ALBISTEAK - DEIADARRA

Bostehun pertsona inguru Kolitzaren tontorrean Batzar Nagusirako deia entzuten

Euri-antza eta haize gogorra ez ziran oztopo izan Kolitzaren tontorrera igon nahi izan eben bostehun mendizale ingururentzat Bizkaiko Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatzen daben mendi-ibilbidean parte hartzeko. 2004. urtean bete ziren 25 urte Batzar Nagusiak berreskuratu genduzanetik eta, beraz, aurtengoa zortzigarren edizinoa izan da. Ibilaldiok urtean behin izaten dira, Bizkaiko bost deiadar-mendietako batera bakotxean: Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz eta Ganekogorta. Tontorrera igon eta antxinako eran, adarra joaz, egiten da Batzar Nagusirako deia.

Mendi ibilbidea Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu eben Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra, Ganzabal, Sollube 707 eta Alpino Tabira mendizale-alkarteekin batera. Aurtengoan, Balmasedako Foruen enparantzatik abiatu zan goizeko 9:30etan, eta 11:30ak ingururako tontorrera heltzen hasi ziran mendizaleen taldeak. Kolitzaren Tontorrean bertan egin zan Batzar Nagusirako deia, adarra joaz, Ertaroko ohituren arabera.

Tontorrean egozala, Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariak deia egiteko erabilitako adarra emon eutsan hurrengo urtean antolatzaile izango dan mendi-taldearen ordezkariari. Batzar Nagusien ordezkariak be izan ziran bertan, esaterako Jon Andoni Atutxa bigarren lehenkariordea eta Jesús Suso eta Francisco Valdelande batzarkideak.

Adarra jo eta ohorezko aurreskua eta gero, parte hartzaileek beherantzako bidea hartu eben aterperantz, eta bertan jaia izan zan eta guztientzako oparitxoaren banaketea egin zan.

Argazkiak (Irudiok leihatila barri baten zabalduko dira)

  •  (leiho barria)
  •  (leiho barria)
  •  (leiho barria)
  •  (leiho barria)
  •  (leiho barria)