2006ko azaroaren 7a, asteartea

D-bus Donostiako Tranbia Konpainiak autobus gidarientzako liburuxka kaleratu du Emun Koop.E.ren laguntzaz

Erabiltzeko erraza, koloretsua eta erakargarria da d-Bus-eko gidariek egin duten gidaliburua.

d-Bus konpainiak Emun Koop.E.rekin euskara plana martxan jartzeko hitzarmena 2005ean sinatu zuen, eta 2006an inplementatzen hasi dira. Autobus gidarientzako gida aurtengo emaitzetako bat da.

Autobus gidari guztientzako egindako materiala edo gida da, baina bereziki euskaraz ez dakiten gidarientzako. Autobusean sartzen diren bezero edota herritarrekin euskaraz hitz egiteko gida lagungarria denez, bere erabilera bultzatzea da d-Busen helburua. Beraz, liburu guztia euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, modu arin eta erabilerraz batean.

Gidari eta bezeroen arteko elkarrizketak euskaraz egin daitezke euskaraz ondo jakin gabe ere, eta bezeroek eskertzen dute euskaraz egiteko ahalegin hori. Material honen helburua saiakera horretan laguntzea izango da.

Aipatu behar da, d-Buseko gidariek egin dutela liburuxka hau, beraien ezagutza eta motibazioa gainontzekoei eskainiz. Elkarlanak emandako fruitu gozoa dugu, beraz, liburuxka.

Gida edo liburutxoa zazpi unitatetan banatuta dago. Unitate bakoitzean gidarientzako helburu bat jaso dute, adibidez, txartela erosi nahi dutenei ulertzea eta erantzuten saiatzea. Gero unitate horretan bertan, helburu hori bete ahal izateko azalpenak, argibideak eta adibideak irakur ditzakegu. Azalpen edo adibide hauek egunerokotasunean autobusean izaten diren elkarrizketetan oinarrituta daude, eta autobusean normalean gertatzen diren egoerak aurkituko ditugu.

Unitate guztietan dauden atal horiez gain, zenbait ariketa eta hiztegitxo terminologikoak ere badaude gidan.

Euskararen autobusa martxan jarri dute, eta bolantea hartzea bakarrik falta zaie. Zorionak gidariei eta baita konpainiari berari ere!

Bidaltzailea: Emun. 09:20 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun