2009ko apirilaren 28a, asteartea

Elebidun (hartzaile)ekin egin dezagun euskaraz!

Badago naturaltasunez euskaraz egiten duen jendea, aurrekoak gaztelaniaz egiten badio ere, baina gehiengoak gaztelaniara pasatzeko jarrera izaten dugu.

Euskara ulertzeko gaitasun minimoa duen jendeari euskaldunok euskaraz egin beharko genieke euskararen erabilera areagotu nahi baldin badugu.

Aurkeztu berri den IV. Mapa Soziolinguistikoan elebitasunari buruz jaso diren ondorioetako batzuk eta Lourdes Oñederra, idazle eta euskaltzainak egin digun proposamena uztartu ditugu.

Hauek diraIV. Mapa Soziolinguistikoan elebitasunari buruz jaso diren ondorioetako batzuk:

• 2006ko datuen arabera, bost urte edo gehiagoko biztanleen %37,5 elebiduna da, %17,3 elebidun hartzailea eta %45,2 erdaldun elebakarra. EAEko elebidunak etengabe ari dira gora egiten. Gaur egun, 775.640 elebidun daude, 1981ean baino 300.000 pertsona gehiago.

• Elebidunen ehunekorik handiena gazteen artean dago gaur egun: 30 urtetik beherako gazteen erdia baino gehiago elebidunak dira dagoeneko, hau da, 1981ean baino 30 puntu gehiago. Are handiagoa da, ordea, 15 urte baino gutxiagoko elebidun gazteen ehunekoa, %70 baino handiagoa. Dena dela, gazteen pisua biztanleria osoarekiko lehen baino murritzagoa denez, gazte elebidunen hazkundeak ez du horren eragin handirik biztanleria osoaren emaitzetan.

• Elebidun gehienak euskaldun zaharrak dira, hau da, etxean ikasi dute euskara. Baina gazteei begiratzen badiegu, egoera oso bestelakoa dela ikusiko dugu. Izan ere, gazte elebidun gehienek etxetik kanpo, eskolan edo euskaltegian, ikasi dute euskara, hortaz euskaldun berriak dira. Horrek eragin zuzena du euskara erabiltzeko aukeran eta erraztasunean.

Errealitate horri euskaldunok gure erabilera ohituretan urrats berriak emanez lagundu diezaiokegu.

Hona hemen Lourdes Oñederra idazle eta euskaltzainak guk eskatuta egin digun proposamena:

"Zer egin behar da euskaraz ez dakitenak erakartzeko? Ulermena lantzeko eskola batzuk hartzera gehiago animatuko lirateke erdaldunak, horrek ez baitu horrenbeste inposaketaren mamu hori. Horrelako egoerak normaldu egin beharko genituzke, batek euskaraz hitz egin eta besteak erdaraz erantzun. Umeek ere normala den hizkuntza bat behar dute inguruan, bizirik dagoena...BATEK EUSKARAZ HITZ EGIN ETA BESTEAK ERDARAZ ERANTZUN...

Badakit gauza zaila dela proposatzen dudana, berria delako erabat eta hizkuntz jarduera oso lotua dagoelako ohiturarekin. Kontua da lortu nahi duguna lortzeko (euskara zabaltzeko, normaltzeko, "maizagotzeko") balio dezakeen edo ez. Baiezkoan nago... Ez dut esan nahi arazoa goitik behera konponduko lukeenik, azken helmugara eramango gintuzkeenik, baina lagundu egingo lukeela uste dut. Bestalde, oso gauza zailak egin dira hemen euskararen alde, oraindik ere jarrera militanteek gogor eusten diote. Ikusten dira adin guztietako hiztunak egoskor euskaraz ezer-gutxi ulertzen duen tabernariekin esaterako, edo leihatiletan.

Iruditzen zait hori baino errazago behar lukeela ulertzen duenarekin euskaraz egiteak, ez bada behintzat aurkakotasuna jarrera militante horien zio nagusia. Bada hemen poliki eta berandu baino lehen aztertu behar genukeen arrisku bat: euskararen aldeko jarrera indartsuenak euskaraganako maitasunean ala gaztelaniaren kontrako gorrotoan oinarritzen diren…

Aurkakotasunik ez bada, beste hizkuntzaren kontrako gogorik ez bada, lehen pausu praktiko-pragmatikoak izango lirateke zailenak: lehen aldi horiek. “No te preocupes, pasamos al castellano” esan beharrean, ahalik eta garbien “Lasai, zuk esan ezazu gaztelaniaz (eta abisatu zerbait ulertzen ez duzunean)” adierazi ondoren, euskaraz segitzeko ahaleginari eustea, jokaera hori automatikotzen hasi arte gure artean. Agian kamisetak egin behar genituzke jokaera zabaltzeko. (Niri alemana hobeto ikasteko balio izan dit horrek… Asko eskertu izan dut nik ingelesa erabili arren lagun edo ikasle austriarrek alemanez segitzea.)"

Bidaltzailea: Lourdes Oñederra, idazle eta euskaltzaina eta Lantalan. 10:38 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun