2009ko azaroaren 25a, asteazkena

Hizkuntzen kudeaketa, lehiarako aukera

Dagoeneko badira hamabi urte baino gehiago EMUN hizkuntza aholkularitzak Arrasaten hizkuntza zerbitzuak eskaintzeari ekin zionetik. Ibilbide honetan zehar, lan mundua euskaldundu eta arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko helburuarekin jardun izan dugu EMUNen.

Ezarritako erronka berriei heldu eta lan eremua zabaltzeko beharrak eraginda, EMUNek Bizkaian bulegoa zabaldu zuen orain gutxi, Derion hain zuzen ere.

Arlo sozioekonomikoan hizkuntzen kudeaketak gaur egun duen garrantzia azpimarratu, euskararen erabilera areagotzeko planak dituzten zenbait kasu azaldu eta Bizkaiko enpresen artean euskararen presentzia sustatzeko helburuekin Derioko Laia Hotelean antolatu du gaur Emunek “Hizkuntzen kudeaketa, LEHIARAKO aukera” izeneko jardunaldia.

Bertan parte hartu dutenen artean hainbat erakunde (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Txorierriko udalak, …), garapen agentzia, enpresa, sindikatu, kultur elkarte eta euskaltegietako ordezkariak ikusi ahal izan ditugu, guztira 80 pertsona inguru elkartu gara.

Jardunaldien laburpena hemen:

IGOR CALZADA. EUSKO JAURLARITZA

Igor Calzadak Euskararen erronka krisiaren garaian kokatu nahi izan du. Horrela, gaur egun enpresen ehunduran eman diren aldaketak azpimarratu ditu, pertsona ekintzaileek aurrera begira paper garrantzitsua jokatuko dutela esanez. Bestalde, bere sailaren lehentasunen artean euskara plazara ateratzea dagoela aipatu du. Era berean, gune erdaldunetan euskararentzako arnasguneak topatzea ere erronka bat dela zehaztu du. Horrekin batera, gizarte sareen erreboluzioak eta teknologiaren gizarteratzeak ildo berriak ere markatu behar dituela, eta euskara 2.0 ildoa martxan jarri beharra dagoela ere esan du, bide batez, gizarte sareen eragina euskara bidean sartzeko baliatu behar dela gaineratuz.

Amaitzeko, erakunde publikoak euskararen gaian ere zatitzen baino batzen egon behar direla eta euskaltzaleon energia kreatiboa ere batu beharra dagoela esan du.

MIREN DOBARAN. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Miren Dobaranek Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustapen sailaren misioa euskaldunontzat aukera berdintasuna bermatzea dela aipatu du. Horrela, gizarte elebidunaren aldeko apustua egiten dutela eta ahalik eta euskal hiztun gehien lortzea helburu dutela ere gaineratu du. Foru Aldundiak euskararen inguruko ekimenak sustatzeko ematen dituen laguntzen berri eman eta Bizkaiko gizarte eragileen ekimena garrantzitsua dela azpimarratu du, erakunde eta eragileen arteko lankidetza eta osagarritasuna azpimarratuz.

Bizkaiko datu soziolinguistikoetan oinarrituta, azken hamarkadetan Bizkaian eman den aldaketa aipatu du. Horren arabera, gaur egungo elebidun gehienak 30 urtetik beherakoak dira, lehen 60 urtetik gorakoak zirenean. Hori horrela, lan mundura sartzen diren gazte gehienak euskaldunak direla aipatu eta nahiz eta horietako askok etxean guraso erdaldunak izan, etxetik kanpo euskaraz egiteko guneak bilatzen dituztela ere esan du.

Bestalde, euskarak ematen duen balio erantsiaz jabetuta hainbat nazioarteko enpresek euskarari lekua egiten hastea oso positiboki baloratu du.

Era berean, gaur egungo nerabeak teknologikoak direla esanez, duela gutxi sortu den Azkue Fundazioaren bidez jauzi kualitatibo handia eman dutela azpimarratu du, amaitzeko ekimen berri hau enpresei ere irekita dagoela gaineratuz.

Ondoren, esperientzia eta lorpenen atala hasi da. Bertan, EMUN hizkuntza aholkularitzarekin lan egiten duten lau enpresek euren esperientziak azaldu dituzte. Esandakoen artean azpimarratzekoak hauek dira:

JANIRE EREÑO, EDESA Koop.E. (Basauri): ”Hizkuntzen gestioa: berrikuntzarako atea”

EDESA Bizkaian dagoen Fagor taldeko kooperatiba industrial bat da eta gaur egun 400 langile ditu. Fagor Etxetresna Elektrikoetan hartutako konpromisoei erantzunez, 2005. urtean martxan jarri zuen bertako Euskara Plana. Garai hartan, Basaurin kokatuta dagoen lantegi honetan euskararen inguruko ezagutza oso baxua zenez, euskararen erabilera areagotzea zaila izango zela pentsatu zuten hasiera batean. Hala ere, gerentzia zein kolektibo mailan Euskara Planari gogotsu eta konpromiso sendoarekin ondoren, lau urteren bueltan euskararekiko kultura aldaketa eman da eta gaur egun euskararen presentzia normaltasunez bizi da Edesan.

