TXINGURRI
Toribio Alzaga
(1935)

teatro-testuak.com

 

 

 

 

teatro-testuak.com

Alzaga Anabitarte, Toribio.
(Donostia, 1861-1941)
Euskal antzerkigile gipuzkoarra. Bigarren Karlistadan Ziburun errefuxiatu eta han idatzi zuen bere lehen obra:
Aterako gara (1888). Gaztetan Marzelino Soroaren Iriyarena komedian esku hartu zuen eta handik aurrera antzerkiari lotu zitzaion betiko. Marzelino Soroak urraturiko bideari jarraitu zitzaion eta antzerkiak, operak eta itzulpenak prestatu zituen. Operak: Txanton Piperri (1899), Anboto eta Gli Kornamenti (1906); antzerkiak eta komediak: Santo Tomas'eko feriya (1894), Axenti eta Kontxesi (1914), Bernaiño'ren larriyak (1915), Oleskari berriya (1916), Txibiribiri (1918), Andre Joxepa Tronpeta (1921), Eleizatxoko ardazlea eta Eserez ta festa (1922), Etxietan; Zalaparta; Amantxi; Tan tarrantan eta Zanpantzar (1923); itzulpenak: Pierre Lotiren Ramuntcho (1920) eta Shakespeareren Macbeth, Irritza izenburupean (1926). 1915ean Donostiako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolako zuzendari egin zuten eta talde honekin aritu zen probintzia osoan bere obrak antzezten, euskal giroa eta grina nonahi sortuz. 1918an Lore Jokoen eta Euskalerria aldizkariaren zuzendari izan zen. Kritikarien iritziz, Toribio Alzagak bere aurrekoek utzitako maila apaletik goratu egin zuen euskal antzerkia. Euskaltzain urgazlea izan zen.

Bakarrizketa

Iruditegia gela apain bat da. Atzean ate zabala. Erdian mai txiki bat, bere aldamenian besalki bat eta aurrian alki luzea. Mai txikiaren gañian zakuto txiki bat, barrenean ispillu ta arpegi-margoak dituela. Gñerakoan gelari dagozkion tresnak.
Atzeko atean Txingurri azaltzen da. Saltoki aundi bateko morroya da. Esku bakoitzean piperpote bat dakar. Iñor ikusten ez duenean oyuka asten da.

Txingurri:
¡Etxekuak! ¡Eup! Ez al dago iñor etxian? -luak artu ote ditu. ¡Manuela Joxepa! Edo ¡Manuela berritxu! -Dan tokian dala, ez da ba ixilik egongo ¡Manuela Joxepa!
Muturrak austen bialii naute, abek ekartzera ta...emen iñor ez. ¡Ederra dek!
Ezin egongo naiz ba ni, nere abek eskuetan ditudala, karranpak jotzeko zaoriyan.
A! Maitxo orretan utziko ditut.

(Mai txikiaren gañian uzten ditu)

Ajaja! Ederki! Orain aukeratu dezatela, zeñetatik ekartzia nai duten. Au "El Picador" omen da. Beste au, ez didate esan, baña, banderillerua izango da noski. Bata Irurogei xentimo, ta bestia irurogei ta amar. Ori da: bata irurogei xentimo, ta bestia irurogei ta amar. Au...bestia... ¡E!... Ori da... ori da nik orain ez dakidana. Zein dan irurogeikua, ta zein irurogeitamarkua. Ba emen sartu naizenian mingañan puntan neukan gero...

(Atzeko atera juan eta mingaña erakutsiaz)

Ate onetatik igarotzerakoan ementxen neukan... eta orain...

(Baztar guzietara begiratuaz)

Ez naiz ba halere gogoratzen.

(Berriro mayera alderatuaz)

¡Txingurri, ederra egin dek!
Baña, nolanaire, Pikadoria, banderillero xixtrin bat baño geyago izango da, ta garestiago. ¿Nola ez ba? Pikadoria zapel aundi ta zaldi ta guzi... Gañera pikadoria bada, geyago pikatuko du. Jakiña ba: "esa corta más pica". Ori ba, "más pica", geyago pikatzen duela. Ta garestiago izan bihar. Beaz banderrillerua irurogei ta amar xentimokua izango da, ta pikadoria larogei ta amarrekua.
¡Jaunak, etxe hontan sartzen diran piper-potiak! Berriz ere egongo dira bai piper-miña baño erriago. Piperren ordez, odolkiya naikua jango balute, lasayago biziko lirake. Lasayago... ez dakit. Etxiari ez diyote behintzat askorik begiratzen. ¡Lasai alenak! ¡Au dek kuxidaria, au! Non ote dabiltza...

(Oyuka)

¡Manuela berritsu! Ezta zantzurik ere. Beste inñor ez bada, ni izango naiz orduan etxe ontako etxekoandre. Bai, bada. Besterik ez bada. Ea etxekoandre bezala exeri nadin.

(mai aldameneneko besalkian exertzen da)

Ederki exertzen da gero emen. Gure auzoko Mikela Anttoni, kaltzeta egiñaz eman exeriko balitz, ia zer luak egingo lituzkeen! ¡Zurrunga ederrik aterako luke! Ea gaur, gaur bezala, ez liyoke iñork entzungo. Etxe ontan ez behintzat.

(Mai gañeko zakutoa ikusi ta artuaz)

¡E! ¿Zer da gauza polit au! ¡A! Andre ta andereño aberatzak erabiltzen dituzten zakutoak. Nik ere orrelako batekin ondo emango nuke gero.

(Altxa ta andereñoen antzera pixka bat ibiliaz)

Bai noski, pipere pòtiekin baño "elegantiago" behintzat. Ez dakit nik gure nagusiyak zergatik ez dizkigun abetakuak erosten, orain bezela gauzak ageriyan eraman gabe. Aixtiyan ere, abekin netorrela ukalondo atera zait, eta ala diyo: Oi, pikadoria; ¿Korrida al dezute? Ez; Elizan sartzia diagu.

(Berriro exertzen da)

Ez du gero utsa egon bihar. Irikitzen asmatuko banu! ¡klaxka! ¡E! ¡Zer da hau?

(Ixpillu txiki bat ateriaz)

¡Ixpillua! Polita gero. Ya zer diruitan.

(Bere burua ispiluan ikusiyaz)

Au gizonaren sasoya. Onen bikaintasuna, onen liraintasuna, onen lerdentasuna. ¡¡Moñoño!! Ta ala ere mutiltzar egon bihar. Gaurko eguneko neskatxak ez dakit begiyak non dituzten, onelako "proportziyua" galtzeko.

(Zakutua usmatuaz)

Beste zer edo zer geyago egon bihar du emen.

(Margo gorri bat ateratzen du)

¡Oi! ¿Zer da au? Makil-goxua edo mataza edo orrelako zerbait dirudi.

(Eskua igurtziyaz)

¡Ara! Margo gorriya da ta. Andereñoak ezpañak gorritzeko erabiltzen dutena. Nik ere ez nuke gero gaizki emango ezpain gorriyakin. Ikusi bihar degu bada.

(Ezpaña gorritu, ta ixpiluan begiratuaz)

¿Oso panpoxa, oso panpoxa!

(Berriro mazalak eta abar gorrituaz)

Ez dakit oraintxe, marama edo pailasua ote dirudidan. Makiñabat andreño ibiltzen dira ni orain bezala, pailaso diruditenak, eta ala ere, "irrresistibles" daudela esaten dute. Ni ere etxekoandre apañ askua nagola esango nuke. Bixita bat baletorke ere "presentablia" nagola deritzat.

(Bat batean altxa ta bixitak baletozke bezala)

¡A! Emen dugu Andre Bixenta, bere alaba pertxentarekin. ¿Nola gera, nola?

(Ama alabai musu ematen balio bezala)

Egunetik egunera panpoxago zaude.

(Alki luzia eskeñiaz)

Exeri bitez, exeri bitez.

(Bera lengo besalkian exertzen da)

Ementxe negon piper pote abekin. Txingurri, gizaseme galbai batek oraintxe ekarri dizkigu... Gizaseme galbaya, gure neskame Manuela Joxepa’k deitzen dio. Guk ez; ez, ez ¡Txingurri! Ondo gizaseme egokiya ta xaleroxua da. Esango nuke. Eta neskame bargaska orri berriz, etxeko guztiyak "Manuela berritsu" deitzen diogu.

(bestiak zerbait esan baliote bezala)

A, bai! Andre kolpe-lustre ori, bere alaba makarrosarekin. Berriketan banan banakuak dira; ta alabari dagokiyon mutilik ikusten badute berriz, ez da zezenik oyek bezala jarraitzen dionik. Gu behintzat ez gera horrela izan.
¡A, gure etxian, ez, ez! Baña ama alaba oyek, zaudete ixilik, labezomorruak dirudite ta...

(Ateko zintzarri ots labur bat entzuten da)

Oyei abestu bezayoteke

("La cucaracharen" eresian abestuaz)

Labezomorro, labezomorro, ezin ibili leike.

(Ateko zintzarri ots luzeagoa)

Ez bitez larritu, atia irikita du donzellak.

(Bestiak zerbait esan baliote bezala)

¿Donzella guk? A, beti. Guk etxian betii izaten ditugu: "Donzellak, krabak eta txilibituak"

(Zintzarriak otsa oso luzea)

Baña, ¿zer da zalaparta au? Txintxarria purrukatzen bihar dute.

(Atze aldera juanaz)

¿Ez al dakite etxian sartzen, ni sartu naizen bezala?

(Batetan geldituaz)

¡A! Oraintxe gogoratzen naiz! Sartzerakuan, neronek atia itxi det.

(Aurreratuaz)

¡Ederra egin diagu! Ea, Manuela Joxepa izango da.

(Zintzarri otsa oso gogor)

Bera da, bai. ¡Manuela berritsu! Senargayarekin arkituko zan; kontu potxoluak alkarri esaten asiko ziran ; nere laztana, nere kuttuna, nere pinpilinpauxa... ta... ta etxera etorri, ta atia itxiya... ta orra, nola, Manuela Joxeparen lardaskak jakin ditugun. ¡Arrapatu degu!

(Abestuaz)

En el zapo tiene el anka
En el zapo tiene el anka

(Zintzarri otsa gogor)

Eta zintzarria, mingaña bezin arin dantzatzen du. Ba, ba, lenbizi behintzat piper potien tratua bukatu dezagun.

(Mai onduan potiak erakutsiaz)

Batzuek hogeitabost zentimo, ta...

(Zintzarri otsa len baño gogorrago)

Ta... Berritsu!... Ta bestiak berrogei ta emezortzi...

(Zintzarri otsa berriz)

Zintzarri orrek buru guziya nastu dit; ez det ezer asmatuko. Onena izangho da, nere piper potiak artu ta galdetzera juatia.

(Piper potiak artzen ditu. Zintzarri otsa)

Banian, banian.

(Atzetik juaten da ta beriala karraxi ikaragarri bat entzuten da. Txingurri berriro atzean azaltzen da, ta Manuela Joxeparen antzera, marruak egiten ditu)

¡Aaaai! ¡Aaaai! Txingurri ikusi duelako horrela ikaratu, ta orrrelako marruak atera. Elefantia agertu izan balitzaio, zer egingo ote zuen. ¡Aaaai! ¡Aaaai! Txingurri batengatik. Ni, eguneroko arpegiarekin azaldu natzaio.

(mai aldera urreratuaz)

Bai bada, eguneroko arpegi... ¡E! Ezpañak gorritu ditudalako ote da!

(piper potiak mai gañian utzita)

Orduan, andereñoak mutur gorrituakin etxe onetara etortzen diranian, ¡zergatik ez da asten marruaka? Guk ere orii egin bihar genieke. Neskatxa bat kalian ikustian, ezpain eta masail pintatuakin, ¡aaai! Asi bihar genuke. Neskatx oyetan yayoenak ere, ez luke bada nik baño obeto pintatuko. Ezta alderatzeko ere.

(Zakutotik ixpillua artuta)

Begiratu besterik ez dago. Mutur au... Ez luke obeto pintatuko, ezta Morrillo eo Marillo eo zalako arrek.

Baña, Manuela Berritxuk ez dedin iakratu, zerbait antolatu egin biarko degu. Berriz ere marruaka ez dedin asi, eztarriya kraxkatzeko zoriyan.

(Margoak artu ta margotuaz)

Emendik asiko naiz. Ementxe punto bat. Emen enbidotxo bat, bost geyago, ordago, kiero, bota... Bateko ezpata baño dotoriago jarri naiz. Orain piper potiak potiak artu ta an ziak Txingurri.

(piper potiak artu ta atzetik lasterka juaten da)

 

Ezkutazapia jexten da.

AMAIA


teatro-testuak.com