Udal Komunikazioaz

Udal Komunikazioa gobernuen komunikazioaren esparruan kokatzen da. Hemen udalari buruz esango denak berdin-berdin balio du beste edozein gobernurako ere, nahiz eta gaia ez den hemen esango denarekin agortzen.

Udal Komunikazioa udalgintzaren derrigorrezko egitekoa da, hala ikuspegi ideologiko batetik nola estrategiko batetik ere. Udal komunikaziorik gabe ez dago ez informaziorik, ez partehartzerik ezta demokraziarik ere. Udal komunikazioa herritarren eskubidea da.

KOMUNIKAZIOA ETA ONGIZATEA

Baina, gainera, komunikaziorik gabe ez dago aukerarik herritarrek eta udalak bat egiteko herriaren alde, denok batera lan egiteko definitu diren erronkei begira. Ez da kontu makala: herritarren “axolagabekeria” udalaren erantzukizuna da, udal komunikazioarena hain zuzen ere. Eta hori ez da agortzen besterik gabe “informazioa ematen” edo partizipazioa bultzatzen. Herritarrak sentimendu jakin batzuetara ekarri behar dira, emozionalki ere atxikimendu maila ahalik eta altuena izan dezaten herriarekiko eta elkarrekin definitu diren helburuekiko (udal markan biltzen direnak). Honek komunikazio bizia eskatzen du, non sormenak berebiziko garrantzia hartzen duen.

Komunikazioa, bestalde, ongizate faktorea da. Alde batetik, gertatzen diren gauzen berri izan eta haiek ulertzeko aukerak bidea ematen dio herritarren eta udalaren arteko elkar ulertzeari. Bestetik, bizi garen lekuarekiko/herriarekiko gure pertzeptzioa aldatzen lagun dezake, positiboki, eta harekiko kooperazioa handitu.

UDAL MARKA

Gauzak horrela, ez dago udal komunikaziorik udal markarik gabe (ezta komunikazio planik gabe ere). Udal batek aukera txiki bat izan nahi badu herritarrek uler dezaten zertan ari den eta zergatik, udal marka bat behar du, bai edo bai. Inork ez du inor kaletik agurtzen ez badaki nor den. Udal markak, gainera, komunikazio egoera ezberdinen %30 irabazita edukitzea ekartzen du aldean.

OHARRA: ez dira nahastu behar udal-marka, nortasun korporatibo instituzionala eta armarria. Gauza ezberdinak dira, eta, gainera, izaera, erabilera eta helburu ezberdinak dituzte.

HAS GAITEZEN LANAK, PERTSONAK, TRESNAK ETA DENBORA EGITURATZEN

Komunikazio planari heldu aurretik betekizun batzuk daude, den-denak egituraketarekin lotuta. Batetik, gobernu ekintza egituratu behar da. Gobernu ekintza egituratzeko hiru erreferentzia nagusi daude:

  1. Hauteskunde programa
  2. Gobernu programa
  3. Udal Marka (atzetik aurrerako eragina)

Hori dena praktikan egituratu behar da, egutegi baten bidez. Alegia, gobernu programaren egutegiaren bidez. Zer/noiz zehaztu eta mugarriak identifikatu, mugarrien inguruan komunikazio-lan osoagoa planifikatze aldera. Hau da, komunikazio-plana egite aldera.

Bestetik, lan taldea egituratu behar da, bi zentzutan:

  1. Ikuspegiaren aldetik. Taldekide guztiek ondo ulertu behar dute lanaren nondik norakoak.
  2. Organizatiboki, arduren banaketa egoki baten bidez.

Hau guztia derrigorrez egin beharko luke udalak, komunikazioaren kontu hauek guztiak kontsideratu ere egin gabe: ordea, ezin da komunikazioa antolatu gobernu planik gabe. Ikuspegi honetatik kanpo lan eginez gero “propagandarako” udal komunikazioan arituko zara ezinbestean, eta hauxe da, hain zuzen, kasurik ohikoena gure inguruan: hitz bitan, alkatearen propaganda.

EGITURATU DEZAGUN KOMUNIKAZIOA ERE

Abiapuntua: udal marka, tresnak eta pertsonak definitu behar dira. Hori gabe jai. Dirua aipatu det?

Ekintzak definitu eta denboran egituratu behar dira orain. Komunikazio-plana egin, alegia. Ahalegin handiagoa egingo dugu mugarrien inguruan, horiek ahalmen berezia dutelako udal marka (udalgintzaren nondik norakoa) begibistaratzeko.

Eta ekintzekin batera haien inguruko esatekoak eta “edukiak” (esatekoak bideratzeko komunikazio-ekintza zehatzak).

Ekintzei eta esatekoei etekin estrategikoa ateratzea udal markaren lana da. Beste era batera esanda: esateko nagusia udal markak biltzen du. Hor hasi eta bukatzen dira gure komunikazio ahaleginak: egiten eta esaten dugu guztia udal markarekin lerrokatu behar da, modu koherente eta sendo batean, egunero eta legealdi osoan zehar.

KOMUNIKAZIO-SISTEMA

Tresnak eta prozesuak behar ditu udal komunikazioak, eta horien definitu eta abiatu behar dira. Sistema entzuteko sistema ona behar du, ez soilik esateko.

KOMUNIKAZIO-ZUZENDARIA

Galdera batekin hasiko gara: batetik hamarrerako eskala batean, zenbateko garrantzia ematen diozu komunikazioari zure udalgintzan? Komunikazioari dedikatzen dizkiozun ahaleginak, ordea, zenbatekoak dira?

Ez da bidezkoa udal batean inor ez egotea jarrita herritarrekin komunikazio egoki bat izatera. Ideologikoki erori egiten da, eta estrategikoki akatsa da. Herri oso txikietan ulertzekoa da, baina ertainetan eta handietan inola ez.

Nabarmena da: ezin dira udal marka eta komunikazio plana kudeatu komunikazio-zuzendaririk gabe. Aukera bat da zuzendaria bat propio kontratatzea, beste aukera bat ordukako zerbitzua kontratatzea, arkitektoekin-eta egiten den bezala.

ALKATEA

Alkatea da udal komunikazioaren aktiborik preziatuena. Asko eman eta kendu dezake. Kudeaketa jakin bat eskatzen du.

————————————————————————————–

Pentsa ezazu: udalek oso abandonatuta daukate udal komunikazioa, eta, horrenbestez, atxikimendu arazoak daude leku guztietan, udalarengandik “disgustoak” bakarrik iristen zaizkiolako herritarrari (isunak, reziboak e.a). Hala ere, a priori, jendea udal taldearen alde dagoela, publikoa bertsolariaren alde edo toreroaren alde dagoen bezala, jendeak estimatu egiten duelako erantzukizunak bere gain hartzen duen pertsona. Baina, bertsolarien edo toreroen kasuan bezala, jendeak ikusi behar du benetan saiatu egiten zarela zure lana ondo egiten. Akatsik egiten baduzu, jendea ulerkorra izango da, aurreko baldintza betetzen baduzu. Ez ezazu, beraz, beldurrik izan gobernu programa aurrrera eramateko.

Badira beste aspektu asko gai honen inguruan, horien artean agendaren kontrola eta abar, baina horiek gehiago dira “borroka politikoari” dagozkion kontuak, ez hainbeste udala eta herritarren arteko komunikazioari dagozkionak, eta horregatik utzi ditut post honetatik kanpo.

Bukatzeko, gai honetan, beste askotan bezala, garrantzitsua da aspektu etikoak zaintzea.


Aldarrikapena eta Salaketa

Gizarte Mugimenduak ez daude aldarrikapenera edo salaketara mugatuta edo “kondenatuta”. Gizarte Mugimenduek garaipenak lor ditzakete.

Gizarte Mugimenduei errealitatea aldatzeko indarra aitortu behar zaie, bi arrazoiengatik: bat, halaxe delako; bi, hala aitortzen ez bazaie inoiz ez dutelako rol hori beteko. Hortik aurrera, Gizarte Mugimenduak rol hori betetzeko “armatu” behar dira praktikan. Aitortza teorikoak edo filosifikoak ez du balio.

Indar hori aitortzen ez bazaie, normala da “propagandaz” aritzea eta ez hainbeste komunikazioaz. Alegia, normala da salaketak eta aldarrikapenak ahalik eta gehien hedatzeko ahaleginetan agortzea haien “komunikazio” lana. Eta normala, ohiko irakurleek asmatuko zenuten bezela, horren guztiaren emaitza kopuruetan islatu nahi izatea.

Ordea, errealitatea aldatzeko zeregina aitortzen bazaie, orduan komunikazioari eskatzen zaiona ez da soilik “propagazioa”, baizik eta iritzi publikoaren moldaketarako estrategiak lantzea, aurkariaren aukerak itotzea e.a. Gizarte Mugimenduek ekintza sublimatu beharko lukete, ekintza positiboa eta estrategikoki antolatuta, ekintza delako Gizarte Mugimenduen funtsa, ekintzen bidez gauzatzen baitira estrategiak. Eta estrategiek taktikak behar dituzte, eta abar… Mobilizazioak ere horren baitakoa izan behar du!

Itxoin, galdera bat: zertara jarrita dago zure antolakundea, mobilizaziora edo garaipenera?

Aldarrikapena, salaketa, agerian utzijendetza bildu zen, inpaktuaren bilaketa… ezpal bereko zura dira: asko mugitzeko eta gutxi aurreratzeko formato burokratizatuak.

Arrazoia izatearen eta garaipenaren artean bide bat dago egiteko.

Kontutan hartuta gizarte mugimenduek ez dutela izaten ez enpresen ezta erakunde publikoen babesik, erraza da konturatzen jendea dela (iritzi publikoa, besteak beste) haien aliatu “bakarra”. Gauzak horrela ikusita, komunikazioak duen garrantzia estrategikoa eta komunikazioan jarri behar diren baliabideak hobeto dimentsionatu daitezke.

Bukatzeko, Gizarte Mugimenduak “komunikazio-erasoen” helburu direnean, ez dute biktima gisa jokatu behar. Jarrera “deportiboa” behar dute, konstruktiboa, eta aztertu noiz/non/nola utzi duten flanko hori babesik gabe. Duintasuna funtsezkoa da, bai, baina ez “irredentismora” (ekintza ezara) jotzeko, baizik eta lanean jarri eta komunikazioaren esparruan bertan garaipena lortzeko.

Eta ez bota kulpa kazetariei, mesedez… Zure komunikazioaren kontrola zure erantzukizuna da.

Amarauna

Hementxe Euskadi Irratiko Amarauna saioan egin zidaten elkarrizketa blogari buruz. Eskerrik asko Andoni eta Tamara.

Zure etsaiaren bozeramaile bihurtu zara?

Garitano subraya que Bildu ha demostrado su capacidad de consenso“ irakurri nuen GARAn, zur eta lur, gobernu ekintzaren lehenengo 100 egunen balorazio gisa.


GARA
100 días de Gobierno I Garitano subraya que Bildu ha demostrado su capacidad de consenso bit.ly/ohBnH4

Nork ekarri du mahai gainera Bilduren “kontsentsurako gaitasun eza”? Zergatik? Zertarako? Eta ez bazara zu izan, zergatik indartzen duzu gogobide hori?

Zergatik demostratu behar du ezer inork inoren aurrean, orain eta hemen? Zergatik onartzen duzu beste batek bere mesederako eta zure kalterako prestatu duen joko-eremua? Joko-eremu batzuetan ez baitago irabazterik, horra hor estrategiaren kakoa.

Mila aldiz ukatu duzu terrorista zarela, eta zer gertatu da? Terrorismoaren gaia indartu duzula, eta joko-leku horretan terrorista bakar batentzako lekua dagoela. Badakizu zein, ezta?

