2010eko apirilaren 29a, osteguna

Udaltop II: nerabeen mundua gerturatzeko saioa

Apirilaren 21 eta 22an izan dira Udaletako euskara-zerbitzuen II. topaketak, Udaltop izenez ezagutzen den topaketa.

Aurten nerabeen gaia jorratu da: Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?.

Aurtengo topaketa ere oso emankorra izan da. 120 lagun inguruk parte hartu dute, gehienak udaletako teknikariak eta ikastetxe, aisialdiko elkarte, erakunde eta antzekoetatik ere jende andanak parte hartu du; entzule gisa, batez ere, eta eragile gisa topaketen azken txanpan egindako talde lanean.

Lehenengo topaketa 2009ko maiatzean egin zen. Orduko hartan, "Nola indartu euskararen erabilera familietan?" izan zen landutako gaia. Lantalanen artikulu bat eskaini genion topaketa hari: Udaltop, topaketa emankorra.

Egun eta erdiko jardunean bederatzi ponentzia eta mahai-inguru bat izan ziren, eta amaitzeko talde-lana egin zen, ponentzietan entzundakoaren digestioa egin eta interbentziorako ildo nagusiak lantzeko.

Topaketari modu umoretsuan eta dantzarian eman zitzaion amaiera, Lasarte-Oriako gazte harrobi ederraren erakusgarri. Antzerki taldekoek, nerabeek, ezin hobeto antzeztu zuten gazteen jokabideak eta usteak nolakoak diren egun. Hitzen bidez behin eta berriz entzundakoa antzerkiaren bidez ikusi genuen, tope-guai! Zorionak gazteei!

Topaketan zehar jasotakoa, modu laburrean, adieraziko dugu datozen lerrootan.

Egun batzuk barru, Udaltop webgunean zintzilikatuta egongo dira, luze-zabal, denon eskura, ponentzia, argazki, bideo, emaitza eta bestelakoak. Iparraldea XXI, EKEk egindako bideoa ikusi zen lehendabizi, iparraldearen aurpegi gaztea, modernoa eta aberatsa erakusten duen bideoa.

Lehenengo ponentzia: "Esku hartzeko hainbat ildo, hurbilketa sistemikotik begiratuta"

Pello Jauregi (HUHEZI)

  • Iazko hitzaldiari erreferentzia eginez hasi zen Pello: Mikel Zalbidek aipatutako arnasguneak eta hauek behar duten babesa, yin eta yan bi alderdi osagarriak...
  • Bost alderdi osagarri -yin eta yan- aipatu zituen nerabeak ulertzeko ezinbesteko direnak.
  • Bat: pertsonen sistema ulertzeko hurbilketa sistemikoak eskaintzen duen laguntza; ordena eta kaosaren arteko dantza. Taldekotasun ikuspegia, kolektiboa, hizkuntza-ohiturak ulertzeko modu eraginkorra da: hizkuntza-ohiturak, jokabideak taldean eraikitzen dira; ohitura hauek finkatzeko edo aldatzeko gaitasuna TALDEAK du. Hainbat mugimendu energiarik gastatu gabe egiten dira taldearen barruan, baina aldi berean mugimendua etengabea da. Oreka eta desorekaren arteko jolasa da nagusi. Sistema batek orekarako joera dauka beti, erosotasunerako eta pentsatu beharrik gabe bizitzeko beharra. Baina hala ere beti sortzen da desoreka, batzuetan oso handia gainera. Talde batek desoreka handi bat jasan duenean eta aurretik zeukan oreka ezin duenean berreskuratu, oreka berri bat bilatzera jotzen du (hor kokatzen dira ohitura aldaketak).
  • Bi: erdigunea eta testuingurua , barrua eta kanpoaldea -jokabide kontestualizatua-. Barne oreka eta testuinguruaren oreka ezinbestekoak dira. Nola desoreka testuinguru bat non gaztelaniaz egiten den? Nola sendotu oreka desorekatu ez dadin? Interbentziorako bi modu daude: oreka indartzea edo desoreka sartzea.
  • Hiru: hautematea -subjektibitatea edo nola pertzibitzen dugun- eta ekintza. Bi hauek orekan edo desorekan egon daitezke. Eskuhartzea informazio emanez eta baldintzadun ekintzekin -hemen euskaraz- egin ohi da. Denok bilatzen dugu oreka bien artean, bestela kontradikzioa, egonezina... sortzen zaizkigu barruan. Bi modu daude oreka bilatzeko: hautematea aldatu -orain ezin da, diskurtso autokonplazienteak, barne-presioa jaitsiz...-; aldatu jokaera -euskara gehiago egin...-. Eman dezagun testuinguruak euskaraz egitea eskatzen didala -lana-, baina ez dut euskara asko maite... desoreka hori orekatzeko: lana utzi edo hautematea aldatu beharko dut -euskarara hurbildu-.
  • Lau: arrunta eta bereziaren arteko dantza. Nolakoak dira nerabeak? Heldu izan nahi dute -sexualitatea, abstrakziorako gaitasuna, distantzia hartzekoa, gorpuzkeran aldaketak...- eta helduen mundua erdarazkoa bada, beraiek ere horren parte izan nahi dute. Eurak izanda helduen munduan lekua izan nahi dute. Matxinatu egiten dira baina puntu bat arte. Autoritatezko harremanak -eskola, familia- ez dira beraien gustuko, harreman horizontalagoak nahi dituzte, askatasun eremuak topatzen dituzte bertan. Beraz, eskuhartze-estiloa autoritatean oinarrituta badago, zaildu egingo da nerabeengana iristea.
  • Bost: nerabe handi -16,17- eta txikien -12,13- dantza. Hamabikoentzat ereduak dira hamaseikoak; eragin zuzena izango luke hor lortutakoak, bihotzeraino iristen dena. Harreman horizontalena beraien artean sortu ohi da. Eskuhartzea: astean ordu bat edo bi elkartzeko proposamena egin; autonomia handia emanda baina kanpo babesarekin. Hamasei urtekoari ardura ematea euskaraz egin dezaten, errekonozimenduarekin -soldata txiki bat-, heldu sentiaraziko ditu. Harreman horizontalak sortu, eta arrunta izan eta berezia izan ezaugarriak uztatuko genituzke.

Galdera-erantzunen tartean jasotako batzuk:

  • Hizkuntza sozializazio modu bat da. Gurean erabat zulotuta da; zulo gehiago dago gazta baino. Gurasoak koherenteak direnean -esan eta egin euskaraz-, hamar haurretatik zortzik kalean euskaraz egiten dute. Nerabea autentikoaren, benetakoaren atzetik dabil, sentsore garatua dute horretarako eta alde morala garatuta dute.
  • Nerabeen arteko talde horiek martxan jartzerakoan, harreman estiloa konfiantzazkoa izan behar du, lidergoa kontuan hartuko du, lasai jokatuko du eta tartea utzita jardungo du. Erregulatzea ondo dago, baina neurrian. Koadrila nagusiekin noizean behin bilduz eta galdetuz, konfiantza eman eta esaten dutena sinetsiz. Somatuz gero ez direla hizkuntza-irizpideak betetzen, orduan interbenitu.
  • Proposamen honek dakarren berrikuntza: taldeka lan egitea -orain arte begiraleak banaka jardun izan dute-.
  • Bikoteak sortzen hasten dira garai honetan eta hizkuntza-ohiturak finkatuko dira guraso direnerako ere (transmisioa). Zubia adin hortan -nerabezaroan- dago.

Bigarren ponentzia: "Euskararekiko motibazioan eragin: nerabeentzako kontsumo masiboko egitasmoak"

Aritza Escandon (Kultur K2a)

  • Topagunearen kultur zerbitzua da. Harrapazank eskaitzarekin 5 urte daramate Bilboko udalarekin elkarlanean. 12-18 urte arteko nerabeentzat programa osatu bat dute eskuartean.
  • Euskara plazerrarekin, esperientzia positiboekin, ondo pasatzearekin lotu nahi dute. Euskara motibaziotik pasa eta erabilerara eraman nahi dute.
  • Kontsumitzaileak gazteak dira, beraz, nerabeei eman behar zaie protagonismoa; nerabeen zaletasunek izan behar dute ardatz; ekintzetan parte-hartze aktiboa izan behar dute baita komunikazio bideetan ere -sare sozialak-.
  • Erreferente hurbilak eta erakargarriak erabiliz: idoloak, eredu hurbilak -begirale zein irakasleak-, erdal munduko euskaldunak.
  • Erabilera esparru berriak komunikazio bide bihurtu.
  • Erakargarritasuna ezinbestekoa da: goi-mailako artistak, ludikotasuna erdigunean, ikuskizun moderno eta espektakularrak, proposamen berritzaileak.
  • Nerabeekiko enpatia sentitzea oso garrantzitsua da.
  • Ekintzen aurretik ikastetxeetan aurkezpena egiten da; sare-sozialak eta blogaren erabilera ezinbestekoa da, informatzeko eta elikatzeko -bideoak …-.
  • Tuenti nerabeen artean oso indartsu dago, baina batik bat gaztelaniaz. Euskararen erabilera probokatzeko, naturaltasunez euren artean euskaraz jardun behar dugu. Gaur egun, gurekin euskaraz egiten dute, euren artean gaztelaniaz.

Galdera-erantzunen tartean jasotako batzuk:

  • Ekintzak bi hilabetean zehar egitetik bostean egitera pasa dira. Prozesua lantzea ezinbestekoa da, luzaroan jardutea, alegia.
  • Probokatzen jarraitu behar dugu erabilera informalean ere euskaraz egin dadin -ilaran daudenean, komunera doazenean, sare sozialetan dabiltzanean...).

Hirugarren ponentzia: "HEZHIZ: HIZkuntza HEZiketarako dinamizazioak"

Jaime altuna (Urtxintxa)

  • Hizkuntza heziketarako programa da HEZHIZ. Hizkuntzak erabilgarriak dira, erabiltzeko eginak. Euskara ahoz aho erabiltzea nahi dugu, axolagabeki erabiltzea nahi dugu.
  • Usteak, hautemateak, iritziak, kezkak, gogoetak lantzen dira: jokabideak aldatzeko usteetan eragin behar da; hizkuntzaren inguruko hausnarketaren bidez euskara erabiltzeko joera lantzen da.
  • "Ahal izatetik nahi izatera" Huhezin 2002. urtean landutako materiala erabili dute oinarri eta Debako Udalarekin elkarlanean burutu zituzten 2008-2009an lehen saioak DBHko 3 taldeetan. 2010. urtean jarraitu da Debako taldeekin eta gehitu dira Ordiziako 6 talde.
  • Erabiltzeko gaitasun handia behar da eta horretan ere badihardute; hizkuntza formalean jardunagatik, hizkuntza ez formalean eragin nahi dute. Ttakun-eko Lagunekin euskaraz programarekin elkarlanean ere ari dira.
  • Motxilatxo bat eraman behar dugu soinean, etengabe, euskaldunok -Madrilen ez bezala-, baina hori ez da beti txarra, gure beharrak asetzeko gauzak ditugu-eta barruan. Ondasuna da euskara, transmititu diguten ondasuna eta ardura-komunitatea osatzen dugu.
  • Pasaian Bidaide izeneko programa dute martxan: nerabeekin aisialdia lantzeaz gain, komunitateari zerbitzu bat eskaini behar diote gazteek etorri berriei lagunduz. Katalunian antzeko egitasmo asko dituzte.
  • Arizmendi ikastolako Bazara ekimenarekin eta EBETErekin elkarlanean, hiru esperientziak bateratzeko asmoa dute; emaitzak txosten batean bildu eta guztiei zabaltzeko asmoa dute, baina baldintza batekin, lankidetzan jardutea.
  • Laburbilduz, usteak eta hautemateak, gaitasuna, parte hartze aktiboa eta ardura eta lankidetza dira HEZHIZen ezaugarri nagusiak.

Galdera-erantzunen tartean jasotako batzuk:

  • Usteak nola lantzen dituzten azaldu zuen. Hizkuntzen inguruan hausnartzea da helburua, munduko hizkuntzak hurbiltzen dira, enpatia sortuz, beraien musika entzunez.... Babel-en kontzeptua lantzen da: hizkuntza asko egotea ona edo madarikazioa da? Kultur ezagutza eta kulturaren transmisioan dauden hutsuneak lantzen dira.
  • Ikastetxean tutoretza orduetan txertatzen da, 15 bat ordu urtean zehar.

Laugarren ponentzia: "Glisseguna: Ipar Euskal Herriko gazteei zuzendua den surf/skate eguna"

Ramuntxo Etcheberry eta Estelle Gogni (Seaska)

  • Angelun egiten da festa irailean eta helburu nagusia surfa, gazteen kultura eta euskara uztartzea da. Ikastolako familiekin bat egiteko egun aproposa da, oso ondo hartu dute festa.
  • Zailtasun nagusiena da euskara surfarekin nola lotu. Oso mundu erdalduna da. Aurkezle eta begirale euskaldunak urriak dira. Gazte-nerabeen parte-hartzea lortzeko, menperatzen ez ditugun elementuak daude jokoan: lotsa, bereganako konfiantza falta…
  • Euskaratik urrun daudenekin elkarlana oso baikorra da.

Galdera-erantzunen tartean jasotako batzuk:

  • Nerabeak erakartzeko familia-haur festa izatetik nerabeena izatera ez ote lukeen pasa beharko galdetu zitzaien. Hausnarketa horretan ere badabiltza.

Bosgarren ponentzia: "Gizarte-Sareak + euskara 2.0."

Jon Aizpurua (HPS)

  • HPSk gizarte-sareen azterketa bat egin du, baina emaitzak ez daude oraindik eskuragarri.
  • Hizkuntza aukeratzeko orduan erabiltzaileak audientzia hartuko du kontuan eta, taldeak eleanitzak direnez, gaztelaniara jotzeko joera garbia dago.
  • Erabiltzailea pertsona jakin bati zuzentzen zaionean, lehen mezuetan kalean pertsona horrekin erabiltzen duen hizkuntza bera erabiliko du.
  • Gizarte-sareen erabiltzaileen artean, gaztelania freskotasunarekin eta informaltasunarekin lotzen dute eta euskara komunikazio formalarekin.
  • Hizkuntzaren zuzentasunari dagokionez, euskara gaizki erabiltzeko beldurra eta lotsa aipatu dira, bereziki euskaraz jarduteko zailtasuna dutenen artean. Badago euskaraz txukun eta egoki egiteko presio modukoa. Gaztelaniaz, aldiz, ez dago horrelakorik.

Mahai-ingurua: "Sare sozialak, nerabeak eta euskara"

Gorka Julio (Elurnet)

Luistxo Fernandez (Codesyntax)

  • Messenger erabiltzen dute nerabeek harreman sakonak dituzten lagunekin, koadrilakoak…
  • Tuenti, harreman arinak dituzten ezagunekin erabiltzen da batik bat. Ebentoen informazio-iturri ere bilakatu da. 16 urteko gazteek egunean 6 ebentotarako gonbidapena jaso ohi dute.
  • Harreman formaletan euskara erabiltzen da, informaletan erdara.
  • Matxinatze-atalaseak eragin dezake mezuen zabalpenean.
  • Heroiek -euskaraz etengabe egiteko prest daudenak, adibidez- baldintzatu dezakete ingurunean.
  • Teknikariek oso azaletik ezagutzen dituzte sare sozialak.
  • Gazte erakundeek badute irtenbiderik baina pertsona bezala jokatzen baldin bada.

Seigarren ponentzia: "Gazteria eta Euskara zerbitzuen elkarlana nerabeen aisialdian eta hizkuntza ohituretan eragiteko. Bermeoko esperientzia"

Maite Alvarez eta Iñaki Lopez (Bermeoko Udala)

  • Udalak zer egin dezake? Jarrerak aktibatzeko prozesuak abiatu, aisialdian… beti ere, gazteen interesetatik abiatuta eta ondo pasatu dezaten.
  • Gazteentzako programaren helburuak: gazteak eta gazteekin suspertzaile, begirale eta entrenatzaileak sentiberatu eta motibatu; gaitasun erlatiboa hobetzeko bitartekoak jarri; erabilera sustatzeko hizkuntza-ohiturak euskararen alde jarri.
  • Ekintzak: kuadrilategi ekimena izan dute abian hainbat urtetan, bi baldintzekin: izena koadrilak ematea eta euskaraz jardutea; tailerrak jarriko dituzte martxan kuadrilategiren helburu antzekoekin; bertso-paper lehiaketa; Gaztezulo; literatur lantegia; motibazio saioak; moda desfilea…
  • Lortu direnak: kuadrilategiko gazteek euskara gehiago egitea; gazte eta euskara-planak uztartzea; kirol arduradunekin elkarlana bideratzea.
  • Hobetzekoak: kuadrilategiren eragin esparrua zabaldu, beraien inguruan eragin dezaten; tailerren bidez gazte gehiagoetara iritsi; proiektuak iraunkortasunez egin; kirol arloko eragileak gehiago inplikatu; aurrekontu-arazoak gainditu; liderrekin lana sakondu; Gazte-Planeko batzordearen lana berrartzea.

Galdera-erantzunen tartean jasotako batzuk:

  • Gazte-ekimenen zerbitzuak gazteak egin nahi dituzten ekintzen antolaketan laguntzen du; tailerrak egiten, estatutuak bideratzen... euskara zeharka sartzen da.
  • Liderrak inplikatzerakoan hitzkuntza-jokaeretan eragin handiagoa izateko aukerak biderkatzen dira. Txokoetako -70 daude Bermeon- liderrak identifikatze lanetan aritu dira.
  • Hizkuntza-irizpideak Udalaren barruan bermatuta al daude? Kultur arloan ondo betetzen dira; kirol arloan zer hobetu badago: ikastaroetan nahiko ondo betetzen dira, aldiz, kirol-elkarteetan zailagoa da eta, bestalde, eragin handia dute kirol munduan. Udalaren jardun osoan presente egon behar duela nahiko onartua dago.

Zazpigarren ponentzia: "Nerabe eta gazteen kultur kontsumoa: GAZTEZULOren esperientzia"

Alberto Irazu (Gaztezulo )

  • Gazteek eskatutakoa jasotzen dute; iritzi-bilketen bidez jasotako informazioa baliatu dute gazteek zaletasunak zein diren jakin eta horiei erantzuteko.
  • Nerabeei galdetu behar zaie zer egin nahi duten, eta horri erantzun.
  • Gazte sortzaile asko dago Euskal Herrian eta erreferente oso garrantzitsuak dira.
  • Arriskuak hartu eta gazte-sortzaileei plataformak eskaini behar zaizkie.

Zortzigarren ponentzia: "Maitatu euskaraz"

Isabel eta Aitor (Ttakun Kultur Elkartea)

  • Arrakastarako ziurtasuna duten ekimenak nola identifikatu eta bideratu ikasteko bitartekoak eskaintzen ditu ekimen honek.
  • Besteak beste tresna hauek erabiltzen dituzte: talde dinamizazioa, erronken kudeaketa, lidergo naturalaren kudeaketa, adimen emozionala, gertuko erreferenteen indarra…
  • "Hezitzaileak asko egin dezake" materiala erabiltzen dute.
  • Eskutan dituzte erronka berriak: talde handietan dinamika-maila eta tentsioa iraunkortzea; Euskal Herri mailako euskal gazte-sarea sortzea; orbita ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko dinamika eta tekniketan asmatzea.

Bederatzigarren ponentzia: "Gazteen erabileraren korapiloa begi-bistan"

Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra)

  • Gazteen erabilera fenomeno oso konplexua da.
  • Gazteei asko kostatzen zaie besteen lekuan jartzea; maila indibiduala hobesten dute sozialaren aurrean.
  • Hiru harreman-sare bereizi ditugu: familia, ikasleak eta lagun-giroa, bikotea… Aldiz, gazteek lagun-giroa eta bikotearena ere bereizi egiten dituzte.
  • Matriz batean 11 faktore bildu dituzte.
  • Kasu praktiko bat planteatu zuen: udaleku bat, Gazteizko 12-14 urteko D ereduko gazteekin. Ingurune erdalduna, euskara erabiltzeko joerarik ez.

Helburuak jartzeko, matrizean faktoreak aukeratuko dira: input mediatikoa, pertsona eta talde erreferenteak -gertukoak, begiraleak gazteen antzeko esperientziadunak aukeratu eta formatu euren erreferente paperaz jabearazteko; eta publikoak, Unax Ugalde, Betagarri, Pou anaiak…-eta hizkuntza gaitasuna - hizkuntza ez formalaren bidetik, jolasen bidez, espresioak eta biraoak landuz, harpa jotzeko hitzak, abestiak…-.

  • Matrizaren erabilera lantzeko tailerrak eskainiko dituzte eta argitalpen bat egitea ere aurreikusi dute.

Ondoren, talde-lanean "Zer egin dezaket nire udalean, elkartean edo ingurunean nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?" galderari erantzunak ematen jardun zuten partaideek.

Artikulu honen hasieran aipatu bezala, emaitzak eskuragarri izango dira laster, www.udaltop.com helbidean.

Bidaltzailea: Marije Manterola eta Uxune Alustiza, Emuneko teknikariak.. 12:14 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Re: Udaltop II: nerabeen mundua gerturatzeko saioa

WOW izugarria. Hala ere, nire kasuan gauza asko utzi nituen aipatu gabe. Nire txapa osoa irakurtzen baduzu, gauza askoz gehiago dago. Esan ez nituenak ere.

Kriston lana, zorionak.

Bidaltzailea: Gorka Julio Noiz: 2010.04.30 12:17

Re: Udaltop II: nerabeen mundua gerturatzeko saioa

Mila esker, Gorka.

Zuen saioa oso labur jaso dut, laburregi. Zuk idatzitako txosten irakurri nuen eta pittin bat luzea izanagatik ere, gustura irakurri nuen.

Eskertuko genuke mahai-inguruan esan zenituzten gainerakoak iruzkin batean eskainiko bazenizkigu.

Ondo segi!

Bidaltzailea: Marije Manterola Noiz: 2010.04.30 18:56

Erantzun