2005eko abenduaren 23a, ostirala

Fagorreko euskara koordinatzaileen gutuna

Euskal hedabideetan argitaratu dute

"Aurten, lehen aldiz Fagor kooperatiba guztietako euskara batzorde guztiak bildu eta jardunaldi bat egin dugu (...) Euskal prentsako hedabide nagusirik ez zen agertu ere egin. Euskalgintzako beste eragile eta enpresa-talde izar batzuen aurrerapen eta balentriak oparo jasotzen ditugu euskal prentsan. Interes korporatiboek fin funtzionatzen dute hor. Ondo. Guk ez dugu horrela aipatuak eta loriatuak izateko asmorik. Normalean isilean jarduten dugu. Hala ere, oraingoan min apur bat eman digu guri"

Txema Abarrategik (Fagor Etxetresnak Kooperatibako euskara koordinatzailea) eta Fagor Taldeko beste zazpi kooperatibetako euskara koordinatzaileek sinatu dute gutun hau:

(Gara-tik hartuta)

Txema Abarrategi (*) - Fagor Etxetresnak Koop. euskara koordinatzailea

Fagorretik, ohartxo bat

Artistak gara euskaldunok egurra banatzen, ari denari. Ari denak, hemen, txikikeriei buruzko zaparrada injustuen azpian aritu behar izaten du gehienetan.

Fagor taldeak, bederatzi kooperatiba subirano biltzen dituen taldeak, 7,2 milioi euro inbertitu ditu azken bederatzi urteotan bere barrua euskalduntzen, 3.000 langile inguruk parte hartzen duten Euskara Planetan. Lan munduan euskara garatzeko pausoa eman ezean, erdibidean geratuko zaigu azken berrogei urteetan hezkuntzan belaunaldi berriekin egindako ahalegina. Lan munduan euskara garatzeko bide-urratzaile lana berebizikoa dela uste dugu, eta zarata handirik egin gabe, gure-gure dirua eta lana horretan jartzen dihardugu. Talde osoaren emaitzen irabazi-galeraz aparte, barne euskalduntzera doan dirutza blindatzeko pauso eraginkorrak eman ditugu, gure demokrazia-organoetan.

Isilik ari gara. Baina serio samar. Irudiari eta oihartzunari gehiegi begiratu gabe. Horretan eta beste gauza askotan, herri eraikuntzan jokatzen dugun paperaz eta horrelakoez, isilik egotea hobe izaten da. Estilo bat ere bada. Hori bai, ordainetan, gai horretaz hedabideetan ateratzen diren bakarrak tarteka euskaltzale sutsu buruargiren batek xehetasunen bategatik emandako egurtuak dira.

Aurten, lehen aldiz Fagor kooperatiba guztietako euskara batzorde guztiak bildu eta jardunaldi bat egin dugu, bederatzi urteko ibilbideari begiratu, gogoeta egin eta trinkotzeko. Pentsatu genuen euskararen garapenaren desafio giltzarri batean egonik, eta bide-urratzaile paperean gaudenez, eta diru publikoari begira ohitutako euskalgintzarentzat guk gure hainbeste milioi horretara bideratzea deigarria eta bihotz-altxagarria izan litekeenez, behingoagatik (bederatzi urtean behin) prentsaren aurrean gure errea- litatea eta asmoak agertzea, bereziki euskal hedabideetako hartzaileentzat.

Euskal prentsako hedabide nagusirik ez zen agertu ere egin. Euskalgintzako beste eragile eta enpresa-talde izar batzuen aurrerapen eta balentriak oparo jasotzen ditugu euskal prentsan. Interes korporatiboek fin funtzionatzen dute hor. Ondo. Guk ez dugu horrela aipatuak eta loriatuak izateko asmorik. Normalean isilean jarduten dugu. Hala ere, oraingoan min apur bat eman digu guri.

Fagor Taldetik jarraituko dugu, noski, euskal prentsakooi diruz laguntzen, ohi dugun bezala. Jakizue langileon artean irabazitako dirua dela. Eta langileon artean botoz aukeratutako ordezkariek banatzen dutela. Handiak gara, batez ere sare garelako, baina euroak banan-banan irabazi edo galtzen ditugu hemen. Inori ezer eskatu eta exijitu gabe. Inork ezer oparitu gabe. Hala da euskararen alorrean ere, ez eskatuz eta emanez ari gara gure partea egiten, eta kostata.

Norabidean jarraitzea da kontua. Baina arrangura hau atera zaigu, besterik gabe.

(*) Saioa Arando (Fagor Electronica Koop.E) Jaime Bengoa (Copreci Koop.E.) Eneritz Esnaola (Fagor Industrial Koop.E.) Asier Kortabarria Diaz (Fagor Automation Koop.E.) Xabin Lara (Fagor Ederlan Koop.E.) Estibalitz Solana (Fagor Koop.E.) Joxe Mari Ulazia Ibarzabal (Fagor Arrasate Koop.E.) Fagor Taldearen euskara koordinatzaileek ere sinatzen dute artikulua

Bidaltzailea: EMUN. 13:24 Atalak: Albisteak | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun