2009ko azaroaren 10a, asteartea

"Hizkuntza gutxituak administrazioan" jardunaldien ondorengoak

Eusko Legebiltzarrak urrian (2009_10_28/29) Gasteizen antolatu zituen jardunaldi hauetan, hiru arlo nagusi landu genituen adituek eta hara bertaratu ginenok.

Lehen egunean Europa eta Espainia izan ziren hizpide.

Batetik, Espainiako estatutik kanpoko adituak izan ziren: Kanada, Gales, Eskozia, Belgika, Herbehereak eta Suediako berri eman ziguten, batez ere administrazioko normalkuntza arloan egiten ari diren lanaren berri.

Bestetik, estatuko adituak: Katalunia, Valentzia eta Galizia.

Bigarren egunean, aldiz, Euskal Herriko praktikak aurkeztu ziren.

  • Kanada elebitasunaren eredu izan da azken hamarkadetan, funtzionarioek etengabeko trebakuntza jasotzen dute eta Auzitegi Gorenak bermatzen du tokian tokiko hizkuntzen eskubideak betetzea. Hala ere, frantsesaren erabilerak nabarmen egin omen du behera azken urteetan.
  • Galesen, berriz, administrazioan galesak gora egin du, baina gizartean ez dago eskaririk. Hizkuntza Kontseiluak ez du botererik hizkuntza gaietan eta Galesko asanbladak botere legegilea izan arte zirrikitu gutxi ikusten dira.
  • Eskoziako gaelikoak egoera are gogorragoa bizi du. Legebiltzarrean bi kide baino ez dira gaelikoz hitz egiteko gai, eta aurrera egiten ari diren arren, oraingoz paisaia linguistikoa elebidun izan dadin ari dira lanean, Legebiltzarrak duen planaren lehen urratsetan, beraz. Belgikako egoera korapilatsuaren berri ere jaso genuen Unescoko kide baten eskutik. Frantsesaren eta flandeseraren eragin-eremuak eta eremu elebidun errealetako gatazkak zein diren entzun genion ari.
  • Herbeheretan frisiera eta Finlandian suediera ze egoeratan dauden azaldu zigun Ikerbasque-ko kide batek: ezagutza maila altua dute batean, eta bestean ezagutza txikia, baina hizkuntza txikiarekiko atxikimendu eta lege-babes handia.
  • Kataluniako Maria Teresa Cabré terminologiaz eta eremu txikiko hizkuntzetan arlo horretan sortzen diren egitekoez jardun zitzaigun.
  • Valentziako hizkuntza-akademiako kide batek, berriz, Valentziako erkidegoan egiten ari diren lanaren berri eman zuen.
  • Galizia, Katalunia eta Valentziako legebiltzarretan normalkuntza lanetan ari diren hiru lagunek haien erkidegoetako errealitatea zein den, ze arazorekin egiten duten topo eta etorkizunean zer egin nahi duten azaldu zuten. Inbidiaz entzuten genien haien komunikazio-hizkuntza katalana edo galiziera dela esandakoan.

Bigarren egunean, hain urrun joan gabe, etxean bizilagunek egiten dutenari begira jarri gintuzten.

  • EHUko zenbait kidek sarean dituzten baliabideak aurkeztu zizkiguten (Ehulku, Ehutsi, TZDB, Atezainak euskaraz eta Azpidazki), eguneroko zalantzak argitzeko tresna eraginkorrak, zalantzarik gabe.
  • Eralan proiektuan beste zeregin batzuei heldu diete. Lidergoak duen garrantzia azpimarratu zigun Nekane Goikoetxeak eta normalizazio planetan eragiten duten aldagaiak identifikatu eta haien gainean lanketa egiten ari direla kontatu zigun.
  • Lasarte-Oriako Udalean duela zenbait urte aurrera eramandako esperientziaren inguruko azalpenak eman zizkigun Aitor Unanue teknikariak, zalantzarik gabe antzeko ezaugarriak dituzten bulegoetan euskararen normalizazioan aurrera egiteko interes handikoa dena.
  • IVAPeko Eneko Oregik itzulpengintzak egin dituen aurrerapenak aipatu zituen, baina legeen sorkuntzan haien erronka korredakzioa dela esan zuen.
  • Politikariak etorri ziren gero, eta Eusko Legebiltzarrean elebitasuna bermatuta al dagoen galderari erantzun behar izan zioten. Ohikoa denez, diskurtso ezberdinak jaso genituen haiengandik.

Informazio asko bi egunetan, iritzi interesgarriak, esperientzia are interesgarriagoak eta aurrera goazela pentsatzeko motiboak. Hizkuntza gutxituak, euren txikitasunean, etorkizuna izango dutela sinesteko arrazoiak.

Bidaltzailea: , Iñaki Arantzabal, Ibermatica-ko teknikaria, Amaia Mendizabal eta Karmele Etxabe, Justizi Admininistrazioan EMUNeko hizkuntza teknikariak. 10:38 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (2)

Erantzunak

Re: "Hizkuntza gutxituak administrazioan" jardunaldien ondorengoak

Mila esker Legebiltzarrak antolatutako jardunaldien horren laburpen ona egiteagatik eta berau egiteko hartu duzuen ardura eta lanagatik!

Une honetan parte-hartzaileen txosten, hitzaldi eta komunikazioak ari gara jasotzen. Apurka-apurka gure sarean eskegiko ditugu eta denak ditugunean liburu-gisa argitaratuko.

Laburpen honetan ez dago jasota Legebiltzarreko Administrazioaren euskararen erabilera normalizatzeko planaren (2008-2012) berri eman zela. Bertan, itsas-bidaiaren alegoria erabilita, azken bi urteetan euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin burutzen ari garen ahaleginen berri eman zen, aparteko indarra jarriz osatutako erabilera taldeetan lan prozesuak euskaraz buru daitezen egiten ari den lanean.

Bidaltzailea: Aitor Etxebarria Noiz: 2009.11.10 13:02

Re: "Hizkuntza gutxituak administrazioan" jardunaldien ondorengoak

Laburpen egokia egin duzutela iruditzen zait, oso egokia egia esan. Baina, bada, niri atentzioa deitu zidan zerbait zuekin konpartitu nahiko nukeena, eta honakoa da: azken eguneko saioan, politikarienean hain zuzen ere, guztiek aipatu zuten euskara guztion ondarea dela eta bi hikuntzak direla ofizilak.

Bidaltzailea: Izaro Ugalde Noiz: 2009.11.11 14:49

Erantzun