______________________________________________________________________________________________________________________________________________________
 
 
 
 
       
     
 
 hasikera >bizkaiera-euskalkia

  Sarrerea Geografia eta historia Sarrerea Historia eta iturriak
  Fonetikea eta Fonologia Mendebaldeko bizkaierea Fonetikea eta Fonologia
  Izen Morfologia Ekialdeko edo Markinako bizkaierea Izen morfologia
  Aditz Morfologia Gipuzkoako bizkaierea Aditz morfologia
  Sintaxia   Sintaxia
  Lexikoa    



 
 
 BIZKAIERA ZAHARRA

 Historia eta Iturriak

Ganerako euskalkien artean bizkaierea mutur baten kokatua dago. Horrezaz ganera, bizkaiereari beti pertsonalidade berezia autortu izan jako. Hori dala eta, batzuek pentsau izan dabe euskereak, funtsean, euskalki bi zituala: bizkaierea, alde batetik, eta ekialdeko euskalkia bestetik. Horregaitik oso interesgarria da bizkaierea lehenengo testuetan zelakoa zan ikertzea, behar dan moduan konprobetako betidanik egon diran euskalkien arteko diferentziak edota, gehienbat, azkeneko gizaldiotan areagotu diranak.
Joseba Andoni Lakarrak egindako ikerketen arabera, bizkaierea ez da, eta batez be, ez zan, hain ezbardina lehenago kontrakoa pentsau arren. Ikusiko dogunez, azken mendeotan diferentziak handitzen doaz. Alde batetik, euskalkietan aukeraketa ezbardinak egin diralako (aditz laguntzaileetan batzuetan egin, besteetan *ezan), edo barrikuntzak ezarri diralako (s/z nahastea), edo arkaismoek euskalki batzuetan gehiago iraun dabelako. Horregaitik, orain mende batzuk euskalkiak alkarrengandik hurrago egozala esan daiteke.

________________________________________________


 Fonetikea eta Fonologia

 Bokalak

1. Sudurkaritzea zan nagusi bizkaiera zaharrean, jatorrizko -n- bat galdu ondoren. Fenomeno hau ezaguna dogu ekialdean be: zubereraz eta erronkarieraz.

________________________________________________

 Kontsonanteak

1. Gaur egun txistukariak nahastetea jokera nagusia baldin bada be, bizkaiera zaharrean egoerea bestelakoa zan. Testu zaharrei begira ikusten da barrikuntza hau mendebaldeko bizkaieran hasi zala eta hortik joan zala ekialderuntz zabaltzen. Gaur, Bizkaian leku guztietan gertetan da hori, eta Gipuzkoan be zabal-zabal dabil.

________________________________________________

 Izen morfologia

 Deklinabidea

1. Ablatiboa -rean be egiten zan. Hau, Bizkaitik kanpora, Araban baino ez da topau agirietan, eta han edo hemengo esapide batzuetan: cerurean ('zerutik').

2. Ablatiborako be erabilten ziran -tik, eta -ik. Lehenengoa ezin zan erabili bizidunakaz eta, kasu gitxiagotan, ez zan erabilten izen propioakaz eta denporazko kutsua eukanean.

3. -ik zabaltzen joan zan eta -reanik lako pleonasmoak sortu ziran.

4. -ti agertzen da bizkaiera zaharrean ablatibo lez, eta honetan bat dator zubereragaz. Euskera zaharraren ezaugarri bat da, bi muturretan gorde dana.

5. -ren genitiboa konparazinoetan erabilten zan, Erronkariko euskeran lez: atorren baxen urrago narrua.

6. Objektu zuzena genitiboan agertu eitekean, gaur egun ekialdean lez: mairuen zaticen.

7. -gaz erabilten da soziatiboa adierazoteko. Hau da bizkaiereak daukan atzizkirik markagarrienetako bat. Bizkaiera zaharrean biak erabilten ziran baina -gaz gehiago, gaur egungo bizkaieran lez.

8. Koordinazino soziatiboa: ene veguiacaz vioceen artean, hau da, 'ene begi eta bihotzen artean'. Hau bizkaiera zaharrean dokumentetan da, eta bai beste euskalki zaharretan be.

