Euskara salbuespen egoeran

Irakaskuntzan hobetzeko behar duguna: arrazionalagoak eta errealistagoak izan. Utopiak ondo daude baina errealitatea tematia da oso. Ez gaitezen korrontearen kontra igeriketan ibili. Are gehiago, zezenak atzetik datozela susmatuz gero hobe duzu jende guztiak hartu duen norabide berean korrika egitea… (Eta herren bazaude, oihuka ezazu, EZ EGIN KORRIKA, OKERRAGOA IZANGO DA ETA!)

Izan zaitez arrazionala.  Izan zaitez errealista!

Izan zaitez arrazionala. Izan zaitez errealista!

Beste ikasturte bat igaro da eta dagoeneko nire aurtengo kanpaina auto-ebaluatzen hasi beharko nuke. Egindako akatsetatik ikasteko eta…

Nire ikasleen emaitzak onak eta txarrak izan direla esan beharko nuke sortu ditugun estatistikei begira. D ereduko ikasle euskaldunei edo ia-euskaldunei, B1, B2 inguru horretan dabiltzanei, nota onak banatu diedala uste dut. Guztiek gainditu dute arrazoi batengatik edo beste batengatik: NAhiko batzuk, Ondo eta Oso Ondo asko eta BIkainen bat edo beste ere banatu dut eta GUtxi bakar bat ere ez, lehenengo aldiz urtetan. Gaussen ezkilaren eskuinaldea, alde positiboa besterik ez dugu ikusi gure azken emaitzetan. Eta hori oso motibazio gutxiko ikasleak ere izan ditudala kontuan harturik!

Ez dut uste tranpa handirik egin dudanik, aurretik programatu nuena inork ez zidan atzera bota eta nire notei inork ez die, nire aurrean behintzat, aparteko kritikarik egin. Lankide bakar batek egin zidan kontu hauetan iradokizun bakar bat eta nota bat ea puntu bat igo nezakeen galdetzeko besterik ez zen izan. Goitik datorkigun aginte horrek, ebaluazio jarraituari bizkar emateko beharra eta aparteko azken azterketa egin behar horrek azaltzen du nola ikasle desmotibatuenak ere, azken txanpan, baleko azterketatxoa egin dezake eta aurrera…

B ereduko nire ikasle ez euskaldunekin, (B eredua izenez A eredua izanez), A1 helburu zutenekin, gehienekin beraz, frakasoa ia erabatekoa. Baikor izanda, laurden batek-edo lortu du helburua: A1 maila horretara iristea.

Aitzakiak bilatzen hastea baino arrazoiak bilatzea nahi nuke.

Hizkuntza bat eskuratuko da hizkuntza horrekin eta hizkuntza horretan egiten ditugun harremanei esker. Zenbat eta harreman handiagoa hizkuntza batekin orduan eta aukera handiagoa hizkuntza hori eskuratzeko.

Premisa hori ontzat hartuz gero hizkuntza bat irakasteko hizkuntza bera erabiltzea komeni, komunikatzea baldin bada helburu. Hizkuntzan murgiltzea izango litzateke aurrera egiteko biderik azkarrena.

Gurea bezala ia erabat erdaldundu den herri batean gure ikasle askok eta askok hezkuntza sistemaren bidez besterik ez dute euskararekin harremana. D ereduko ikasle batek ikasturte osoan huts egin gabe eskolara joango balitz eta bertan euskaraz egiten diren irakasgaietan euskararekin harreman estuan egongo balitz, (alboko ikaskidearekin gaztelaniaz etengabe egingo ez balu-eta), urtean 176 eskola egun, egunero seitik  laupabost saio… Urteak 365, egunero 16 ordu esna, itzarrik… Kalkulagailua atera eta gure D ereduko ikaslearen euskararekiko harremana, niri, % 11ren azpitik dagoela ateratzen zait. Etxean euskararekiko harremana hutsaren hurrengoa baldin bada behintzat. Honi murgilketa esaten zaio, murgiltze-programa.

Oso bestelakoa izan da gure B ereduko ikasleen euskararekiko harremana. Gurean B eredua izenez baina guztiok dakigunez A eredua izanez. Astean hiruzpalau saio euskara (eta euskal literatura kar-kar) ikasteko. DBH lehen zikloan astean lau saio eta bigarren zikloan hiru saio. Kalkulagailua atera eta euskararekiko harremana, ingelesaren pare oraingoan. Gure ikaslearen euskararekiko harremana bere denboraren % 2,4 edo % 1,8 izango litzateke euskara saioak ordu bete iraungo balu eta ordu osoa euskara entzuten, irakurtzen eta erabiltzen egongo bagina. Honi B eredua deitzen zaio gurean. Helduek, Hizkuntza Eskoletan edo euskaltegietan askoz aukera hobea daukate. Astean askoz ordu gehiago.

Salbuespen egoeran

Aurten, agi denez, euskara eta literatura irakasgaian ebaluatua izatetik salbuetsita geratzeko baldintzak zabaldu egin dira. Hemendik aurrera B eredura etorri berri diren ikasle gehienek edo guztiek euskara irakasgaian ebaluatzetik salbuetsita geratzeko “eskubidea” izango dute.

Gurean, bost lerroko ikastetxe batean, etorri berri guztiak “B” ereduko lerro bakarrera bideratu dira ia beti. Hortxe jasotzen duten mezua, euskara astean hiruzpalau saio, kito.  Askotan saio horietan ikasgelatik irten irakasle laguntzailearekin baina ez kezkatu larregi, ez da notarako eta. Gainera, gero, kalean, nekez entzungo eta euskaldun guztiek erdaraz egingo dizute, atzerritarra zara eta. Noentiendismoan eroso bizitzeko aukera osoa. Aukera baino, beharra. Eskolan hasten da kontua. Ingelesa, ekuazioak, mundu gerrak, Machado ikasi egin behar dira. Euskara ebaluatzetik, ikastetik beraz, hainbat arrazoiengatik salbuetsita zaude. Euskera voluntarioa da, nire Arabar Batasunako herkideek urtetan aldarrikatu zuten legez.  Euskara eta erlijioa ez, beste guztia da Derrigorrezko Hezkuntza.

Euskara salbuespen egoeran dago. Derrigorrezko eskolaldia onik, tituluarekin, bukatutzat eman daiteke gure herrian A1 maila ere izan gabe bertoko hizkuntza ofizial batean. Euskaltegietara jo beharko geroago, hezkuntza sistematik kanpo, euskalduntzeko aukera izateko, (EAEn kultura saileko eskuduntzakoak dira euskaltegiak).

B ereduko heren batek eta D ereduko 2/3 lortzen omen dute B2 maila baina zenbatek ez du ezta A1 maila edo A2 maila horiek ere lortzen? Nik dakidala ez da oraino inoiz ikertu.

Gure estatistikak

Gure B ereduko estatistikak hona ekartzeko gogoa izan dut. Ea baten batek salaketa jartzen digun.

DBH lehen zikloa bukatu duen taldean 5/17 ikaslek lortu dute A1 maila nik uste. Horietatik bik ez dute eredu honetan lortu, D eredutik erauziak ziren eta hori eta gehiago agian bazekarten. Hamabi GUtxiegi sinatu beharko nituzke aktetan 12/17.  Baina ez horietako bik NAhikoa eskuratu dute etorri-berri-berriei jartzen zaizkien helburu bereziekin ebaluatu ditugulako eta beste ikasle bat ebaluatzetik SALbuetsita geratu da. Hiru irakasle ibili gara elkarlanean emaitza kaxkar horiek lortzeko. Batzuetan bakarrik egon naiz baina beste batzuetan bizpahiru irakasle ibili gara ikasgelan. Hala eta guztiz ere,talentu gutxikoak izango gara zeren gure “B”ereduko talde honetan hobekuntza dexente antzeman dira aurten, material suntsiketa eta irain, borroka eta elkarbizitzaren aurkako urratze gutxiago, esaterako, baina heren batek ere ez du lortu A1 helburua. Segi salaketa epaitegian jartzera!

DBH bigarren zikloa bukatu duen taldean emaitzak are eskasagoak izan dira nik uste. 4/10  ikaslek lortu dute A1 maila. Baina ikasleek beraiek adierazi didate DBH2. ikasturtea egin zutenean euskara gehiago zekitela DBH4. egin dutenean baino. Hemen ere D eredutik erauzia izan diren ikasle pare batek txukuntzen dituzte kopuruak. Horrela bakarrik lortu da batek A2 mailarekin Derrigorrezko Hezkuntzako titulua eta beste hiruk A1 maila baina gehienek ezta hori ere. Hala eta guztiz ere, ez pentsa A1 maila lortu ez dutenek DBHko titulurik gabe geratu direnik. Gurean titulua hiru GUtxiegirekin ere lor daiteke (horrela lortu dute hamarretik hiruk; 3/10). Eta B eredua izanda euskaraz Non duzu eskua? bezalako galderak ulertu barik ere bai, euskara gainditu ez alde batetik, A1 maila ez, baina Bigarren Hezkuntzako titulua lor daiteke (horrela eskuratu dute titulua talde honetako %30ek).

Nire kanpaina

Beste borroka batzuk aldez aurretik galdutzat eman eta nire aurtengo kanpaina nagusia, bazterkeriaren kontra izan da. Handik eta hemendik ibili naiz gure ikastetxean eta hedatuz gure herrian daukagun hezkuntza sistemak bazterkeria sustatzen duela esanez. Publizitateko lizentzia horietako bat izango da  Bazterkeria edo Apartheid hitzak erabiltzea gure hezkuntza sistema deskribatzeko? Nolako sistema batean onar daiteke gurea bezalako bost lerroko ikastetxe batean etorri berri guztiak batuta egotea curriculum desberdin batekin? Eta noiz edo noiz D ereduan arazo gehien sortzen duten zenbait ikasle talde horretara bideratu egin dira. Eta noiz edo noiz talde horietan ikasle bereziki onen bat topatu bada D eredura bideratu egin da.

Talde horietan gure hezkuntza sistemak errekurtso asko jartzen ditu. Gurasokeria itzelarekin jokatzen da ikasle horiekin, koittauak, irakasle laguntzaile, aparteko orduetako monitoreak…

Nire ustez ikasle horiek behar dutena haiekin normalago jokatzea da. Ni atzerrira joango banintz ez nuke onartuko nire alaba horrelako talde batean bazterturik egotea. Kataluniara joango banintz, esaterako, ez nuke onartuko planteamendu hori. Gure alaba atzerritarren taldean, katalana astean hiruzpalau ordu bakarrik eta esaten ez bada ere curriculum egokituarekin. Eta eskola ordutik kanpo aparteko eskolak katalana propio indartzeko. Gure alaba bertokoek legez ikastea exijituko nuke, katalana edukien bidez ikas zezala exijituko nuke.

Baina horrelakorik ez da Katalunian gertatzen. Katalunian hizkuntza eredu bakarra daukate, gure D ereduaren parekoa; hori gurean besterik ez da gertatzen. Gurean etorri berriei bi sistema, publikoa eta itunpekoa, eta hiru hizkuntz eredu eskaintzen zaizkie eta askok publiko erdaldunenera jotzen dute bere seme-alabentzat errazagoa-edo izango delakoan. (Aurten lan gehien eman didaten bi taldeetan guztira 27 ikasle izan ditut. Ikasle horietatik hogeita bostek bi gurasoak gure herrira aurreko urteotan etorriak. Beste bi ikasleak D eredutik hainbat diziplina problemengatik erauziak ziren).

Emaitzak guztiok ezagutzen ditugu. Talde horietako emaitza akademikoak, curriculum egokitua eta guzti, txarrak edo oso txarrak. Gaitasun batzuk ondo lantzen dira giro aldrebes horretan baina beste batzuk batere ez. Gaitasun guztietatik kaltetuena, jakina, niri bereziki lantzea egokitu zaidana, euskaraz komunikatzeko gaitasuna.

Nire ikasturteko kanpaina nagusienetako bat bazterkeria horrekin bukatzeko beharra aldarrikatzea izan da. Euskara mintegian hasieran eta metodologia taldean geroago, aurreko argumentuak eta beste batzuk erabili izan ditut gure ikastetxean egin daitekeen aldakuntza sustatzeko. Apartheid egoerarekin, talde berezi horiekin bukatu egin behar dela defendatu dut baita kafe makinaren aurrean ere.

Goiko estatistika horiek ez dute erakusten zelako talde homogeneoak sortzen diren hainbat eskola publikotan non eredu erdaldunenean ia ikasle guztiak etorkin.

Zergatik familia etorkinek ez dituzte bertoko familiek egiten dituzten antzeko aukerak egiten? (Bertoko familietan lau haurretatik hiru D ereduan, etorri berriak diren familietan lautik bat).

Jakin dugu datorren ikasturtean aukera ezin hobea genuela aldaketa hori gauzatzeko. Lehenengo mailara zortzi ikasle besterik ez datoz “B” eredura. Zortzi gehi bi errepikatzaile hamar. Bost lerroko ikastetxe batean bost taldetan banatuko bagenitu hamar horiek eta bost taldeetan euskaraz heziko bagenitu, desdobleak egin beharko genituzke matematika orduetan ereduen arautegiari bizkarra ez emateko… Ikasleak benetan integratzeko benetako ahalegina egiten ibiliko ginateke. Ikasle horiei ematen zaizkien laguntzek ere zentzua izango lukete. Zertarako indartu euskara A ereduan? Zertarako HIPIak eta aparteko eskola orduetako monitoreak, udalak ordainduak alde batetik eta Jaurlaritzarenak bestetik? A1 maila ez daukaten ikaskideen pare azkarrago iristeko?

Talde euskaldunean sartuz gero ikasleak euskara ikasteko beharra antzeman lezake. Agian eskaintzen zaizkion aparteko orduetara joateko ahalegina ere errazago egingo luke. (Orain arte, aparteko ordutegiko saioetara hamaika sasi-eskola).

Proiektu horrek oihartzun handia izan zuen ikasturteko garai batean. Zuzendaritza taldeak proiektua bere egin zuen. Zenbait forotan eztabaidatu zen eta bazirudien jendeak ez zuela kontrako argudiorik. Foroa zenbat eta handiago orduan eta kontrako argudio gutxiago entzuten ziren.

Baina jakina, irakasle batzuk bazituzten bere zalantzak. Foro ireki horien atzetik zenbait mugimendu egongo ziren eta kontua da datorren urtean ere bazterkeria taldea egongo dela. Irakasle batzuk “B” eredukoak D eredukoekin elkartzeari ezetz biribila eman diote. Foro zabaletan isildu ziren baina atzetik zuzendaritzara joan eta egin beharrekoak egiteko prest ez zeudela adierazi…

Pena.

Gaindi dezagun gure hezkuntza sistemako bazterkeria. Utikan eskola publikoetako etorkinekin dagoen Apartheida. (Argazkia Josu Sierrak Hegoafrikako eskola batean egina).

Ikasturte amaierako klaustroan murriztapenak iragarri dituzte datorren ikasturterako. Gaixoaldiak bostgarren egunetik aurrera bakarrik ordezkatuko dira horretarako propio bidalitako pertsonekin. Lehen laupabost egunetan bertoko zaintzako irakasleek egin beharko ordezkapena. Bestalde, batzuk diote irakasle laguntzaile pilo bat desagertu egingo direla. Arrazoi ekonomikoengatik bazterkeria taldeetan batez ere nabarituko omen dira murriztapenak…

Nago ez direla murriztapen horiek emaitzetan gehiegi antzemango. Alferrikako errekurtso asko xahutzen du sistemak gurasokeriaz ikasle normalei aparteko “laguntzak” ematen. Horretara dedikatzen diren nire kideekiko errespetu guztiarekin diot hau, ni ere horretan ibilia naiz-eta baina A ereduan euskara indartzea erabateko kontraesana iruditzen zait, esaterako. Euskara ordu bakanetan ikasgelatik ikasleak ateratzea eskola pribatuak jasotzera, aparteko orduak monitoreekin… Zentzugabekeria asko ikusten dira ikastetxeetan.

Gustatuko litzaidake pentsatzea hemendik urte betera bazterkeria taldekoak beste taldekoekin integratuko dituztela baina aurten, tamalez, beste hamar ikasle gure sistema arruntetik kanpo utzi dira gurean. Eta datorren urtean kontu honek nekez izango du aurten zuzendaritzatik izan duen bultzada.

Oraingoz niretzat ikasturtea amaitu egin da. Uztailean gaude. Irakasteari utzi eta ikasteko aukera…

Entzierroa

Ez dezagun atzera begira!

Artikulu honen PDFa

One Response to Euskara salbuespen egoeran

  1. Pingback: Las duras estadísticas del euskera en la escuela « Josusierra's Blog/ Josusierraren Bloga/ Blog de Josusierra

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <pre> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>


  • Argazkiak.org | 2009-uztaila
  • Wordle: Bihardaberandu1