Hemendik aurrera, Euskadi Literatura Lehiaketa

Sarrera hau G. Bereziartua-(e)k idatzi du Apirila 30, 2010
Atala: Literatura
Euskadi Sarien golardoa

Euskadi Sarien golardoa

Zaratarik gabe pasa da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak apirilaren 23an egindako jakinarazpena. Euskadi Literatura Sariak aurrerantzean nola erabakiko diren zehaztu dute, eta aldaketak nabarmenak dira. Ziklo bat itxi ote? Bukatu ote da sari horien kariaz azken urteotan izandako polemika? Ala botikak hilko du gripe batekin ospitaleratu duten gaixoa?

“Aurtengo ediziotik aurrera, beharrezkoa izango da modalitate bakoitzerako hautagaiak aurkeztea”. Esaldiak ez du beste munduko ezer ematen, baina bada ziaboga, Euskadi Sarien azken urteotako gorabeherak kontuan hartuta.

Orain dela urte batzuk, literatur saria izanda ere finalistari, golardoa eskuratu ahal izateko, dokumentu bat sinatzeko eskatzen zitzaion. Eta 2003an Koldo Izagirrek ez du sinatuko. Berria egunkarian urte hartako urriaren 4an Juan Luis Zabalarekin izango duen solasaldian azalduko du ukoaren zioa: “Horrelako sarietan liburua bada edo ez da, ezin zaio egileari edo itzultzaileari inolako baldintzarik ezarri. Bestela Saria hitza kendu eta Lehiaketa izena eman diezaiotela. Lehiaketa da azken finean. Zuk ez duzu zeure burua aurkezten, baina gero baldintza batzuk onartu behar dituzu. Absurdua da”.

Urtebete beranduago, Jon Alonsok eta Xabier Montoiak ere ez dute Jaurlaritzako Kultura Sailetik igorritako dokumentua izenpetuko. Eta finalisten zerrendatik kanpo utziko dituzte biak. 2005ean aldatuko da araua. Ez da gehiago dokumenturik sinatu behar. Baina badira arazo gehiago. Eta 2007an eltzea irakiten jartzeraino berotuko da: Jon Alonsok ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian Euskadi Sariak artikulua publikatuko du eta horrek akuilatuta, eztabaida sektore osora zabalduko da. Otsailean hainbat idazlek Utikan manifestuarekin bat egingo dute eta sarietan euren lanak kontuan ez hartzeko eskatuko, arrazoi ugari tarteko.

Geroztik giroa nahasi samar: Kultura Sailak Utikanen sinatzaileen lanak kontuan hartu ditu urtez urte, eta aldiro adierazi behar izan dute izendatutako idazleek ez dutela parte hartu nahi. Urteotan manifestuak ez du lortu sarien kontrako jarrera orokortzea, baina haien legitimitatea auzitan jarri du gutxienez: denek ez dute parte hartzen, beraz ezin esan euskal literatura osoaren adierazgarri direnik.

Korapiloak ez zirudien erraz askatzekoa. Han-hemenka bazebiltzan zurrumurruak, esaten zen Blanca Urgellek gidatutako Kultura Sail berriak irizpideak aldatzeko asmoa zuela. Eta aldatu ditu: funtsean, parte-hartzea idazle bakoitzaren esku uzten dute orain Euskadi Sariek, eta beraz, sari baten mekanismoa baino, literatur lehiaketa batena bihurtzen da —Izagirrek 2003an esandakoaren ildoan—. Baldintzak onartzen dituena sarituko dute, baina ez dago euskal literaturaren uzta osotik ale batzuk nabarmentzeko bokaziorik. Irtenbide partziala da, eta emaitza idazleen parte hartzeko borondatearen araberakoa izango da.

Irakurleen eta kazetarien ikuspuntutik, ordea, hutsune bat sortzen du, lehen Euskadi Sariek hala moduz betetzen zuten espazioa desokupatu baita: sari nazional batek edozein literatur sistematan betetzen duen zeregina, kanona ezartzea. Beharbada, ez dagokio erakunde autonomiko bati horrelako saria ematea. Baina nolabait, norbaitek, noizbait, bete beharko du hutsunea.

[ARGIAren 2229. zenbakian argitaratzekoa]

Irakurleen erantzunak

Trackbacks

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa