akatsak / iradokizunak inprimatu
Amonaren azken bertsuak
Izenburua:
Amonaren azken bertsuak
Sinadura:
Tapia Irujo, Jon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Tapia Irujo, Jon

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1222.zk.
Orrialdea:
56

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Amonaren azken bertsoak

 

Tapia Irujo, Jon

 

 1

 

 Udako arrats zital honetan

 hau barneko dolorea!,

 fardel txikia eskuan eta

 utzi beharra etxea.

 Zangoak mendre, malkoak lehe

 bihotza minez betea,

 narras, astiro... hartzera noa

 arlotearen bidea;

 zein bazterretan jausiko ote...,

 non aurkitu gerizpea?

 

 2

 

 Elkortu dira nere joranak,

 gogoak aurpegi hitsa,

 supazterretik egotzi naute

 errumes txiroen gisa.

 Dardar batean larru-azala,

 begietan sinesgaitza,

 bihozbeltzaren herra itzelak

 jadetsi bait du garaitza,

 amets tristeen pare bihurtuz

 amona honen bizitza.

 

 3

 

 Etsi-etsian sartzera noa

 gauaren leize beltzera,

 norarik gabe ta ozta-ozta

 hordi deslaien erara.

 Jakinik bada bota nautela

 desditxatuen askara,

 oroipen beltzak soilik datozkit

 krudelki jotzen aldaba,

 gogoraziaz galdu ditudan

 baserri eta alaba.

 

 4

 

 Gorputz mindu garraiatzeko

 abaildu dira zangoak,

 haitzulo baten hegi hezean

 gelditu ditut pausoak.

 Barneko kezkak, xut!, diostate,

 amona, jaso gogoak!,

 ez zaitezke hil azaldu gabe

 malura hoien erroak,

 egi gardena jakin dezaten

 heda itzazu bertsoak!

 

 5

 

 Bertso mikatzez azalduko dut

 kinka honen zergatia,

 nondik datorren, hain zuzen ere,

 daramaten desgrazia.

 Etxeko suina dela medio

 kendu didate guztia,

 zelai-soroak, abere... eta

 sortu ninduen kabia;

 hauxe da, beraz, eman didaten

 hil aurreko oparia.

 

 6

 

 Baserri, xume, goxo, xarmanta,

 pinpirin baten jabetza,

 hori izan zen gure aitonek

 utzi ziguten babesa.

 Alaba ere banuen eta

 ezin nintekeen kexa,

 urrite mingots ta antzuetan

 triste ginenik ez pentsa;

 elkarren lehian hainbat maitasun

 ez da ulertzen erreza.

 

 7

 

 Orduko amets jori ederrak

 luzaro ezin gozatu,

 alaba horren ezkontzarekin

 bazterrak ziraden laztu.

 Pentsatzen nabil gizatxar horren

 zertaz ote zen lehiatu,

 gizona edo piztia ote...

 ba al daiteke zehaztu?

 Geroztik, behintzat, inguruetan

 ba da hamaika espantu.

 

 8

 

 Horrez gainera egin behar dut

 beste gaitz baten aitortza:

 Zenbat bihozmin, mingarri, krudel...

 zenbat mesprezu ta lotsa...

 eman dizkidan ene alabak

 urratzeraino bihotza...

 Ene iritsen krabelin zena

 eta ametsen arrosa,

 orain basati horrekin dabil

 zoriontsu ta airosa.

 


akatsak / iradokizunak inprimatu