2008ko uztailaren 22a, asteartea

Zorionak Recyde!

Euskara plana aurrera doa

Hau da 2006an Euskara Plana martxan jartzeko sortu genuen egitura. Bi urte hautako lanaren ondoren, ekainean ospatu genuen Recydeko 1. Euskararen Eguna. 40 lagun inguru bildu ginen Elgetako bolatokian.

Recyden 95 langile gara eta Cie Automotive-ko Mekanizazioko Dibisio barruan kokatuta gaude. Elgetako enpresa honetan automoziorako eta etxetresna elektrikoen sektorerako osagaien mekanizazio-lanak egiten da.

Langileen ordezkariek euskararen normalkuntzaren inguruko kezka azaldu ondoren, 2005. urteko hitzarmenean euskara plan bat martxan jartzeko asmoa jaso zen eta urte horretan bertan, aholkularitza enpresa ezberdinekin harremanetan jarri ginen. 2006ko apirilean Emuneko hizkuntza aholkularitzaren bitartez Recydeko euskararen egoeraren azterketa eta diagnostikoa egin zen eta irailean euskara planari hasiera eman genion. Ordutik lanean dihardugu hurrengo misioa lortzeko bidea eginez: Enpresan euskaraz lan egin nahi duen edonori aukera eta erraztasuna ematea. Horretarako euskara plana martxan jartzea eta plan honen azken helburua erabilera bultzatzea izanik.

Egun ederra pasa genuen euskaraz gozatzen. Eguneko egitaraua Recydeko langilez osatutako motibazio taldeak antolatu zuen - ondo antolatu gainera! - eta denetik egiteko aukera izan genuen: herri kirolak, bazkari ederra, bertsoak, boloak… denetik euskaraz eta umore onean. Zoriontzekoa da euskara planean orain arte parte hartu ez duten langileak ere bertan egon zirelako.

Hasieratik lanean gabiltza dokumentazio eta errotulazio taldeetan. Bi mintza taldeetan ere elkartzen gara: • Euskaraz dakitenei zuzendua: Beldurra kendu eta trebatzeko. • Euskaraz ez dakitenei zuzendua: Oinarrizko hiztegi eta espresioak barneratzeko.

Talde hauek, egiturako beste taldeek bezala, langileen parte hartzea ahalbideratzen dute. Orain arte egindako lanaren balorazioa egiterakoan azpimarratzen dugu langileen motibazio mailan eragin zuzena duela planak, baita gizartearekiko eta euskararekiko konpromezuan ere. Langileen enpresarekiko inplikazioan eragin positiboa izan duela esan genezake, misioak ez duela inor baztertzen ez behartzen argi ikusi da eta baita euskararen aurrean denok berdinak garela ere, talde lana (zuzeneko eta zeharkako langileen arteko harremana) bideratzen duela ikusi dugu egunerokoan. Parte hartzea bultzatzea izan da Euskara Planaren orain arteko ibilbidean lehentasunezkoa, horretan motibazio taldeak berebiziko garrantzia izan duelarik, eta Recydeko Euskararen erabileraren mesedetan hori bultzatzen jarraituko dugu.

Bidaltzailea: Leire Urra. 11:04 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun