL posta-zerrenda Gmanen ez kontsultatzea erabaki dugu. Irtenbide gisa, ItzuLen kontsulta Google Search bidez egiten du orain Euskalbarrek. Aldaketa hau egingo genuela baliatuta, beste hobekuntza batzuk sartu genituen bertsio berrian. Erabiltzaileentzako nabarmenena Labayru hiztegiaren kontsulta gehitu izana da. Orain bizkaiera eta batua uztartzen dituen hiztegi hau kontsultatu ahal da bai modu sinplean bai bilaketa konbinatuetan.
Bertsio honetarako egindako beste zenbait aldaketa teknikoagoen ondorioz, Euskalbar ezin izango da instalatu Firefoxen bertsio zaharrenetan. Euskalbar instalatu nahi duenak edo bertsio berri honetara eguneratu nahi duenak ezinbestez eduki beharko du duela urte t’erdi argitaratutako Firefox 3.0 bertsioa edo berriagoa.
Euskalbarren bertsio hau, 3.5 deitu genuena, Mozillaren hedapenen webgunean (AMO) argitara zezaten itxaroten ari ginela, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegia sareratu zuen duela bi aste. Baliabide hau Euskalbarren integratzea garrantzitsua zela erabaki genuen eta berehala prestatu genuen Euskalbarren eguneraketa azkarra, 3.6 bertsioa, eta AMOra bidali genuen. Azkenean, gaur argitaratu dute, eta laster Euskalbar instalatuta daukaten ordenagailuek gehigarria eguneratzeko oharra jasoko dute.
Bi bertsio hauetarako egindako aldaketa guztien zerrenda hemen dago.
Euskalbarren bertsio berriena instalatu nahi izanez gero, sakatu hemen.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 3 erantzun »
2009/03/18 admin
Euskalbarren bertsio berri honek Goihata enpresak egindako eskakizun zehatz bati erantzun dio. Goihataren laguntzarekin garatuta, argitaratu berri den Euskalbar 3.4 bertsioak euskara-japoniera hiztegian kontsultak egitea ahalbidetzen du. Horrez gain, japonierako lokalizazioa erantsi zaio Euskalbarri.
Euskalbar moldatuko genuela baliatuta, beste aldaketatxo bat sartu dugu: orain Ereduzko Prosa Gaur webguneko kontsultak beste metodo bat erabiliz egiten dira, baliabide honen arduradunen iradokizunari jarraituz. Aldaketa honek ez du eraginik Ereduzko Prosa Gaur webgunetik jasotzen den informazioan.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 2 erantzun »
2009/01/25 admin
Hilabete igaro ondoren, azkenik Mozillaren addons.mozilla.org (AMO) webguneko editoreek oniritzia eman diote Euskalbarren bertsio berriari. Aurreko bertsioa egun batetik bestera gainbegiratu baziguten ere, oraingoan denbora gehiago behar izan dute. Kontuan hartu behar da AMOren editore gehienak boluntarioak direla, eta hedapenak gainbegiratzeko lana ez dela lanik gustagarriena ere. Hala ere, pixka bat azkarrago egin zezaketen, ezta?
Datozen egunetan zuen Firefoxen jasoko duzue Euskalbar eguneratzeko oharra. Itxaron nahi ez baduzue eta lehenbailehen erabili nahi baduzue, joan Firefoxeko “Tresnak > Gehigarriak” atalera eta sakatu “Bilatu eguneraketak” botoia.
On egin.
Bertsioak kategorian sailkatua | Ez dago erantzunik »
2008/12/28 admin
Firefox 3.1 kaleratzeko oraindik denbora asko falta bada ere, bertsio horrekin bateragarria den Euskalbarren bertsio berria prestatu dugu. Hiru aldaketa txiki egin dizkiogu, besterik ez. Alde batetik, Euskaltzaindiak bere webgunea berritu duenez, moldaketatxo batzuk egin behar izan ditugu Euskalbarrek Hiztegi Batuaren kontsultak modu egokian egin ditzan. Bestetik, Open-tran datu-baserako kontsultak orain kontsulta konbinatu gisa ere egin daitezke. Azkenik, Elhuyarren hiztegiak kontsultatzean azentu-markekin zegoen arazoa konpondu da.
Euskalbarren bertsio berria Mozillaren AMO webgunean dago abenduaren 17tik, AMOko editoreek oniritzia eman diezaioten zain. Ordura arte, ez duzue jasoko eguneraketaren berri zuen Firefoxen.
Hala ere, Euskalbar berria probatzeko irrikan bazaudete, AMO webgunean izena eman eta ondoko helbidetik instala dezakezue:
https://addons.mozilla.org/en-US/firefox/addons/versions/5811#version-3.3
Kontuan izan AMOko erabiltzaile-kontua sortu beharko duzuela bertsio berri hau eskuratu nahi baduzue.
On egin.
Bertsioak kategorian sailkatua | Ez dago erantzunik »
2008/07/16 admin
Elhuyarrek bere hizkuntza-zerbitzuak on line jarriko zituela baliatuz, Euskalbarren bertsio berria prestatu eta kaleratu dugu.
Euskalbar 3.2 bertsioaren berrikuntza nagusia frantsesezko hiztegiak kontsultatzeko aukera da. Orain Euskalterm-ek eskaintzen duen frantsesezko terminologia eta Elhuyarrek sarean jarri duen euskara-frantsesa-euskara hiztegia erabil daitezke. Horrez gain, frantsesezko lokalizazioa erantsi zaio Euskalbarri, Firefox frantsesez duen edonork Euskalbarren interfazea ere hizkuntza berean erabili ahal izan dezan.
Bestalde, Elhuyarren ingelesa-euskara-ingelesa hiztegian kontsultak egiteko aukera berria ere sortu da. Garapen hau Euskalbarren aurreko bertsioan ingelesezko hiztegietan egin zitezkeen kontsultak osatzera dator.
Euskalbar berriak Euskalterm-eko latinezko terminologia ere erabil dezake. Erabiltzaile batek Google Code-ren webgunean egindako iradokizun bati erantzun dio garapen honek.
Amaitzeko, hemendik aurrera Elhuyarren gaztelania-euskara-gaztelania hiztegia Elhuyarren webgune berritik atzituko da.
Euskalbar 3.2 denon gustukoa izatea espero dugu. Zuzenean instalatu nahi izanez gero, sakatu hemen. Inork iradokizunen bat badauka, ez ahaztu hemen utz dezakeela.
Bertsioak, Hiztegi eta baliabideak kategorian sailkatua | 3 erantzun »