Euskal Herria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskal Herria

Ez da estatua
Euskal Herriko bandera
Bandera
Euskal Herriko armarria
Armarria
Goiburua: Zazpiak bat
Euskal Herria Europa.png
Euskal Herria
Hiriburua Ez du1
Hiri nagusiak Bilbo (handiena), Iruñea, Gasteiz, Donostia, Barakaldo
Eremua 20.947 km²
Biztanleria 3.007.661 (2006)
Administrazioa Espainia (Hegoaldean)
Frantzia (Iparraldean)
Dirua euroa
Herritarra euskal herritar
euskotar
euskaldun2
Hizkuntza(k) euskara, gaztelania, frantsesa, gaskoiera
Ofiziala(k) Euskal Autonomia Erkidegoan:
euskara eta gaztelania
Nafarroako Foru Erkidegoan:
euskara3 eta gaztelania
Ipar Euskal Herrian: frantsesa
1 Historikoki Iruñea izan da.
2 Berez, euskaraz dakiena esan nahi du; hala ere, hainbatetan euskal herritar-en sinonimotzat erabiltzen da, nahiz eta erabilera nahasgarria den.
3 Nafarroaren iparraldeko eremuan baino ez.

Euskal Herria Europako herrialdea da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Zazpi herrialde edo probintzia hauek barne hartzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Guztira, Euskal Herriak 20.950,3 km² ditu, eta 3.005.670 bizilagun zituen 2006an.[1]

Iruñea hiriburutzat jo ohi da, arrazoi historikoak direla kausa, nahiz eta izendapen ofizialik ez den. Halaxe iritzi zion XVIII. mendearen hasieran Joanes Etxeberri Sarakoak: “Iruiñea eskualdunen hiri buruzagia”.[2]

Eduki-taula

Euskal Herria izena

Lurraldeari eman zaizkion izenak

Euskal Herriaren kokalekua, munduan.

Goian zehaztu dugun lurraldea izendatzeko, hainbat termino erabili dira eta erabiltzen dira, nork bere ñabardurak eman nahian:

Euskal Herria

Hitzez hitz hartzen badugu, euskararen lurraldea esan nahi du, hau da, euskaraz egiten den lur eremua, hori baitzuen hasierako esanahia (ikus, beherago, «Euskal Herria izena, historian zehar» atala). Alabaina, azken mendeotan zazpi herrialdeak izendatzeko erabili da. Gaur egungo euskaran, bada, esanahi horixe du, Euskaltzaindiak 2004ko uztailean euskara baturako emandako 139. arauan zehaztu zuenez:[3]

« Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik.

[...]

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.

 »

Euskadi

Artikulu nagusia: Euskadi

Sabino Aranak 1896. urtean asmatua, Euzkadi formarekin (1960ko hamarkadaren bukaeraz geroztik, euskara batuaren sorrerarekin batera, euskara batukoa den Euskadi forma nagusitu da). Izan ere, Euskal Herria «euskararen herria» izanik, hizkuntzarekiko loturarik ez zuen hitz horren beharra sumatu zuen, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barne hartzen dituen lurraldea izendatzeko. Izen berriak arrakasta handia izan zuen eusko abertzaleen artean. Frankistek 1936. urtean —Espainiako Bigarren Errepublikaren kontra altxatu zirenean— eta ondorengo urte luzeetan, gainera, oso errepresio gogorra egin zuten Euskadi aberritzat zutenen kontra, eta Euskadi hitza herriaren askatasunaren aldarrikapen bihurtu zen. Gerora, 1970eko hamarkadaren bukaeratik hona, independentismo kutsua Euskal Herria izenak hartu du batez ere.

Gaur egun, bada, Euskadi terminoa gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoa esanahiarekin erabiltzen da, baina euskaldun guztiak ez datoz bat horretan.[4][5]

Beste izen batzuk

XIX. mendearen bigarren erdian, Euskeria, Euskaria eta Euskadia terminoak erabili zituzten, Euskal Herri osoa izendatzeko.

Gaur egun, Euskal Herria zatitua dagoen administrazio eremuak izendatzeko, beste izen hauek erabiltzen dira:

Espainiako legearen arabera

Gernikako Estatutuaren arabera Euskal Herria espainiar estatua osatzen duen autonomia erkidegoa da. Kasu honetan Euskadi ere erabiltzen da. Estatutuaren barruan, Euskal Herria izenak bi adiera ditu[6]:

« 1. artikulua:

Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatuto honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat.

 »
« 2. artikulua:

1.- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak eta era berean Nafarroak ere, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren partaide izateko eskubidea dute.

 »

Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola curriculumean Euskal Herria izena erabiltzean ezin da Nafarroako Foru Erkidegoa barne hartu.[7]

Frantziako legearen arabera

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herria (Frantziako herrialdea)

Euskal Herria (frantsesez Pays basque) Frantziako herrialde administratiboa (pays) da Akitaniako eskualdeko Pirinio Atlantikoetako departamenduan dagoena. Haren existentzia kolokan dago, hala ere, azterketa-fasean dagoen Balladur txostenak zalantzan jartzen baitu Frantziako pays izeneko lurralde-egituraketa[8].

Historian zehar

Lehenengo aipamenak

Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko ilaran, zazpigarren lerroan behetik hasita, eusquel erriau ikus daiteke.

Ezagunak diren Euskal Herria izenaren aipamenik zaharrenak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira (lehenago ere erabiliko zela diote euskalariek, baina gutxi dira mende horiek baino lehenagoko euskararen zuzeneko lekukotasunak). Grafia eguneratuta eta Euskal Herria izena letra lodiz nabarmenduta ekarri ditugu hona.

ezen moien hunez Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian
[...]
batbederak daki Heuskal Herrian kuasi etxe batetik berzera ere minzatzeko maneran zer diferentia eta dibersitatea den
[...]
batez minzatzera erraiten da Heuskalerri guzian, gizonari, emazteari, haurrari: eta anhitzez minzatzera, Kuberoan eta aldirietan gizoner, emazter, haurer, eta berzetan, guk heuskarazko translatione hunetan usatu ukan dugun bezala gizonei, emaztei, haurrei, etc.
beti zagie laudatu
zegaiti dozun Euskel Erria
ainbat bentajaz dotadu.
[...]
zegaiti Euskel Errian dira
eder guztiok dotadu
[...]
zeñetan ditut ezautu
Euskel Erriau oi nola eben
errege batek pobladu.
Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira Euskal Herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan.

Sinboloak

Ikurrina da Euskal Herriaren bandera erabiliena. Luis eta Sabino Aranak asmatu zuten, 1894an, Bizkaiko bandera izan zedin, baina laster zabaldu zen Euskal Herriaren banderatzat[12]. Gaur egun, EAEko bandera ofiziala da, Espainiakoarekin eta tokian tokikoekin batera[13]. Ipar Euskal Herrian ikurrina oso hedatuta dago, eta agintariek onartuta, baina Nafarroan egoera bestelakoa da: 2003an, nafar gobernuak Ikurren Legea onartu zuen, ikurrina toki publikoetatik kentzeko asmoz.

Euskal herritar batzuek, hala ere, Nafarroako bandera (kate horiak hondo gorrian[14]) lurralde osorako proposatzen dute. Beste batzuek, berriz, Arrano Beltza darabilte Euskal Herriaren bandera gisa.

Armarritzat, aldiz, Zazpiak Bat delakoa oso zabalduta dago lurralde osoan. Udalbiltza erakundeak, adibidez, bere egin du.

Beste ikur bat ere bada: lauburua edo antzinako euskal gurutzea[15].

Geografia fisikoa

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko geografia fisikoa
Euskal Herriaren mapa fisikoa

Euskal Herriko geografia fisikoa oso aldakorra da, nahiz eta hedaduraz txikia den herrialde bat izan. Kostaldeko paisaia malkartsutik Bardeetako basamorturaino hedatzen da Euskal Herria eta bide horretan lautadak, mendilerroak eta bailara ugari ditu.

Kostaldea

Plentzian Butroe ibaia itsasoratzen da. Inguruak oso labartsuak dira, baina Butroek laugune bat sortzen du Plentzia eta Gorliz artean
Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko kostaldea

Bizkaiko Golkoan[16] , Euskal Herriak mutur batetik bestera 225 kilometroko kostaldea du, eta bertan, 104 hondartza inguru aurki daitezke. Bizkaia da kostalde luzeena duen euskal herrialdea: 108 kilometro, eta 35 hondartza. Gipuzkoak 84 kilometroko kostaldea du, eta 28 hondartza; eta Lapurdik, 33 kilometrotako kostaldea, eta 41 hondartza. Lapurdi da, beraz, kostalde laburrena izan arren, hondartza gehien duen herrialdea.

Euskal Herriko kostak hiru alde ezberdin ditu, ia-ia zuzenean Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugekin bat egiten dutenak. Bizkaiko kostaldea malkartsua da, baina oro har hondartza handiak ditu. Gainera, bi itsas-adar daude alde horretan: Ibaizabaleko itsasadarra eta Urdaibai.

Gipuzkoako kostak gorabehera handiagoak ditu, eta oro har hegiak handiagoak dira. Hondartza txikiagoak eta harritsuagoak daude Bizkaiko mugatik Zumaiaraino, eta hortik aurrera geroz eta luzeagoak diren hondartzak. Ibaien itsasoratzeetan estuario txikiak sortzen dira zenbaitetan (Oria), eta beste batzuetan itsasadarrak (Urumea, Bidasoa).

Lapurdiko kostaldea, azkenik, askoz lauagoa da. Hondartza geroz eta luzeagoak daude eta hegiak altuera txikikoak dira[17]. Bidasoa eta Atturri ibaiek urak hantxe isurtzen dituzte.


Mendiak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko mendiak
Ailuitz mendia, Bizkaian

Euskal Herria oso menditsua da. Mendilerro gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatzen dira. Arroka nagusia kareharria da, baina beste material batzuez osatutakorik ere badago; adibidez, Aiako Harria granitoz osatuta daude.

Mendirik altuenak Pirinioetan daude eta altuena Hiru Erregeen Mahaia da[18]. Mendilerro hura itsasoan bertan jaio eta ekialderantz igoz doa: 2.000 metrotik gora duen lehen mendia Orhi da[19].

Araba eta Nafarroako hegoaldean Kantauriar mendilerroaren ekialdeko muga dago. Kodes edo Toloño mendilerroak dira Kantauriar mendilerroaren parte[20].

Bi mendilerro garrantzitsuon artean Euskal mendiak daude: ekialde-mendebalde orientazio orokorra duten mendilerroak dira, adibidez, Urbasa, Andia, Aralar, Anbotoko mendilerroa, Ordunteko mendilerroa eta Aizkorri.

Ibaiak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ibaiak

Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duten ibaien artean luzeena (910 km)[21]. Europako Mendietan sortzen da eta Mediterraneo itsasoan isurtzen du bere emaria. Bide horretan, hainbat kilometroz Euskal Herriko hegoaldeko muga da, Araba eta Nafarroan. Beste ibai eta errekek bertara isurtzen dituzte urak, besteak beste, Zadorra, Baias, Ega eta Aragoi ibaiek[22]. Aragoi ibaiak Euskal Herrian zehar ibilbide luzeena egiten duena da, 192 km Esako urtegian jaio eta, Nafarroa Garaia zeharkatu ondoren, Ebro ibaira isuri arte.

Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik Aturri da luzeena eta ur emari handiena duena. Tourmalet inguruan jaiotzen denetik Baionan itsasoratu arte, 335 kilometro inguru zeharkatzen ditu, azken 30ak euskal lurretatik[23]. Bide luze hartan, Pirinioetan jaiotako hainbat ibai eta errekaren emaria jasotzen du (Biduze, Errobi, Harana...). Aturrik bezala, beste ibai askok ere Bizkaiko Golkoan isurtzen dituzte urak: Nerbioik, Bidasoak, Oriak, Debak, Urolak, Urumeak... Nerbioi ibaia da, hain zuzen ere, Bizkaiko Golkoan itsasoratzen direnen artean Euskal Herriko lurraldeetan ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km).

Euskal Herriak zazpi lurralde ditu. Haietako lau Hegoaldean daude, Espainiako Erreinuaren administraziopean, eta beste hirurak ipar-ekialdean, Frantses Errepublikaren administraziopean, Iparraldean. Hala ere, geografiari bagagozkio, datu hori ez da guztiz baliagarria: Bizkaia iparralderago dago Zuberoa baino.

Klima

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko klima

Klima ozeanikoa

Klima ozeanikoa Euskal Herrian.

Tenperatura: Klima honen ezaugarri nagusiena tenperaturaren ikuspuntutik bere leuntasuna da. Hilabete hotzenean batez-besteko tenperatura 4 eta 9 °C artekoa izaten da, hilabete beroenekoa aldiz 18 eta 21 °C artekoa. Honela, urteko batez-besteko tenperatura 11 eta 14 °C artekoa da. Hotzagoa ala beroagoa altitudea eta itsasoaren hurbiltasunaren araberakoa da. Izotzari dagokionez, 0 °C neurtzen diren egunak ez dira asko izaten kostaldean, urtean 10 egun baino gutxiago. Barnealdeko haranetan eta batez ere Sakanan eta toki hozpelenetan 50 egun baino gehiago ere izaten dituzte (esaterako Altsasuk 52 egun).

Prezipitazioa: Parametro honen ezaugarri nagusia bere erregulartasuna da. Urtaro guztietan ematen dira prezipitazioak eta ondorioz ez dago aro lehorrik. Klima ozeanikoa duten Euskal Herriko lurraldeetan 1000mm prezipitazio baino gehiago ematen dira urtean. Toki batzuetan askogatik gainditzen dira 1000mm horiek, esaterako Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan. Zonalde hau da Euskal Herriko ingurune hezeena eta Artikutzan esaterako urtean batez-beste 2500mm prezipitazio batzen dira.

Berezitasun Klimatikoa: Enbata: Bizkaiko Golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta gogorrari deitzen zaio. Haize mota hau bereziki udaberri eta udazken bitartean sortzen da.

Sakontzeko, irakurri: Enbata

Euskal Herrian klima mota hau kantauriar isuarialde osoan ematen da, baita Nafarroako Sakanan ere. Adibidez, Altsasun eta Biarritzen.

Klima mediterranearra

Klima mediterraniarra Euskal Herrian

Tenperatura: Euskal Herrian tenperatura amplitude handiena ematen den zonaldea da, hau da, neguak nahiko hotzak izaten dira batez-beste 5 °C-rekin hilabete hotzenean, udak aldiz, Euskal Herriko beroenak dira, hilabete beroeneko tenperaturak 22 °C baino altuagoak izanik. Urteko batez-besteko tenpreratura 13-14 °C ingurukoa da. Izotz egunak nahiko arruntak dira azarotik martxora eta urtean batez-beste 20-40 izotz egun izaten dira urtean.

Prezipitazioak: Euskal Herriko ingurunerik lehorrena da eta uda lehorra izaten dute. Urtaro hezeenak udaberria eta udazkena dira eta lehorrenak negua eta uda. Bereziki uda, tenperatura altuen eta prezipitazio eskasiaren eraginez lehortasuna areagotzen baita. Batez-beste 400mm prezipitazio izaten dira urtean.

Berezitasun klimatikoa: Ziertzo: Ebroko haranean ematen den ipar-mendebaldeko haize fresko bortitz bat da. Urteko edozein hilabetetan eman daiteke baina normalean neguan eta udaberrian azaltzen da.

Euskal Herrian klima mota hau Ebro isuarialdearen Hegoaldean ematen da, hau da Arabar Errioxan eta Nafarroan erriberan.

Mendialdeko klima

Tenperatura: Klima hotzena da guztietan. Urteko batez-besteko tenperatura 7-9 °C ingurukoa da. Neguan batez-besteko tenperatura 0 °C-tik behera kokatzen da eta udan 15-18 °C inguruan. Izotz egunak ere ugariak izaten dira, 100 egunetik gora toki askotan.

Prezipitazioak: Prezipitazioak ere ugariak dira. 1300-1700mm prezipitazio jasotzen dira batez-beste urtean, horietako asko gainera elur bezala neguan, batez-beste 20 egun baino gehiagotan. Ez dago urtaro lehorrik, nahiz eta udan prezipitazioak urriagoak izan.

Euskal Herrian, batez ere pirinio zonaldean daukagu klima hau. Baita ere, 2.mailako mendilerro batzuetan, hala nola, Aizkorri, Gorbea, Urkiola, Urbasa-Andia, Aralar, Kantauriar mendilerroa... besteak-beste.

Trantsizioko klima

Klima trantsizio eremua Euskal Herrian

Klima hau Cfb eta Csa artean ematen da. Iparraldetik hegoaldera egin ahala, prezipitazioak geroz eta urriagoak dira eta tenperaturak muturrekoagoak, hau da uda beroagoak eta negu hotzagoak, itsasoaren ahalmen termoerregulatzailearen eragina txikiagoa delako. Arabako lurralde gehienak eta Nafarroako erdialdeak dute klima hau.

Geografia politikoa

Datu orokorrak

Honakoak dira hiri handienen eta udalerri kopuruaren datuak:[1]

Herrialdea Azalera (km2) Hiriburua Udalerri kopurua
Euskal Herria 20.950,3 Iruñea 685
Araba 3.316,9 Gasteiz 53
Bizkaia 2.236,7 Bilbo 113
Gipuzkoa 1.980,3 Donostia 88
Lapurdi 855,7 Baiona 41
Nafarroa Beherea 1.325,2 Donibane Garazi 75
Nafarroa Garaia 10.421,0 Iruñea 272
Zuberoa 814,5 Maule-Lextarre 43

Egungo mugak

Hona hemen Euskal Herriko mugak: Samatze, Baxenabarren, iparraldean; Kortes, Nafarroan, hegoaldean; Lanestosa, Bizkaian, mendebalean; eta Eskiula, Zuberoan, ekialdean. Euskal Herriko erdigunea Beriain tontorra da, Andiako mendilerroan.

Kanpo mugei dagokienez, honako hauek ditu:

Zazpi herrialdeak edo probintziak

Kultura eta politika arloan erabiltzen den Euskal Herria kontzeptuari dagokionez, Trebiñu kokagunea Arabako zati da, eta Villaverde Turtzioz udalerria Bizkaikoa; beraz, mapa hauek ez datoz bat gaur egungo Administrazio banaketarekin. Mapa bakoitzaren azpian, herrialde bakoitzaren azalera eta 2006ko biztanle kopurua:[1]

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriaren banaketa administratiboa
Euskal Herriko banaketa

Espainiar administrazioaren pean daudenak:

Frantziar administrazioaren pean daudenak:

Gainera, Euskal Herriaren barruan Gaztela eta Leonek administratutako Trebiñuko konderria dago, eta Kantabriako administrazioak kudeatutako Turtziozko herria.

Udalerriak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko hiri nagusien zerrenda

Euskal udalerririk zabalena Baztan da 377,2 km²-ko azalerarekin. Herrialdeka, Gasteiz (276,8 km²) Araban, Karrantza (137,7 km²) Bizkaian, Larraine (126,8 km²) Zuberoan, Oñati (108,2 km²) Gipuzkoan, Hazparne (77 km²) Lapurdin eta Baigorri (69,4 km²) Nafarroa Beherean handienak dira.

Bestela, hamar euskal hiri nagusiak hauek dira, biztanleen kopuruaren arabera ordenaturik:[24][25]

  1. Bilbo: 354.860 biztanle (2008)
  2. Gasteiz: 235.661 biztanle (2009)
  3. Iruñea: 198.491 biztanle (2009)
  4. Donostia: 185.357 biztanle (2009)
  5. Barakaldo: 98.460 biztanle (2009)
  6. Getxo: 80.770 biztanle (2009)
  7. Irun: 60.951 biztanle (2009)
  8. Portugalete: 48.105 biztanle (2009)
  9. Santurtzi 46.978 biztanle (2009)
  10. Baiona: 45.696 biztanle (2007)

Demografia

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko demografia
Euskal Herriko udalerriak eta populazioa.

Datu demografiko orokorrak hauek dira:[1]

Herrialdea Urtea Biztanleria Biztanleria, % Dentsitatea
Euskal Herria 20061 3.005.670  % 100 143,5
Araba 2006 303.126  % 10,1 91,4
Bizkaia 2006 1.139.131  % 37,9 509,3
Gipuzkoa 2006 691.079  % 23,0 349,0
Lapurdi 2005 227.754  % 7,6 266,2
Nafarroa Beherea 2005 28.835  % 1,0 21,8
Nafarroa Garaia 2006 600.231  % 20,0 57,6
Zuberoa 2005 15.514  % 0,5 19,0

1 Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garairako, 2006ko datuak; eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako, 2005eko datuak.


Diaspora

Sakontzeko, irakurri: Euskal diaspora

Euskal diaspora Euskal Herritik at bizi diren euskaldunek zein hauen ondorengoek osatzen dute. Horietariko askok lotura berezia sentitzen dute euskaldunekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora honetako kide ugari hainbat belaunalditatik lurraldetik kanpo bizi badira ere. Hori dela eta, askok bizi diren herriaren eta euskalduntasunaren nortasunak partekatzen dituzte. Euskal diasporako gizatalde kopuru esanguratsuak Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira. Euskal etxeak dira munduko beste toki batzuetan bizi diren euskal hiritarrak eta euren ondorengoak biltzeko tokiak.

Erlijioak

Euskal Herriko erlijiorik hedatuena eta finkatuena katolizismoa da. Hala ere badaude hainbat gutxiengoen erlijio komunitate, 2010ean EAEn bakarrik 214 egoitzak zituztenak. Gutxiengoen artean sinesterik hedatuena kristau ebanjelikoena zen eta bigarrena Jehovaren Lekukoek osatzen zuten. Horien atzetik musulmanak, budistak, kristau ortodoxoak eta Zazpigarren eguneko eliza adbentista agertu ziren[26].

Historia

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko historia
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Euskal Herriko historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren influentzia jaso du herriak, zeltak, erromatarrak, frankoak, bisigodoak, musulmanak, gaztelarrak, ingelesak. Gaur egun Espainia eta Frantziaren artean kokatuta dago eta bi herri horien historiaren pasarteak jasan ditu. Bitarte horretan euskararen inguruan batzen den herrian Nafarroako Erresuma bezalako egitura politikoak egon ziren eta hainbat gerra, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen konpetentzia gatazkek sortuak.

Herri nekazari eta abeltzain bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.

Jada antzinaroan hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Luigi Luca Cavalli-Sforzaren arabera euskaldunak omen dira Paleolitotik geratzen diren europar herri bakarra, genetika eta linguistika ikerketen arabera. Garrantzi berezia du horretan Euskal-Akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzantza eta nekazaritza agertu ziren eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki (trikuharriak, esaterako).

Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak ireki. Urte haietan jada, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.

Erromatar inperioaren gainbeheran, euskaldunek bat egiten zuten bisigodoekin eta bagaudak antolatu. Godo eta frankoek ez zituzten guztiz garaitu, behin eta berriz saiatu arren. VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta Kordobako kaliferriaren esku utzi zuten Euskal Herriko hegoaldeko zati batzuk. Garaiko baskoi buruzagiek harreman ona izan zuten eurekin eta batez ere Banu Qasi familiarekin. Eneko Aritza ere haien senide izan zen.

Nafarroako Erresuma izan zen Euskal Herria Pirineoen bi aldeak elkartzeko gai izan zen entitate politiko bakarra. Erresuma Antso III.a Nagusiaren erregealdian iritsi zen hedadurarik handienera. Lurralde euskaldunak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera, baina erregea hil ostean banatu egin zen. 1511. Gaztelako koroak Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Altxamenduak egon baziren ere (Noaingo gudua, Amaiurko gudua), Gaztela garaile atera zen, baina Nafarroa Behereak independente segitu zuen, eta geroago Frantziako koroan sartu zen. Antso III.a.ren garaiaz geroztik, ez da zazpi lurraldeak batera gobernatu dituen gobernurik izan.

XVI. mendetik aurrera konstanteak izan ziren Foruen defentsan eginiko borrokak. Horietatik garrantzitsuenak karlistadak edo zamakolada eta gamazada altxamenduak izan ziren. Dena den, haien atzean ez zegoen independentzia aldarrikapena bakarrik, baizik eta motibazio erlijiosoak eta monarkikoak batzen ziren Foruen defentsarekin. Antzinako ekonomia sistema babesteko hainbat matxinada ere izan ziren Euskal Herrian. 1798an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen.

Euskal abertzaletasuna XX. mendearen hasieran hasi zen, euskal nazioa lortu nahian. Euskal nortasun kolektiboa eratzeko sortutako literatura legendarioan oinarritutako historiaren berrinterpretazioa egin zuten lehen abertzaleek, ideia nagusi bat sortzeko asmoarekin: antzinan Euskal Herria independientea izan zela eta euskal estatu horren independentzia Espainiaren inbasioen ondorioz galdu zela. XX. mendea aurreratu ahala eta batez ere 1980ko hamarkadatik aurrera, ideia horien guzti horien berrikuntza egon zen, inoiz egon den euskal estatuaren pareko Nafarroako Erreinua aldarrikatuz.

1980ko hamarkadan, Espainiak autonomia ezarri zuen berriro ere, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) sortu zen, II. Errepublikan gertatutakoaren antzera. Euskal abertzaleen nahien aurka, Nafarroa Hegoaldeko beste hiru lurraldeetatik bereizita dago oraindik ere. Horrez gain, bi erkidegootako administrazioen arteko laguntasuna ez da handia eta haien arteko desberdintasun politikoa nabaria da: EAEn abertzaleen botoen baturak gehiengo absolutua hartzen du; Nafarroan, aldiz, gehiengoa PSOEk eta UPNk alderdi ez abertzaleek dute.

XX. mendean Euskal Herriak bi mundu gerra eta gerra zibil bat jasan ditu eta euren eragina handia izan da politika eta jendarte mugimenduetan.

Politika

Euskal Herriko biztanleria, euskal nortasunarekiko atxikimendu ehunekoen arabera.

Euskal Herriko politika euskal herritar abertzale / ez abertzale (edo euskal herritar nazionalista / espainiar edo frantses nazionalista) ardatzak definitzen du, Hego Euskal Herrian batez ere. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herria egituratzeari edo naziotzat onartzeari buruzko ikuspegiaren arabera bereizten dira. Horrek alderdi anitzeko sistema politiko konplexua sortu du.

Euskal Herriko alderdi politikoak



Euskal Herriko administrazio erakunde nagusiak

Kultura

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko hizkuntzak
Euskararen ezagutza portentaiak, udalerriaren arabera.

Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira.

Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.

Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: EAEn, koofiziala da hiru probintzietan; Nafarroan, koofiziala "eremu euskaldun" delakoan bakarrik, erdi ofiziala "eremu mistoan" eta ez ofiziala "eremu erdaldunean"; Ipar Euskal Herrian, ez dauka ofizialtasun estatusik.

Bestalde, Euskal Herriko ijitoak erromintxela izeneko romaniaren aldaeraz mintzatzen ziren, eta gaur egun arrasto batzuk geratzen dira oraindik.

Literatura

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko literaturak eta Euskal literatura

Euskal literaturan, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae (1545) da libururik zaharrena, eta geroxeagokoa dugu Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua. Beste euskal idazle klasikoen artean, aipagarri dira "Axular" XVII. mendean, Txomin Agirre eta Juan Antonio Mogel (XIX.enean) eta Gabriel Aresti, Xabier Lizardi eta "Lauaxeta" (XX.enean). Egile garaikiderik ospetsuena, aldiz, Bernardo Atxaga dugu, bere lanak hainbat hizkuntzatara itzulita argitaratu baitizkiote.

Euskal Herriko erdal literaturetan ere baditugu egile handien izenak. Gaztelaniaz idatzita famatu dira, izan ere, Felix Maria Samaniego, Miguel de Unamuno, Pio Baroja eta Gabriel Zelaia. Eta, hebreeraz, Benjamin Tuterakoa.

Musika

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko musika

Euskal Herriko musika anitza da eta hainbat hizkuntzatan egiten da. Musika klasikoari dagokionez Juan Crisostomo Arriaga ("Los esclavos felices"), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usandizaga ("Mendi-Mendiyan"), Jesus Guridi ("Amaya", "Diez melodias vascas" eta "El caserio") eta Francisco Escudero moduko musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak.

Bestela, Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak mundu osoan dira ezagunak, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere. Arlo horretan, Juan Mari Beltran musikaria aditu handienetakoa da. Izan ere, Oiartzunen antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia.

Musika tradizionalean hainbat instrumentu erabiltzen dira, Alboka, Panderoa, Trikitixa, Txalaparta, Txistua, Txirula eta ttun-ttuna gisa. Folk musikan ere badira nahiko ezagunak diren taldeak, Oskorri eta Tapia eta Leturia kasu. Azken urteetan gorakada nabarmena jaso du musika mota honek Kepa Junkera bezalako musikarien lana dela eta. 1970eko hamarkadan Ez Dok Amairu mugimenduari lotutako hainbat abeslari ere egon ziren, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kasu.

Musika garaikideari dagokionez Euskal Rock Radikalak garrantzi handia izan zuen eta oraindik ere badu. Talde aipagarriak izan dira Euskal Rock Radikalaren etiketapean Barricada, Eskorbuto, Hertzainak, Kortatu, La Polla Records eta RIP, besteak beste. Denboran geroagokoak eta estiloz zabalagoak dira Berri Txarrak, Betagarri, Kuraia, Fermin Muguruza bera, Negu Gorriak eta Zea Mays.

Zinema

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko zinema

Euskal Herriko zineman erdaraz egiten da gehienbat. Euskarazko filmak gutxi dira, eta gehienak haurrentzat eginak. Azken urteotan, Aupa Etxebeste!, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Eutsi! izan dira euskal film luze aipagarrienetakoak.

Euskal Herriko zuzendarien artean, ezagunak dira Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia, Julio Medem eta Imanol Uribe, besteak beste.

Antzerkia

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko antzerkia

Gastronomia

Sakontzeko, irakurri: Euskal sukaldaritza

Euskal Herria ezaguna da bere gastronomia dela eta. Restaurant aldizkariak 2008ko munduko 50 jatetxe onenen eginiko zerrendan, lau jatetxe euskaldun agertu ziren: Mugaritz (4. postuan), Arzak (8. postuan), Martin Berasategi (29. postuan) eta Etxebarri erretegia (44. postuan).[27]

Platerak

Ardoak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ardoak
Euskal Herriko ardoen mapa

Euskal Herrian 6 ardo izendapen berezi daude. Horietako batek, Nafarroako Ardoak 5 azpizonaldetan banatzen da. Araban Errioxako Ardoa eta Arabako Txakolina ekoizten dira. Bizkaian Bizkaiko Txakolina eta Gipuzkoan Getariako Txakolina. Nafarroa Beherean Irulegiko Arnoa ekoizten da eta Nafarroa Garaian Errioxako Ardoa egiteaz gain Nafarroako Ardoaren bost eskualdeak daude: (Behe Mendialdea, Lizarraldea, Valdizarbe, Behe Erribera eta Goi Erribera).

Hezkuntza

Sakontzeko, irakurri: Hezkuntza Euskal Herrian

Euskal Herrian bi hezkuntza sistema ezberdin daude, Espainia eta Frantziakoa. Gainera Hego Euskal Herrian EAE eta Nafarroak hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena dute. Euskal Herri osoan ikastolak dira euskaraz irakasteko zentroak, nahiz eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean eta Eskualde Mistoan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza publikoan ere euskara ikas daitekeen D ereduan.

B eredua eta gisa bereko eredu elebidunak badira hainbat ikastetxetan, adibidez Ipar Euskal Herriko Ikas-bi zentroetan. A ereduak gazteleraz ematen du irakaskuntza osoa, baina euskara ikasgai bat da. Eredu hau ofizialki Euskal Autonomia Erkidego osoan eta Nafarroa ia osoan har daiteke. Azkenik G eredua ere existitzen da, non euskara ere ez den ikasgai bat. Eredu hau edo baliokide bat Trebiñun, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta Nafarroako Eskualde Ez-euskaldunean ematen da.

Curriculumari dagokionez, hezkuntza ezberdina ematen da Frantzian eta Espainian. Horrez gain Frantziako ikastetxeek %10a herriko gaietara moldatu ahal dute. Espainian berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoek %55a finkatu ahal dute, nahiz eta guztiz ez den erabiltzen. EAEn gainera Euskal Autonomia Erkidegorako Euskal Curriculuma izeneko dekretua ere legezkoa da, Euskal Curriculuma eta Espainiako LOEren arteko nahaste bat da.

Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zentro publiko nagusia. Deustuko Unibertsitatea, ordea, pribatu nagusia da, Bizkaian batez ere. Gipuzkoan, Mondragon Unibertsitatea zentro pribatua da. Nafarroan, Unibertsitate publiko eta pribatua daude. Ipar Euskal Herrian Universite de Pau et Pays de l'Adour unibertsitateak kanpusak ditu BABen. Lurralde osorako, Udako Euskal Unibertsitateak irakasten du euskaraz, eta Euskal Unibertsitatea izeneko egitasmoak 2010eko hamarkadan guztiz euskaraz funtzionatuko duen goi mailako hezkuntza eman nahi du.

Mitologia

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko mitologia

Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: Batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu duten ohitura askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: udako solstizioa = Donibane jaia (Done Ibane edo San Joan santuaren izenetik), jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.

Euskal Herriko mitologiaren pertsonai, jainko-jainkosa, konadiren, sinesmen eta abarren "korpusa" oso zabala da.

Onomastika

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko onomastika

Onomastikaren arloan, aipagarria da euskal toponimia eta antroponimiaren arteko loturak, emakumezkoen izenen artean lurraldez lurralde hainbat adibide ditugularik. Nafarroa da herrialderik emankorrena esparru honetan, Leire, Iratxe, Idoia, Alaitz, Nagore, Saioa, Uxue, Eunate, Irantzu, Puy eta Orreaga izenekin. Ipar Euskal Herrikoak ditugu, bertzela, Ainhoa eta Garazi arrakastatsuak, eta Nafarroarekin batera Irati eta Zuberoa elkar banatzen ditu. Gipuzkoa ere emankorra da toponimoetatik etorritako izenei dagokienez eta Arantza(zu), Itziar, Olatz, Dorleta, Aloña eta Larraitz eman dizkigu. Azkenik, Bizkaiko Begoña, Udiarraga eta Ziortza eta Arabako Estibalitz ditugu.

Zerbitzuak

Erietxeak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ospitaleak

Arlo publikoan, zentro handien artean nabarmentzekoak dira Gurutzetako Ospitalea (Barakaldo) eta Donostia Ospitalea, biak ala biak Osakidetzakoak.

Bestela, erietxe pribaturik ezagunena, baita Euskal Herritik kanpo ere, Klinika Unibertsitarioa da, eta Iruñean dago.

Garraiobideak

Hedabideak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko hedabideak

Euskarazkoen artean, ETB 1 da lurralde osoan zabalduta dagoen telebista bakarra, eta tokian tokiko beste kate batzuk ere badaude. Irrati kateei dagokienez, Euskadi Irratia (informazio orokorra), Gaztea (musika), Gure Irratia (Ipar Euskal Herrian), Bizkaia Irratia (mendebaleko euskaraz) eta Euskalerria irratia (Nafarroan) ditugu.

Gaztelaniazko telebista nagusiak Telecinco, Antena 3, Televisión Española (bi kate), Cuatro, La Sexta eta ETB 2 dira. Radio Euskadi eta Radio Vitoria gaztelania hutsezko irratiak dira; Herri Irratia elebiduna eta Info7 hirueleduna. TF1, France 2, France 3, France 5, M6 eta Arte dira frantsesezkoak.

Egunkariei dagokienez, Berria da euskaraz eta Euskal Herri osoan argitaratzen den bakarra. Gara lurralde osoan ere hedatuta dago eta nagusiki gaztelaniaz egina da. Ipar Euskal Herrian, Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest ditugu. Probintziaz probintzia, hauexek dira irakurrienak: El Correo Español (Bizkaian eta Araban), El Diario Vasco (Gipuzkoan), Diario de Navarra (Nafarroan) eta Sud Ouest ( Ipar euskal herrian).

Kirolak

Pilota

Sakontzeko, irakurri: Pilota

Euskal Herria munduko hainbat bazterretan famatu du pilota jokoak. Izan ere, hemen sortutako joko horren pilota izenari, erdara askotan, euskal herritar abizena jartzen diote: Basque pelota ingelesez, pelota vasca gaztelaniaz, pelote basque frantsesez, pilota basca katalanez, pelota basca portugesez.

Munduan barrena, zesta punta modalitatea da ospetsuena.

Herri kirolak

Sakontzeko, irakurri: Herri kirol

Herri kirolak, Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie. Hauetako asko hemen sortuak eta bereziak dira. Herri kirol askoren jatorria, garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da. Baserritarrek, arrantzaleek edo artisauek nahitaez egin behar zituzten eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin. Halakoak ditugu aizkora proba, traineru estropadak, harri zulaketa, sokatira edo harri jasotzea.

Euskal Herriko selekzioak

Sakontzeko, irakurri: ESAIT eta Euskal Herriko futbol selekzioa

ESAIT edo Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea euskal selekzioen aldeko taldea da. Batez ere futbolean nabarmendu da azken urteetan Euskal Herriko selekzioaren aldeko lana, baina beste kirol batzuetan Euskal Herriak badu selekzio ofiziala, hala nola segalaritzan edo wushu-kungfuan.

Euskal herritar ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko pertsona ezagunak

Euskal Herriko hainbat gizon-emakume ezagunak dira mundu osoan:

Erreferentziak

  1. a b c d Euskal Herriko Datuen Talaia webgunetik jasotako datuak. Arabako datuetan, sartuta daude Trebiñukoak; eta Bizkaikoetan, Villaverde Turtziozkoak.
  2. Joanes Etxeberri, «Etxeberri Sarakoa»: Eskuararen hatsapenak (c. 1718)
  3. Euskaltzaindiaren 139. araua, 2004ko uztailaren 23koa: «Euskal Herria izena».
  4. «Euskadi: Euskal nazioaren izen politikoa, Euskal Herria adierazten duena. Sabino Aranak euzko + di etimologia okerrean oinarrituta asmatu zuen. Berez, Euskal Herria hitzaren sinonimoa da eta euskal lurralde historiko guztiak batera adierazteko balio du. Alabaina, maiz samar, jatorrizko adiera murrizturik, Hego Euskal Herria edo Euskal Autonomi Elkartea izendatzeko erabili ohi da. Adiera desegoki hauek direla eta, Euskadiren jatorrizko adiera garbi azaldu nahi denean, Euskadi ez eta Euskal Herria erabiltzen da gaur egun gero eta gehiago.»
    Iturria: Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, «Euskadi» sarrera.
  5. «Euskadi, abertzaleontzat, Euskal Herriari datxekion Euskal Estatua da. Euskadi Ta Askatasuna ez da inoiz izan Provincias Vascongadas y Libertad
    Txillardegi: «Zientzia eta mapak», Berria, 2010-10-03.
  6. (Euskaraz) Autonomia Estatutuaren testua, Eusko Jaurlaritza, http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-2312/eu/contenidos/informacion/estatuto_guernica/eu_455/estatu_com_e.html 
  7. "El término "Euskal Herria" en el decreto educativo de Ibarretxe "vulnera" la realidad de Navarra", Gara, 2010eko otsailaren 4a, http://www.diariodenavarra.es/20100204/navarra/el-termino-euskal-herria-decreto-educativo-ibarretxe-vulnera-realidad-navarra.html?not=2010020402345995&dia=20100204&seccion=navarra&seccion2=politica 
  8. (Euskaraz) Berria.info (2010-01-07)
  9. Klasikoen Gordailua, 2005, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria. [Edizioa, grafia eguneratuta, online].
  10. Klasikoen Gordailua, 2004, Eskuizkribua. Joan Perez de Lazarraga. [Edizioa, grafia eguneratuta, online.]
  11. Klasikoen Gordailua, 2005, Gero. [Edizioa, grafia eguneratuta, online.]
  12. Arana, Luis (1930), Las banderas de los ex-Estados históricos vascos o regiones autónomas, Apuntes para la historia del nacionalismo vasco, http://www.euskadi.net/q56/q56ControladorServlet?mapping=fichaMonografia.do&idLibro=09600046421 
  13. Flags of the World, Basque Country (Spain), http://flagspot.net/flags/es-pv.html 
  14. Menendez Pidal, Faustino; Martínez de Aguirre, Javier (2000), «Para saber más». El Escudo de Armas de Navarra, Nafarroako Gobernua, ISBN 84-235-2016-1 
  15. Auñamendi Eusko Entziklopedia (Euskaraz), Lauburua, http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee87432 
  16. Limits of Oceans and Seas, 3rd edition + corrections, International Hydrographic Organization, 1971, 42. or., http://www.iho-ohi.net/iho_pubs/standard/S-23/S23_1953.pdf 
  17. (Euskaraz) (Frantsesez) Euskal kostaldea (Hondartzak eta irlak)
  18. Mendikat (Gaztelaniaz), Hiru Erregeen Mahaia, http://www.mendikat.net/monte.php?numero=937 
  19. Lobera, Joseba (2009-10-5), "Una pirámide sobre Navarra", El Correo, http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/ocio/excursiones/200207/06/salazar.html 
  20. Euskal Mendiak: Euskal Herriko mendiei buruzko webgunea
  21. (Gaztelaniaz) Navarra: Hidrografía, Auñamendi eusko entziklopedia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0159.pdf. Eskuratze data: 2010-10-22 
  22. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa
  23. Sandre datu-basea: Adour
  24. (Gaztelaniaz) INEren webgune ofiziala.
  25. (Frantsesez) INSEEren webgune ofiziala.
  26. Maruri, Ibai (2011-02-24), "Gutxiengoen erlijio komunitateek 214 egoitza dituzte EAEn", Berria, http://paperekoa.berria.info/harian/2011-02-24/010/001/gutxiengoen_erlijio_komunitateek_214_egoitza_dituzte_eaen.htm 
  27. World's 50 Best Restaurants

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herria
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Euskal Herria
Wikiztegia
Wikiztegian orri bat dago honi buruz:
Euskal Herria

Koordenatuak: 42°52′56″N 1°55′2″W / 42.88222°N 1.91722°W / 42.88222; -1.91722

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Tresnak
Beste hizkuntzak