2010eko maiatzaren 11, asteartea

Bikain, hirugarren urtea

Aurten hirugarren urtez martxan da Bikain ziurtagiria egiaztatzeko prozesua. Dagoeneko bukatu da erakundeek izena emateko epea, eta, bestalde, abian da ebaluatzaileen prestakuntza.

Bikain ebaluazioa egiteko Ebaluatzaileen Kluba sortu da. Ebaluatzailearen zeregin nagusia erakunde bat ebaluatzea da, taldea osatzen duten gainerako ebaluatzaileekin batera, eta Bikaineko ebaluazio-parametroei jarraiki.

Dagoeneko 200 pertsonek osatzen dute Bikain ebaluatzaile kluba.

2008an Bilbon, Euskalduna Jauregian, egindako jendaurreko ekitaldian banatu ziren ziurtagiriak eta 2009an horrelako ekitaldi publikorik egin ez bazen ere, aurten berriro ziurtagiriak banatzeko ekitaldi publikoa egiteko asmoa dute.

Bikainen hiru zutoin nagusiak: erakundeak, ebaluatzaileak eta idazkaritza teknikoa dira.

Egitasmoaren jatorria

Hezkuntzan, komunikabideetan, edota administrazioan izandako lorpenak garatu eta iraunaraziko badira, euskarak lan-munduan tokia egin behar du: 1990ean, programa pilotoa abian jarri zen, zenbait enpresa eta eragilerekin eskuz esku. 1990-1996 artean fase pilotoa bideratu zen, eta ondoren lehen ebaluazioa egin zen. Proba pilotuak amaitu ahala, euskararen presentzian eta erabileran lortutako maila aitortzeko eskakizuna egin zitzaion Eusko Jaurlaritzari hainbat enpresatatik 2004an Euskararen Aholku Batzordeak entitate pribatuetako euskara-planak ebaluatzeko, egiaztatzeko eta, egokituz gero, horren aitortza emateko irizpideak finkatu eta zabaltzeko aholkua luzatu zion Eusko Jaurlaritzari. Ebaluazio sistema 2007. urtean landu eta testeatu zen proiektu pilotuan parte hartu zuten bederatzi enpresetan.

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste.

Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Bidaltzailea: Garbiñe Loiarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara teknikaria.. 10:21 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun