SENITARTEKOAK

Krokodiloak zergatik ez ote ditu oiloak jaten? Afrikarrek ondotxo dakite horren arrazoia, eta arrazoi hori aintzina gertatutako pasadizo batean oinarritzen da. Entzun.

Behin batean oiloa ibaira joan zen ura edateko asmoz. Inguru hartan krokodiloa zen jaun eta jabe eta hark hartu zuen poza oilo eder hura ikusterakoan. "Gaur bai bazkari ederra!", pentsatu zuen. Begiak diz-diz zituen. Oiloari erruki barik egin zion salto eta, klask, iztar batetik heldu zion aho zabalaz. Hegaztiak kukurruku larria egin zuen, eta nola edo hala aho izugarri hartatik askatzen saiatu zen. Baina krokodiloak gogor eusten zion, ez zuen askatzeko asmorik.

-“Aska nazazu, mesedez! Aska nazazu anaia nagusi!"

Krokodiloa zur eta lur geratu zen: aho zabalik. "Anaia nagusi"? Zer dela eta deitu zion "Anaia nagusi"? Bueno, kontua da oiloa osorik iritsi zela oilategira.

Hurrengo egunean oiloa lasai asko itzuli zen ibaira. Oraingoan ere han zegoen krokodiloa, goseak akatu beharrean, hark zeukan gosea! Imajinatu: Horrelako piztia bat bi egun baraurik! Kolpe egin eta berriz ere heldu zion oiloari, oraingoan buztanetik.

-“Aska nazazu, mesedez! Aska nazazu anaia nagusi!"

Baina, baina... ze "anaia nagusi" eta ze arraio! Zer esan nahi zuen hitz haiekin? Krokodiloak ezin zuen zalantzan jarraitu eta sugearengana joan zen argitasun eske. Sugeak, beti bezala, buztanari ikara egin, burua jaso eta hau esan zion: "Oiloak ez dizu gezurrik esan, kokolo hori. Oiloak, zuek bezela, arraultzetatik jaiotzen dira".

-"Kontxo!" Krokodiloak begiak itxi eta pentsatzeari ekin zion. "Sugeak egia dio. Oiloak arraultzak erruten ditu, nik bezala, beraz nire senitartekoa da. Nire lehengusina izan daiteke edo..... nire arreba!"

Gertakari hura gertatu zenetik, oiloak eta txitoak ere lasai lasai ibiltzen diran Afrikako ibai ertzetan, krokodiloen beldurrik gabe. Izan ere, krokodiloak ez dira senitartekoak jaten hasiko, ezta? Hori besterik ez genuen behar!

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net