Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

SEIGARREN JARDUNALDIA

 

ANDRE KATTALIN eta ANDRE KONTXENSI

 

ANDRE KONTXESI: (ANDRE KATTALIN'en aizpa.) Beraz, orain da etortzekoa?

ANDRE KATTALIN: (PABLO jaunaren andrea.) Oraintxen dauka ordua dilijentziak. Ondo etorrita, emen bear zun onezkero.

ANDRE KONTXESI: Orrela ba'da, ni ere zai geldituko natzaio. Sarritan dilijentziok bear baiño geiago luzesten dute eta solasean diardugula denbora igarri gabe joango zaigu.

ANDRE KATTALIN: Bai, emakumeak ez gera bakartasunean egoteko jaioak. Norbait ezpa'dugu solas egiteko anima illundu egiten zaigu.

ANDRE KONTXESI: Pablo Madrillera joana zela esan zenidan, ezta?

ANDRE KATTALIN: Bai... ta ez. Jendearentzako Madrillen izana da soilki, baiña guretzako Madrillen eta Salamanca'n.

ANDRE KONTXESI: Arazo asko dabilzki nunbait zure senarrak.

ANDRE KATTALIN: Orra, egia esango dizut, Kontxesi, konfiantza osokoa baizera. Esan dizut zertara etorria naizen erriko plazara, nire senarraren errezibitzera, baiñan eztizut esan neu nundik natorren eta ezta ere nire senarra zer eginkizunetik datorren.

ANDRE KONTXESI: Gutartean eztago ixilpekorik, Kattalin, eta esan lenbailen, entzuteko irrikitzen bainago.

ANDRE KATTALIN: Nik esango dizutana eztu iñork jakin bear. Entzun? Zuk eta nik eta kitto.

ANDRE KONTXESI: Bai, Kattalin, bai, ez nire bildur izan. Zer uste duzu, kontakatilluren bat naizela, apika, ixilpekoak barreiatzen ibiltzeko Madrilleko atezaiak bezala. Ba-dakizu, gure «klasekoak» ez gerala makurkeri oietan murgiltzen.

ANDRE KATTALIN: Bai, Kontxesi, bai, eta eztizut iñola ere orrelakoekin nahastu izan nai. Baiñan, zure lagunik konfiantzakuenarekin ere etzaitezela labaindu esan nai nizun nire arretazko itzakin. Zerorren itzalak ere ezpaitu jakin bear ixilpeko auxe.

ANDRE KONTXESI: (Jakimiñez urtutzen.) Bota, bota, nire itzalak eztu deus entzuten-eta.

ANDRE KATTALIN: Lenengo, nundik natorren esango dizut... Badakizu gure zorigaitz ikaragarria, gure Agata'ren zoramen doakabea...

ANDRE KONTXESI: Bai, Kattalin, bai, jakin nuen. Baiñan, oraindik ere bereortan al-dirau?

ANDRE KATTALIN: Neska egoskorragorik ezta munduan sortu.

ANDRE KONTXESI: Jaungoikoa'k zentzatuko al-du orrelakorik egin baiño len!

ANDRE KATTALIN: Eztut uste zentzatuko denik berearekin atera gabe; gure alegin guziak alperrikakoak izan dira beñepein.

ANDRE KONTXESI: Apaiz bati ots egin bear zeniokete, okerkeri aundi bat egiten ari dela adierazteko... Ori Jaungoikoa'ren naia eztela, pekatu bidean, inpernu bidean dabillela. Gure Jaungoikoa'k goikoak eta bekoak bakoitza bere tokian jarri zitula eta ez alkarrekin nahasteko, Bere naikizunak deabruaren tentaketak dirala eta abar. Kattalin, bildurra sartu bear diozute mundu ontako gauzakin edo bestekoakin... Tira, neuk ekarriko dizut Deba'tik eginkizun ortarako abade bat aproposa.

ANDRE KATTALIN: Ez, Kontxesi, etzazu orrelakorik egin, bildurbainaiz nire alaba onekin. Ez al-diozu igarri nola argaldu den eta koloreak kaxkartu? Nik eztakit zer dun ziur, baiñan ezta iñolaz ere txantxetako gauza. Bi alditan, etxeko eskallerak igotzean arnas-estuka gelditu zaigu, arpegiko koloriak ziaro maxkalduta. Atzo izan zun bigarrena eta Agata'ri itzik esan gabe medikuarengana joan nintzan zer gertatzen zitzaion esatera. Onek esan zidan biotz-lesiñoren bat izan ditekela eta gaur arratsaldean beregana eramateko neska ikusi dezan.

