Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BOSGARREN JARDUNALDIA

 

PERTXAL, KELEO eta lengoak

 

KELEO: Kaixo, aita.

PERTXAL: Jainkoa'k arratsaldeon, Antton.

ANTTON: Bai zuei ere, «gazteak».

KELEO: Aita zaitut eta «gazte» naizen kontua egin dezagun.

ANTTON: Itxasora ateratzeko gai den artean gizonak etziok bere buruari zahar iritzi bear, seme.

PERTXAL: Ortaz, oraindik gazte ametsetan bizi bearko diagu urte batzutan, Keleo.

KELEO: Bearko (ANTTON'en besotik den semea ar beza itz oek esanaz), gure umeok aurrera aterako ba'ditugu.

ANTTON: Gaur arratsean bixigutara erten bear al-duzute?

KELEO: Gu baiezkoan gera, baiñan ba-dira tartean ateratzeko beldur diranak.

ANTTON: Itxasoak bekoki beltza zeukak Asturias aldetik eta ekaitzak jotzen ba'dik, larri asko ibilli bear duzute.

PERTXAL: Nire ustean, pasako zaio beltzaldia. Itxura txarragoarekin ere atera izan gera eta onik etxeratu.

KELEO: Aita, aur eder oegatik ezpa'litz lasai geldituko giñake etxean, baiñan zortzi umien urdaillak bete bear ditun aita batek orrelako nagikeririk onetsi al-dezake?

ANTTON: Bai, seme, ba-zekiat ik bezin ongi kezka orren berri, baiñan, ausarkeri bat dala-ta, zortzi umezurtz urtea obe al-derizkiok?

KELEO: Aita, nik umeok azitzen ditudan bezala, azi giñuzun zuk noizpait. Zure kezka bakarra guri jatekoa ta jaztekoa alik oparoena ematea izan zen eta itxaso zitalari etzenion sekula bekoki beltzik ikusten guri eguneroko ogia ekartzeko garaia eltzen zitzaizunean.

ANTTON: Egia duk, seme, baiña, ori dala-ta, makiñabat aldiz egon nauk itxasoaren atzaparretan ito-ez ito.

KELEO: Eta gu artean zure kezketan, aita, zure alde otoizka eta bein baiño geiagotan Nazarenua atera eta Iñua eta Salbia kantatu ere bai txalopakoak galdu ez zintezten.

PERTXAL: Gurean berdin izan oi zen, Antton. Arrantzaleok belaunez-belaun ixtori berbera berritzen ari gaituzu.

ANTTON: (Bere billobatxoa aitari kenduz eta laztanduz.) Baiñan, billobatxo maitagarri au umezurtz gerta ba'ledi, nork emanen lioke jatena, nork beteko lioke bere aitaren utsunea?

KELEO: Jaungoikoa'k eztitu bere umeak bakarrik uzten, aita. Zu itxasoan galdu ba'zindugun gure umetan, nolabait ere aterako giñan aurrera, naiz-ta estuasun gorriak ikusi. Baiñan, gaur bezalako egualdiakin aterako ezpa'giña, urte erdian legorrean bearko genuke eguneroko jatenari oratu eziñik.

ANTTON: Arrazoi duk, seme; jarrai akiok nire erakuspideari, nik ere nire aurrekotatik baitiat jasoa jokabide ori. Esana zego: Arrantzaleak bere biziaren opariarekin irabazi bearko dik eguneroko ogi zatia.

PERTXAL: Ogi samiña irabazteko, baiñan gozoa jateko.

ANTTON: Bai, Pertxal, Jaungoikoa'ren bedeinkapenik etzaio faltako arrantzaleak jaten dun ogiari.

KELEO: Kofradira joan bearko diagu, Pertxal, arrai subasta oraintxen duk eta.

ANTTON: Legatzak zenbat egin dik bart?

PERTXAL: Erriala kiloko.

ANTTON: Besterik ez?

KELEO: Etzuten geiago ematen. Baiñan prezio makurgarri ortan eman baiño naiago izan genun, etxekoai diosalik egin gabe, Zumai'ra abantian joan gure arrai ta guzi, an sal-neurri obea egiten baitu eskuarki.

PERTXAL: Eta pagatu ere, emen alako bi pagatu ziguten Zumaia'n. Kiloko errialbi.

KELEO: Mutriku'ko arrai-saltzalleak etzuten orrelakorik pentsatzen eta legatzik gabe gelditu ziran.

PERTXAL: Urrengoan eztira lo egongo. Gure txalupen brankak Zumai'ra zuzendu baiño len, ordainduko dute bidezkoa dena.

ANTTON: Ondo egin zenduten. Gantza ateratzalleari arraia eskuratu baiño obe duk itxasora botatzia... Subastara zuazte, beraz?

KELEO: Bai, asmo ortan atera gaituzu etxetik.

ANTTON: Ni, oi bezala Tranpa-kale'ra nijoakizute mutikoarekin. An, Kristo irainduaren aurrean belaunikatzen gaituzu biok eta Aitagure bat esaten diogu, berari eraso zion mariñel zitalaz kupida izateko.

PERTXAL: Etzikan ba, biraoti ark, kupida aundirik merezi.

ANTroN: Ez guk ere, Pertxal, Kristo'ri ainbestetan egin baitiogu arrika munduko auzi zorotan burua galdurik ibilli geranean eta ala're, nireak egin dula oartzen naizenetan kupida eskatzen diot gure Jaungoikoa'ri. Kupida niretzat eta kupida Tranpa-kale'ko biraolari doakabearentzat. (Bijoaz denak.)

 

OIALA

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958