2010eko urtarrilaren 14a, osteguna

Hizkuntza ohiturak lanean aldatzeko pistak

Garagoikoa blogetik hartu eta egokitutako artikulua da hau.

Gomendio hauek EHUko atezainei begirakoak dira. "Atezainok euskaraz" liburutik hartuak daude. Baina gomendioak begiratuta, administrazioan lan egiten duten askori begirakoak izan daitezke. Baita enpresetako harrera guneetan edo bezeroari arreta emateko guneetan lan egiten dutenentzat ere. Betoz ba gomendiook:

  • TRABA, ZAILTASUN MOTAK:

Ez dakit euskaraz badakien. Ez dakit informazio eske hurbildu zaidanak euskaraz badakien. Ez dakit lankide berriak euskaraz badakien, ezetz uste dut. Badaezpada gaztelaniaz egingo diet.

IRTENBIDEA, BESTE IKUSPEGI BAT: Hurbiltzen zaizkigunetatik askok dakite euskaraz. Ez dakite guk badakigun, ordea, eta gaztelaniaz hitz egiten digute badaezpada.

GOMENDIOA: Lehen hitza euskaraz egingo diot hurbiltzen den edonori. Euskaraz baldin badaki, euskaraz egingo dit eta ez baldin badaki, gaztelaniaz egingo dugu, biok dakigu eta.

  • TRABA, ZAILTASUN MOTAK:

Harreman-sarea eta segurtasuna falta dut.

Euskara ikasten eta lantzen denbora asko pasa dut, ahalegin handia egin dut. Ez dut norekin hitz egin, eta herdoiltzen ari zait. Ez dut erabiltzen.

IRTENBIDEA, BESTE IKUSPEGI BAT: Harrera oso leku ona da herdoila kentzeko. Kanpotik datorrenarekiko harremanean ez da asko hitz egin behar, ez da sakondu behar, ez da diskurtso konplexurik antolatu behar. Lankideen artean ere izango da euskaldunen bat.

GOMENDIOA: Harrerak ematen digun aukera aprobetxatu. Lehenengo egunetan arraro samarra iruditzen da, baina gero ez hainbeste. Asko errepikatzen diren gaietarako esaldiak eta hiztegia prestatu eta landu, segurtasuna ematen baitu horrek. Garrantzitsua da gustuko formulak bilatzea eta eroso sentitzea.

  • TRABA, ZAILTASUNA:

Aurreiritziak: Zer pentsatuko ote dute nitaz euskaraz hitz egiten badut? Jendeak euskara lotzen du Hizkuntza Eskakizunekin, politikarekin, tentela/argia izatearekin, modernoa/zaharkitua izatearekin, lana lortze/ez lortzearekin... auskalo zenbat gauzarekin!

IRTENBIDEA, BESTE IKUSPEGI BAT: Aurreiritziak asko dira eta denok dauzkagu. Besteak zer pentsatuko ote duen inoiz ez dugu jakingo. Denekin asmatzea ere ezinezkoa da.

GOMENDIOA: Baloratu ikasten pasa duzun denbora eta egindako ahalegina. Hor ere aurkitu izango dituzu zailtasunak eta hala ere aurrera egin duzu. Zure lana gutxienez bi hizkuntzatan egiteko gai zara, eta hori ez da egun batean lortzen. Orain ere berdin, zailtasuna zein den ikusi, irtenbideak jarri eta aurrera egin.

  • TRABA, ZAILTASUNA:

Euskalkiak eta estandarra: Nire euskalkia ez du inork ulertuko, askotan entzun izan dut oso itxia hitz egiten dudala. Nik euskaltegian ikasi nuen. Euskara batua bakarrik dakit, eta batzuk esaten didate oso artifiziala dela. Hemen etortzen diren euskaldun askok bere herriko edo eskualdeko hizkera erabiltzen dute eta ez diet ulertzen. Orduan, berehala gaztelaniara pasatzen gara.

IRTENBIDEA, BESTE IKUSPEGI BAT: Beste hizkuntzetan ere badaude eskualdeetako eta herrialdeetako hizkerak. Gaztelaniaz edo frantsesez ere gertatzen da beste nonbaitekoari ongi ez ulertzea, baina ez gara horregatik beste hizkuntza batera pasatzen, ingelesera-edo.

GOMENDIOA: Poliki hitz egin, mantsoago esateko eskatu, ulertu ez duzun hitz horrek zer esan nahi duen galdetu... Gozatu lekuetako hizkeren aberastasuna eta jolastu desberdintasunak ematen dituen aukerekin.

Bidaltzailea: Txerra Rodriguez, Garagoikoa blogaren egilea eta Emuneko teknikaria.. 14:00 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun