Edukira salto egin Salto egin nabigazioara

Ikerkuntza

Atalak
sectionbanner.gif

Ikerkuntza

Lanki

Lanki ikertegiaren ikerlerroen lehentasunak kooperatibagintzak etorkizunera abiatzeko dituen behar eta hutsuneen inguruko gogoetan kokatu behar dira. Eginkizun horri jarraiki, kooperatibagintzaren alde sozial eta hezkuntzazkoetan jartzen du Lankik arreta nagusia. Horrekin batera, munduko Hegoaldeko kooperatibagintza herrikoiarekiko interkooperazio fl uxua eta kooperatiben dimentsio juridiko-ekonomikoak ere ikertzen ditu. Hauek dira, beraz, ikerlerroak:

  1. Kooperatiben dimentsio soziala.
  2. Lankidetza hezkuntzari buruzko ikerketa.
  3. HEK lerroa. Herri ekonomietako kooperatibekiko interkooperazioa.

Hezkuntza arloan

Hezkuntza arloan, Hezkuntza berrikuntza aniztasunari erantzuteko ikerlerroaren barnean abian diren hainbat proiekturen sendotze eta egonkortzea bultzatu da aurtengo ikasturtean. Ikerlerro honek hezkuntza ikuspegi zabaletik hezkuntza arloko hainbat beharri erantzun nahi die diziplinarteko ikuspegi batetik: aspektu didaktiko, psikologiko, pedagogiko, metodologiko, antolaketazko etab.

 

1. Eleaniztasun eta kulturartekotasun arloan

Kulturartekotasuna lantzeko mintegia (ELEA taldea). Egoera berriak eraginda eta inguruko eskolen eskaerek bultzatuta, 2001-2002 ikasturtean hasiera eman genion Kulturartekotasuna lantzeko mintegiari. Hasieratik mintegiaren objektua anitza izan da, hau da, kulturartekotasunaren fenomenoari hainbat ikuspuntutatik begiratu zaio: bigarren hizkuntzaren irakaskuntza-ikaskuntza eskola eremuan; motibazioa eta jarrerak; eta kulturartekotasuna bere horretan (eskola inklusiboa…). Mintegia hiru eginkizun betetzen ari da: irakasleen formazioa, ahal dela, ikastetxe bereko klaustroari; ikastetxeetan —dagoeneko hirutan— ikerketa-formazioa, ikerketa-jarduera metodologia erabilita; eta argitalpenak, izandako esperientziak ezagutarazteko. HUHEZIko titulazioetan gaur egun ematen ditugun Kulturarteko Hezkuntza ikasgaia ere mintegi honetatik hornitu da, hein handi batean.

Comenius 2.1 “Terra – Inter-Cultural Curriculum”. Hiru urtetako proiektu europarra da eta partaide gara beste lau herrialderekin batera: Gales, Norvegia, Lituania eta Irlanda. Proiektuaren xede nagusia da formatzaileen formatzaileak prestatzea hizkuntza minorizatuen testuinguruetako hezkuntza komunitatean eragiteko. Proiektuaren helburu zehatza, berriz, herrialde bakoitzeko sei formatzaileen formatzaile prestatzea da aipaturiko testuinguruetan aritzeko. Helburu hori lortzeko parte hartzen duten herrialdeen artean elkarlana sustatu da materiala eta formaziorako egokiak diren estrategiak esperimentatzeko. Hona hemen orain arte sortu eta esperimentatzen ari diren hainbat modulu: murgiltze-prozesua; gurasoen sentsibilizazioa; hezkuntza berezia; hezkuntza-etapen arteko jarraipena; hizkuntza ereduak; mugikortasun soziala eta integrazioa.

Hizkuntzen kudeaketa bateratua hizkuntza gutxituaren testuinguruan. Hizkuntzaren irakaskuntza-ikaskuntza erdigunea dela, hainbat lan garatu ditu talde honek. Bere eginkizunik nagusiena euskararekin eta beste hizkuntzekin gertatzen denaren inguruan hausnarketa suspertzea izan da eta, azken finean, gure Hezkuntza Sistema eleanizdunean gertatzen dena hobeto ezagutzea esku-hartze eraginkorra lortu ahal izateko. Hartara, hizkuntzen fenomenoa ikuspuntu askotatik aztertu da: hizkuntzaren jabekuntza, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, bigarren hizkuntzaren ikaskuntza, eleaniztasuna, erabilera, irakaslearen pentsamendua hizkuntzei dagokienez… Eta horiek etapa askotan: Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean. Talde honek estatu mailako ikerketa sare batean parte hartu du bi hizkuntza ofizial dauden beste erkidegoko zenbait partaiderekin.

