Arantzadun gizona
Urrutiko paraje batean istorio harrigarri hau kontatu zidaten aspaldi. Entzun ondo. Herrialde hartan bakar-bakarrik bizi ziren senar-emazteak haur bat ekartzeko irrikitan zeuden edo, besterik ezean, arkumetxo bat edo katu bat, edo triku bat. Bakardadea oso gogorra egiten zitzaien.

Aizue, ba... emazteak trikua aipatu eta haur batez erditu beharrean, triku batez erditu zen.

Urte batzuk igaro ziren eta trikua artzain hasi zen. Kirikinoa ardi zain! Egundo horrelakorik! Tira... Ba ardi zain zegoen batean erregea aurkitu zuen mendian galduta; negarrez hasteko puntuan zegoen, nora jo etzekiela. Kirikinoak inguru hura ondo baino hobeto ezagutzen zuen eta gaztelurako bidea erakutsi zion. Erregeak bere burua arriskutik kanpo ikusita, mesedea eskertu nahi izan zion nola edo hala. Denetik eskeini zion: zilarra, urrea, lurralde zabalak... Baina trikuak ez zuen aberastu nahi: 

- "Ez, eskerrik asko. Zure alabarekin ezkontzea, horixe nahi dut"

Erregearen alaba seko jota geratu zen. Triku batekin eskondu! Eskontza egunean negarrez hasi zen eta negarraren negarraz soineko osoa buzti-buzti egin zuen.

- "Ez larritu maitea". Esan zion trikuak. "Badago egoera hau konpontzeko modu bat. Heldu ezpata honi eta sartu niri paparrean".

Emazteari astakeria iruditu zitzaion, baina triku itxurako senarrak temati jarraitzen zuenez, zazta! bihotzerainoko zuloa egin zion ezpataz.

Bapatean, trikua gizon bihurtu zen, gizon eder, eta denak pozik; senar-emazteak, erregea... den-denak.

 

Ipuinak

Testuak (Hasierako orria)

www.komunika.net