AZKEN BENSHIA
|
Aitor
Argote eta Iñigo Azkona |
Aktoreak: Benshia eta pantailaren atzetik itzalak
egingo dituen beste pertsona bat. Eszenatokiaren deskripzio orokorra: Eszenatokiaren erdian zinemarako pantaila bat. Ezkerreko aldean aulki eta mahai bat, mahaiaren gainean lanpara txikia eta zenbait paper. Beste zenbait ohar: Antzezpenari
dagokionez, isilunez beterik aurreikusi dugu eta protagonistaren ibilera
eskenatokian pausatua izango da, honekin kutsu japoniarra emango diogu,
isilunea eta hutsunea edo hutsa haien kulturaren ezaugarriak baitira ere bai. |
Lehenengo eszena eta bakarra
(Eszenatokia ilun dagoela, mahaiaren lanpara txikia
izan ezik, pantailan Zazpi samuraiak
(azken eszena, Uzta) pelikularen irudi
mutuak agertuko dira. Irudien gainean, mahaiaren ondoan ikusten ez dugun
gizonezko batek hitzak jarriko ditu.)
Benshia: |
(Irudiei hitzak
jarriko dizkie, batzuetan deskribapena eginez, eta beste batzuetan
pertsonaiei ahotsak jarriz). Udaberria heldu
da, mendi ezezaguna belar finen artean. Jaiotako hostoek oihu egiten dute
tenplu zaharra bilduz. Sugeak alde egin du eta loreez hornitutako mendia
lasai geratu da. Gizonon txirulek
eta atabalek emakumeen higidura laguntzen dute. Urre zuria landatuz bizitza
hasten da berriro herrixka zaharrean.. "-Ekin
gogor emakumeak, ez galdu erritmoa; orain egiten dugunak etorkizunean ordaina
izango du-" Esku guztiak
batera, landare mehea dutela, putzu lokaztuan sartzen dira uraren hoztasunari
erreparatu gabe. "-Aurrera
emakumeak, ez galdu betarik-" Urrunetik
samurai garaileek beren bezeroen zorionari egiten diote so buru makur. Zein gaiztoa den
bizitza! Heriotza zorionaren ama ei da. Hiru samuraiak
beren kideen hilobien aurrean, lau tontor txiki, ezpatak gurutze dutela,
garaileak haiek ez direla izan konturatu dira. Garaipenak ez du
zentzurik lagunak galduz gero. Samurai
gazteenak ere orain ulertu du neskaren erantzun hotzean. "-Guk ez
dugu ezer irabazi, haiek dira benetako garaileak-" Hilobiek, dena
dela, haizeari kontra egiten diote, bide bazterrean. |
(Pelikula amaituko da, pantaila amatatu, eta
eszenatokiaren argiak piztuko dira poliki. Bazterrean benshi zaharra ikusiko
dugu altxatzen kimono ilunez jantzita). Publikorantz joango da eta erreberentzi
txikia egin ondoren hizketan hasiko da.) |
|
Benshia : |
Eskerrik asko
hemen izateagatik. Hauxe izan da pelikularen amaiera, eta garai baten amaiera
baita ere. Japonen zinema azaldu zenetik garrantzi handia zuten irudien
azalpenek, hau da, benshiek egiten zuten lana. Ni Yukio Lixiba
nauzue. Azken benshia. Gaur egun, kabaret motako ikuskizunetara baztertuta,
bitxikeria banintz bezala. Baina orain hona ekarriko dizuet, nire oroimenaren
poderioz, gure antzinako handitasuna (hunkituta) Hura bai garaia.
Mota guztietako pelikulak poesia bihurtuz gure hitz eta azalpenei esker.
Pelikularik arruntena lan pertsonal eta ederra bihurtzen genuen... Zine hutsa
baino gehiago zen. Arte honekin
hasi nintzelarik arrakastaren
tontorrean zegoen eta benshien hitzek zine irudiek baino garrantzi handiagoa
izaten zuten. Eta arrakastaren
gailurrean ere maitasuna ezagutu nuen. |
(Eszenatokiaren argiak amatatzen diren bitartean
pantaila piztuko da eta neska japoniar baten itzala azalduko zaigu) |
|
Benshia : |
(Benshiak
neskarengana hurbiltzen den bitartean egingo du berba) Bera ilargia eta
eguzkia zen gaua eta egunarekin batera. (Orain benshia
neskari egingo dio berba eztiki) Niretzako zu
zinen inportanteena. Nire lana bezain inportantea.Eta zurekin nire urrezko
garaia bizi izan nuen, nahiz eta merezi zenuen arreta nik eman ez. Ulertu
behar zenuen, nik nire lanaren beharra nuela, arrakastaren puntara heltzeko. |
Neska: |
(Pantailatik
benshiari begira) Ni ilargia ninduzun. Baina nik ez nuen inoren planetaren menpe
egon beharrik. (Orain benshiari bizkarra ematen) Bai , ordea, eguzki baten su
eta laztanen magalean. |
( Benshia zutitu eta neskarengana hurbiltzen da
laztantzeko asmoz, baina neskaren itzala desagertuko da pantaila amatatzean.)
(Bitartean eskenatokiko argiak piztu eta benshiaren etsipena azalduz) |
|
Benshia : |
(Belauniko
publikoari)Baina lurrikara madarikatu horrek eraman zintuen nigandik urrun,
baita nire lanaren mamia ere. Zeren lurrikararen ondorioz zinema industria pikutara
joan eta kanpoko pelikulak etorri zitzaizkigun erruz, doinu kutsakorrez
beterik. (Benshia
zutituko da eta hasperen eginez jarraituko du gogoz) Baina ezin
nintzen gelditu. Lan handia egiteke zegoen. Nire beharrean gogor eta gogoz
aritu nintzen, eta orduan nire lan eskertzera ardura handiko pertsonak
hurbildu zitzaizkidan bere gomendio jakintsuak ekarriz. |
(Pantaila piztu eta nagusiaren itzala agertuko
da, aurreko itzala baino handiagoa. Benshiari egingo dio berba mugitu gabe) |
|
Nagusia: |
Yukio, ondotxo
dakizu Japonentzat garai latzak datozena, eta asko dira aberriaren kontra
jotzen dutenak. Gure herriaren kultura eta etorkizuna babestu behar ditugu...
beharbada sufrimenduaren bidez... agian gudaren bitartez... Baina egin behar
egin beharrekoa... |
Benshia : |
(Nagusiari) Bai
nagusia, badakizu beti zure esanetara gustura nagoela. Baina, orain zer egin
ahal dut? |
Nagusia: |
Zoritxarrez
gerra hurbil dugu, eta beste garaiko etsaiak menderatu eta gero , une berriak
datoz eta lehenengo etsaia, gaur, lagun bihurtu behar dugu, Amerikatik
etorritako eragin itogarria gainditzeko. Konfiantza zugan
jarri dugu gure herriaren sena babesteko. |
Benshia : |
Baina, nagusia,
Alemaniari gerra egin diogu. Nola demontre orain...? |
Nagusia: |
Yukio, ez izan
umea. Zure eskuetan eta zure ahotsean gauzak bihurtzeko ahalmena dago. Nik
izenburua eman dizut, beraz, zuk orain hitzez bete, gure herriaren gustuko
hitzak erabiliz. Agur, Yukio. Lana
ondo bete. (Hau esanda, pantaila pixkanaka amatatuko da) |
(Orain Benshia mahaira abiatu, jesarriko da eta
lanpara txikia piztuko du. Paperetan idazteari ekingo dio. Idazten duen
bitartean idatzitakoa ozenki irakurriko du era solemnez pantailan agertuko
diren irudien gainean) (Gerra irudiak izango dira) |
|
Benshia : |
Gure herritar
maiteok, poesiak eta handitasunak gure herria urteetan laztandu dute. Baina
orain aldaketa garaia heldu zaigu, eta gure buruak garai gogorretarako
prestatu behar ditugu. Japonek betidanik etsaiak izan ditu, etsai handiak,
baina beti haiek menderatzeko gauza izan gara. Eta oraingoan ez da gutxiago
izango. Mehatxu arrotzengandik babestu beharrean gaude, beharbada antzinako
etsaiekin bat eginez. Alemania kasu. Baina zeregin handia
da gurea. Harroputz amerikano horiek gailentzea, hain zuzen, beren kultura
arrotza eta inmoralaren azpian zapalduta ez geratzeko haien pelikuletan
ikusten dugun bezala. Horren kontra
gure indar guztiaz jo behar dugu, askok bizitza gure enperadore gorenari
eskainiz. Etsaiek eta
lurrikarek ez gaituzte akabatu, hori da jaungoikoak bere herri egin
gaituelako. Aurrera Japon. |
(Irudien amaiera bonba atomikoarekin egingo da,
eszenatokiko argiez baliatuz efektua handiagoa izango da. Azkenik,
eszenatokiko argiak amatatu eta pantaila zuriz geldituko da, baina argituta. Benshiak mahaiaren kaxoi bat ireki eta ezpata
txikia aterako du. Zutitu eta poliki pantailaren atzeko alderantz abiatuko
da, buru makur. Orain benshiaren itzala pantaila atzean ikusiko dugu, ezpata
esku artean eta belauniko era solemnean sepuku edo harakiri delakoaz bere
buruaz beste egingo du. Hil eta, pantaila eta eszenatokia ilun geratuko
dira.) (Handik zortzi segundotara eszenatokiaren argiak era
ikusgarrian, kolore biziz piztu eta amatatuz, benshia pantailaren atzetik
azalduko da kimono koloretsua jantzita eta publikoari mintzatuko zaio) |
|
Benshia : |
Gure ohorea
salbatzeko erak badaude, baina bizitza salbatzeko era bakarra dago, eta hori
aukeratu nuen nik, inportanteagoa baita nire lanaren bidez herriari egindako
zerbitzua. (Mahaira hurbildu, paperak bildu eta publikoari mintzatuz) Nork
ulertaraziko die zer egin behar duten?(Aulkian jesarriko da) Nork bestela
azalduko die mundua nolakoa den?(Mahai gainean piztuta dagoen lanpara txikia
amatatuko du, eszenatokia ilunpean geldituz). |
Amaiera
|