OTSOAREN OGIA

Bazen behin otso nagi bat, otso alfer hutsa. Beti zegoen etzanda, aharrausika. Eta, jakina, ehizarik egiten ez zuenez, beti zegoen gosez.

Egun batean hamarretakoa jaten zegoen nekazari batekin egin zuen topo. Baserritarraren ogia ikusirik, adurra zerion otsoari. Nekazariak ogia eskeini eta otsoak jan. -“Uhmm, ederra dago. Aizu, zer egin behar da ogia egunero jateko?”

-“Garia erein. Erraza da. Ogia egiteko lehenengo eta behin lurra landu...”

-“Ogia lurrean hazten da?”.

-“Eeeepa! Ez hain azkar joan. Lurra landu ondoren, hazia erein behar da...”.

-“Eta ogia sortzen da!”.

Otsoak nekazariaren hitza entzuteko pazientziarik ere ez zuen eta behin eta berriro mozten zuen haren jarduna:

-“Eta ogia sortzen da!”

-“Eeez!. Gero udaberrira arte itxaron egin behar da, hazia erne arte”.

-“Eta orduan ogia jateko prest dago?”.

-“Ezta! Garia heldu egin behar da, eta udan, helduta dagoenean, moztu egiten da”.

-“Eta orduan ogia jateko prest dago”.

-“Oraindik ez. Eguzkitan lehortu ondoren, ganbarara eraman behar da alea bereizteko, gero errotara...”.

-“Eta horren ondoren bai, ogia jateko prest egongo da, ezta?”

-“Oraindik ez. Ogia egiteko masa egin behar da, legamina bota, egosi...”.

-“Aizu, orain bai, ezta?. Ogia jateko prest egongo da”. –Otsoa neka neka eginda zegoen–.

-“Bai, lan guzti horren ondoren ogia jateko prest dago” , esan zion gizonak irriparre eginez.

-“Pena galanta!”, hasperen egin zuen piztiak, tristuraz-.”Nik ezingo dut inoiz egin. Niretzat lan gogorra da. Ez dago janari errazagorik? Berehala jateko gauzaren...?”.

-“Ez”. – Moztu zion orangoan nekazariak, otso alferraren galdera zoroekin aspertuta- “Guk ere lan asko egin behar dugu jan ahal izateko. Ogirik ez baduzu nahi, badakizu... basora itzuli eta hor konpon Marianton!”.

Hori esan ondoren, sega lepoan hartu eta gari moztera joan zen gizona. Otsoa, bestalde, basora joan eta ehizan hastea erabaki zuen.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net