2007ko abenduaren 13a, osteguna

ULMAko Euskara Batzordeen arteko III. Topaketa

Joan den abenduaren 4an, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:30ak bitartean, ULMAko negozio guztietako 50 bat kide bildu ginen, hirugarren urtez jarraian, ULMA Zerbitzu Zentraletako areto nagusian.

Xabier Mugartzak, ULMA Taldeko Lehendakariak, argi utzi zuen bere estreinaldian topaketaren helburuak zeintzuk ziren:

  1. Planean parte hartze aktiboa dugunon artean harremanak sendotzea.
  2. Esperientziak elkartrukatzea.
  3. Euskarak lan munduan duen garrantziaz jabetzea eta sentsibilizazioa lantzea.

Izan ere, ULMA Taldeko negozio guztiak gaude dagoeneko euskara planetan murgilduta eta, bakoitzak bere bidea isolaturik egin beharrean, indarrak batu eta elkarrekin bidea egitea errazagoa da.

Bestalde egiten dugun lana besteei azaltzea ere komeni zaigu denbora aurreztu eta indar guztiak ez xahutzeko eta sentsibilizazioa lantzea eta euskarak lan munduaz duen garrantziaz jabetzea ezinbestekoa da aurreko bi puntuak betetzeko.

Egitarau indartsua prestatu genuen hiru helburuen lorpena ziurtatzeko: topaketari buruzko sarrera egin ondoren hizkuntzaren motibazioan aditu Amaia Anteroren hitzaldiari ekin genion, Euskara zergatik eta zertarako. Eta lanean? izenekoan: bere diskurtsoan ideia berri asko jaso eta barneratzeko denbora izan genuen eta harriturik gelditu ginen ekologiak eta hizkuntzek zenbaterainoko harremana zuten ikusita.

Amaiaren hitzaldiak hausnarketarako beta eman zigun eta gure barneko hainbat kanpai jo arazi zituen. Ni ez nago euskararen alde, nire alde nago. Eta nire alde egoteak ezinbestean dakar euskararen alde egotea, neure parte delako.

Hitzaldia borobiltzeko talde dinamika bat proposatu genuen: sei talde ezberdinetan hogei minutuko tartea izan genuen diskurtso honek ezer berririk eskaintzen zigun eztabaidatzeko. Modu berean, gure lanean planteamendu honek lekurik ba ote zeukan edo ez ere eztabaidatu genuen.

Hitzaldiari buruzko ondorio nagusiak atera ondoren, negozioetako praktika onak azaldu zizkiguten gertutik landu dituzten lankideek. Azalpen zehatzak eta bikainak eman zizkiguten eta beste negozioetako lanak ezagutzeko aukera izan genuen.

Xabier Mugartzak euren parte hartzea eskertu eta ekitaldiari amaiera emateko mezu hau zabaldu zuen: organoetako kideen parte hartzea erabakigarria dela euskara planen garapenerako eta erronka hori landu behar dugula.

Ondoren, 32 lagun bildu ginen OƱatiko Aterpe elkartean eta, umore onez eta pilak berriz ere kargatuta, afari merienda egin genuen topaketa ospatzeko.

Eskerrik asko denoi, parte hartzaile guztioi, hizlariei, EMUNeko partaideei eta Xabierri, erronka berri baten aurrean aurkitzen garelako.

Datorren urtera arte.

Bidaltzailea: ULMA. 09:23 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun