2008ko apirilaren 8a, asteartea

Behatokian eta Elebiden lan munduko kexak

Behatokian eta Elebiden jasotzen diren kexen artean gutxi dira lan-munduarekin propio lotu daitezkeenak; baina badira batzuk.

Behatokiko kudeatzailea den Arantza Haranburuk lan munduarekin lotuta dauden kexen tipologia hau prestatu digu:

“Gehienetan enpresek edo langileek administrazioarekin duten harremanean euskara erabiltzeko duten zailtasunak eragiten ditu kexak, inprimakiak gaztelania hutsean, ahozko zerbitzua euskaraz jasotzerik ez izatea...euskaraz aurkeztutako agiriak ez onartzea, agiriak gaztelania hutsean bidaltzeak...

Horiekin batera, langileei egiten zaizkien mediku-azterketetan euskarazko zerbitzua ez bermatzeak ere kexa bat baino gehiago eragin du.

Administrazioak antolatuta edo %100ean diruz lagunduta langile eta enpresentzat antolatzen diren ikastaroetan euskaraz eskaintzarik ez izatea edo oso eskaintza urria salatu duenik ere izan da.

Hezkuntza administrazioko kontratatazioetan hainbat lanpostutan hizkuntza eskakizunik ez izateak (zerbitzuetako lanpostuak dira batik bat (sukaldariak, jantokiko laguntzaileak)langileen arteko harremanak gaztelaniaz izatera behartzen du.

Interneten jendearen eskura jartzen diren web-orrien kasuan(lanean ere baliatzen direnak) lehenik gaztelaniazko bertsioak gaitzen dira. Euskarazkoak beranduago, zatika, edo ezta hori ere.

Langileei bidaltzen zaizkien barne-mezuak eta dokumentuak ere kexa iturri izaten dira (administraziotik heldu dira kexa gehienak), ez da elebitasun printzipioa errespetatzen, eta gaztelania hutsean bidaltzen dira.

Orokorrean esan genezake administrazio barruko eta administrazioen eta enpresen arteko harremanak euskalduntzeko neurriak hartzen ez diren bitartean, nekez egingo duela aurrera euskarak lan munduan. “

Elebiden 248 inzidentzia jaso ziren lehendabiziko urtean. Hona hemen lan mundurarekin lotuta dauden bost adibide:

Lehenengo adibidea: Zioa: Enpresa baten web gunea gaztelania hutsean dago eta ez du euskaraz ikusteko aukera ematen. Hortaz gain, bertako telefono zenbakira deitu zuen etxean matxura bat zuelako, eta euskaraz bere arazoaren berri eman ahal izateko, 5 minutu pasa behar izan zituen telefonoan, euskaraz zekien pertsona bat libre geratu arte, eta denbora horren ondoren, pertsona horrek euskarazko oso maila baxuan hitz egin zion, “bai, bai…” erantzutera mugatuz. Inzidentzia mota: Kexa Urraketa mota: Harremana Urraketa-harreman mota: Ahozkoa eta idatzizkoa Eremua: Pribatua - Jarduera profesionala

Bigarrena adibidea: Zioa: Altzari denda batek etxeetara bidalitako iragarkiak gaztelaniaz daude. Inzidentzia mota: Kexa Urraketa mota: Paisaia Eremua: Pribatua - Jarduera profesionala

Hirugarren adibidea: Zioa: Aseguru enpresak herritarrari agiri eta informazio guztia gaztelaniaz bidaltzen dio eta kexa aurkeztu du enpresaren web gunean, baina ez du erantzunik jaso. Zer egin dezakeen galdetzen du. Inzidentzia mota: Kontsulta Eremua: Publikoa - Eusko Jaurlaritza Erakundea: ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua

Laugarren adibidea: Zioa: Enpresa batean Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzatik bidalitako kontratazio espediente bi jaso dira, eta aurkezpen gutunak ele bietan egon arren, baldintza administratiboak, klausula pleguen karatula, oinarri teknikoak etab. gaztelania hutsean daude, eta ez da lehenengo aldia. Inzidentzia mota: Kexa Urraketa mota: Harremana Urraketa-harreman mota: Idatzizkoa

Bosgarren adibidea: Zioa: Herritarra Donostiako jatetxe batean egon zen bazkaltzen, eta karta gaztelania hutsean zegoen idatzita. Hortaz gain, zerbitzari gehienek ere gaztelania hutsean hitz egiten zuten eta telefonoko erantzungailuko mezuetan euskara azken unean agertzen da gaztelania, frantsesa eta ingelesaren atzetik. Inzidentzia mota: Kexa Urraketa mota: Harremana Urraketa-harreman mota: Ahozkoa eta idatzizkoa

Bidaltzailea: lantalan. 10:30 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun