euskaraz · español · english · français  mapa web e-mail  
Estás aquí:   Liburu gaztea

Liburu gaztea

Aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan, Liburu Gaztea literatura sariarentzako deialdia zabaldu zuen 2000-2001 ikasturtearen hasieran irakurtzaletasuna sustatzeko asmotan. Liburu Gaztea programak euskal literaturan urtero burutzen diren beste sarien artean (Euskadi sariak, Lizardi, Labaien...) bat gehiago izan nahi du, baina berezitasun nabarmen eta garrantzitsu batekin: DBHko ikasleak izango direla epaimahaikide gisa urtero bi idazle sarituko dituztenak.

Haur eta Gazte Literaturari dagozkion sari desberdinetan beti helduek daukate azken hitza, sariketa honen bidez berriz gazteei zuzendurikoa den literatura horretan beraien iritziak eta hausnarketak entzuteko aukera eskaini nahi da eta hori erabiliz beraien motibazioa landu eta haiengandik ikasteko aukera aprobetxatu. Azken urteko produkzioa sarituko duen literatur sari honek ondorengo helburuak ditu.

Helburuak

Programa honen helburuak dira:

  • Euskal Literaturaren produkzio berriena gazteengana hurbiltzea.
  • Gazteen interesak, iritziak, literatur gustuak ezagutzea.
  • Irakasleei literatur orientazioa eskaintzea.
  • Ikasleengan irakurtzaletasuna landu eta irizpide literarioak sortzea.
  • Idazleei irakurle gazteen ikuspegia hurbildu eta hauek emandako sari bat eskuratzearen ohorea eskaintzea.
  • Euskal Herriko ikastetxeetan irakurketa aldetik erabiltzen diren prozedura desberdinak ezagutzea eta hauek lantzeko tresna berri bat eskaintzea.

Jasotzaileak

Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan B eta D ereduak dituzten ikastetxe guztiei luzatzen zaie egitasmoan partehartzeko gonbitea. Orientatzaile batek banaka bisitatzen ditu ikastetxe guztiak egitasmoaren nondik norakoak azaltzen eta ikastetxera programa egokitzeko biderik aproposenak zein izan zitezkeen aztertzen.

Prozedura

Galtzagorri Elkarteak izendatutako hautaketa batzordeak aurreko urtean gazteentzako literaturaren esparruan argitaratutako liburu guztien irakurketa egiten du. Irakurketa zerrendan jatorriz euskaraz sortutako liburuak nahiz itzulitakoak sartu ohi dira, eta zerrendatik kanpo utzi ohi dira berrargitarapenak. Irakurketa horretatik 8 izenburuko zerrenda aukeratzen da, adin talde bakoitzeko 4na liburu (12-14 urte bitarteko ikasleentzako lau, eta 14-16 urtekoentzako beste hainbeste). Aditu batzordea osatzen dute idazleek, literatur kritikoek, itzultzaileek, editoreek eta, oro har, haur eta gazte literaturarekin zer ikusirik duten adituek.