Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren , Energiaren Euskal Erakundearen, eta Energia Klusterra izan dira Euskadiko ordezkari nagusiak All-Energy azokan. Eskoziako Aberdeen hirian, maiatzaren 18 eta 19an, eratu den azokan. Besteak beste, puntako zortzi euskal enpresa teknologiko bertan izan dira, garatzen hasi berri den alor horretan Euskadik duen lehiakortasun maila handia erakutsiz, hain zuzen ere.
Aberdeengo azokan, BECekin batera, Tecnalia, Oceantec, Sener, Elecnor eta Zigor Corporación euskal enpresa teknologikoak izan dira. Hori horrela, Eskoziako herri horretan, maiatzaren 18 eta 19an, Energia Berriztagarriei Buruzko Nazioarteko Azokan (All Energy) Euskadiko enpresen parte hartzea esanguratsua izan da.
Euskal enpresa horiek guztiak estand berean izan dira, itsas-teknologiak erakusteko eta ikertzeko bimep proiektuaren babespean antolatuko den erakustokian, hain zuzen ere; bertan erakutsi dute haien ahalmen eta espezializazio maila handia. Hala, Euskadin itsas-energiak garatzeko ekimen nagusi den bimep proiektu horren bidez, aukera ezin hobea izan dute euskal enpresek euren know how espezialdua bertan agertarazteko.
Partekatutako estand horren bitartez, Euskadik eta euskal enpresek itsas-energiaren alorrean duten ahalmena erakutsi eta zabaldu nahi izan da; izan ere, Basque Country, a sea of Energy izenburupean, azokan izan diren euskal enpresek itsas-energiaren inguruan garatzen ari diren puntako egitasmoak erakusteko parada izan dute, enpresa horien ahalmen teknologiko eta logistikoen erakusle diren proiektuak erakutsiz.
Euskadiren ahalmena itsas energiaren alorrean
Europan itsas energiaren arloan diren egitasmo nagusien artean, Euskadin honako bi hauek ditugu: alde batetik, Mutrikuko olatuak ustiatzeko instalazioa; eta bestetik, itsas energiak ikertzea xede duen bimep proiektua. Bi egitasmo horiek punta-puntakoak dira alor horretan Europa osoan eta Euskadi itsas energiaren garapenaren lidergoan jartzen dute.
Mutrikuko itsas instalazioa, funtsean, olatuen energia ustiatzeko instalazio erakuslea da. Gipuzkoako herri horretako portua babesteko egindako dike berrian kokatutako instalazio horrek energia sortuko du bertara helduko diren olatuez baliaturik; zehazki, jatorri berriztagarria izango duen energia elektrikoa sortuko du Gaur egun amaituta dagoen instalazio horrek, turbinak jarri eta sarera konektatu eta gero, laster proba faseari ekingo dio, luze gabe martxan jartzeko behin betiko. Aurreikuspenen arabera, urtean 600.000 kWh ekoitziko ditu, hau da, urtean 600 pertsonari elektrizitatez hornitzeko beste energia.
Bestetik, gauzatzen ari den bimep egitasmoa dugu, itsaso zabalean olatuak kaptatzeko gailuak ikertu, probatu eta ustiatzeko itsas azpiegitura garrantzitsuenetarikoa dena Europan. Izan ere, bimepek mundu osoko enpresa teknologikoen olatuen kaptadoreen prototipoak eta diseinuak hartuko ditu, bertan benetako egoeran probatzeko. Horren ondorioz, itsas energiaren alorrean aurrerapauso teknologikoak emango dira eta know how esparruan aurrera egingo da.