2010eko otsailaren 9a, asteartea

Txitxipapa: urakanaren hasierako ufada

Tximeletari deitzeko ehundik gora hitz omen ditu euskarak eta horietako bat da Txitxipapa. Ez da adieraren berbarik ezagunena baina bidean da. Esaera batek dio Txinan egindako txitxipapa baten hegalkada urakan bihur daitekeela Mexikon.

Fagor Etxetresnetan dantzan hasi dira Txitxipapak. Ehun lagun inguruk lehenengo hegalkadatxoa eman dute: hizkuntza-ohituratxo bat aldatzea adostu dute eta ohitura-aldaketa horren beste aldeari txitxipapa (argazkian) bana eman diete horren oroigarri.

Eider Lete, Mar Jara eta Olatz Aramendi.

Hala ere, hegalkada gehiago beharko dira hasierako ufada hori urakan bihurtzeko bidean. Ohitura aldaketaren “jasaleek” emango dute hurrengo hegalkada eta hurrengoa hurrengoek, honela, N aldiz egin arte. Izan ere, urakanaren neurria ere kalkulatu dugu: H.N=U. Uler bedi H hegalkada-kopurua, N aldaketa-une kopurua eta U urakana. Urakana 58 korapilo baino gehiagoko abiadura duen haizea da, Beaufort eskalan 12 indarrekoa. Beraz, U 12 bada hegalkada bakoitzeko 12 aldaketa beharko genituzke urakanera iristeko. Aldaketa bi hiletik behin eginez gero, bi urtetan katastrofe zoragarri bat lortuko genuke.

Esaterako, Fagor Etxetresnetako Garbigailuen negozioan hasierako hegalkada eman dute Olatz Aramendik eta Eider Letek, Mar Jararekin eta Ramon Olalderekin. Bi hilabeteren buruan, Marrek eta Ramonek emango dute hurrengoa eta honela, esan bezala, N alditara iritsi arte. Fagor Etxetresnek bi mila eta bostehun langile inguru dituzte Euskal Herrian. Aurki igarriko diote guztiek haize-ufadari.

Txitxipapa

Bidaltzailea: Asier Iriondo, Emuneko teknikaria. 14:01 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (3)

Erantzunak

Informazioa osatzerik bai?

Benetan katastrofe polita! Baina zoragarriagoa katastroferako bidea. Azaltzerik bai, lehenengo hegalkada horietan zer konpromiso hartu den, konpromiso horiei zer jarraipen emango zaien eta zela elikatuko diren? Ea beste batzuk be norabide berean putz egiterik dugun.

Aldez aurretik eskerrak

Bidaltzailea: Estepan Noiz: 2010.02.09 14:12

Re: Txitxipapa: urakanaren hasierako ufada

Estepanek aurrea hartu dit. Neuk ere informazio gehiago izan nahi nuke "tximeleta/pinpilipauxa...-efektu" honen gainean. Gehiago ezagutzeko irrikan nago.

Bidaltzailea: Aitor Noiz: 2010.02.10 12:02

Re: Txitxipapa: urakanaren hasierako ufada

Txitxipapa egitasmoa berbalagunaren ondorio bat da. Berbalagunarekin konpromiso formalak eskatzen genizkien parte hartzaileei, idatziz zer aldatuko zuten jarri, orriak sinatu... Urteekin konpromisoaren gaiak jendea atzeratzen zuela ikusi eta beste bide batzuk jorratzea erabaki genuen, honela iaz txitxipaparena sortu genuen. Konpromiso hitza saihesten ahalegindu gara. Oraingoan jantzia aldatu nahi genuen eta ipuin baten bidez modu erakargarri batean "saldu". Lehen hegalkada lantaldeetatik sortu da; erabilera talde, euskara batzorde, mintzatalde, .... taldekideak izan dira hizkuntza ohiturak aldatzeko beste kideak proposatu, egitasmoa azaldu eta konpromisoak hartu dituztenak. Jarraipena ere gune horietan bertan egiteko asmoa dugu. Ohitura-aldaketatxoak parte hartzaileek erabakitakoak dira, gehien-gehienak hizkuntza informalari dagozkionak eta, esan bezala, hasiera-hasieran badago teknikari baten jarraipena baina, urak bezala, haizeak egin dezala bide. Lau hilabete badira martxan jarri genuenetik eta eragina antzeman dugu. Hala ere, ohartzen gara, katastroferik zoragarriena berreraikitzeko eraikuntza-enpresa ugari daudela gure herri zahar honetan eta, oraingoz, ipuin berriak asmatzen jarraitu beharko dugula

Bidaltzailea: Asier Noiz: 2010.02.10 12:13

Erantzun