Ken Zazpi euskal musika talde ezaguna Irlanda eta Ingalaterran izango da apirilaren 17tik 26ra bitartean, kontzertu bira bat eginez. Lehen emanaldia Dublinen egingo dute bizkaitarrek, apirilaren 19an. Ondoren Derry-n, Belfast-en, Liverpool-en eta Londresen izango dira. Londresko kontzertua London Basque Society Euskal Elkartearen Aberri Eguneko jaiaren barruan egingo dute. Ken Zazpik bere azken lana, 'Ortzemugak begietan' (2010), aurkeztuko du besteak beste.
2011/04/07
XIX. mende bukaeran Gral. Las Heras-era heldu zen lehenengo Echegaray artzain ibili zen hainbat urtetan eta esne ekoizpenean gero. Baina euskaldunek betidanik izan duten burdinarekin lan egiteko zaletasun hori ere bazuen Nafarroako Azkarate herrian jaioa zen mutil harek eta herritarren oinarrizko beharrak betetzeko errementeria txiki bat muntatu zuen bere esnetegiaren ondoan. Denbora aurrera joan zen eta burdingintzan aritzeko joera belaunaldiz belaunaldi pasatu da Echegaray familian. Gaur egun 'Eraikuntza Sutegi' (sic) metalgintza enpresak 26 herrialdetara esportatzen ditu hazi-tratamendurako makinak eta ikurrina aukeratu du identifikagarri.
2011/04/07
Argentinako euskal elkarteak biltzen dituen FEVA federazioak aditzera eman berria du 2011 ikasturtean euskal etxe argentinarrek euren kultur programak osatzeko federazioari eskatu ahal izango dizkioten hitzaldi eta hizlarien izen zerrenda. Dauden baliabideak ahalik eta ongien baliatzearren, gai eta interes antzekoak dituzten euskal etxeak eskualdeka biltzea eta eskabideak elkarrekin egitea galdegiten da. Edonola ere, euskal etxeak dira gaiak eta hitzaldiak erabakitzen dituztenak, FEVAk garraio gastuak bere gain harturik eta euskal etxeek hizlariaren ostatua eta hitzaldiak eragin ditzakeen tokiko gainerako gastuak. Aurtengo eskaintza 37 gai dira, 17 hizlarik emanak.
2011/04/07
Korrika, AEK euskaltegien koordinadorak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia, bihar abiatuko da Trebiñutik. Lasterketak gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Hamaika egunetan Euskal Herri osoan zehar ibiliko da, gauez eta egunez, gelditu gabe, eta apirilaren 17an bukatuko da Donostian. Baina, Euskal Herrian bakarrik ez, Diasporan ere ibiliko da Korrika 17, euskal etxeei esker. Sydney-n adibidez, lehen aldiz antolatu dute lasterketa aurten. Beste hitzorduak dira Txileko Santiago, San Frantzisko, New York, Madril, Bartzelona, Mexiko, Londres, Boise... Badago non aukeratu!
2011/04/06
Indarrez beteta ekin diote 2011 honi Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko kideek. Urtarrilean neska eta mutil mordo bat bildu zen Argentinako bigarren Udalekua eta San Juango Eguzkiaren Jaian izandako partaidetza jarrera horren oso adibide onak dira. Hilabeteak aurrera doaz eta mugimendua ez da gutxitzen euskal etxean. Bigarren sorreraren 20. urteurrenaren urtean, hitzaldi, erakusketa, ikuskizun eta jaiekin sendotuko dute euskal presentzia Chascomus hirian 'Zingirako Euskaldunak'-eko lagunek.
2011/04/06