2. Haur hezkuntza (0-3 urte)

MacArthur proiektua. Proiektu honen helburu nagusia MacArthur Fundazioak sortutako Communicative Development Inventory tresnaren euskarazko egokitzapena egitea da. Tresna honek 8 hilabete eta 30 hilabete bitarteko haurren komunikazio garapen goiztiarra neurtzea eta garapen horretan sor daitezkeen atzerapen posibleak detektatzea du helburu. Proiektu honek 2007rate Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren diru-laguntza du eta 2006-07 ikasturtean 2007-09 aldirako MECeko dirulaguntza ere jaso du.

Hazitegi. Proiektu honen helburua haurren garapen osasuntsua bermatuko duen haur eskola (0-3) eredu berri baten diseinua, aplikazioa eta jarraipena egitea da. Proiektuak ikastolen sarearen kolaborazioa du, horrela, ikastola sareko (24 ikastola) haur eskolen azterketa egiten hasi da, haurren garapenean haur eskolak duen eragina zein den esango duena. Ildo horretatik, Leiden (Holanda) Unibertsitateko ikertzaileekin ikerketa konparatibo bat egiteko asmoa dago.

3. Trebezia eta balioen garapena

Balioak haur literaturan ikerketa proiektua. Gure fakultatetik ikerketa sare bat koordinatzen da gai honen inguruan. Sare honen helburua kultura eta hizkuntza ezberdinetako haur literaturaren hainbat liburuen balio etikoen azterketa egitea da. Haurrek ipuinen pertsonaiekiko adierazten duten identifikazioa dela eta haur literatura ikaskuntza moralaren iturria da, horregatik sare honetan hiru jakintza arloko ikertzaileak biltzen dira: haur literaturakoak, garapen moralakoak eta hezkuntza etikokoak.

4. Berrikuntza metodologikoa justifikatu, praktikan jarri eta balioztatzea

Mendeberri-ren ebaluazioa. Gure fakultatean Mendeberri ezartzen hasi ginenetik Mendeberriko Ebaluazio Taldea ari da proiektuaren jarripena/ebaluazioa egiten. Modu honetan talde honen ebaluazioa 4 arlotan zentratu da: a) hizkuntzak, b) balioak, c) zeharkako konpetentziak eta d) berrikuntza pedagogikoa burutzeko erabilitako moduluak.

Indagazioa: tutore-ikasle arteko elkarrekintzaren azterketa. Ikerlan hau HUHEZIn garatzen ari den Mendeberri hezkuntza proiektu berritzaileak eragindako irakaslearen rol aldaketak sortutako galdera eta kezken ondorio da. Irakaslea ez da jada ezagutzaren transmisore, ikaste prozesuaren dinamizatzaile baizik. Eraldaketa honek konpetentzia berriak esleitu dizkio irakasle/tutoreari eta horren aurrean hainbat galdera sorrarazi bere esku- hartzearen egokitasunaren inguruan eta esku-hartze horren ondorio diren interakzioen inguruan. Fakultateko tutoreen kezkak eta praktikak abiapuntu izanik, ikaskuntza komunitate batek bideratuko duen ikerketa-jarduera bezala planteatu da tutoreen diskurtsoa aztertzea helburu duen proiektu hau.

5. Ezagutzaren kudeaketa 

E-lema proiektua Software askea, euskara eta jakintzaren kudeaketa uztartzen ditu. Tresna honek talde lana erazteko eta dinamizatzeko baliabide ugari eskaintzen ditu, horrela gune birtual ezberdinak jartzen ditu erabiltzailearen esku: komunikaziorako, informazioa kudeatzeko eta lan konpartitua kudeatzeko.

2005-06 ikasturtean proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko “Euskara eta Teknologia Berriak 2005” diru laguntza izan du eta proiektuaren jarraipena ziurtatuta dago 2006-08 Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sarea” 2006 Programako dirulaguntza eskuratu baitu.

6. Life Place Learning / Bizitzan errotutako ikaskuntza

Life Place Learning (LPL hemendik aurrera) Europa mailako proiektu bat da. Bizitzako esparru ez formaletan garatutako jakintzak sistematizatzea eta jakintza horiek kreditatzea du helburu nagusi. Bertan Europako bost unibertsitatek parte hartzen dute, tartean Mondragon Unibertsitateak (Monika Madinabeitia eta Maria Pilar Sagasta doktoreak dira gure unibertsitatearen ordezkariak). Gureaz gain, Tartu-ko unibertsitateak (Estonia), Jyväskylä-ko unibertsitateak (Finlandia), Glasgow Caledonian University-k (Britainia Handia) eta Wismar-eko Unibertsitateak (Alemania) parte hartzen dute. Proiektuaren hastapenetan Txekiako Unibertsitatea ere horien artean izan zen.

Zertan datza LPL proiektuak?

Bizitza osoko ikaskuntza edo Lifelearn oinarri duen proiektu honek esparru ez formalek (komunitateak, auzoak, familiak…) eskaintzen dituzten ikaskuntzarako abagune eta iturri anitz bezain aberatsen potentziala biltzea eta sistematizatzea du helburu. Hori lortzeak, ikaskuntza ez formal hori goi mailako ikaskuntza formalarekin bateratzea ahalbidetuko luke, hots, LPLek esparru anitzetan, dela profesionala, aisia edo komunitatearen esparruan eskuratutako ikaskuntza errekonozitzeko aukera anitz eskaintzen dizkio ikasle helduari. Ez formalak diren jakintza horiek formalizatzera bideraturik, beharrezko tresnak eta estrategiak prestatzean datza proiektu honek, beraz.

Lanean oinarritutako ikaskuntzaren (Work Based Learning-WBL) praktika ofizialetan ardazten da bizitza osoko ikaskuntza edo Lifelearn. Lanean oinarritutako ikaskuntzan ikasleek euren lanaren bidez lortu beharreko ikaskuntzaren emaitzak negoziatzen dituzte; alta, horren osagarri, euren ikerketa edo/eta ikaskuntza zuzentzen eta bideratzen duen coach edo erraztailearen ikuskaritza ere badute. Bada, bizitza osoko ikaskuntzak (Lifelearn) prozedurok hedatuko ditu pertsona batek bere bizitzan zehar eskuratzen duen ikaskuntza inplementatzeko, ebaluatzeko eta kalitatea ziurtatzeko.

Ildo horretan, orain arteko praktika berrikusi eta aipatu helburuen burutzapenera bideratutako material eta estrategiak garatzea du xede proiektu honek. Horretara bideraturik, proiektuaren muinak partehartzaileek euren unibertsitateetan LPL ikuspegia era praktiko batean garatzean datza. Horretarako ikuspegi horretan oinarritutako modulu, programa edo kurtso bana jarri dituzte abian eta horien ebaluaketa egingo da ikasle helduaren esperientzia, tutorearena eta ereduaren iraunkortasuna ardatz hartuta. Horiez gain, IKTen eta bestelako bitartekoen erabilpena eta ikaslearen gidaritza edo babes mekanismoak (coaching, mentoring, facilitation) ere ebaluatuko dira. Jasotako emaitzak bildu eta case study eran hedatuko dira, LPLen statusa eta errekonozimendua Europa osora barreiatzeko helburuz.

LPL da HEZI Institutuak landutako proiektu bat. Argibide gehiago nahi izanez gero, begiratu Lifelearn proiektuaren webgunean:

EARLI kongresua 2008

EARLI (European Association for Research on Learning and Instruction) elkarteak bi urtez behin antolatzen duen kongresuan aurkeztekoak gara proiektua. Kongresu hori datorren urteko, 2008ko abuztuaren 27-29an egingo da Jyväskylä-n (Finlandia). Kongresuaren barne antolatzen diren symposiumetako batean aurkeztuko ditugu, beraz, urteotan egindako lanaren emaitzak eta aurrerabideak.

Argibide gehiagorako, kongresuaren webgunean.