________________________________________________

 Aditz morfologia

 Aditz Jokoa

1. Etorkizunezko inperatiboa. Hemen bizkaiereak euskera zaharraren ezaugarri bat gorde dau, antzeko egiturak beste euskalkietako testu zaharretan be badagozalako: eikezu (etorkizuna), egizu (orainaldia).

2. Bizkaiera zaharrean eta barrian -a-, -e- oposizinoak aditzean adizki bipertsonalak (a) eta hirupertsonalak (e) bereiztuten ditu. Hau ez da oso garbi ikusten beste euskalkietan.

3. -zu erabilten zan 'zuek' adierazoteko, euskera zaharrean lez, baina bizkaieraz ganerako euskalkietan baino gehiago iraun eban ezaugarri honek.

4. Aoristoaren usadioa dokumentauta dago bizkaiera zaharreko testuetan: Erioac ereçan Butroeco alabea Plencian. Beraz, *ezan, *edin eta egin laguntzaileek bestelako balioa eukien lehenaldian, baina gero galdu egin ziran euskalki guztietan.

5. Eroan eta joan erabili ziran laguntzaile lez, gaur be egiten dan moduan. Fenomeno hau beste euskalkietan be topau geinke.

6. Egin eta *ezan laguntzaileak izan ziran aspaldidanik eta funtzino oso antzekoak ebezan. Gero euskalki batzuek bat aukeratu eben, eta bestea besteek. Bizkaiera barrian eta zaharrean, egin laguntzaile nagusia dan arren, bizkaiera zaharrean *ezan be erabilten zan.

7. Euskeraz aditz jokoan datiboa adierazoteko di-, deu- eta derau- formak erabilten dira; Bizkaian, deu- da formarik erabiliena. Goi nafarrereak eta gipuzkereak sistemea murriztu eben eta di- bakarrik aukeratu eben, eta gainerakoetan di-z ganera beste bati eutsi eutsien: deu- bizkaieraz eta derau- ekialdean.

8. Pluraleko hirugarren pertsonea adierazoteko, nork zutabean, e- zan euskera zaharrean. Gaur egun holan da bizkaieraz, baina beste euskalki batzuetan -t- erantsi deutse (bizkaiera: dabe (<daue); batua: dute).

9. Lehenaldian -n agertzen da aditz formetan, baina mendebaldeko euskera zaharrean falta da: etorri sirea 'etorri ziran'. Ezaugarri hau Nafarraoko euskeran be antzematen da: galdu nue.

10. Aditzaren eta objektuaren arteko komunztadurea falta da bizkaieraz eta fenomenoa oso zaharra da hemen, baina, barrikuntza hau beste euskalkietan be ezaguna da. Dana dala, bizkaiera osoan ez da agertzen.


________________________________________________


 Partizipio burutua -atu, -adu, -idu

1. Gaur egun partizipio burutua erabilten da mendebaldeko euskalkietan inperatibo eta subjuntiboagaz, eta ekialdekoetan, barriz, aditz oina. Bizkaiera zaharrean, barriz, dokumentauta dago ekialdeko erabilerea: gal didila. Beraz, barrikuntzea da bizkaieraz jazo dana.

2. Bizkaiera zaharrean agertzen da, barrian lez, -adu formea partizipioak egiteko. Ezaugarri hau gipuzkerearena be izango litzateke: Goierrin, Zarautzen eta Urolaldean.

________________________________________________

 Partizipio burutu bakoa. -iten, -tzen, -etan

1. -(k)eta erabilten zan aditzaren izenkiak sortzeko, eta honetan bat dator Erronkariko euskalkiagaz. Oraingoan be, euskera zaharraren ezaugarri argia agiri da bizkaieraz.
    

________________________________________________

 Sintaxia

 Perpaus konposau

1. Gaur egun -bait batez be ekialdean erabilten da, baina bizkaiera zaharrean be topauko dogu. Geroago galdu egin zan hemen eta gipuzkeran.
    

________________________________________________