2009ko urriaren 27a, asteartea

Txikiak handi jardunaldia

Aurtengo Nafarroa Oinez lehenengoz atera da Nafarroako mugetatik. Beste herrialde batzuetara atera da bertako hizkuntzaren egoera ezagutzeko eta, bide batez, bertan gure hizkuntzaren berri emateko. Bost izan dira hautatutako herriak eta hizkuntzak: aragoiera, okzitaniera, katalana, bretoiera eta galesera.

Jardunaldien komunikazio guztiak euren webgunean daude ikusgai.

Festa erraldoiaren bezperan, ostiralean, herrialde horietako lagunak gurera etorri eta euskalgintzako hainbat lagunekin batera jardunaldi interesgarria eskaini zuten. Hasieran euskararekin lana egiten dugun hainbat elkartek, enpresak zein herri mugimenduk egiten dugun lana azaldu genuen. Bertan izan ziren Kontseiluko Xabier Mendiguren, Berriako Martxelo Otamendi, Euskal Herrian Euskaraz taldeko Anaitz Igoa eta Josu Anduaga, AEKko Aitziber Sarasola, Arbizuko udaleko Jesus Mari Mendinueta, Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioko Joxan Oiz eta Euskaltzaindiako Andres Iñigo. Horiekin batera, EMUNeko Olatz Irizarrek lan munduan egiten den lana azaldu zien bertaratutakoei. Jardunaldiaren bigarren zatian, ordea, euskaldunok izan ginen entzule.

Nogara elkarteko kide batek hitz egin zuen aragoierari buruz. Hizkuntza honen egoera larria da benetan. Izan ere, hizkuntzak indar gehien duen eskualdeetan gurasoek ez diete seme-alabei hizkuntza transmititzen. Aragoierak dituen hiztunak kalkulatzea zaila da: askok jakin arren, ez baitute horrela aitortzen, eta etxean baino ez dute erabiltzen. Komunikabideetan ez dago apenas aragoiera, irakaskuntzan eskolaz kanpoko jarduera moduan erakusten da, erakusten den lau eskoletan, administrazioan ez dago, lan munduan ere ez.

Egoera horren aurrean, 80. hamarkadan Zaragozan Nogará elkartea sortu zen. Euren helburua, Zaragozan aragoieraz bizitzea da eta, horretarako, hainbat jarduera eramaten dituzte aurrera. Garrantzitsuenak honakoak dira: aragoiera eskola, aragoieraz idatzitako Espiello aldizkaria eta hainbat sozializazio eta hedapen jarduera. Aragoierak erronka nagusia du datozen urteetarako: biziraupena. Bidean, Aragoieraren Akademiak grafiaren bateratzean eta morfosintaxiaren kodetzean badu lana.

Calandreta Eskolen Konfederazioko lehendakariak okzitanieraren berri eman zuen. Okzitaniera ez da ofiziala hitz egiten den eremu gehienean. Izaera ofiziala Araneko haranean baino ez du, aranera bezala aitortua, katalana eta gaztelaniarekin batera. Okzitaniera arrisku larrian dago, UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria izeneko txostenaren arabera. Calandreta eskoletan, haurrek okzitanieraz ikasten dute. Calandretak 1979an sortu ziren eta lehenengo eskola Pauen zabaldu zen. 2006an 1.700 ikasle inguru zituzten lehen hezkuntzako 37 eskolatan eta bigarren hezkuntzako 2 kolegiotan.

Katalanari buruz hitz egiteko, Omnium Cultural elkarteko lehendakaria etorri zen. 1979. urtetik katalana Kataluniako hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera. Balear Uharteetan egoera berean dago 1983. urtetik. Valentzian, 1982an, valentziera izendatu zuten hizkuntza eta koofizial bihurtu. Andorran, 1993. urtetik hizkuntza ofizial bakarra da. Katalunian eta Balear Uharteetan katalana hezkuntzako hizkuntza da, baita administraziokoa ere. Hedabideetan badira katalanezko egunkariak, aldizkariak, irratiak eta telebistak. Valentzian egoera ez da halakoa: gaztelania hedatzen ari da eta horixe da hezkuntzako eta administrazioko hizkuntza nagusia. Katalanaren egoera Katalunian sendoa den arren, Sardiniako El Alguer herrian, Frantziako Ipar Katalunian eta Valentzian atzeraka ari da nabarmen. Katalanari buruzko datu batzuk eman ondoren, bere elkarteaz hitz egin zuen. Kultur elkarte honetan, lan handia egiten dute katalanez idatzitako literaturaren inguruan; eta literatur sari bat baino gehiago antolatzen dute idazle katalanen lana zabaltzeko asmoz. Horrekin batera, aisialdiko zenbait programa ere aurrera eramaten dituzte. Eta erronken artean immigrazioa aipatu zuen: bertara heltzen (ari) diren atzerritar guztiek katalana ikasten badute eta katalanez bizitzen badute, hizkuntza bizirik mantenduko da luzaroan.

Bretoieraz mintzatzeko Diwan eskoletako lehendakaria eta diruzaina etorri ziren. Bretainieraren egoera oso larria da. Gero eta gutxiago dira bretainieraz dakiten bretainiarrak eta, egoera errotik aldatzen ez bada, desagertzear dagoela esan daiteke. Bretainieraren hiztunen adinari begiratzen badiogu, nabaria da gazteen artean oso gutxik dakitela. Hain zuzen ere, 15-20 urte bitarteko gazteen artean %0,6k baino ez daki. Bretainiako 18 urtez goitiko 263.851 pertsonak, biztanleriaren %8,3k hitz egiten du bretainieraz. Horien artean, ordea, gazteenak, 18 eta 30 urte artekoak 20.184 dira, adin horretako biztanleriaren %3,1 bakarrik. Bretainierak ez du inolako ofizialtasun-mailarik, nahiz eta hezkuntzan zertxobait irakasten den, batez ere ‘diwan’ izeneko ikastola modukoetan. Frantziak hizkuntza bakarra onartzen du ofizial: frantsesa; hori dela eta, nekez ikasi daiteke frantsesa ez den hizkuntzaren batean. Diwan eskolak 1977an sortu ziren, inmersioz haurrek hezkuntza osoa bretainieraz jaso zezaten. Diwan eskolez gain, badira hezkuntza elebiduna eskaintzen duten beste erakunde batzuk. Hala ere, oso gutxi dira bretainieraz ikasten duten ikasleak: 2008an 12.333 ikasle ari dira ikasten Diwanetan edo eskola elebidunetan, Bretainiako ikasleen % 1,4 bakarrik. Gero eta ikasle gehiago dituzte eskola hauek, baina proportzioa txikia da oso. 2010ean 20.000 ikasle inguru izanen dituztela uste dute. Bestalde, 5.000 heldu inguru ari ziren ikasten bretainiera 2007an.

Jardunaldiarekin bukatzeko Galeseraren aldeko bi elkarteetako kideak izan genituen, Rhag erakundekoa eta Cymdeithas yr Iaith Gymraeg elkartekoa. Galeseraz Erresuma Batuko Gales herrialdean hitz egiten da. 2001eko erroldaren arabera, 582.400 lagunek hitz egiten dute galeseraz, Galesko biztanleriaren %20,8k, hain zuzen. Aurreko neurketan, 1991n, 508.000 ziren hiztunak, biztanleriaren %19; hortaz, pixkanaka-pixkanaka bada ere, biziberritzen ari da hizkuntza. Rhag elkartea nazio mailako guraso elkartea da. Euren helburu nagusia euren seme-alabek bi hizkuntzak jakitea da. Cymdeithas yr Iaith Gymraeg elkartea, berriz, ez da hezkuntza mailara mugatzen. Elkarte honek kanpaina asko egin ditu azken urteotan eta, kanpaina horiei esker, trafiko seinaleak bi hizkuntzetan jartzea lortu dute eta telebistako kate bat galeseraz jartzea. Bi elkarteek helburu eta erronka komuna dute datozen urteetarako: ikasleen erdiak galeseraz egin ahal izatea ikasketa ertainak.

Bidaltzailea: lantalan. 13:06 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun