2006ko azaroaren 28a, asteartea

MCCk azaroaren 9an jardunaldia antolatu zuen: Hara, lankidetzan euskara!

Izenburu hau oinarri hartuta, azaroaren 9an jardunaldia egin zuen MCCk. 100 kide inguru bildu ziren MCCren hitzaldi aretoan arratsaldeko 15:00etan. 18:30etan amaiera eman zitzaion jardunaldiari.

Bertaratutakoen artean MCCko partaide diren eta euskara planak abian dituzten enpresetako ordezkariak izan ziren, horien artean, Lehendakariak, Giza Baliabideetako Zuzendariak, Euskara Planetako koordinatzaileak, Gerenteak, Euskara Batzordekideak eta Mahai Teknikoko ordezkariak. Horiez gain, enpresa planak abian ez dituzten hainbat enpresetako ordezkariak ere bildu ziren eta jardunaldiaren aurkezpenaren berri izan zuten.

Jardunaldiaren zergatia ulertzeko Euskara Batzorde eta Mahai Teknikoaren Plan Estrategikora jo behar dugu. Plan Estrategikoak 4 urterako helburuak definitzen ditu: euskara planen kopurua handitu, MCCren Euskararen Normalizazio politika adostu eta beste hainbaten artean, Enpresako Organo erabakigarriei zuzendutako jardunaldiak antolatzea zegoen. Jardunaldi hau, beraz, planifikatutako lan baten emaitza da.

Jardunaldiaren helburua MCCk euskararen normalizazioan orain arte egindakoaren berri zabalduz, indarberritu eta aurrera egitea zen. Balorazioa positiboa izan zen eta bertaratutakoak motibazio dosi nahikoa hartuta joan ziren etxera.

Egitarauari dagokionez, jardunaldiaren hasiera eta inaugurazioa Miren Mateo Aierzak (Eusko jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako koordinazio Zuzendariak) egin zuen: bere aurkezpenean euskara planen bilakaeraz hitz egin zigun. Hitzaldian, lehenengo plan pilotuak, kooperatibetako planetan eman diren berrikuntzak, aholkularitza enpresak (EMUN ...) eta sailburuordetzako egitasmoak izan zituen hizpide. Lan honetan aurrera jarraitzeko lankidetza, inplikazioa eta konplizitatea azpimarratu zituen. Euskal Gizartearen normalizazio ahaleginak lan munduan isla gutxi duela ere aipatu zuen eta hezkuntzan egindako ahaleginak, lan munduan, behar besteko jarraipenik ez duela.

Bigarren hizlariak jardunaldiaren bigarren ordu erdian ekin zion. Mikel Zabala Iturralde, Korporazioko Euskara Batzordeko Lehendakari eta Gestio Sozialeko Zuzendaria, planen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu zen. Bere hitzaldian hizkuntzaren garapena eta kooperatibismoa lotu zituen eta lankidetza berriz ere aipatu zuen. Mikelek MCCko Korporazioak euskararen alorrean gauzatutako eta aurreikusitako lanen berri eman zuen, horien artean, 2000. urtean sortu zen Euskara Batzordea, Euskara Planen ezarpen prozesua, 2005-2008 Plan Estrategikoa eta bereziki aurten MCCko Batzorde Iraunkorrak onartu berri dituen Euskara Normalizatzeko Oinarriak.

Zentzu honetan, Oinarri horien gainean euskara plana dutenak egin berri duten autoebaluazioaren emaitzen berri eman zuen Mikelek: Jasotako erantzunen arabera,

  • Plandun kooperatiben %16 Bidean daude (lanean ari dira, baina oraindik euskararen aukera bermatua izatea ez dute lortu).
  • %75 Aukera bermatzen sailkapenean kokatzen dira (kooperatiban euskara erabiltzeko aukera bermatzen zaie horrela nahi duten guztiei).
  • %9 Erabilera ere bultzatzen dutenak dira (euskararen aukera bermatzeaz gain, euskara erabiltzea bultzatzen duten kooperatibek).

Bestalde, euskara planik ez zuten enpresen ordezkariei zuzenduta, Euskara Plan bat zer den eta zer eskatzen duen azpimarratu zuen eta planen finantzazioari buruzko datu batzuk ere aipatu zituen.

Hirugarren hizlaria, Andoni Larrea Garai izan zen, EDESAko Euskara Koordintzailea. EDESA berria da planen bilakaeran. Urte bete egin du planarekin hasi zenetik eta enpresaren jarduera eta diagnostiko datuen berri eman zigun. 3 gai nagusi azaldu zituen, euskararen erabileraren diagnostiko datuak, 2005-2008 urteko euskararen plan estrategikoa eta gaur egungo planaren bilakaera. Koordinatzaileak datu esanguratsuak aipatu zituen, erabileran esaterako %7 da gaur egungo portzentajea, beraz, argi utzi zuen gune erdaldunetan ere posible dela euskara plan batekin aurrera egitea.

Laugarren hizlariak, Leire Mugerza Garatek (EIKAko euskara koordinatzailea, lehendakaria eta kalitate sistemen zuzendariak), bestelako errealitate bat aurkeztu zigun, EIKA enpresarena alegia. Leirek errepaso bat eman zion EIKAko euskararen egoerari eta argi utzi zuen zuzendaritzaren apustuak eta langileen inplikazioak duen garrantzia. EIKA enpresak 6-7 urteko ibilbidea du euskara planetan. Langileek bultzatutako plan bat izan zen hasieratik eta gaur egun Erakundetze prozesua landu ondoren, hausnarketa prozesu batean daude. Prozesuaren bilakaeran hiru ekintza nagusi aipatu zituen:

  1. Euskararen erabileraren eskuliburua, euskararen funtzionamendua sistematizatzeko lehenengo urratsa.
  2. Erabilera taldetatik Laguntzaile bileretarako saltoa: erakundetzearen hasiera.
  3. Euskararen helburu nagusiak enpresako Gestio Planetan txertatzea.

Hiru urrats nagusi horiek eman eta gero, 2005-2008ko Plan Estrategikoan euskara planaren iparra definitu zuten: euskara, lan eta zerbitzu hizkuntza izatea eta inguruan eragile moduan jardutea urtean gutxienez bi ekintza burutuz.

Leirek, planaren ikuspegi orokorra azaldu ondoren, HAUSPOA egitasmoa azaldu zuen. Hauspoa egitasmoa MCCko Mahai Teknikoak bultzatutako egitasmo bat da eta EIKAko Koordinatzaileak, mahai teknikoko ordezkari moduan, HAUSPOAren nondik norakoak azaldu zituen.

HAUSPOA, sua berpizteko erreminta den bezala, egitasmo honek enpresetan euskara berpizteko erreminta izatea du helburu. Euskara planek sistema bat behar dutela aipatu zuen, euskararen gaia enpresan integratzeko eta aurrerago joateko.

Egitasmoa, euskararen kudeaketan aurreratuta dauden eta eragile izan nahi duten kooperatibek osatuko lukete, oraindik ez baita martxan jarri. Erreminta honek, euskara, enpresako beste edozein gai bezala kudeatzeko aukera eman behar liguke eta neurtu eta hobetu daitekeena izan beharko luke.

Prozesua zein izango den definituta dago eta aurrerago joan nahi duten enpresa guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Filtro batzuk pasa beharko dituzte HAUSPOAko kide izateko.

HPS eta EUSKALIT aipatzeko ere momentu egokia izan zen jardunaldia. Ziurtagiriaren kontuak azken asteetan izan duen garrantzia ikusirik, Leirek HAUSPOA eta ziurtagiriak komunean zituzten helburuak aipatu eta elkarlanerako deia egin zuen Miren Mateo jardunaldian zegoela aprobetxatuz. Euskararen alde denok indarrak batu behar ditugula azpimarratu zuen.

Azkenik, pastelari ginda jartzeko asmoz, Iñaki Arruti, Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko arduradunaren txanda izan zen. Iñakik, jardunaldia borobiltzeko motibazio zertzeladak eman zizkion saioari. Modu atsegin eta dibertigarri batean eskualdeko kooperatibismoa eta euskalgintzari loreak bota ondoren, hizkuntza eta gure eguneroko bizitza lotzen ibili zen etengabe. Hezkuntza sistema, lan mundua... izan zituen mintzagai.

Hizkuntza zertarako behar dugun ere birritan aipatu zuen, hizkuntza komunitatearen garrantziaz jabetuta, hori transmititzen saiatu zen eta hizkuntza bat, dituen zereginen arabera sailkatu zuen.

"Gero eta hiztun gehiago, gero eta zeregin gehiago izango ditu hizkuntzak eta gero eta normalizatuagoa izango da. Eta horixe da zuek egiten ari zaretena, euskarari beste esparru bat irekitzen ari zarete, lan esparrua hain zuzen"

Saioa oso gustukoa izan zen, ekintza motibagarri eta gertukoak beti baitira eskertzekoak eta bereziki euskalgintzaren esparruan diharduen ororentzat.

Bidaltzailea: Emun. 09:50 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (1)

Erantzunak

Re: MCCk azaroaren 9an jardunaldia antolatu zuen: Hara, lankidetzan euskara!

Artikulu interesgarria iruditu zait! MCCk egiten duena hurbiletik ezagutzeko aukera eman dit eta zoriondu egin nahi zaituztet egiten ari zareten lanagatik! Baita EMUN ere, ea blog honi ahalik eta zuku gehien ateratzen diogun.

Eskerrik asko.

Bidaltzailea: eplazaola Noiz: 2006.11.28 16:42

Erantzun