|     22 zenbakia, 1933ko urria [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


ESKALEAK

 

EKITALDI BAKARRA

 

Dominguez Manresa jaunaren erderazko antzerki

«Los Mendigos»etik euskeratua.

 

 

ANTZEZ-LAGUNAK:

        ANTTON: eskale mutilla

        TXOMIN: eskale mutilla

        KAITANO: eskale itxua

        PATXI: eskale itxua

        PAULO: amerikanoa

        MIKELETEA.

 

        OARRA-Eres-antzerkitxo onen eresia (Piano ta abestia) Buska-Sagastizabal eta Carrascon jaunena da. Eskatu diteke Donostia'ko Erbiti'nean edo beste edozein musika-etxean.

 

 

ESKALEAK

 

EKITALDI BAKARRA

 

        Mendixka baten egalean. Atzean, erria. Ezkerretan txabola edo ondatutako etxe bat. Eskubitan, aurrena zugatz bat. Txabola'ren atzean inguruko mendiruntz dijoan bidetxiorra.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Antton eta Txomin zugatz oñean, lurrean etzanda.
Txomin lotan, eta Antton esnatu berria,
jeikitzen asten da nagiak ateraaz.

 

ANTTON: E! Txomin, esnatu adi, alperra! Guazen berandua dek-eta.

TXOMIN: Nor joango dek ara?

ANTTON: Nor joan? eskean irekin bizi dan adiskide au.

TXOMIN: Egon adi oraindik!

ANTTON: Eguna argitzen ari dek eta errira joan bear diagu.

TXOMIN: Bai, bereala!

ANTTON: Bañan, abil azkar!

TXOMIN: Ago pixka bat. Lo nitxion da!...

ANTTON: Ori dek nagiak atera bearra, ori.

TXOMIN: Izan ere, amets batzuek ederragoak egin dizkiat.

ANTTON: Aberastu giñala, ez al da ala? Nik egin detena bera, baña gogora zak ametsakin ez daukagula jaterik. Egun txarra zetorkiguk gañera.

TXOMIN: Etzeok gauza onik emendik aurrera.

ANTTON: Eskea besterik ez dagola ziotek danak.

TXOMIN: Eta iñork txanponik eman nai ez.

ANTTON: (Aoa zabalduaz) Txomin!

TXOMIN: (Aoa zabalduaz) Antton!

ANTTON: Zer egin bear degu?

TXOMIN: Zer egingo degun? Euk nai dekana.

ANTTON: Nai al dek zerbait ibiltzera joan?

TXOMIN: Tira, ba, goazemak pixka bati.

ANTTON: Ea bidean iñor billatzen diagun.

TXOMIN: Itxura ederrik bazeukagu iñon aurrera joateko!

ANTTON: Eskatzen ez dunak ez dik galtza berririk egiten, eta jaten ez duanak lorik ere ain gutxi. Zer itxura nai dek, bada, guk eukitzea?

TXOMIN: Iru egun badituk atzetik bizi naikela.

ANTTON: Iru egun besterik ez? Ez aiz gaizki bizi. Astebete badek ni barau gorri egiten nabillela... ta aragiuzte ta guzti. Nere barrungo errotaren kur-kur orruak entzungo baitukek! Aizezko errota izango dek noski, bestela ezin lezakek orrenbeste ego. Laister orrela baniak, aize biurturik geldituko naukela, uste diat. Txomin... min... min... Bai miña dala beartsua izatea!

TXOMIN: Neri min ematen dienak dituk, aberatsak izan, eta beartsu itxuran ibilli ta txanpon ederrak ateratzen diteken oiek.

ANTTON: Egurtu egin bear lizkieke olakoak.

TXOMIN: Eta guri?

ANTTON: Guretzat ez dek gogoratzen iñor lurrean eta ogia eskatzen diagunean, eman ez eta bekotza jarri gañera. Ori, onez erantzuten zigutekenean eta egun batean bezela, gaizkilletzat artu ta makilka egotzen ez gaituenean.

TXOMIN: Guztia, biurri xamarrak gaitukelako.

ANTTON: Biurriak? Guk ere gurasoak izan bagiñizkian eta nork maite izan, ez giñuan besteak baño motzagoak izango ikasten. Gurea al dek gurasoak ez izatearen errua? Errukitik bizi gaitukelako ta egunean-egunean biltzen diagun txanponetik, zeruaren laguntza ta Jaungoikoagan bakarrik gure itxaropena jarrita bizi gaitukelako... orregatik biurriak deitzen zigutek... (negarrez) Orrela deitzen diguten oiek ikusi nai nizkikek gure narruan.

TXOMIN: Etzakela negarrik egin.

ANTTON: Amorroz negar egiten diat.

TXOMIN: Etziok, bada, oiekin. Eraman aundia bear dik batek. Eta ni (lerdenduaz) kementsua nauk eta ez aut ikusi nai negarrez. Tira!

ANTTON: (Txomin laztanduaz) Ekatzik musu bat.

TXOMIN: Bakarra ez, milla emango dizkiat. Anaiak gaituk, estutu gogor; alkarrekin izango gaituk beti, ta adur txarrik badiagu biok berdin eramango diagu (kemenez). Beti biok, beti alkarrekin, ia nork banatzen gaituan.

 

ERESIA

 

ANTTON:

                Bakarrik laguntzik gabe, ai!

                Bakarrik laguntzik gabe

                Arkitzen naiz lur onetan

                Gurasoak il eta

                Bis «Iñork maite ez nauela».

BIAK:

                Lagundu umezurtzari

                Lagundu bai, arren,

                Jainkoaren izenean

                Limosna bat osatzen.

TXOMIN:

                Beartsu jaio dan aurrak, ai!

                Umezurtz gelditzen bada

                Ez du zorion makala

                Aize otzak badarama.

BIAK:

                Lagundu umezurtzari

                Lagundu, bai, arren,

                Jainkoaren izenean

                Limosna bat osatzen.

 

                Zotintxoak egiñaz eskatzen

                Laguntzatxo bat arren da arren

                Umezurtzak zotiñez eskean

                Bai dirala errukilleak.

 

                Eman bai laguntzatxoa

                Errukiz aurtxoari

                Lagundu umezurtzari

                Arren, bai, kupiturik

                Illuna da

                Beartsua

                Txit goserik

                Ogi eske

                Zeru goian

                Poztuko dira

                Dagiguenak

                Laguntza.

 

ANTTON: (Izketan) Eta orain goazen abestitxo au kantatuaz zerbait eskatzera.

TXOMIN: Biotz oneko gizon eta etxeandreai limosnatxo bat, arren, eskatzera. Biok, alkarrekin, alkarrekin beti.

ANTTON: Batera edo bestera biziko gaituk alegindu ezkero lanean; Jaungoikoaren laguntzak etziguk utsegingo.

TXOMIN: Ez diagu ezer aurreratzen koldartuta; kemen aundiko biotzak egiten dizkiek altxorrak. Goazen, bada, ekitera aldegun bezela ta erortzen bagaituk menderatuta, eriotzak arkitu gaitzala beartsu bai, baña alkarturik beti. (Berriro laztandu ta estutzen dira). (Arretaz) Norbait zetorrek.

ANTTON: Bai; emen urrean bizi deken itxua izango dek. Azal ederra dala uste diat bera.

TXOMIN: Bai?

ANTTON: Jaungoikoak zekik zertara ote datorren. Eskutatuko al gaituk?

TXOMIN: Nigatik benepein... (Etxe-atzetik dagoan muñora igotzen dira andik begiratuaz).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

KAITANO: Kaitano Etxenagusia izenez naizen bezela; baña nere etxerik ez detena, Iturriberrigorrigoikoerrotakoetxean jaioa, berrogeita bederatzi urte ditutena ta alarguna bi aldiz (ta Jaungolkoari eskerrak) nere bizipidez jatorritik itxua, Kaitano Etxenagusia izenez naizen bezela, diat, lur onetara bizitzeko etorri zan gizonak ezin lezakela euki zearoko zoriontasuna eta alaitasun bildua, pillatua, alkartua, estutua ta osatua.

        Guraso oso onetatik jaio nitzan, baña beren sakelak pipiak janak zeuden eta nere gurasoak amorrai biziak eta argiak izanik, berealaxe antz eman zioten lurrera bota zuten bixiguak etzuala egokia izan bear Igeldotik lañuai begira egonaz nolako egoaldia egingo zuan igartzeko, itxua bait nintzan, eta azkenean zera... utsa... eskaletzako karrera eman zidaten eta amaika karrera egin bear izan det erriz-erri biziko banaiz.

        Egun batean onera ia billutsik eldu nintzan eta eskean ibiltzeko itxuaurreko bat bear eta bertako neskatx batekin ezkondu nintzan... baña nolakoa zan ezpadakit ere, ogeitamaika eskutik egiten ederki jakin arek, eta eskeko txanponakin izugarrizko mokolloak arrapatzen zituan... Mokolloak neri? esan nion. Lertuko zaitut. Ai maltzurra, esan zidan berriz mingainluze arrek. Orduan itxutu nintzan... len baño geiago ta eskuan neukan agaiaz dantzatu nuan, egundokoak emanaz, bere gorputz argalaren utsune guztiak ubelduz betetzeraño. Ta artatik iltzan illuntze berandu batean... beranduan esan al det? A, bai, berandugi eman nion astiñaldi ura! Lenago eman bear nion, bai, alajaña!

        Begira, bada, zein illuna izan dan nere bizitza itxua. Bañan orain, guztia aldatu da! Zoriontsua naiz! Lentxoago egin det izugarrizko irabazpidea. (Pozez) Atzo egun guztian eskean ibilli nintzan or inguruko erri batean, eta gaur goizean onuntza natorrela bi zaldizko gurdia igaro da nere albotik eta gizonak, erdi mandazai eta erdi gixajo bat, indianoa, berak zionez, onela itzegin dit bertatik —Kaxo gizon! Ze aldetara zoaz? —Onelako errira, erantzun diot. —Nai izan ezkero igo ziñezke, inguru artatik igaro bear det-eta. Gaur egun alaia da neretzat, ainbeste urtean Ameriketan egon ondoren etxera itzultzera bait nua. —Nik itz auek entzun dituten zorian beraganatu ta igo naiz gurdira, bertan lo arturik bezela etzan naiz, eta miatu emen eta miatu an, begiratu onera ta begiratu ara, bera pozik eta kantari zijoan bitartean, eta azkenean sakeltxo polit bat zearo ontzaurrez betea arkitu det. Altxor au nere eskuartean ikusi nuanean, ondo gorde ta esan diot gizon ari: Aizu, eldu gera nere etxebidera; berealaxe eskerrak emanaz jetxi naiz eta limosnatxo au egin dit (txanpon bat erakutsiaz) eta pozik kantari jarraitu dio bere bideari. Orduan, ankak zertarako zerate! esan diot nere buruari ta ekin diot nere bideari ta egan netorrela iruditzen zitzaidan, ain pozik eta arin netorren! Orain bai bizi nitekela ederki, janaren estuasunik gabe ta negutearen bildurrik gabe. (Sakelan dagon diruari ots ateraaz) Au da altxorraren ederra! (Muin egiten dio). Kaitano Etxenagusia oraintxe bai etxearen jabe egin dala. Santa Lutxi'k bañan ere begi argiagoa ibili diat, eta ori arek platerean bi begi dauzkalarik arpegiko biaz gañera. Orain altxor au iñork arkitu ta susmatu ere ez lezaken toki batean gorde bear det. (Agerraldi onen amai itzik gabea, antzezlarl beraren esku uzten alik ondoena egin dezan. Kaitano bere etxetxo barrura sartzen da ta barruan iñor ez ote dagon ongi jakiteko agaiaz esku bi ezkerretara sartadaka asten da. Gero dirua eskutatzeko tokia bilatzen asiko da. Au guztia ikusleak ondo ikusteko eran egingo du. Azkenean Kaitano eskutaturik geldituko da une batzutan, Antton eta Txomin'en agerraldi au antzezten duten bitartean).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Antton eta Txomin jeisten dira muñotik.

 

ANTTON: Oraintxe, ba, ezin egon niñuan, etzakiat nola iraun diaten. Txomin, entzun al-diok zer zion?

TXOMIN: Guzti-guztia.

ANTTON: Eta, ikusi al dek nola eskatzen duan limosna itxu orrek? Beartsuak errukarri dituk benetan, baña ale ori berak dionez lapurra dek.

TXOMIN: Ni bildur nauk.

ANTTON: Baña, zeren bildur?

TXOMIN: Orrelako gizon batek...

ANTTON: Ago ixilik motell...

TXOMIN: Begira, obe diagu joan?

ANTTON: Egunen batean!

TXOMIN: Zer egingo dek?

ANTTON: Zerbait bai; berak esan duanez diru ori, bera gurdian ekarri duan mandazai bateri lapurtua izan bear dik.

TXOMIN: A or eskalea, erruki izan diok orreri.

ANTTON: Azal ederra!

TXOMIN: Auek dituk, Antton, auek, gu ogi gabe uzten gaituenak. (Ikaraturik) Bazetorrek! goazen!

ANTTON: Itxoin zak.

TXOMIN: Jaungoikoarren, Antton!

ANTTON: Etziok bildurrik.

TXOMIN: Zer egin bear dek?

ANTTON: Ia ogitarako, bada ere atera nezaken ikusi.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Antton, Txomin eta Kaitano, etxetik ateratzen.

 

KAITANO: (Ertenaz) Dirua ederki gorde det.

ANTTON: (Arren eskatuaz) Jauna...

KAITANO: Nor da emen?

ANTTON: Arren limosnatxo bat.

KAITANO: (Sakarkeriz) Kendu adi ortik!

ANTTON: Jaungoikoarren, Jauna!

KAITANO: (Asarre) Zer?

ANTTON: (Lurra gogor ankakin joaz) Goseak irrikitzen nagola!

KAITANO: (Zapuzkeriz) Bai? Eta nik, zer ikusi det zure gosearekin? Neri zer ajola orregatik?

ANTTON: (Eldurik) Jaungoikoarren!

KAITANO: (Sumindurik) Aldegiten ezpadezu gero nere aurretik!... Ikustekoa da gero orrelako ausartia! Zuaz emendik...! lotsagabea (Dijoa Kaitano eskubitik).

ANTTON: Lotsagabea neri? (Amorroz) Ederki ordainduko dezu. (Kaitano joan dan alderuntz joanez, amorroz eta zemaituaz) Lotsagabea neri! Ikusiko dezu mutil kozkor onek nola adarra joko dion zu bezelako maltzur bateri.

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Antton eta Txomin.

 

ANTTON: (Batetik bestera arin ibilliaz). Lotsagabea alajaña neri, lapur orrek!

TXOMIN: (Maitasunez) Jaungoikoarren, baretu adi, Antton!

ANTTON: (Gizontasunez). Ni ume bat izango nauk, baña bioztuna. Oraintxe bertan ere etorriko balitzaidakek maltzur ori ta: —goseak nago esango balidake, ogi erdia emango nitxioke eskuan daukatenetik. Ori aspaldi erakutsi zidaken nere ama maiteak... o ene ama maitea! zure erakutsia ez du aztutzen, ez! zure seme errukarriak! (Ixillunea)

TXOMIN: (Maitasunez) Zer gogoratzen ago?

ANTTON: Pizti zeken orreri jokuren bat egitea.

TXOMIN: Bada Antton...

ANTTON: Esan diat, eta berak uste baño len ordainduko zidak bere zapuzkeria.

TXOMIN: Tira, ez ari itxutu orrenbesteraño.

ANTTON: Begira; lapurrari ostutzen dionak egun urteko barkamena, beraz... naiko esan diat. I egon adi or zai bide ondoan eta ezer gertatzen bada gastigatu neri azkar.

TXOMIN: Eta ik zer egin bear dek?

ANTTON: Lapur orren etxera joan eta bere lapurretako diruak ostu.

TXOMIN: Begira zak ondo zer egitera oan...

ANTTON: Ez adi izan beñere koldartia!

TXOMIN: Baña...

ANTTON: Egin zagun azkar, gero berandu izango dek-eta.

TXOMIN: Eta baten bat etortzen bada?

ANTTON: Igeslari eman laisterka! (Antton sartzen da etxean eta mendixkaren aurrez-aurre egongo dan bidea zaitzen gelditzen da Txomin).

TXOMIN: Norbait bazetorrek (Ikaraturik) Bai, itxua bera (Etxeruntz laisterta) Jaungoikoarren azkar abil, Antton.

ANTTON: (Sakela eskuan duala ertenaz etxetik. Pozez beterik). Aufa! Ostu ziot sakela!

TXOMIN: Guazen azkar.

ANTTON: (Kaitano datorren alderuntz etorriaz eta maltzurkeriz). Aurki arte! (Muño egaletik igesten dute ta etxe-atzean jartzen dira).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Kaitano, len erten zan eskubitik.

 

KAITANO: Susmo txarra sartzen die mutil kozkor auen emengo ibillerak, eta gaur egunean konpiantza geiegi iñorentzat eukitzea, txarra dala jakiñik, etxera biurtzea erabaki det. Ez da erraz eskuratua nere altxor ori ta bera zaltzeko alegin guztiak gutxi dira, ta orregatik etxean sartuko naiz berarekin kezkarik gabe beti nere mendean euki dezadan. Onezkero zer ote dio gaur goizean ederki lumatu dedan indiano astakillo arrek?

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Antton eta Txomin ezkutatu ziran muño gañetik.

 

ANTTON: Orra, ta astakilloa deitzen ziok mandazaiari. Ja, ja!

TXOMIN: Beti sortzen dek aundiagokoren bat!

ANTTON: Igesari ekingo al-zioagu bertatik?

TXOMIN: Goazemak (Agertokira jeisten dira. Barruan Patxi'ren abestia entzuten dutenean izutzen dira. Eskerretatik joaten asi, ta txabolara eldu baño len atzera egiten dute. Zer egin ez dakitela larri-aldi-unea).

ANTTON: Atxitu egingo gaituztek!

TXOMIN: Zer egingo diagu?

ANTTON: (Eskubi aldeko aurreneko zugatza erakutziaz). Ementxe bertan. (Zugatzera igotzen dira).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Patxi, ta gero Kaitano.

 

PATXI: (Barrutik erdi-abestuaz)

                Goiz-goizik jeikitzen danari

                Jainkoak laguntzen omen dio

                        Ongi dago!

                Ni egun argiaz jeiki naiz

                Ta ezer igarri ez diot,

 

(Erteerakoan arri batean oztopo egiten du,
ta lurrera aozpez erortzen da.
Nekez jeikiaz berriro erdi-abestuaz jarraitzen du)
.

 

                Goiz-goizik jeikitzen danari

                Jainkoak laguntzen omen dio

                        Ongi dago!

                Ni egun argiaz jeiki naiz

                Ta atxitu det erbi galanta

                Belarritik elduta.

 

        (Izketan) Buruzpide madarikatua izan detana, nere lagun Kaitano ikustera etortzeko. Baña egia esan, euki zezakean berak ere atzeko areto au obeto txukunduta, beragana datorrenari arrera obea egiteko. (Kaitano ateratzen da negarrez zotinka, itzegin gabe). Orra, badator etxe-nagusia. Zer berri, Kaitano? (Kaitanok bere itza entzutean, negarrez asten da marruka). Bañan gizona, zer ezur ausi zaik? Auxen dek gizonari egiteko arrera! Len ikustera etortzearren ia ausi nian zea... nola izena du emen atzean eukitzen degun ezur onek?

KAITANO: (Zotinka beti) Sa... sa... sakua.

PATXI: Zer saku ta zer zakur gero, iri axatuko nikek nik zakurra! Ezur bat esan nai diat gizona!

KAITANO: Biz-bizkar...

PATXI: Orixe or, bizkar-ezurra. Baña, zer gertatzen zaidak ordea?

KAITANO: Ondoratua natxiok...

PATXI: Bai altziok bada emen itsasorik ondoratzeko.

KAITANO: Ondatua nagola. Etzakiat zer esaten diatan ere!

PATXI: Zer gertatzen zaik bada?

KAITANO: La... la... lapurreta egin ziatek.

PATXI: Iri lapurreta?... A, bai... uste gabeko lapurreta egin dekela esan naiko dek, e?

KAITANO: Tira, tira, ez ibili gero nerekin txantxetan, e. Begiratu akidak, ia gezurtiaren arpegia zeukaten.

PATXI: Baña, uste al dek ik, nik iri arpegira begiratu al izan ezkero, itxua izango niñukela? Tira, ba, lapurtu egin diekela ta, zer ostu diek bada?

KAITANO: Nere altxorra. Nere bizitza zintzo guziko irabazi guztiek.

PATXI: (Arriturik) Baña gizona! (Parrezka) Ja, ja, ja, ja.

KAITANO: Zer... nere zintzotasuna zalantzan jartzen al dek?

PATXI: (Beste aldera) Beti jarri diat orain artean. (Berari) Nork jarri, nik? Ezta iñola ere!

KAITANO: Zakel bat!...

PATXI: (Itza ebakiaz) Nola ordea?

KAITANO: ...eta diruz betea!

PATXI: (Itza ebakiaz) Zakela ez baña, mokollua galanta arrapatu dik onek!

KAITANO: (Zotinka) Begira diok... au miña, au naigabea... begira diok.

PATXI: Au gogoa dauka berriz onek nik begiratzeko, itxua izan da!

KAITANO: (Zotinka) Ai, ai, ai!

PATXI: Aizak, baña nundik itzan orren aberatsa?

KAITANO: Gaur goizean irabazi aundi bat egin diat mandazai batekin, baña irabazi ona, e? Badakik ni garbia naizela gauza guzitan-eta.

PATXI: Ta orregatik garbituko ioken patrikara mandazaiari.

KAITANO: Negargarria dek... Izan ere ain adur txarrekoa nauk!

PATXI: Ta ain kaikua gixajo ori! Ja, ja, ja.

KAITANO: (Lurra eskuko agaiaz joaz). Orrelaxe emango nikek, maltzur-ixekari orri. Ai, ai! (Zotinka).

PATXI: Egurtzea, ik merezi dek ik, kirten orrek. Orren errez ostutzen utzi! Ja, ja, ja, ja!

 

ERESIA

 

KAITANO:

                Zorigabe gizona

                Benetan naiz bai ni

                Beti ez bearrez nabil.

PATXI:

                Kaiku aundi bat aiz i.

KAITANO:

                Ez da nik baño geiago

                Zoritxar izan dunik

                Aspertu naiz leporaño.

PATXI:

                Ago ixilik kaiku ori.

KAITANO:

                Ni ikusi onela

                Ta parrezka.

PATXI:

                Ta neri zer ajola

                Ja, ja, ja, ja!

KAITANO:

                Itz bat ere esan gabe

                Lapurtzar arraneak

                Zuku-zuku egin eta

                Jango nituzke, ai, ai!

PATXI:

                Itz bat esan gabe

                Arturikan lapurtzat

                Zuku-zuku egin eta

                Jango nituzke, ja, ja, ja!

KAITANO:

                Gizajo bat naiz ni

                Ai, ai onegia

                Eta pozez nabil

                Orregatik.

 

                Ondoeziken nago

                Au da zorigaitza

                Eriotza datorkit

                Ez daukat laguntzik.

                    Ai, ai, ai, ai!

PATXI:

                Gaizto maltzur zuri

                Alper azari aiz

                Erlemando galbai

                Gezur-ontzi.

 

                Nik ez det ikusiko

                Orren gose gorria

                Nik guztia dakust argi

                Ez dit sartzen ziririk

                    Ja, ja, ja, ja.

 

        (Izketan)

KAITANO: Esan detana; adur txarra detela.

PATXI: Ta begia ez obea.

KAITANO: Orretan biok ere, or nunbait ibilliko gaituk, noski.

PATXI: Bai baña nik barrungo ikusmena diat ordea, edo ezaguera ona ta orregatik ondo jakin nai nikek, ondo barrundatuaz nola gertatu dan.

KAITANO: Ondo ziok, sartu adi txabolan barruna ta or jakingo dek. (Txabolara sartzen dira).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Antton eta Txomin gero Paulo.
Antton eta Txomin beren eskuta lekutik ertenaz.

 

ANTTON: (Parrez) Parrez lertu nauk.

TXOMIN: Bai neu ere!

ANTTON: Izan ere ederra egin ziat! Agur, azaltzuri. (Kaitano'ri).

TXOMIN: (Paulo ikusiaz) Ago ixilik jaun bat zetorrek-eta.

PAULO: (Muño egaletik jeisten-da, alde guztitara begiraka. Umeai begiratzen die ta geiditzen da. Gero jeistera erabakitzen da). Esaidazute, mutillak, eskale itxu bat ikusi al dezute emen inguruan?

ANTTON: Bai.

PAULO: Eta nun da bera, bai-aldakizute?

TXOMIN: Ajola aundia al-dizu?

PAULO: Izango ez det, bada?... Nere bizikera dijoakit bertan. Aldegin altzuan?

ANTTON: Ez oraindik.

PAULO: Nun da bada?

TXOMIN: Etxe zar orretan sartu zan.

PAULO: Beraz emen dago? Ederki ordainduko dizkit orduan danak, arranoak ezpaitu. (Baretuaz) Astiro Paulo, piskanaka danak egiten dira-ta (Umeai). Zintzoak al-zerate?

ANTTON: Jauna!....

TXOMIN: Bi umek...

PAULO: Ikusi dezagun.

ANTTON: Nola?

PAULO: Neri laguntza bat egiñez.

ANTTON: Agindu nai dezuna.

PAULO: Itxu gizajo bat dirudin zarpatsu ori lapurra da: lapurreta egin dit.

ANTTON: Orregatik egongo zan ain pozik!

PAULO: Zuek, etxea zaitu zazute, gaizkille orrek igesi ez dezan eta ni mikeleteen billa joango naiz bitartean, zer gertatzen zaitan esatera.

ANTTON: Ongi da, gure esku etxea zaitzea.

PAULO: Zaitu ondo, e? nere estuasuna aundia da-ta.

ANTTON: Joan ziñezke kezkik gabe, alegiñez zaituko degu,

PAULO: Zeruak ordainduko zaitue. (Bijoa).

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Antton, Txomin, Patxi ta Kaitano.

 

TXOMIN: Beraz gizon oneri lapurtu ziok or barruan dagoan maltzur orrek.

ANTTON: Ikusten danez, berberari; baña nik ez nitxion aitatu nai sakel diruanik ezer, onenean bereala eman banion, biotza bigundu ta itxuari etzitxion ezer egingo-ta.

TXOMIN: Baña Antton!...

ANTTON: Utsa, esan diat ordaindu bear dizkitela bereak eta bi, ta orain artu ditzala ordañak. Emen dituk berriro. (Aldegiten dute)

PATXI: (Txabolatik ertenaz). Utsa, ezin jausi nauk nola izan liteken au.

KAITANO: Orra bada...

PATXI: Ik diok emen iñor etzegola bi ume kozkor oiek besterik eta aiek etzekiela ire aberaste orren berririk.

KAITANO: Ta gañera berealako batean egin zirala lapurreta. Emen dirua utzi ta ez nian egin zugatz aundi artara eldutzea besterik eta ostuko zidaten bildurrez atzera itzuli... eta utsa: ordurako sakelak egon egin zian.

PATXI: Ezin litekek. Ez uan arreta aundirik ibilli bi ume mukitsuk ostutzen uzteko!

KAITANO: (Beste aldera). Mukitsuak! Zuria alena!

PATXI: Ederki, gizona; ni alegiñean ire alde jardun eta gañera ik neri izena ezin... iseka.

KAITANO: Eta ik, zergatik deitzen dirak zuria?

PATXI: Nork? nik? Nik ez diat esan orrelakorik! Oker ulertuko uan.

KAITANO: A!

PATXI: Baña jakiña dan bezela, gertatu zaiken guztia ondo merezia dek.

KAITANO: Ori ez ukek esango nere narruan baegokek.

PATXI: Neri etzitzaiken gertatuko, ordea, orrelakorik.

KAITANO: Noski, dirurik ez dekelako.

PATXI: Ik ez dakikena dek ori.

KAITANO: Aberatsa al aiz bada?

PATXI: Ez; baña lasai bizi nauk.

KAITANO: Ostutzen dekenetik.

PATXI: Bai, lapurretatik. Nai al dek lasaitasun oberik.

KAITANO: Beraz...

PATXI: Beraz nere altxor polita egiña daukatela ainbeste ta ainbeste nekez eta lanez... eta nere azkazal txorrotxen bidez.

KAITANO: Bejondeikela... baña egun batean etzaikela nere zorigaitza bera gertatu.

PATXI: Neri? Ezta iñolare!

KAITANO: Zergatik ez?

PATXI: Gertatuko etzaidakelako. Uste al dek ik, ni Kaitanoren bat naizela?

KAITANO: Kaitano ez; baña Patxi-ipurdi bai.

PATXI: Bai ik parre egintzak; baña nik diaten asmakizunakin, etziak errax atzituko neri altxorra, nik dakiten gixajo batzueri bezela.

KAITANO: Nigatik esan nai al dek?

PATXI: Nik egia esaten diat, eta or konpon.

KAITANO: Eta ik zer egingo ukek, Salomon jakintsu orrek?

PATXI: Orain egiten diatana. Ontzurrea osatzen diaten bezin laister, kanpela barruko azalari josi ta aurrera.

KAITANO: Ez dek asmakizun txarra! Baña, nola egin ori?

PATXI: Oso erraz (kanpela erasten du). Kanpela aundi bat diat, eta bere barruazala ontzurrez betetzen detanean, beste bat jartzen zuat eta gero bestea... ta era onetan sartuko itukek emen...

KAITANO: Ia, ia, ikusi zak, ikusi... (Patxi'k ematen dio kanpela, bañan Antton atzetik etorrí ta artzen dio, berakin igesiaz. Jokabide au guztia ondo ikusi bear dute ikusleak. Une batean ixilik irauten dute: Kaitano'k eskua luzeturik kanpela noiz emango dion zai, ta Patxi, noiz atzera biurtuko dion itxaroten). Baña... ez alaiz piatzen nerekin edo zer?

PATXI: Zergatik diok ori?

KAITANO: Agindu diaken kanpela ori ez diak ematen-eta.

PATXI: (Arriturik) Zer?

KAITANO: Utsa, ire kanpela noiz artuko noan zai negola, nerekin konpiantza geiago uala uste noalako.

PATXI: Baña, zer diok?

KAITANO: Utsa, ez diatela ire kanpelik nai, ta ezta bearrik ere ezertako.

PATXI: Noski, iretzat eman diatela uste al dek? Tira, ekatzik azkar.

KAITANO: Baña, zer eman?

PATXI: Zer emango dek?

KAITANO: Ik eman bearko.

PATXI: Tira, tira, ez txantxetan ibili, gauza auekin ez dek jostatzen-eta.

KAITANO: Baña, zer gauza?

PATXI: Nere dirua.

KAITANO: Zer diru ordea?

PATXI: Nere kanpela.

KAITANO: Baña, zer kanpela diok?

PATXI: Nere burukoa.

KAITANO: Baña, zer buru ta zer belarri gero?

PATXI: Emateko azkar, bestela!

KAITANO: Baña, zer nai dek ordea?

PATXI: Len eman diatena.

KAITANO: Neri ez diak eman ezer!

PATXI: Nola ez? (asarreturik).

KAITANO: Eman ez diakelako (asarreturik).

PATXI: Gezurtia!

KAITANO: Gezurtia i izango aiz!

PATXI: Zuria!

KAITANO: I bañan zuriagoa!

PATXI: Lapurra! (Sumiñez).

KAITANO: Lapurra neri! (Sumiñez).

PATXI: Bai, ta galanta!

KAITANO: Oraintxe ikusiko diagu! (Eskuan dauzkaten agakal biak eusten diote ta makilka gogor asten dira, alkarri bultzadak ere emanaz. Une auetan amorruz ekingo diote alkarri esan alak esaten. Umeak berai begira parrezka egongo dira ta ixilik).

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Kaitano, Patxi ta Mikeletea.
Borrokan jo ta ausi ari diran bitartean,
Mikeletea azaltzen da.

 

MIKELETEA: (Deadarka) Geldi! (Itxuak borrokan jarraitzen dute, bere deadarra aintzakotzat artu gabe). Geldi! agintariaren aurrean. (Borroka bapatean gelditzen da, ta biak agertokiaren alde banatan gelditzen dira, arnaska, biak bestea makilka ebaki duten asmotan. Ixillunea).

KAITANO: Artu ditu orregatik ederrak!

PATXI: Saiatsezurrak ondo berotuak izan bear ditu orratik orraingo onetan!

MIKELETEA: Geldi! esan det, agintariaren aurrean.

KAITANO: Agintari bikañen bat izango dek noski!

PATXI: Etzeukagu aurreragoko gogorapenik oraintxe buruan!

MIKELETEA: Obeto neurtu zuen itz oiek, Aldundiaren mikelete baten aurrean.

PATXI: Mikeletea! Ezin garai obean etorri!

KAITANO: Mikeletea! Orain ordainduko ditu guztiak maltzur orrek!

PATXI: (Mikeleteagana alde batean joanaz.) Zuzentasuna egin! Mikelete jauna! Zuzentasuna!

KAITANO: (Patxik bezelaxe baña beste albotik) Mikelete jauna! Zuzentasuna egin emen!

PATXI: Ori maltzur aundi bat da!

KAITANO: Ori zuri tzar bat da!

PATXI: Maltzur orrek neri lapurreta egin dit!

KAITANO: Beti gezurra dariola dago gezurtzulo ori!

PATXI: Zuzentasuna egin, mikelete jauna!

KAITANO: Mikelete jauna, zuzentasuna egin!

 

(Esaera auek guztiak amilka esaten dira alkarri
lekurik, bitarterik utzi gabe.
Mikeleteak, zorabiatuta ainbesteko jardunaz,
ez daki nori entzun eta arreta jarri)
.

 

PATXI: Nik kanpela bat nuan...

KAITANO: (Beti bitarterik eman gabe esaera ebakiaz). Nik kendu omen diot orreri kanpela.

KAITANO: Neri ez dit orrek eman kanpeiik.

PATXI: Eta ez dit biurtu nere kanpela.

KAITANO: Orren kanpelarekin gelditu omen naiz ni.

 

 

(Une batean biak batean itzegiten dute
Mikeleteaz bear bezela ezin eutsirik)
.

 

PATXI: Zuzentasuna egin, mikelete Jauna!

KAITANO: Mikelete jauna, zuzentasuna!

MIKELETEA: (Aserraturik) Berrogei milla aingeru! Banaka itzegin, bestela ezin garbitasunik egin degul

PATXI eta KAITANO: (Batean) Izan ere maltzur orrek!...

MIKELETEA: (Sumindurik) Ixo! Banaka esan det! Ta galdetu gabe aurreneko itza jasotzen duanari, bizkarra berotuko diot. (Kaitano ta Patxi bestaldera begira jartzen dira bizkarra erakutsiaz, eta mikeletearen itzak bildur eman diela erakusten dute. Ixillunea). Ikusi dezagun, tira, zu Patxi, itzegin (Patxi'ri) Zer arrapatu zizula zenion?

PATXI: (Bapatean len esana damuturik). I i i i... zan izan izan izan ere, ooorrek, iizan ere.

KAITANO: (Bestearen «izan ere»kin batean) Izan ere...

MIKELETEA: Ixo esan det! Tira! Itzegin zazu (Patxi'ri)

PATXI: (Zotinka) Ze... ze... zea, zeazeazea.... iiizan ere...

MIKELETEA: Ederki dago, gizona! Len iturria baño ario itz jarioka ta orain itzegiteko agintzen dizutanean totelduta?

PATXI: Bai ba... izan ere... nik kanpela bat nuan... kan... kan... kanpela bat.

MIKELETEA: (Bere izketa ebakiaz). Bai, gizona, bai kanpela bat. Oraintxe ia bururaño eldu zait zure kanpela ori.

PATXI: (Pozez) A! Or al dauka? Au poza! Nik ezpait nekian! (Eskua mikeletearen burura luzatu ta txapela kentzen dio).

MIKELETEA: Zaude geldi kaiku ori (Txapela kenduaz). Nik zer euki bear det zure kanpela.

PATXI: (Zotinka berriz) Nik... nik kan-kapela bat nuan, eta an gordetzen nituan nere aurreratutako diruak... eta maltzur orrek ostu egin dizkit.

MIKELETEA: Eta zuk, zer esaten dezu?

KAITANO: (Zotinka) Nik... nik... dirua gordetzen noen... no... no... en arkan, eta ostu egin die no... noen arkatik...

MIKELETEA: Zer arraio diozu? Dirua ostu dizutela, Noeren arkatik? Zertan gelditzen gera? Nork nori lapurtu dio?

PATXI eta KAITANO: (Biak batean eta sotinka). Nik ez... Nik ez...

MIKELETEA: Tira, tira. Ikusia dago zuekin ez dagola gauza garbirik. Zuek biok arrapatu dezutena da mokollua galanta. Ondo da: zuek biok sartu zaitezte etxetxo orretan eta or egon nik agindu arte. Eta ixilik egon, bestela! (Patxi ta Kaitano joaten dira etxeruntz, zotinka beti. Atera eldutzen diranean gelditzen dira ta alkarri amorroz diote).

PATXI: Begiratuko ezpalidake.... (Zematuaz).

KAITANO: Mikeletea ezpalegoke! (Berdin. Etxera sartzen dira.)

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Mikeletea bakarrik; gero Paulo.

 

ERESIA

 

MIKELETEA:

                Ez det ikusi

                olakorik.

                Dira bi mutil

                maltzur

                gaizto

                zarpil

                Txit biurri!

 

                Beren txarkeri

                orregatik

                egoko ditut

                makil

                zarta

                biziz

                lendabizi.

 

                Ain atsegiñez negola

                akeitegian

                garagardoaren

                txurrut egiñean

                ondatu didate

                arratsaldea

                jolasak utzi ta bada

                etorri naiz onera,

                zarpail oiek atxitzera.

                Nere eskutaratzen badira

                egoko ditut makillaz

                eskale oien ezur mamiak

                ta iñor ausartzen bada

                txintarik egitera

                an joango da berela

                an joango da giltzapera.

 

        (Izketan)

MIKELETEA: Nik dakitena da, bi auetako batek lapurreta egin diola gizon ari. Bietatik nor ote da? Batek dio kanpelean dirua zeukala ta diru orixe izango zan ostutakoa... Bera da noski lapurra. (Bidera begiratuaz) Norbait badator... Bai, bera da, garaiz eldu da.

PAULO: (Arrapaladan dalorrela). Zer? Igesi al du txoriak?

MIKELETEA: Ez: ondo zaitua dago; ta orain ikusiko dezu. (Txabolara dijoa).

PAULO: (Pozez); Azkenez, ala ere, nereganatuko det berriro nere altxorra. Eta ume aiek, zer egin ote dute?

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Paulo ta Mikeletea,
Patxi'ri belarritik eldu ta etxetxotik ertenaz.

 

PATXI: (Beste aldera ta minberatuaz). Narrurik gabe utziko naute.

MIKELETEA: Ona emen aurrean. Zabiltza azkar, biurri ori. (Belarritik tiraaz).

PAULO: (Berengana urreratzen da ta Patxi'ri begiratzean naigabezko imintzio bat egiten du beste aldera). Bañan, nori begira nago! Ez da au!

MIKELETEA: (Patxí'ri) Tira, bekoki ori jaso zazu.

MIKELETEA: (Paulo'ri) Emen daukazu, jauna.

PAULO: (Mikeleteari bakarrik) Jauna, arren entzun zadazu, gizajo au errugabea da.

MIKELETEA: (Arriturik). Nola liteke ori?

PAULO: Barkatu jauna, baña ez det ikusi nik gizon au nere bizian.

MIKELETEA: Ondo da; zaude. (Mikeletea sartzen da etxera ta Paulo agertokian erdi aldean, eta Patxi etxearen ate ondoan gelditzen dira).

 

 

AMALAUGARREN AGERRALDIA

 

Paulo, Juan eta Mikeletea,
len Patxi bezela Kaitano ateraz.

 

PAULO: Agur, nere altxorra atzera nereganatzeko neuzkan itxaropen eta zirimitak! Lapurra ikusteko asmoa nuanean, ogia baño obeagoko eskale gizajo bat ekarri die.

MIKELETEA: (Ertenaz). Esaidazu. Eta au?

PAULO: (Pozez beterik). Ori bai! Ori da lapurra! Ber bera!

KAITANO: Ni ez naiz lapurra !

PAULO: Ez det ikusi zurea añako zuritasunik.

KAITANO: Ez nazazu artu lapurtzat, zakela kendu banizun etzan lapurtzearren izan, baizik ustekabean.

PAULO: Ez dakit nola sutzen ez naizen bere erantzuna entzutean. Nun dezu zakela!

KAITANO: Ostu egin die.

PAULO: Zer esan dezu?

KAITANO: Ez detela nik.

PAULO: Etzazula gezurrik esan orren zuriki (Zematuaz) Eta pakean amaitu dedilla joku au. Nun dago?

KAITANO: Nik ez dakit nun dagon,...

PAULO: Arren eskatzen dizut... Nere altxorra!

KAITANO: Galdu egin zait.

PAULO: Tira, nun dago? Erantzun zazu! (Zumiñez).

 

 

AZKENEKO AGERRALDIA

 

Lengoak, Antton eta Txomin.

Antton eta Txomin'ek ikusirik
erausia berotzen dijoala ertetzen dira.

 

PAULO: Esaidazu azkar, oraintxe ezin egon naiz-eta. Esateko azkar, ez egiteko bat egin baño len! (Zematuaz gelditzen da).

KAITANO: Ez daukat nik.

ANTTON: Emen dago. (Zakela ta kanpela erakutsiaz).

PAULO: (Arriturik). Zer da au?

ANTTON: Zure altxorra. Eskale orrek gutxiena uste zuanean, bere etxera sartu ta altxor au kendu genion.

KAITANO: (Sumindurik) A! I izan al itzan? (Paulo'k eusten dio).

ANTTON: Zer uste zenduan bada?

PAULO: Eta, zergatik egin zenion joku ori?

ANTTON: Lapurreta eginda etorri zan zorian, limosnatxo bat eskatu nion Jaungoikoaren izenean, eta etzidan eman nai izan. Gañera ausartia, lotsagabea ta galdua deitu zizkidan. Baña esaidazu orain: nor izan da biotan lapurra? nor izan da? Zu, laguntza eman zizun gizonari lapurtu zenion ori, ala gizon zintzoari bere altxorra atzera biurtu dion ume au? Nor da gaiztoagoa, tira, esantzazu? Nor da emen biotan maltzurra? Erantzun zaidazu... eskaletxo orrek! (Zapuzkeriz) Tira... ez dakit zer egingo...

PAULO: Ez da beti zintzoa izaten zuri azaltzen dan gizona.

MIKELETEA: Itxi ditzagun begiak eta pakean amaitu dezagun guztia.

PAULO:

                Argi asko ikusten da

                Biok zorigabeak izan zeratela

                Baña eskatzen dizutek emendik aurrera

                Nerekin bizi zaiteztela,

                Nigan arkituko dezute, ba,

                Galdu zenduten aita.

 

ERESIA

 

                Biotz oneko mutil zintzo oiek

                bekoki garbiarekin

                begirunez eta zutik

                agertuko zerate

                kendu zuen buruetatik

                bildur ikara txarrak

                ta atozte neregana

                laztan beroa artzera.

 

                Orain artean, enetxo oiek,

                beartsu izan bazerate

                gaurtik zuentzako daude

                nere etxeko ondasunak

                illuntasun soil artean

                nere bizitza baneraman

                oraintxe alaituko da

                zuen zorionean.

 

PAULO:

                Nere

                aberastasuna

                berriro

                aundia da.

                Nere

                zoriontasuna

                zuentzako

                izango da.

 

UMEAK:

                Zure

                aberastasuna

                aundia

                gañezka da.

                Gure

                zoriontasuna

                zuretzako

                izango da.

 

KAITANO:

                Gizon zintzo

                ta biozpera

                errukitu arren

                izan kupida;

                barkatu arren

                Jainko izenez

                arren, bai neri

                barkamena.

 

GAÑONTZEKOAK:

                Zure

                aberastasuna

                aundia

                gañezka da.

                Gure

                zoriontasuna

                zuretzako

                izango da.

 

PAULO:

                Atozte nerekin

                nere pozkidak

                nere zoriongarri

                izatera

                biotz-biotzez

                nai ditut, bada

                zuentzat nere

                ondasunak.

 

UMEAK:

                Berekin goazen

                nai degu, bada

                izan bere poz

                atsegiña

                guretzat ditu

                bere ondasun

                ta biotzeko

                maitasuna.

 

MIKELETEA:

                Gizon zintzo

                ta biozpera

                errukitu arren

                izan kupida;

                barkatu arren

                Jainko izenez

                arren, bai, orri

                barkamena.

 

ZAPIA

 

aurrekoa