euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Sarrera

Etxeen izenak, ondare kulturala

Ezaguna da Euskal Herrian, historikoki eta egun ere, etxeak izan duen garrantzia, hala familian nola gizartean. Horren seinale ditugu ahozko literaturan dauden etxearen aipamenak (Xalbador urepeldarrak Xalbadorrenea bere sortetxeari eskainitako bertsoa ezagunenetarikoa dugu), foru zuzenbidean etxeari loturiko eskubide eta eginbeharrak eta, nola ez, bertakoon abizenetan etxeen izenek utzi duten arrasto nabarmena.

14_baserri_izenak.jpg

Izan ere, Euskal Herrian etxeak berak eman dio deitura familiari batzuetan, eta bertzeetan, aldiz, jabearen xehetasunen batengatik (izen, abizen, izengoiti, lanbide, jatorri edo dena delakoagatik) bataiatu du herriak halako etxea.

Beraz, etxe izenek jatorri desberdinak izan ditzakete. Esan bezala, batzuetan, etxea eraiki edo bertan bizi izandako lagunen erreferentzia pertsonalak ditugu -ponte izenak (Paularena, Migelenea), patronimikoak (Petrisantzenea, Agirrenea), izengoitiak (Gorraren borda, Txipitonea), hipokoristiko edo izen ttipiak (Martikorena, Gartxienea), lanbideak (Arotzenea, Barberenea), estatu soziala (Kontearena, Txantre) eta abar; besteetan, berriz, etxearen ezaugarriak (Etxetxikia, Bordaxuria), kokapena (Mendiondoa, Berekoetxea) edo toponimoak (Elordi, Mugerdia), zertarakoa edo erabilera (Dolarea, Errota) eta abar.

Gure herrietan jendeari familiaren deituraz edo abizenaz baino, etxearen izenaz deitu izan ohi zaio berriki arte. Ezaguna zaigu tokiko zaharrek gazteak nor ziren jakiteko egiten zuten galdemodua: «Eta zu, zein etxetakoa zara?». Izan ere, etxeen izenak herri baten ondare historiko-kulturalaren eta bere nortasunaren zati dira, antzinako bizimoduaren eta gizarte antolamenduaren informazio anitz gorde dutenak.

Hori dela eta, horien balioaz jabetuta, Euskal Herriko hainbat herri hasi dira etxeen izenak biltzen, ikertzen eta argitaratzen, gal ez daitezen. Ikerlan horiek zientifikoki oikonimian (etimologikoki bi izen grekoz osatutakoa: oikos, etxea; eta onoma, izena), etxeen izenak aztertzen dituen onomastikaren arloan, sartzen dira. Euskal Herrian oikonimia erruz jorratu da eta ikerketa horietan antroponimia (pertsonen izenak lantzen dituena) eta toponimia (leku izenak) uztartzen dira.

Batzuk baino ez aipatzeagatik, Nafarroan, orain gutxi, Etxalar eta Garde herrietan aritu dira etxeen izenak biltzen. Lehenago, Baztanen aritu ziren Baztango etxeen telefono gida apailatzen, etxe izenak bitxikeria historikotzat baino, egun ere erabilgarria den baliabidetzat hartuta.


Paula Kasares
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua