Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

ZAZPIGARREN JARDUNALDIA

 

Lengoak eta PERTXAL

 

PERTXAL: (Urduri ta artega.) Beltza gertatu da itxasoan gaur arratsean. Tantorta'ko kalan alazian genbiltzala, jo dugu gurearen brankaz Getari'ko txalopa bat saietsez eta killaz gora jarri dugu. Itoak iru izan dira. Oraintxen legorreratu ditugu gorputzak.

LUIXA: Ene, Jaungoikoa ! Eta noiz gertatu da zorigaitza?

PERTXAL: Goizeko lauak izango ziren gutxi gora bera. Itxasoa arro xamarra zegon eta gaua txit illuna. Orregatik galdu zaizkigu iru mariñelok, deus ezpaitzen ikusten. Itoak Getari'ko txalupakoak dira, baiñan, iruretan bat Mutrikuarra da, Joxe Migel Keleo'nekua.

AGATA: Joxe Migel? Jaungoiko maitea! (Zerurantz begira jarrita.) Nik galdu zitut Joxe Migel nire jokabide makurraz! (PERTXAL'i.) Baiñan, esaidazu, nun dago bere gorputza?

PERTXAL: Emendik bixtan daukazu. Ikusten al-dituzu berrogeitamar bat metrora arrantzale aldra aren alboar, iru gorputz burutik estalirik? Beroiek dituzu itotakoak.

AGATA: (Zeruari zin egiñaz.) Joxe Migel, zin dagizut Jaungoikoa'ren aurrean zuri egindako agintza eztutala urratu iruzurbidez baizik. (Itzok esanaz, bijoa antxintxika JOSE MIGEL'en gorputza daukaten lekuraiño.)

LUIXA: Neska gaixoa! Jaungoikoa'k bakarrik daki zelako kalbarioa daraman Joxe Migel'ekin maitemindu zen ezkeroz.

PERTXAL: (Aztoratuta.) Kankallu aundi bat izan naun. Ez niken bere aurrean Joxe Migel'en izenik aipatu bear.

LUIXA: Zuhurrago ukean, noski, baiñan onezkero eztik zuzenbiderik. Alabearra duk gero, Getari'ko txalupan Joxe Migel suertatzea. Ba-nekiñan Getari'ra elduberri zana eta andik arrantzan asteko asmotan zebillena, baiñan nork esan bere lenengo itxasoratzean illotzik ekarri bear zutenik Mutriku'ra?

PERTXAL: Gauaren beltzak galdu dizkin gizonok. Gaiñerakoan, zerbait ikusiko ba'litz... Gaua madarikatua! Ordubeteren buruan, ziarozko itxumustuan, arnazazpi gizon atera genizkiñan bizirik, baiñan, gañerako irurak ezin idoro iñolaz ere. Nunbait, itxasoak aparte xamar eraman zizkiñan eta beren ojurik ezin entzun. Noraezean ibiltzeak, berriz, bere arriskua zeukan, urreratu bearrean erabat aldendu baiditeke eta orregatik eguna argitzen asi arte zai egotea erabaki geniñan. Gaur goizean atxeman dizkiñagu iru gizonak neke aundirik gabe, baiñan, zorigaitzez, gorputz besterik ez itunan...

LUIXA: Joxe Migel gizajoa! Orra, beltzak ikusteko jaiotako mutilla! Mundu ontako neke-samiñen ordez Jaungoikoa'k emango al zion bestean Betiko Atseden eztia.

PERTXAL: Ala biz... Baiñan, barkatu, Luixa: joan bear diñat antxintxika apaizari ots egitera. (Abia bedi.)

LUIXA: Bai, ua aguro. Ni bitartean, lanak utzita gorputzak ikustera joango naun. Itxaso madarikatua! Ogi puxkabaten truk zenbat mixeri eta zenbat oñaze dakarkiguk gure etxetara! (Erten bedi illotzak gozen alderdira.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958