ANDRE KONTXESI: Ez dadilla arriskudun gauzarik izan.

ANDRE KATTALIN: Jaungoikoa'k nai dezala. Baiñan, biotzeko zerbait baldin ba'da, nekeak, naigabeak eta emoziñoak aldebateratu bear zaizkio, ondoren txarrik ekar lezaiokete-ta.

ANDRE KONTXESI: Bai, orrela bada, arretaz ibili zaitezte. Nik pentsatu baiño bide legunagotik jo bearko duzute.

ANDRE KATTALIN: Bide ori aukeratuta dago. Itxaropen orri eskerrak bizi gaituzu joandaneko bost illabetetan. Baiñan, gure lotsa, erri guztiaren bixtan orrelako artu-eman laidogarria ezinbestean onetsiz. Iñoiz amaituko al-da makurkizun lotsagarri au!

ANDRE KONTXESI: Izan ere, eztakit nola ausartu ere egiten zeraten kalera ateratzen. Jendeak eztu abotan beste jardunik erabilliko.

ANDRE KATTALIN: Ez berriro orrelako aipakizunik egin, mintxuriak erasoko baitit. Baiñan, zer pekatu egin ote dugu, Jaungoikoa'k orrelako zigorra erabiltzeko gurekin? Bere legeak zintzo bete ditugu, senar-emazteok alkarrekiko leialak izan gera, pekatu tokiak iguin izan ditugu, dirua barra-barra ematen diogu bere Eliza'ri eta txiroai ere bai eske datozenean... Ona besterik eztugu egin eta orain Jaungoikoa'k kupida gabe zigorkatzen gaitu. Jaungoikoa zuzena ote den ere zalantzan jartzen zait une batzutan. Ikaragarria da aitortzen, baiñan nai ba'dut eta nai ezpa'dut, pentsamentu onek gero ta sarrera zabalagoa dauka nire gogoan.

ANDRE KONTXESI: Zergatik pentsatzen dituzu alako tentelkeriak, Kattalin? Jaungoikoa'k etzaituzte zigortzen. Aitzitik, bere nai santua da deabruari edatzen utzi dizkion sare galgarriok lenbailen urratzea. Tamalgarri da Agata'ren osasun bildurragatik akelarre nazkagarri au lenago ez amaitua. Besterik eziñean, zuen asmo lenbailen burutuko al-duzute!

ANDRE KATTALIN: Grure asmoa burutua dagola esan diteke. Baiñan, lenago esan bezala, arduratsu ibilli bear, gure alaba bakarrari okerrik gerta ez dakion.

ANDRE KONTXESI: Diruarekin estali ba'zenute garaiz...

ANDRE KATTALIN: Aurren-aurrena ortan saiatu giñuzun. Baiñan, ez Joxe Migel'ek eta ez bere gurasoak etzuten xoxik ere artu nai izan... Eta guk eskeñitakoa, sendi guzia berebizian lanik egiteke bizitzeko laingoa zen.

ANDRE KONTXESI: Orrenbesteraiño, arrantzale arlote oieri!

ANDRE KATTALIN: Etzen beste biderik gure lotsakizunari lur emateko, baiñan, jende arroputz oiek ontzat artu etzuten ezkeroz, guk, eskubide guziz, beste bide bat aukeratu dugu.

ANDRE KONTXESI: Zer bide?

ANDRE KATTALIN: Ba'al-dakizu nundik natorren? Korreo etxetik. Ona emen (atera bitza polsatik), Joxe Migel'ek Agata'ri eta bere etxekuai egindako sei azkeneko eskutitzak. Ez gure alabak eta ez Keleotarrak eztituzte ikusiko, etxera joan orduko erreko baiditut...

ANDRE KONTXESI: Baiñan nola jabetu zera?

ANDRE KATTALIN: Diruak ate guziak zabaltzen ditu, Kontxesi. Juxto karterua erosi egin dugu. Illabete ontan Agata'k eztu Joxe Migel'en eskutitzak jaso eta eztu geiago jasoko... Luzaro gabe ordea, bat artuko du, Joxe Migel bezero dagon etxekoena, mutillaren ilberria emanaz.

ANDRE KONTXESI: (Izututa.) Il egin bear al-duzute? (Bat batean dilijentziaren otsa entsun bedi.)

ANDRE KATTALIN: Emen da dilijentzia. (Begira jarri bitez.) Orra, Pablo nire senarra dilijentzitik orain jatxi.

ANDRE KONTXESI: Baiñan jakingarrienean aria etenda utzi didazu, Kattalin...

ANDRE KATTALIN: Pablo'k kontatuko digu gaiñerakoa, emen da-ta.

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958