GAIAK
EREMUA
Euskal Herria »
DOKUMENTAZIOA
Egileak:

Euskal Herriko Datuen Talaia

Logoa

Zenbat udalerrik osatzen du Euskal Herria? Zenbat biztanle dago? Zein da langabetuen kopurua? Zeintzuk dira Euskal Herriko sozio-ekonomiaren esparruan daturik esanguratsuenak? Nola gaude Europako estatuekin alderatuz?  Horiek eta tankera horretako makina bat galdera burura datozkiguke. Gehienak erantzunik gabekoak. Nor garen dakigulakoan zer garen oraindino ez dakigu. Datu batzuk badaude egon, jakina, baina horiek ere estatistika zerbitzu desberdinetan sakabanaturik han-hemenka, antolatu gabe.

Euskal Herriko datuen TALAIA proiektua gabezia hori gainditzera dator. Iturri estatistiko sakabanatu horietan arakatuz eratu dugu hemen eskaintzen dena (Ezinbestean horrela izan behar, Euskal Herriak ez baitu bere estatistika zerbitzurik oraindik). Euskal Herriaz hitz egin nahi duen ororentzat informazio zehatza, kalitatezkoa, kontrastatua eta osoa eman nahi dugu. Baina hitz egitetik harago Euskal Herria artikulatu, osatu eta garatu nahi dutenentzako tresna eraginkorra izateko sortu da Euskal Herriko datuen TALAIA.

Euskal Herriko udalerrien behar izanetatik sortzen da TALAIA. Udalbiltzak egin zituen aurreneko urratsak. Proiektu hau, bada, Euskal Herria bizirik nahi duten eragileengandik sortzen da. GAINDEGIAk bere gain hartu du lanabes hau eratzea, eguneratzea eta zabaltzea.

Euskal Herria egiten eta egin nahi duten eragileentzat, guztientzat, norbanako, elkarte zein erakunde izan, denontzat sortutako lanabesa da honako hau. Bertan Euskal Herria zer garen erakutsi gura dugu, ahalik eta modurik zabalenean, bai, baina aldi berean zorrotz. Datuen sotiltasunak, gordintasunak ere san liteke, informazioa besterik ez dakar. Horren erabilera, datuen adieraren interpretazioa, bilakaera, ezagutaraztea, eta datuen beraien ustiapenetik erator daitezkeen ekimenak horiek dira, dudarik gabe, Euskal Herria osoagoa, berriagoa eta kohesionatuagoa ahalbidetuko dutenak.

Esanak esan, Euskal Herriko datuen TALAIA ezin izan daiteke datuen anabasa edo argazki mugiezina. Alor desberdinetako eragileen esku hartzea behar beharrezkoa da. Aurrenik eta behin, tresna hau erabiltzen. Eta erabileratik harago, tresna hau hobetzen, egon daitezkeen akatsak zuzentzen, elikatzen, datu berriez hornitzen. Azken buru, zuen eskuetan jartzen dugun Euskal Herriko datuen TALAIA zuek egiten duzuen Euskal Herri hori bideragarri egiteko. Euskal Herria nor garen zuon, guztion esku baitago.

Aztiker & KAM Telekomunikazio Aholkularitza