Langune elkartea sortu da

Urt. 31, 2010, 9:45 p.m.  ¦ 

Joan zen asteartean hitzordua izan genuen Donostian: Langune elkartea sortu zen, Hizkuntza Industrien Elkartea. Ibaetako kanpusean hainbat elkarte, erakunde eta enpresetako ordezkariak elkartu ginen eta elkartearen sortze-batzarra eta ez-ohiko batzar orokorra izan genituen.

2010eko urtarrilaren 26a, martitzena, arratsaldeko 3etan, Donostiako EHUko Jose Mari Korta eraikinean. Hantxe bildu ginen Euskal Herriko 23 erakunde, elkarte eta enpresa. Asmoa, Langune sortzea, Hizkuntza Industrien Elkartea Euskal Herrian (gaztelaniazko izena ere badauka: Asociación de Industrias de la Lengua en el País Vasco). Helburu nagusia da, hizkuntzarekin lan egiten dugun eragileen arteko elkarte bat sortzea, indarrak batzeko, eragileak dinamizatzeko, sektorea bultzatzeko, eta abar.

Oraingoz 23 erakunde, enpresa eta elkarte izango gara Languneko kide: Erein, Asmoz Fundazioa (Eusko Ikaskuntza), Elkar, Rec Grabaketa Estudioa, Tecnalia, UZEI, Ametsagaiña, Codesyntax, Bitez, Mara-mara, Anboto, Plazagunea, Elhuyar Fundazioa, Tekniker, Aholab (EHU), Gizerbitek, Huhezi, Pausumedia, Emun, Alberdania, Tisa, Lacunza, eta Badihardugu Euskara Elkartea. Laster beste zenbait ere sartuko omen dira (tartean, Vicomtech, AEK eta EIZIE).

Asteartean ez-ohiko batzar orokorra egin zen, sortze akta egin eta lehenengo batzar orokorra egin genuen. Zuzendaritza ere erabaki zen (ekainera arte behin-behineko zuzendaritza bat izango da, orain arte ere azken hilabeteetan elkartea sortzeko urratsak ematen aritu den lantalde bera):

Langune elkartearen sorrera-ekitaldia

Aste honetan sortu da elkartea, baina elkartearen sorrera ez da egun batetik bestera gertatu, jakina. Azken urte honetan lantalde bat aritu da lehenengo urratsak ematen, sektorearen beharrak eta irtenbideak aztertzen, elkartearen izaera eta antolaketa aztertzen... Lantalde horretan jardun duten eragile nagusiak izan ziren proiektuaren berri eman zutenak. 

Lehenengo Josu Waliño izan zen hitz egin zuena.Azken urtean egindako lanak zerrendatu zituen:

  • Sektorearen azterketa egin zuten Gipuzkoan (egungo egoera eta 2015 urterako aurreikuspena)
  • Sozializazio lana egin zuten (Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin)
  • Eta elkartea sortzeko aurrelanak burutu dituzte. Oraingoz elkarte bat sortu nahi da, baina precluster izaera izango duena, urte batzuk barru Cluster bilakatzeko.

Ondoren 2010erako egitasmoa azaldu zuen. Erronka nagusiak:

  • plan estrategikoa egitea (2010-2013),
  • precluster egoera lortzea,
  • sozializazio lana administrazioan eta eragileen artean,
  • eta bazkide berriak lortzea.

Ondoren, Andoni Sagarnak Elkartearen oinarriak azaldu zituen. Zergatik eta zertarako sortu den elkartea. Labur esanda, indarrak batuz masa kritikoa eta ikusgarritasuna lortzeko sektore emergente honetan. Besteak beste:

  • eragileak dinamizatzeko
  • elkarlana bultzatzeko
  • europan erreferentzia izango den hizkuntzen industria garatzeko bidean esfortzuak ez biderkatzeko eta sinergiak lortzeko
  • sektoreko lidergoa izateko
  • eta administrazioarekin koordinatzeko

Albiste ona, beraz, hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat. Langune elkarteak gorputza eta bultzada emango die gure proiektu eta egitasmoei.

Argazki gutxi batzuk gehiago Badihardugu elkartearen Flickr kontuan.