2008ko urriaren 7a, asteartea

ULMA Taldeko II. Euskara Olinpiadak

II. edizio honek erakutsi du gauzak txukun eta ondo antolatuz gero, arrakasta ziurtatuta dagoela: barre algarak, pike sanoa, elkar laguntza, giro jatorra…. Den-dena ULMAko negozioak elkar ezagutzeko eta euskarari behar duen bultzadatxoa emateko.


2008ko irailaren 12an egin dira ULMA Taldeko II. Euskara Olinpiadak, arrakastaz egin ere!

ULMA Taldeko Motibazio lan-taldeak antolatu du bigarrenez, eta aurten 7 negoziotako 100 parte-hartzailetik gora elkartu dira Oñatiko frontoian, giro ezin hobean. Helburua, iaz bezalaxe, ULMAko negozioetako jendeak elkar ezagutzea, jolas giroan harremanak sendotzea eta euskararen erabileran aurrera egiteko indarrak batzea izan da. Eguraldiak ondo eutsi zion hasieran, baina gero euria gogoz hasi zuen eta berdura plazako estalpera (Berduri Hall, txantxikuarrok esaten dutenez) pasa ziren di-da batean.

Lau jokotan hartu zuten parte negozioek: sokasaltoan, taula jokoan, Mihiluzen (galderak + bertsoa) eta sokatira-lehian. Ikusgarria izan zen. Azken honetan, ULMA Precinoxek eta ULMA Forjak jokatu zuten finala eta…, a ze tentsioa!

Lehia handia izan zen taldeen artean eta patata-tortilla lehiaketak erabaki zuen azken irabazlea. Negozioetako lehendakariek tortillen zaporea eta itxura puntuatu zituzten, kostata baina!

Parte hartu zuten ULMAko zazpi negozioetatik sailkapen orokorrean ULMA Packaging irten zen garaile, erregulartasun handia erakutsi zuten-eta: eurek jaso zuten 300 euro txuletatan xahutzeko txekea eta baita euskararen makila dotorea ere (urtetik urtera, negozio irabazlearen eskura pasako dena), bertso eta guzti.

Euskara Olinpiadak trikiti doinuekin eta musikarekin alaitutako kateriñarekin amaitu ziren, giro ezin hobean, DJ eta guzti! Irabazleek ez zuten presa handirik etxeratzeko!

Datorren urtean gehiago!

Bidaltzailea: ULMA Taldeko Motibazio lan-taldea. 20:25 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun