2007ko irailaren 18a, asteartea

Arrakasta handiz ospatu dira ULMA Taldeko I. Euskara Olinpiadak

Joan den ostiral arratsaldean giro ezin hobea zegoen Oñatiko plaza ondoko frontoian. Eguraldia lagun, ehundik gora ikusle gogo betez hurbildu ziren frontoiko harmailetara euskararen aldeko herri jokoez gozatzera.

Eta bai asmatu ere! ULMA Taldeko bost negozioetako berrogeita hamar partaide baino gehiagok, trikitixaz eta euskal musikaz lagunduta, giro paregabea jarri baitzuten frontoi osoan.

Arratsaldeko 16:30ak pasatxo eman zitzaien hasiera olinpiadei. Negozioetako talde bakoitzari derrigorrezko argazkia atera eta gero, euskara teknikari batek egin zituen aurkezpen lanak.

Herri jokoak askotarikoak izan ziren: arrautza eta goilara izan zen lehena, ikustekoa zen parte hartzaileek jarritako gogo eta kemena, gehiegi akaso!

Kirrinka etorri zen ondoren; nola moldatuko ziren ez bazekiten ere, oso trebe agertu ziren negozioak burdinazko gurpiltxoarekin, eta bakarren batzuek benetako artistak direla erakutsi zuten!

Lokotx biltzea izan zen hirugarren jokoa; lasterkari trebea izateaz gain, bazuen beste zailtasun bat probak: lehiakideek hankak lotuta bildu behar izan zituzten lokotxak eta, ikusleen barre eta algaren artean, komeria ederrak pasa zituzten!

Txingak izan zituzten gero. Proba ikusgarria izan zen, eta sasoi betean daudela erakutsi zuten negozioek: erraz moldatu ziren 25 kiloko txingekin!

Soka saltoarekin jarraitu zuten jokoek; ez zen batere erraza, negozio bakoitzetik bost lagunek batera jardun zuten saltoka, baina oso-oso ondo moldatu ziren gehienak. Gizonezkoak ere bai, harrigarria iruditu arren!

Sokatiran, azkenik, ez zen ezustekorik izan. Negozio bakoitzetik seikote indartsuenak aritu ziren lehian, eta gorpuzkera handienekoek aise irabazi zuten.

Jokoak bata bestearen atzetik egiten ziren bitartean, patata tortila lehiaketa egin zen frontoian bertan. Sukaldari profesionalak ziruditen partaideek, a ze itxura zeukaten tortilek! Negozio bakoitzetik izendatutako epaileek tortilak dastatu eta goxoena zegoena aukeratu zuten, kostata baina!

Olinpiadei sari banaketa umoretsuarekin eta pintxo jan ederrarekin eman zitzaien amaiera.

Aurtengoa lehen edizioa izan da eta balorazio sakonagoa egin aurretik, jendearen lehen inpresioarekin geldituko gara: antolakuntza txukuna izan da eta giroa ezin hobea, adiskidetasuna eta umorea ardatz izan dituena. Datorren urtean gehiago!

Bidaltzailea: lantalan. 09:02 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun