Edukira salto egin Salto egin nabigazioara

Mondragon Unibertsitatea

Atalak
sectionbanner.gif

Albisteak

Sarrera Albisteak Fagor Group lehena da ‘Basque Culinary Center’ Fundazioaren patronatuan sartzen

Fagor Group lehena da ‘Basque Culinary Center’ Fundazioaren patronatuan sartzen

2009/11/26 16:01

Basque Culinary Center proiektuarekin bat egin duen lehenengo enpresa Fagor Group da, Fundazioaren patronatuan sartzeko hitzarmena sinatu ondoren. Hitzarmena Donostian sinatu dute gaur Joxe Maria Aizegak, BCulinary-ko zuzendari eta Mondragon  Unibertsitateko errektoreordeak, eta Txema Gisasolak, Fagor Groupeko zuzendari nagusiak. Hitzarmen horrek agerian utzi du Basque Culinary-k gastronomia-zientziei lotutako eragileen arteko sinergiak bildu nahi dituela. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du hasiera batean, eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera egongo da indarrean. BCulinary-k lankidetzako I+G+Ia garatzeko eta hainbat ikerkuntza-arlotan diharduten eragileekin elkarlaneko proiektuak bultzatzeko duen helburuari erantzuten dio akordioak.

Fagor Groupen egoitza Espainiako gastronomiaren sehaskan dago, eta konpainiak lotura historikoa izan du sukaldaritzarekin. Hala, adibidez, Karlos Argiñanorekin izandako harremanaren ondorioa izan zen goi-sukaldaritzaren demokratizazioa eta dieta mediterraneoan oinarritutako dieta osasungarria sustatzea. Konpromiso horri eutsita, Fagor Groupek Basque Culinary Centerren parte hartzea erabaki du, abangoardiako sukaldaritza ere ildo horretatik baitoa.

Europako etxetresna elektrikoen ekoizleen artean bosgarren nagusia da Fagor Group eta, proiektua babesteaz gain, bere produktuak jarriko ditu Basque Culinary Centerren instalazioetan eta ikerkuntzan lagunduko du bere baliabideak erabiliz. Konpainiak I+G+Baren alorrean dituen estandarrak hobetuz doaz urtetik urtera eta, gaur egun, bere diru-sarreren % 3 baino gehiago bideratzen du ikerkuntza-proiektuetara. Balio horren ekarpena egingo dio konpainiak Basque Culinary Centerri. Hitzarmena sinatu duen Txema Gisasola Fagor Groupeko zuzendari nagusiaren arabera, “sukaldaritzako profesionalengandik eta honelako ikerkuntza-zentroetatik hurbil egonda, sektorean dauden premiak detektatuko ditugu eta, horietan oinarrituta, irtenbideak garatuko ditugu, etxetresna elektriko berriak eta produktu mota berriak sortzeko. Horiek onuragarriak izango dira azken erabiltzailearentzat, zalantzarik gabe.

Mondragon Unibertsitatea buruzagi duen BCulinary proiektua, 2011n, Espainiako Gastronomia Zientzietako lehen Fakultatea izango da, eta Europako bigarrena. Horrez gain, gastronomiaren eta elikagai-zientziaren alorreko Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa edukiko du. Zentroaren helburua gastronomia-zientzietako arloetan I+Garen nazioarteko erreferentzia-gunea izatea da.

Zentroaren ikerkuntza-arloak honako hauek izango dira: elikagaien erantzukizun soziala; osasun eta ongizatea; elikagaiak landu, kontserbatu eta aurkeztea; garapen teknologikoa; jatetxe-sektoreko kudeaketa; eta elikadura-hezkuntza eta -ohitura osasungarriak.

Hitzarmena

BCulinary proiektuaren helburu nagusia honako hau da: Euskadi eta, hedaduraz, Espainia, nazioarteko erreferentzia bihurtzea gastronomia-zientzietako arlo guztietako prestakuntzan, ikerkuntzan, berrikuntzan eta ezagutza- eta teknologia-transferentzian, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak estutuz. Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenari esker, bi erakundeentzako zientzia-gai interesgarrietan ikerketak, proiektuak eta Ikerkuntza eta Garapeneko (I+G) programak bultzatuko dituzte, eta unibertsitatearen ikerkuntza-eginkizuna sendotuko dute.

Horrela, etorkizuneko Gastronomia Zientzietako Fakultateak izango duen I+G+Iko Zentroaren helburuari erantzungo dio hitzarmenak, hau da, goi-sukaldaritzako profesionalen artean eta gastronomiari lotutako enpresa-sektoreen artean ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzea, haien guztien arteko sinergiak erraztuz.

BCulinary Fundazioaren patronatuak, gaur Fagor Group barne hartu duenak, ekimenean aktiboki parte hartu duten sukaldariak ere partaide ditu: Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa, baita Mondragon Unibertsitateko errektore  Iosu Zabala ere eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Orobat, Gobernu Zentrala izan ditu babesle. Laguntza horiek guztiak osatzeko, Estatuko eta Europako sona handiko elkarte eta erakunde ospetsuekin hitzarmenak sinatu ditu Fundazioak. Horien artean ondorengo hauek aipa daitezke: Euro Toques Elkartea, Espainiako Gastronomia Akademia eta Zientzia Ikerkuntzarako Goi Zentroa (CSIC).  

Gastronomia Zientzietako Fakultatea  

Espainian ez dago unibertsitate mailako prestakuntza-eskaintzarik gastronomiaren alorrean. Hori dela eta hutsune nabaria dago sukaldaritzaren alderdi profesionalean. Hutsune hori betetzeko komenigarria litzateke kualifikazio handiagoko profesionalak prestatzea, gaitasun sakonagoen jabe direnak, bestelako eremu profesionaletan egin den bezala. Etorkizuneko Gastronomia Zientzietako Fakultateari esker, Espainiako horrelako lehenengo unibertsitateak eta Europako bigarrenak Donostian izango du egoitza.

Bitartean, Mondragon Unibertsitateko Sukaldaritza Arteetako Graduak beteko du hutsune hori, Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremuari egokitutako titulazioaren bidez. Horrek lau ezagutza-arlo nagusi izango ditu: Sukaldaritza-jangela-sommelier teknikak, Negozioaren kudeaketa, Zientzia eta Teknologia, eta Kultura eta Artea.