Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

BOSTGARREN JARDUNALDIA

 

LUIXA eta KALAMAX

 

(ANTTON eta PERU JAUNA saiets batetik atera eta LUIXA ta KALAMAX bestetik sartu bitez. Au, arrain otar batekin esku batean eta kañaberarekin bestean ager bedi.)

 

LUIXA: Orain, arrantzarako burukizunak jo al-dik, Kalamax?

KALAMAX: Ontan ere saiatu egin bear, Luixa. Mutriku'n sortu ta azia naiz eta egundaiño eztut arrantzarik egin.

LUIXA: Eta asko bildu al-duk?

KALAMAX: Gure artean konfiantza ba-dugu, Luixa, eta garbi esango dizut: alerik ez. Etxekoak eta Peru jauna engañatzeko, platuxa, arraigorri eta txatxarru batzuk eskatu dizkiot Keleo'ri. Ezpaitut nai iñork nire lepotik par egiterik.

LUIXA: Arraiñak eztituk, nunbait, neska asko bezin kaskariñak ire amotik pikatzeko.

KALAMAX: Gauza guztiak jarduna bear dute, Luixa. Neskak bezala arraiñak ere nireganatuko ditut egonarriz aritzen ba'naiz.

LUIXA: Pazientzi urrikoa aiz i arrainketarako. Ezagun duk asperaspen egin da etorri aizena.

KALAMAX: Egia esan, amorrazita amaitu dut... Neska bat «konkistatzeko» eztut sekula ainbeste «masa» gastatu.

LUIXA: Ez iekan aukeran botako-ta...

KALAMAX: Botatzeko guztiak bota dizkiet, baiñan dena alperrik. Azkenean, ordubeteren buruan gutxieneko, nazka nazka eginda, atera dut bi errialeko txanpona patrikatik eta uretara jaurtiaz, esan diet: «Babo arraiuak, torizue errial bikua, bai, eta erosi nai duzutena.»

LUIXA: Ordubeteko egonian asko amorratu ba'aiz ere, eztuk umorerik galdu.

KALAMAX: Baiñan, Inaxi'ren zai egonian ba'liteke, umoria ez-ezik pazientzia ere galtzea.

LUIXA: Arentzako non dituk ire abillidadeak, Kalamax?

KALAMAX: Arekin abillidadeak eztu deus balio. Baiñan, entzun nik esana: zuntzun ori delako Joxe Migel'ez maitemindu, ezpa'litz, ez nuke orain zure bearrik.

LUIXA: Dena dela, nire bearrean aiz.

KALAMA: Eta zu nirean.

LUIXA: Gaitezen bada pakean.

KALAMAX: Eta ezer aurrerarik egin al-duzu?

LUIXA: Oraindik gordiña ziok. Baiñan, ago lasai, umotutakoan nik eskuratuko diat.

KALAMAX: Baiñan, seguru al-zera eskuratuko didazula, Luixa?

LUIXA: Ene! Gauza seguruagorik etziok munduan. Ik eztakizkik nire bideak.

KALAMAX: Lenbailen bear dut ordea.

LUIXA: Eztiat luzetsiko.

KALAMAX: Neska egoskorragorik eztut ezagutu. Jakin Joxe Migel'ekin jai daukala eta alare ezezkoari eutsi bear. Amaika neska nireganatu ditut armiarmak bere sarera euliak bezalaxe eta Inaxi'k amor eman nai ez.

LUIXA: Emango dik eta aurki. Inaxi'ren burua Arno'ko aitza baiño gogorragoa duk, baiñan ba-ziok aren gaiñetik buru gogor ori bearbada zigorrez eziko duna.

KALAMAX: Bai ote?

LUIXA: Zer uste ukan? Denbora galtzen nabillela? Luixa'k eztik lur elkorrean azirik ereiten, Entzun orain: bere ama, Andre Joxepa, irabazia zeukat... diruaren otsera.

KALAMAX: Zuzen zabiltza, Luixa. Nire ustean orixen da biderik egokiena, gurasoen kaxkoak berotu nire diruakin.

LUIXA: Dagoneko berotuak dagoz. Aurki, irakiten gal-gal jarriko dizkiat.

KALAMAX: Ba'ezpa'da ere, nire diruak goitik jota esan.

LUIXA: Ori utzi nire kontu, lan oietan ik uste baiño artistagoa nauk-eta.

KALAMAX: Beraz, lurra jorratu xamarra daukazu?

LUIXA: Nai litzake. Ama erabat nire alde zeukat. Pertxal'ek ere eztik gaizki artu eta andrea saiatuko zaiok burua berotzen eta bein aitak eta amak agindu ezkero, Inaxi'k laister amor emanen dik, otxana, apala eta gurasoen esanekoa baituk.

KALAMAX: Ederki, Luixa, ederki, nik uste baiño trebeagoa zera.

LUIXA: (Anpatuta.) Mutriku guztian ez ukek trebeagorik arkituko.

KALAMAX: Baiñan, laister izan dedilla.

LUIXA: (Berekiko.) Ibilli bearko laister onekin, beste begibeltxen batek burua nahastu baiño len. (KALAMAX'i.) Eta nirea laister izanen al-da?

KALAMAX: Zuriakin egon trankil, Luixa. Berarekin itz egiña nago eta... illabete baiño len alkarrekin izango zerate.

LUIXA: Konforme al-da, beraz?

KALAMAX: Konforme ez-ezik pozak zoratzen.

LUIXA: Eta zergatik, orduan, illabetean zai egon?

KALAMAX: Zure lanak aurrerarik egiten ote dun ikusi bear baitut.

LUIXA: Ez al-diat esan ba nire aldetik dana egiña dagola?

KALAMAX: Dana... esana bai. Egiña egindakoan ikusten da. Ba-dakizu gure artekoa tratu bat dela eta biok batera jardun bear dugu.

LUIXA: Nik eztiat tori ta tati egingo. Itzeko emakumea nauk, Kalamax.

KALAMAX: Baita ni ere itzeko gizona, Luixa. Baiñan, itzak sarri aizeak eraman oi ditu eta zuk zurea elduta ba'duzu, nork jakin «or konpon» esanda utziko nauzun? Illabeteko epearekin, berriz, ba-dakit buru-belarri saiatuko zerana...

LUIXA: Ez ago i alproja txarra. Beti emakumeak galtzekoa. Orain ere burua makurtu bear.

KALAMAX: Ezkontzera ba'zoaz, komeni zaizu burua makurtzen ikastea...

LUIXA: Goazen, goazen etxe aldera... Buruarena berriz, gero ikusiko dugu nori tokatzen zaion makurtzea... (Bijoaz.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958