Era berean, Janirek azpimarratu duenez, Euskara Plana martxan jartzea oso esperientzia positiboa izan da. Bertako kide askok ikasi du euskaraz eta erdaraz lan egiten eta kultura aldaketa horrek ekarri dien aberastasuna azpimaratu du. Gune ez oso euskaldunetan Euskara Plana aurrera eramateko beldurrik izan behar ez dela ere aipatu du, jendea partaidetza eta ezagutza lantzeko desiatzen baitago. Bere esanetan, jendeari laguntza eta erramintak emanez gero, bere jarrera positiboena emango du.

Azkenik, Emunek egindako lanak Edesako kultura aldaketan garrantzi handia izan duela esan du eta beste enpresa batzuk ere esperientzia honetan sartzera animatu ditu.

AINHOA IRURETA, EIKA Koop.E. (Etxebarria) ”Lortutakoari eutsiz, etorkizunera begira”

Etxebarrian kokatuta dagoen EIKA Koop.E.k 1999an abiatu zuen Emunen eskutik euskararen erabilera handitzeko bidea. Hasieratik helburu estrategikotzat hartu zuten eta behar besteko inbertsioa egitea erabaki zuten. Ibilbide horretan, euskararen misioa adostu zuten: Eikan lan eta zerbitzu hizkuntza euskara izatea eta inguruan eragile moduan jardutea erabakiz.

Euskara Plana martxan jarri zutenetik hainbat onura eta lorpen identifikatu dituzte; horien artean: ­ * sortutako dinamikarekin langileen arteko barne kohesioa eta lan giroa hobetu da

­* eleaniztasunean hizkuntzak kudeatzeko gaitasuna garatu da ­ * bikaintasunera eta kalitatera zuzendutako enpresa dela adierazi du ­ * gizartearekiko duen erantzukizunarekin erantzuten duen enpresa dela ere erakutsi du.

Lorpen horiek guztiek merkatuan lehian aritzeko aukera eman dietela ere aipatu du. Azkenik, erakunde publikoetako ordezkariei eskerrak eman dizkie euren lagunzta ekonomikoarengatik eta Emuni bere ibilbidean laguntzeagatik.

ANGEL ROCHA, KALITATEA Fundazioa (Abadiño): ”Kalitatean euskara kalitatez”

Kalitatea Fundazioa euskararen normalizazioan aspaldidanik ari da urratsak ematen. Hala ere, duela bi urte erabaki zuten Euskara Planarekin hastea eta horretarako bidelagun Emun aukeratzea. Fundazioak kalitatearekin du konpromisoa, eta kalitate hori produktuarekin eta hizkuntzarekin lotzen du. Horrela, Angelen esanetan, bezeroarekin berak nahi duen hizkuntzan komunikatzea kalitatea da; bezeroak erabakitzen duena kalitatea da eta horri erantzun egokia eman nahi dio.

Euskara plana martxan jartzearekin aurretik egiten ziren gauzak (instituzio mailan, barne eta kanpo komunikazioan, bezero zein hornitzaileei begirakoak eta euskara eskolak) sistematizatu dira eta barne mailan ere aldaketak egon dira. Azkenik, euskaraz gehiago egitearen kontzientzia zabaldu dela ere azpimarratu du.

IRANZU TELLETXEA, NEIKER-Tecnalia (Derio eta Arkauti): ”Zientzia, euskara eta nekazaritza”

Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenean diharduen Eusko Jaurlaritzako erakundea da. Esan bezala, nekazal sektorearekin harreman estua du, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko landa eremuko ohiko hizkuntza euskara dela kontuan hartuz, bezeroari arreta hobea eskaintzeko Euskara plana martxan jarri zuen 2005ean.

Ibilbide honetan zenbait oztoporekin topo egin dute. Horrela, ahozko harremanetan euskara erabiltzen bada ere, idatzikoan euskara gutxi erabiltzen da erabiltzen den terminologia zientziazkoa delako eta euskarazkoa ez dagoelako behar beste zabaldua, eta nekazaritza arloan dabiltzan bezero asko ez dagoelako euskaraz alfabetatua. Arazo horiei aurre egiteko, bestalde, euren bezeroen artean galdeketa egin dute eta galdeketa horren emaitzak kontuan hartuta landuko dituzte aurrera begirako ildoak. Gainera, aipatutako hainbat arloetan euskararen erabilera hobetzea lortu dutela aipatu du Iranzuk.

Jardunaldiari amaiera emateko Emun Koop.E.ko zuzendari nagusia den Dani Larrea eta Koikili Lertxundi, Itzarri enpresako kudeatzaile eta Athletic-eko jokalariak labur hitz egin dute.

Danik esandakoaren arabera, gaur egun, enpresa eta erakundeek hizkuntza bat baino gehiagotan lan egiten dute eta bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, bakoitzari egokitutako hizkuntzen kudeaketa egitean datza arrakasta. Pozik agertu da 4 enpresa bizkaitarren lorpenak beraien ahotik entzun ahal izan ditugulako eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, EMUNen bezero diren 4 enpresei eta administraziotik bertaratutakoei. Txorierrin EMUNek izan duen harrera ere eskertu du zuzendariak.

Azkenik, Koikilik bertara etorritakoak euskararen eta hizkunzten kudeaketan murgiltzera animatu ditu.

Horrela amaitu da jardunaldia eta esperientziak elkartrukatzeko aukera izan dugu ondoren emandako luntxean.

Bidaltzailea: emun. 17:50 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun