2010eko martxoaren 10a, asteazkena

Hizkuntza asertibitatea eta euskararen normalizazioa (I): Asertibitatea

Artikulu honekin, hizkuntza asertibitateak euskararen normalizazioari egin dizeziokeen ekarpenaren inguruko artikulu sortatxo bat hasiko dugu. Lehenengo artikulu honetan asertibitatea zer den azalduko dugu, ondorengo artikuluetan hizkuntza asertibitatea eta hizkuntza asertibitatea praktikan jartzeko Fagor Arrasate Koop. E.n gauzatutako egitasmo baten berri emango dugu.

Asertibitatea

“Pentsamendu eta iritzien komunikazio askea gizakiaren eskubide preziatuenetakoa da” François de La Rochefoucauld.

Kontzeptuaren definizioa eta jatorria

Asertibitatea, kontzeptu gisa, nahiko berria da eta trebetasun sozialen kontzeptuarekin lotura estua du. Bi kontzeptu hauek psikologia sozialaren arloan sortu ziren XX. Mendearen erdialdean, baina benetan ezagunak 1990. hamarkadan egin ziren.

Bi kontzeptuak jokabide-terapiaren menpean sortu ziren eta ikuspuntu prebentiboa izan zuten hasieran. Asertibitatea, kontzeptuaren hastapenetan, pertsonen arteko harremanetan jarrera eta espresio batzuek izan zitzaketen efektu eta ondorio negatiboak saihestera bideratuta zegoen. Trebetasun sozialen eremu zabalaren alderdi txiki bat bezala ikusten zen eta trebetasun sozialak portaera sozialetan gabeziak zituzten pertsonei zuzenduta zeuden.

Trebetasun sozialen eta asertibitatearen kontzeptuek eboluzionatu egin dute eta gaur egun beraien eremua hasieran baino handiagoa da. Trebetasun sozialak biztanle guztientzako zabaldu dira, ez bakarrik moldegabezi soziala edo portaera arriskutsuak dituztenentzat, gaur egun pertsona arteko adimena eta adimen soziala besteekin harreman armoniatsu eta positiboak lortzeko konpetentzia gako bezala ikusten baitira. Era honetan asertibitatea komunikazio eraginkor eta, era berean, afektiborantz bideratzen da.

Asertibitatea gaur egun psikologiako paradigma kognitiboren ikuspegitik lantzen da, portaera aztertzerakoan arreta hiru mailetan jarriz: kanpo portaera (maila motorra), pentsamendu ereduak (maila kognitiboa) eta sentimenduak eta emozioak (maila fisiologikoa).

Asertibitateak pertsonarentzat onura garrantzitsuak ditu: auto-errespetua handitzen du eta norbere buruarekiko konfiantza eta segurtasuna handitzeko zerbait egiteak dakarren asebetetzea handitzen du, auto-estimu altua mantentzen lagunduz. Era berean, kokapen soziala eta beste pertsonen onarpena eta errespetua hobetzen du, pertsonak bere eskubide pertsonalak berresteko duen gaitasuna errekonozitzen baita.

Asertibitatea erasokortasuna eta ez-asertibibitatearen (edo pasibotasuna) arteko puntu batean koka dezakegun komunikazio portaera da. Era honetan irudikatu dezakegu:

Beraz, asertibitatea komunikazio portaera bat da. Portaera horretan norberak bere iritziak eta sentimenduak adierazten ditu, bere eskubide pertsonalak egikarituz, baina beste pertsonen eskubideak errespetatuz. Era honetan pertsona asertiboak ez du men egiten beste pertsona baten manipulazio saiakeraren aurrean, baina bera ere ez da beste pertsona manipulatzen saiatzen.

Estilo ez-asertiboa, erasokorra eta asertiboaren ezaugarriak

Pertsona ez asertiboa: Pertsona ez-asertiboak ez ditu bere eskubide eta interes pertsonalak defendatzen. Beste pertsonak errespetatzen ditu baina ez bere burua. Terapia kognitiboaren hiru mailei erreparatuz, honako ezaugarriak ditu mota honetako pertsonak:

Kanpo portaera:

  • Ahotsaren bolumena baxua / hitz-jario eskasa / blokeoak/ totelaldiak / zalantzak / isiluneak / hizkuneak (zeraa…ez?)
  • Begiz-begiko harremanari ihes egin / begirada baxua / aurpegi tenkatua / hortzak estututa edo ezpain dardaratsuak / esku urduriak / azazkalak jateko ohitura / gorputz-jarrera tenkatua, deserosoa
  • Zalantzak zer egin edo zer esan erabakitzerakoan
  • Kexa ugari hirugarren pertsonei (“X-ek ez nau ulertzen”, “Eta berekoi bat da eta nitaz aprobetxatzen da”…)

Pentsamendu ereduak:

  • Uste dute horrela jokatuz besteak ez dituztela molestatuko edo minduko. Pertsona “sakrifikatuak” dira.
  • “Nik sentitu, pentsatu edo desio dudanak ez du garrantziarik. Zuk sentitzen, pentsatzen edo desio duzunak du garrantzia”
  • “Behar-beharrezkoa da jende guztiaren maitasuna eta estimua izatea”

Sentimenduak/emozioak:

  • Ezintasuna / energia mental handia, kanpo energia urria / erruduntasun sentimenduak askotan / autoestimu baxua / maltzurkeri emozionala (erasokor edo etsaigo sentitu daitezke, etab. baina ez dute adierazten eta, batzuetan, ez dute aitortzen beraien buruaren aurrean ere ez) / antsietatea / frustrazioa.
  • Ez-ulertua, manipulatua, kontuan ez hartua izatearen sentsazio etengabea

Pertsona erasokorra:

Bere eskubide eta interes pertsonalak gehiegi defendatzen ditu, beste pertsonenak kontuan hartu gabe. Batzuetan, ez ditu benetan kontuan izaten, bestetan, aldiz, egoera batzuei aurre egiteko trebetasunen gabezia izaten du.

Kanpo portaera

  • Ahotsaren bolumena altua / batzuetan: hitz-jario eskasa modu azkarregian hitz egiteagatik / modu erabatekoan hitz egiten du / etenaldiak / irain eta mehatxuen erabilera
  • Desafiozko begiz-begiko harremana / aurpegi tenkatua / esku tenkatuak / bestearen espazioa inbaditzen duen gorputz-jarrera
  • Kontraerasora jotzeko joera

Pentsamendu ereduak:

  • “Orain nik bakarrik dut garrantzia. Zuk pentsatu edo sentitzen duzunak ez du interesik niretzat”
  • Uste du modu horretan jokatzen ez badu zaurkorregia dela
  • Dena irabazi-galdu terminoetan kokatzen du
  • Honako uste hauek eman daitezke: “zigorra merezi duen jende gaiztoa dago” edota “Ikaragarria da gauzak nik nahi bezala ez irtetea”

Sentimenduak/emozioak:

  • Antsietate hazkorra
  • Bakardadea / ez ulertua izatearen sentsazioa / erruduntasuna / frustrazioa
  • Autoestimu baxua (bestela ez litzateke horrenbeste defendituko)
  • Kontrol ezaren sentsazioa
  • Geroz eta etengabekoagoa den haserrea eta gero eta pertsona eta egoera gehiagotara hedatzen dena

Pertsona asertiboa Pertsona asertiboak bere eskubideak ezagutzen eta defendatzen ditu, besteak errespetatuz, hau da, bere helburua ez da irabaztera joatea baizik eta adostasun batera heltzea.

Kanpo portaera

  • Hitz jario egokia / segurtasuna / blokeo edo hizkunerik ez / zuzeneko begiz-begiko harremana, baina ez desafiozkoa / gorputz-erlaxazioa / gorputz jarrera erosoa
  • Sentimendu positibo eta negatiboen adierazpena / oldarkortasunik gabeko defentsa / zintzotasuna / bere interes eta gustuei buruz hitz egiteko gaitasuna / iritzi desberdina izateko eta argi erakusteko gaitasuna / azalpenak eskatzeko gaitasuna / “ez” esateko gaitasuna / akatsak onartzea

Pentsamendu ereduak

  • Beretzat eta besteentzat eskubide batzuk daudela jakin eta berauetan sinesten du.
  • Bere usteak normalean “arrazionalak” dira

Sentimenduak/emozioak

  • Autoestimu ona / ez da besteak baino ez gutxiago ez gehiago sentitzen / harreman asebeteak ditu / norberekiko errespetua
  • Kontrol emozionala izatearen sentsazioa.

Asertiboa izateko teknikak

Portaera asertiboa (ez asertiboak bezalaxe) ikasitako portaera bat da. Horren arabera asertiboa izaten ikasi daiteke, beraz pertsona guztien esku dago asertiboagoa izatea. Ikasketa prozesu horretan garrantzitsua kontuan izan beharko ditugu portaeraren oinarri diren hiru mailak: kognitiboa, emozionala eta motorra. Portaera asertiboa ez ematearen arrazoia hiru maila horietako zeinetan zentratzen den jakinda, teknika mota desberdinak erabil daitezke.

Berregituraketa kognitiborako teknikak

Portaeraren arazoaren muina maila kognitiboan kokatzen denerako erabiltzen dira teknika hau. Bost urratsetan banatuta dago:

  • Usteek norberarentzat duten garrantziaz kontzientziatu:
  • Norberaren pentsamenduak kontziente egin autoerregistroen bidez
  • Pentsamenduak aztertu, horien atzean ezkutatzen diren ideia irrazionalak detektatzeko
  • Pentsamendu irrazionalen alternatiboak diren pentsamenduak aukeratu
  • Aukeratutako pentsamendu alternatiboak eguneroko bizitzan aplikatu.

Trebetasun sozialetan trebatzea

Arazoa komunikazio egokia izateko trebetasun sozialen gabeziak eragindakoa da, maila motorrean zentratzen delarik batez ere.

Trebatze mota hau subjektuaren portaeran bakarrik eragitera begira dago, hau da asertibitate arazoak dituen pertsonaren kanpo portaera garatzera. Gehienetan (beti ez esateagatik) lehenengo eremu kognitiboan interbentzio bat egin behar da eta ondoren portaerako trebetasun hauetan trebatu.

Rol-playing teknikarekin egoera batzuen aurrean ikasitako portaera asertiboak antzezten dira, ez-hitzezko portaeran ere erreparatuz. Hona hemen eztabaidetarako teknika batzuk:

DISKO AKASTUNA:

Estrategia honek norbanakoari berean etengabe eustea eskatzen dio behin eta berriz berak nahi duena adierazi behar baitu beste pertsonaren aurrean, haserretu gabe eta ahots tonua altxatu beharrik izan gabe. Teknika honekin beraz, egoera gatazkatsu baten aurrean norbanakoak behin eta berriz bere iritzia adieraziko du, lasaitasunez baina manipulazio saiakerei amore eman gabe. Ikus dezagun teknika hau erabiltzeko adibide bat:

NAGUSIA: Gaur arratsaldean presazko lan baterako behar zaitut.

SUBJEKTU ASERTIBOA: Sentitzen dut baina zita bat dut eta ezin dut bertan behera utzi.

NAGUSIA: Lana biharko bukatu behar da, bestela arazoak egongo dira.

SUBJEKTU ASERTIBOA: Ulertzen dut lehenbailehen egin behar dela baina zita bat dut eta ezin dut bertan behera utzi.

NAGUSIA: Lana egiteko ordu batzuk baino ez dituzu beharko.

SUBJEKTU ASERTIBOA: Sentitzen dut, baina kasualitatez gaur zita bat dut eta ezin dut bertan behera utzi.

NAGUSIA: Beno, bihar goizean ordu batzuk eskaini ahalko diozula espero dut.

KONPROMISO BIDERAGARRIA

Teknika hau eztabaida batean bi aldeek onartu dezaketen konpromiso bat adostean datza. Eztabaidaren bi aldeek portaera asertiboa izaten dutenean, gatazka arazoaren datu errealetan oinarritzen da eta ez parte hartzen duten nortasunen indarrean. Era horretan irtenbidea ez da manipulatzaile onenaren menpe egongo baizik eta bi aldeen adostasunez hartu dezaketen konpromiso batean.

LAINO GUNEA

Kritikei modu asertiboan erantzun ahal izateko teknika baliagarria da hau, kritiken aurrean erantzun emozional negatiboa minimora gutxitzea ahalbidetzen baitute. Hona hemen bi adibide:

AMA: Bart oso berandu joan zinen zure etxera, Nerea. Hamabi eta erdietan deitu nizun eta ez zeunden.

NEREA: Egia da ama, bart berandu joan nintzen etxera.

-----------------------------------------------------------------------------------

AMA: Nerea, hain gutxi lo egiten baduzu berriz ere gaixo jarriko zara.

NEREA: Baliteke, ama.

GERORAPEN ASERTIBOA

Norbaiten kritika jasotzerakoan erantzuna geroratzean datza, lasaiago egon arte eta erantzun egoki bat emateko gai izan arte. Hona hemen adibide bat:

KRITIKA: Zure erruz heldu gara berandu, beti bezala.

GERORAPEN ASERTIBOA: Begira, hau oso gai polemikoa da gure artean. Ondo iruditzen bazaizu, oraingoz utzi egingo dugu, lana daukat eta. Bihar lasaiago hitz egingo dugu horretaz, ados?

ENTZUNGOR EGITEA

Teknika hau aplikagarria da beste pertsona haserre eta bere onetik aterata ikusten dugunean eta bere kritikak azkenean defendatzeko aukerarik gabeko irain pila batean bukatzeko arriskua ikusten dugunean. Egokiena tonu bereziki atsegina eta ulerkorra erabiltzea da, beste pertsonaren haserrea errespetuko duena.

AITOR: Zure erruz heldu gara berandu! Beti bezala!

NAROA: Oso haserre zaudela iruditzen zait, beraz horretaz geroago hitz egitea iruditzen zait egokiena. (ENTZUNGOR EGITEA)

Antsietatea murrizteko teknikak

Portaera desegokia ematearen arrazoi nagusia gehiegizko antsietatea denean, hau da maila emozionalaz ari garenean hain zuzen ere, erabiltzen dira teknika hauek. Literatura zientifikoak argi erakusten du pertsonek tentsio mailak murrizten ikas dezaketela erlaxazio eta arnasketa tekniken bidez. Teknika hauetan trebatzea auto-kontrolerako eta estresari aurre egiteko estrategiak garatzea ahalbidetzen du. Egoera batzuek pertsona ez asertiboetan maila handiko antsietatea sortzen dute. Horren ondorioz pertsona ez da gai portaera egoki bat emateko, nahiz eta lehen ikusi ditugun teknikak ikasita eduki eta pentsamendu alternatibo arrazionalak barneratuta. Asertibitate arazoak gutxitan izaten dira antsietate hutsaren ondorio, antsietatea oso maila altukoa izaten denean (pertsona blokeatuta gelditzen da eta ezin du erantzunik eman) beste trebetasunak praktikan jarri baino lehenago komenigarria da antsietate hau lantzea modu isolatu batean. Beraien artean osagarri diren bi teknika daude antsietatea modu fisikoan murrizteko: erlaxazioa ariketak eta arnasketa ariketak. Informazio gehiagorako erlaxazio eta arnasketa manualetara jo dezake irakurleak.

Eta gaurkoz hemen bukatuko dugu, galdera bat airean utziz: nola erabili asertibitatea euskararen normalizazioan? Erantzuna datorren astean.

Bidaltzailea: Juanjo Ruiz, Emuneko teknikaria. 10:15 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun