Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   

ETB gure auzoan lehen?

 

TV3 hegemonikoa da informazio-kontuetan, auzotik begiratzen diolako informazioari, auzotik abiatuta irekitzen dizkiolako ateak munduari. ETB, ordea, euskal gaietatik urrundu da, Madril bihurtu duela erdigune, eta ikusleek bizkarra eman diote.

Joan den apirilaren 7an jardunaldi interesgarria antolatu zuen Andoaingo Udalak Hizkuntza ez hegemonikoen edo maila ertainekoen erronka informazioaren eta ezagutzaren gizarteen aurrean eta informazio eta komunikazioaren teknologien eraginaren aurrean (IKT) izenburupean: globalizazioaz, Hizkuntza Politikaz, hizkun-tzen normalizazioaz eta hedabideen eta IKTen eraginaz jardun zuten Euskadiko eta Kataluniako adituek (bidean geratu ziren Galeskoak). Hizlarien artean lehenak, Bar-tzelona Pompeu Fabra Unibertsitateko katedradun Josep Gifreu irakasleak, katalanak aro digitalean komunikazioari begira dituen erronkak hartu zuen gaitzat. Hauxe izan zen hasiera-hasierako oinarrizko baieztapena: "Las lenguas de barrio deben hacerse fuertes, hegemónicas, en su barrio, para tener su espacio en la aldea global". Mezua argia zen, katalanak edo euskarak lehenak, hegemonikoak izan behar dute beren auzoan. Horrek segurtatuko die lekua munduko herrixkan. Baieztapen horretatik abiatuta, datu ugari eman zizkigun katalanaren egoera soziolinguistikoaz, eta baita katalanak hedabideetan eta Informazio eta Komunikazioaren Teknologietan (IKTetan) duen lekuaz ere. Gustura ari nintzen entzuten, inbidia pitin batekin, "% 95,3k ulertzen du katalana (nahiz Katalunian % 57,3ren lehen hizkuntza gaztelania izan); % 77,5ek hitz egiten du..."; baina, azken batean, datu ezagunak ziren niretzat.

Bigarren puntua aztertzen hasi zenean, orduan etorri zen benetako astindua. % 18,18ko audientzia kuota du TV3ek; gainerako kate guztien gainetik dago. Katalanez hitz egiten dutenek leialtasun handia diote, % 69,1ek aukeratzen du TV3; baina baita gaztelaniaz hitz egiten dutenen % 17,9k ere. Eta, batez ere, Kataluniako ikus-entzule guztien % 56,2k beren telebistako informatiboak hautatzen ditu; urrun baino urrunago geratzen da zerrendako bigarrena, TVE1, ikus-entzuleen % 14,5ekin. 1997an lortu zuen lehen lekuari eusten dio TV3ek, urtea joan, urtea etorri.

Zenbat buelta ez ote diet eman ordutik hona datu hauei! Zenbat irudi ez ote zaizkit etorri burura! Lehenik, nola ez, ETBri buruzko datuak, 2010eko azaroan jakin genuen ordura arteko daturik kaskarrenak izan zituztela bi kateek: % 1,7 eta % 7,7, hurrenez hurren, ETB-1ek eta ETB-2k. Urtebete luzean, 2009ko ekainetik 2010eko urrira, ikus-entzuleen erdiak galdu zituen ETB-1ek eta % 45 ETB-2k. Eta, jakina, berriak ikusteko orduan ere, euskaldunek nahiago izan dituzte beste kate batzuk; Tele5ko edo TVEko informatiboak aukeratzen dituzte (edo Antena3), ETB-2koak baino lehen. Besterik zen 2008an, edo 2009ko lehen hilabeteetan, Teleberri informatiboetako lider zenean.

1982an sortu zen EiTB; 1983ko maiatzean onartu zuen Kataluniako Legebiltzarrak beren irrati-telebista sortzeko legea. Helburu bera zuten biek ala biek: euskara/katalana normalizatzen lagundu, eta euskal kultura/kultura katalana sustatzeko eta hedatzeko oinarrizko tresna bihurtu. Antzeko ibilbidea egin dute harrezkero (2009ko ekainera arte), neurri batean behintzat. Sei telebista-kate dituzte gaur Katalunian, guztiak katalan hutsez emititzen dutenak (biztanleen ia ehuneko ehunak katalana ulertzeak horretarako bide ematen die). Euskaldunoi dagokigunez, eztabaida artean sortu zen ETB-2 1986an; ezingo zuen euskara normalizatzen lagundu, baina bai geure auzoko begiekin mundura begiratzen. Lau kate ditugu gaur egun, ETB-3 ere euskara hutsez sortu ondoren.

Zergatik da, orduan, TV3 jaun eta jabe bere auzoan eta ETB ez, ostera, geurean? Zergatik lortzen du TV3ek ikus-entzule guztien erdiak baino ondotxo gehiagok bere informatiboak aukeratzea? Zergatik da TV3 hegemoniko informazio-kontuetan bere auzoan? Auzotik begiratzen diolako informazioari; auzotik abiatuta irekitzen dizkiolako ateak eta leihoak munduari.

Eta zergatik utzi dio ETBk azken ia bi urte hauetan bere auzoan lehen izateari? PPk eta PSOE-PSEk sinatu zuten Euskal Gizartearen Zerbitzurako aldaketa demokratikoaren oinarriak dokumentuan aurkituko dugu erantzuna. Hor irakurriko dugu zein den bi alderdion helburua EITBri dagokionez: "EITBko sakoneko erreforma gauzatuko dugu, marko instituzionala defendatuko duen, balore etikoak eta elkarbizitzakoak bultzatuko dituen lerro editoriala bermatzeko. Euskal gizartearen aniztasuna onartu du eta hiritar guztien berdintasuna errespetatuko du, era berean, emandako informazioek objektibitatea, egiatasuna eta inpartzialtasuna bermatuko dute". Lerro horiek irakurrita gauza bakarra ondoriozta daiteke: erreforma sakona nahi zuten PPk eta PSOEk, haien iritziz ordura arte ez zelako, omen, marko instituzionala defendatzen; ordura arteko lerro editorialak ez zituela balore etikoak eta elkarbizitzakoak bultzatzen; ordura arte ematen zen informazioak ez zuela (behar besteko) objektibitate, egiatasun eta inpartzialtasunik.

Eta erreformari ekin zioten. Eguraldiaren mapa aldatu zuten lehenik, aldaketa demokratikoaren oinarrien artean baitzegoen beste hau ere: "Lerro editoriala zein EITBko programazioko irudi grafiko zein infografikoak Euskadi Autonomia Erkidegoko errealitate instituzionalaren barruan kokatuko dira, gure lurraldetasunari zein kulturari buruz informatzeko eskubideari kalterik eragin barik". Lan Eskaintza Publikoko probetan egindako galderetan gehienak Espainiari buruzkoak ziren; ez zegoen Nafarroari edo Iparraldeari buruzkorik. Eta logikoa zen, azken urte eta erdian euskal gizarteko gaietatik urrundu eta Madril bihurtu baita erdigune. 2009ko urrian, Alakrana bahitu zutenean, beste bat izan zen informatiboa ireki zuen berria: Madril hautagai izango zen Joko Olinpikoak hartzeko. 2010eko apirilean, Egunkaria auziko sententzia lehen berria izan ez zedin saiatu ziren garai hartako politika arloko burua eta editorea (zorionez erredaktoreen iritzia gailendu zen). 2010eko urrian, Gernikako Estatutuaren urteurrena zela eta, erreportajea aldarazi nahi izan zuen politika arloko buru berriak. Sortu zen iskanbilaren ondorio, ohartarazpena egin zien zuzendaritzak, berea ez zen informazioa sinatzeari uko egin zion kazetariari eta gertatutakoa zabaldu zuenari. EITBko zuzendari nagusiak, Alberto Suriok, argitu zuen ohartarazpenak ez direla zigorrak, "abisuak baino ez". Alderdi politikoen presentzia ere ez dagokio bakoitzak duen ordezkapen-portzentajeari. PSE-PSOEk % 70eko presentzia du, baina % 30,71ko ordezkaritza; EAJk, berriz, % 38,56ko ordezkaritza, baina % 21,9ko presentzia. Zuzenean haien hitzak entzun ordez, askotan, EAJko buruzagien irudiak baino ez ditugu ikusten, off-eko ahotsak, edo aurkezleak esandakoa laburtzen duen bitartean.

Honen guztiaren aurrean, EITBko Erredakzio Kontseilu guztietako ordezkariek salatu dute interes politikoek ezin dutela irrati-telebistako informazioa baldintzatu. Profesionalen irizpideak errespetatu behar direla. Administrazio Kontseiluko zati on batek eskatu dio Suriori informazioa ez dadila zentsura eta manipulaziopean egon. ETBko LABeko zenbait ordezkarik "EITB behingoz konpon dezagun" aldarrikatu dute. Izan ere, PPk eta PSOEk ez omen dute nahi euskal nortasuna eta lurraldetasuna gara dezakeen komunikabide publikorik: "Estatua -barkatu, orain Espainia- beti lehen albistea, eta guztiaren testuingurua, musika eta kultura bera barne".

Eta ikus-entzuleek zer egin dute? Bizkarra eman bere auzoan sendo, indartsu, hegemoniko izan nahi ez duen telebistari. Madrileko gaiak ikusteko eta entzuteko, hobe zuzenean kate estataletara jotzea; hala diote. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak esan zuen bezala, euskal gizartea ez da aldatu, erabaki judizial batek eraman ditu PP eta PSOE Ajuria-Eneara. Eta 2011ko gizarteak, orain dela hamar, zortzi edo bost urtekoa bera denak, ez zuen erreforma sakonik eskatzen. Ez behintzat, bide honetatik egindako erreforma sakonik. 1990ean zein 2010ean, geure auzotik planteatutako informazioa nahi du.


(MIREN AZKARATE VILLAR Euskal Filologian Doktore, EHUn irakasle eta euskaltzain osoa da)

  • Estreinakoz Deia egunkarian argitaratua (2011-5-8)


Inprimatu


Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com