Nafarroako euskal dantzarien eguna Leitzan egingo da aurten. Bihar, arratsaldeko 17:00etatik 18:00ra bitartean, parte hartuko duten hamabi taldeak herriko hainbat gunetan ariko dira dantzan. Ondoren kalejira egingo dute eta 19:00ak aldera plazan bilduko dira. Ekitaldi nagusia amaitu ostean afaria izango da, eta dantzari egunari erromeriak emango dio amaiera.
Txertoa argitaletxeak lau pertsona ezagunen biografiak plazaratu ditu Nor da? bildumaren baitan. Eduardo Chillida, Simon Bolivar, William Shakespeare eta Francisco Goya dira bederatzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoei zuzendurik dauden liburuetako protagonistak.
Joseba Tapiak datorren asteazkenean aurkeztuko du Eta tira tunba diskoa, Donostiako Arbelaitz jatetxean, goizeko 11:00etan. Bigarren Gerra Karlistako koplak bildu ditu Tapiak disko berrian. Bere webgunean kanta guztien hitzak irakurri eta horietako bi entzuteko aukera duzue jada.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hitzarmena sinatu zuten atzo mintzapraktika programak diruz laguntzeko. 3.405 mintzalagun eta 64 egitasmoren artean 70.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak.
Marga Altolagirre aktorearen arte eszenikoen laborategia Donostian dago, Elosegi hiribidean. Gaur inauguratuko dute, 19:00etan. Haren helburua da "arte eszenikoen irakaskuntzaren inguruan Donostialdean eta Euskal Herri mailan dagoen hutsunea betetzea". Antzerki eskolatik harago doa, edukiak sortu eta erakusteko asmoa baitu abiatzear den egitasmoak. Klaseak datorren astelehenean hasiko dira, izena emateko epea hilaren bukaera arte luzatuko den arren. Laborategiaren webgunean informazio gehiago eskura dezakezue.
"Ipuin bilduma bat egin nahi dut. Gerizpeko panpinak ipini diot izenburu. Hasi nintzen proiektua etxean idazten eta esan nuen nere artean: jo, gure bizitzan zehar antzezlan bat ikasten ari gara denbora guztian; bai gurasoen aldetik bai etxekoen aldetik, eta bizi garen auzo-herriaren aldetik... Baina halako batean pentsatzen duzu: bidegurutze honetara iritsi naiz eta momentu honetan ez dakit zer egin. Azken batean horixe adierazten du izenburuak: panpin batzuk garela, jendearen gerizpean bizi garela, jendearen eraginen pean. Ipuin horietan, jendeak dituen beldurrak kontatzen dira, bizitzako galdera ikurrak".
Deusto Argitalpenak Planeta de Agostini taldearen esku zegoen gaur arte. Orain, Lediberg talde italiarrak erosi du, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Spri taldearen babesarekin. Jaurlaritzak kapitalaren %35 eskuratu du, eta Deusto Argitalpenak taldeko zuzendaritzak %10. Spri-ko ordezkariek adierazi dutenez, enpresaren eta Euskal Herriaren arteko lotura indartu nahi izan dute.
Karlos Zurutuza kazetaria (Donostia, 1971) hilabetez egongo da Afganistanen, hauteskundeak aitzakia hartuta, bertako biztanleen eguneroko bizitzaren berri emateko. Egunez-egun, ARGIA.com-en plazaratuko ditu bere kronikak, Afganistandik webgune berezian. Kurdistanen (Iran, Irak, Siria eta Turkian), Balutxistanen (Pakistan eta Iranen), Kaukasoko herrialdeetan (Georgia, Armenia, Azerbaian, Abkhazia, Hego Osetia eta Nagorno Karabagh) eta Balkanetan lan egindakoa da Zurutuza.
ARGIA.com-en bidaia horietako batzuen berri eman digu kazetari donostiarrak: Kurdistan, Europako gatazka izoztuak eta Flandes.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403