akatsak / iradokizunak inprimatu
Edestia aztertuaz
Izenburua:
Edestia aztertuaz
Sinadura:
Martin Ugarte
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ugarte Azurmendi, Martin

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1987-1990
Orrialdea:
121-129

Edestia aztertuaz

 

Ugarte'tar Martin

 

                                           (Gernika erri kiskaliaren oroitzan,

                                                         gizaldi-erdi geroago)

                                                                   —1937-4-26—

 

             I

 

 APIRILLA...

 Apiril ameskorra.

 Oizko joera aurrerantza doa,

 bere egun-txorta

 ondartuaz.

 

 Agian, ondartzera ta areago

 egun-giro gozatsuan,

 milla amets pillatuaz.

 

 Sagastiak lore-bete,

 sarats-ondoak begi illantsuak

 leertuaz;

 

 larre-saillak txuri-orixka

 lore-bitxitan,

 landa-txoriak txorrotxioz

 ugaritze egunetan,

 elkar poztuaz...

 

 Apirilla ba'doa,

 ba'doa bere bidatxidorrean;

 Maiatz, aizpa sabelkideari

 eskua luzatuaz...

 

 Apiril ameskorra;

 Apiril zoroa...

 Ik erdibitzen digun,

 leena ta geroa.

 Jazkera bitxienaz,

 aldakor giroa;

 negua kolkoan-da,

 aurrez udaroa...

 

 APIRILLA...

 37'ko Apiril gogoangarriak,

 26'garren aorria eman du

 bere baitan.

 

 Aizea bare,

 egurasgiroaren jabe;

 ta oskarbi urdiña

 Zeru-goietan...

 

 Lugiña oizko alorrean,

 etsipenaren uztarrian;

 ereitaroaz ametsetan;

 

 unta berria irudimen-da,

 leen erneak

 jorraketan.

 

 Etxeko burua lanpeturik,

 izerdi-likaz bustirik;

 ta andrezkoak,

 etxeko zeregiñetan.

 

 Aiton-amon elduak kontu-kontari

 billobatxoak zainduaz,

 erlazpeko

 armailletan...

 

 Eguna onez doa,

 onez, eta oizko bakean,

 bazkal-osteko orduetan...

 

 Apirilla'k eman digu

 bizidunoi oiñarria,

 lekarotik iraziaz,

 bizi-pozen ur-begia.

 Ur gardena, ur gozoa;

 amets oron iturria,

 ametsaren iturri-ta;

 bizitzaren zain bernia.

 

 Asteoroko autsi-mautsia,

 peri-toki zabalean;

 saltzailleak mingaiña luze,

 erostunen txanponen truke;

 betidaniko marmarrean.

 

 Eskaera-eskeintetan elkar zapaldu,

 edo-ta, erdira joaz mantendu;

 itzez-itzeko

 burruka apalean...

 

 Txerrialdiak gurtesian kurrinkaz,

 uztar-aldiak ausnarrean;

 

 burni-txirrinkan loturiko

 asto-bikoteak,

 oizko ongi-etorria arrantzaz;

 elkar ikustean.

 

 Eskolari piper egiñiko

 mutil-koskorrak ere,

 algaraz astoen tartean...

 

 Dena beti bezela,

 urak bere bidean,

 Mundaka-adarrean beera doaz,

 arratsaldeaz batean.

 

 APIRILLA'K, 26...

 Arratsaldea erdiz-erdi,

 ta eguzkia bere printzak orraztuaz,

 itxas-gaiñeratzen.

 

 Enadatxo etorri-berriak aizean,

 lau aldetara ega-joku biurrian;

 eltxo-opillak biltzen...

 

 Laurak bete-betean

 da erausia bat-batean;

 eta goi-sapae urdiña

 beluntzen.

 

 Zerupeko burrunda negartiak,

 eta ezkillen dilin-dalango soriak;

 ixiltasun zana zarata bizi,

 ta odol otzak

 irakiten...

 

 Orra gaiñean,

 pizti egadun irukoitza,

 nora atzaparrak botako begi-urraka!

 Iru... Iru iruko...

 konta ezin ala;

 ingurugunean pillatzen.

 Araba'n altxaturik,

 Bizkai'ko lurretan;

 begiak ikuskizun

 lau ordu luzetan.

 Doixtarren txoritzarrak,

 egaraz zebiltzan;

 eguzkiak erraiñu

 ego zabaletan.

 Kantauri'tikan urbil,

 ain xuxen Gernika'n;

 jolas-tokia zuten,

 arratsalde artan.

 

 Aixa jira egin-da,

 itxas-adar gora;

 egapetik jaurtiaz

 leerkaiak lurrera.

 Aize-txistu zirrara,

 zartadaz batera,

 agindua zekarten

 toki ber-bertara.

 Gorrotoa arrazoi,

 indarraz batera,

 pizti odolzaleak,

 otsoen sarrera.

 

 Zigorraren azpian,

 ERRI baketsua,

 altxor bat darolako,

 leenik autatua;

 LEGE ZARREN zutabe,

 ARBOLA SANTUA...

 Gizaldiak leenago,

 asabek artua,

 geroztik oiñordeak,

 arretaz zaindua;

 onen aitormena da;

 bere pekatua...

 

             II

 

 Oiñaztar galduak bezela,

 burdin-txitu zirrarakorraz;

 ta, lertzearen dardaraz,

 lur-etenak erasan-da;

 teillape osoak txinta batean

 ondakin-pilla.

 

 Oeak, maiak, jatontziak amilka,

 edo-ta sapaldetan zinzilika.

 Gizaki triskildua zauri-bizi,

 zain etenak odol-usten,

 polpol-iturri dirudilla.

 

 Amak aur zatikatua besoetan,

 ama bera zaudi-aska;

 ta aurra illa...

 

 Lurrean arrastaka ainbat elbarritu

 odol putzuak atzean utziaz,

 nork lagundukoaren antsiaz;

 iñor gabeko leize utsean

 babes-billa.

 

 Lau ertzetatik sua darion

 labe goriaren errauspean,

 garraren ziskuaz batean;

 negarra, karraxia, agin-karraska;

 kiskal-usai kiratsa,

 ta kee miña.

 

 Aldi berean...

 Lau ordu luzeetan,

 auts-ganduaren kerizpetan;

 etxipenik artzeke,

 erri txotilla.

 

 Onen negarra,

 onen zotiña;

 intsentsu-lurrin gisara,

 ganduzko sarea zulatuaz gora;

 oiñazeen eramanpidez,

 Jainkoagan dijoa;

 erriaren otoitz ixilla...

 

 Gorrotozko eraso basatian,

 indar-neurtze biurrian;

 erri osoa kiskaliaz

 batera;

 

 inpernu artandik,

 leerkerako lur-askak,

 amilka jaurtiriko errukarriak;

 landan ziarduten atxurlariak;

 erbarru-zear eguraskide ibiltariak...

 Zentzu gabe, tiroz ebakirik

 uxoen antzera.

 

 Azokara bilduriko nekazari gordiñak,

 jolasketan zebiltzan aur poxpoliñak;

 auek ere odoletan

 bizitzaren bukaera...

 

 Era ontara agindua beterik,

 ta geiago ezin ondaturik;

 agian ase zaiete odol-egarria,

 aurre-asmo makurraren

 arabera

 

 Bide batez,

 gidari biozkabeak,

 ondamen aren arrazoiaz puzturik,

 garaipen-gorantzak

 jasotzera...

 

 Ondamendi ontan,

 gorputz-illak adierazpen

 ondoren datzan izurria.

 

 Indarraren arrazoi soillak lekarken

 jarraipen biurria.

 

 Kiskaliriko ERRI MARTIRIA,

 eriotz-opariz Zerurantza...!

 

 Eramankizunaz eta odolaz

 bein-betirako errauspean eortzirik,

 ondore belaunaldieri mintza...

 

             III

 

 Orra or lur-joa...

 Mendeek zear iraun-da,

 arbasoen batzar-leku

 autatua.

 

 Orra or... Gernika!

 Guk ezagutu genuan Gernika...

 Arria, arrigaiñean lagatzeke

 autsi ta kiskaldua.

 

 Nazitarren proba-zelai biurturik,

 erri baten jatorri-nortasuna

 irentsi eziñaren ondorioz

 lege-ausleen gorroto-erioz;

 arras zapindua...

 

 Odolgaltze izugarria,

 gauaren egapean estali bearrez;

 gaizkiñak bere eskuen

 garbigarri.

 

 Okerraren zama astuna,

 erkideen lepondora botarik,

 nolabait gezur-sareaz

 nai izan du estali...

 Zeru sapae irikia ordea,

 oizko egitura aldaturik,

 odol, eta erraiñua jasoaz,

 eta lau aizetara zabalduaz;

 ekintza basatiaren

 salatari.

 

 Gain-lausoa ispillutzat,

 erretura ber-beraren irudia

 eskeiñiaz dago lur zabalari.

 

 Lur zabalari,

 ta egun berriari;

 geroak zeatz jaso dezan

 egiaren berri.

 

 Biaramon astunean,

 erri osoa auts biurturik,

 eta auspean kiskalirik;

 iñoiz jakingo ez-dan

 giza-kopurua.

 

 Gorpuzki zatikatuak odol-bildu,

 ondakin kiskalduak mutxikindu,

 ta tokian-tokian

 ixiltasuna urratuaz;

 jabe-gabeko zakur bakartien

 doluzko erausi-marrua...

 

 Gernika... Gernika...

 Belaunaldien buruan,

 Euskal-gizakiaren babesgarri

 izaniko Gernika;

 arras kiskalia...

 

 Gogoangarri utzi digu betirako,

 azken erioan semeen odol-galduak

 irentsi dituaneko

 gertakizun ikaragarria.

 

 Errauspean txingarretan urturiko,

 gorpuzkien gomuta garratzak,

 iraunarazi dezaioke,

 oraindiñoko oroitza; gaitzetsi,

 ondakuntza basatia;

 

 ta jaso ere,

 gerorako zutarria...

 

 Orra or, Gernika!

 AUTS SANTUA...

 Errugabeen odolezko

 polpol-errekak

 irentsia...

 

 Orra or, Gemika!

 Frankotarren txakur-jokuaz,

 doixtar, erromatar,

 ta mairuen apotxarkeriz

 eretxia...

 

               * * *

 

 Ona emen, Gernika... !

 Elbarriak... Zurtzak... Alargunak...

 Errauspeko txingarten suaz,

 arri zaar erreak altxa-ta;

 berriro eraikia...

 

 


akatsak / iradokizunak inprimatu