Akaso epaiketekin ohitu gara, ez bakarrik epaitegietan, eta gure mintzoa ere preso dago.

Areago: kontsentsua al da gaia? Hemen dago, esan bezala, benetako koska estrategikoki. Zein da gaia? Nork eta nola ezartzen du mintzagaia? Zein da joko-eremua?

GARAko kazetariaren titulatzeko estiloa izan zitekeela pentsatu nuen, gaitzerdi; baina berehala ikusi nuen Bilduren iturri ofizialak zioena:

Kopuruen kontua hainbatetan aipatu dugu hemen, eta berdinetan gaude, kopuru hutsean. Ez al dago besterik esateko? (alegia, ez al dago komunikazio-estrategiarik?)

Ondorioa: etsaiaren esanahien saltsa egiten laguntzen duzu, eta zure esanahien saltsa egiteko inolako ahaleginik ez duzu egiten. Ez da bide: ezin dituzu zure zaleak bazterrean utzi.

OHARRA: Bilduk material forense ugari ematen digu komunikazioan aritzen garenoi, baina post honen gaia ez da Bildu, konturatuko zinen… Zuk zeuk noraino ikusten duzu zeure burua egoera horretan? Alegia, zure etsaiaren bozeramaile sentitu zara inoiz?

Bi aukera dauzkazu: zure komunikazioaren kontrolari eutsi edo hedabideen manipulazioa salatu, salatu, salatu, salatu…

Inkesta: Kilometroak

Zein izango da 2012ko Andoaingo Kilometroei buruzko titularra egunkarietan?

Jakina, esatekorik ez dagoenean, normala da eguraldiaz hitz egitea, edo mozkortzen diren gazteez, edo…

Eta egon, esateko asko dago, baina horretarako gogoa ere behar da.

Misión cumplida

Egungo errauste plantako lanekin jarraitzea baztertu du Gipuzkoak irakurri nuenean, hasperen egin ta halaxe esan nion neure buruari: “listo, iña dao”.

Lau urte luze joan dira, eta lanaren biharamunak jota gabiltza oraindik, baina “iña dao”. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondoren ere halaxe gertatu zitzaigun: aje luze eta latza. Baten batek azalduko dit inoiz zergatik gertatzen den hori.

Blog honetan komunikazioa eta mugimendu sozialak hizpide izaten ditugu, eta apenas esan dut ezer hemen atez atekoaz eta erraustegiaz, sukalde lanen berri ez emateko noski, baina esan behar det hemen esaten diren gauza gehienen aplikazio praktikoa ikus daitekeela lan horretan hari erreparatuz gero. Gehiago: hark inspiratu ditu hemengo eduki asko urteotan, eta haren argitara uler daitezke bere esanahi osoan.

Mugimendu sozialen komunikazioaz beste, komunikazio politikoa eta instituzionalaren ikuspegiak ere erruz erabili dira, estrategiak eta beharrak halaxe aginduta.

Baina, kasu honetan, komunikazioaz haragoko elaborazio estrategikoa behar izan da, bi txandatan; lehena 2007an, bigarrena 2009an, atez ateko bilketa ezartzeaz gainera errauste-planta gelditzeko aholkua eman eta horretarako estrategia aurkeztu genuenean. Orduan ezarri ziren orain gertatu denaren oinarriak, garaiko hitzetan: “errauste-planta diputaziotik bertatik geldituko da”.

Aldaketa soziala, jardunbide instituzionala, mugimendu sozialak, politikagintza, komunikazioa eta etsaiaren mugimenduen neutralizazio sistematiko eta ordenatuaren artean lortutako garaipena dela esango nuke. Hori da zuzendaritza argi eta prestu baten abantaila, egindako planaren %95eko ejekuzio-maila lortu duena, nahiz eta kasu batzuetan ejekuzioa urte eta erdi atzeratu den.

Baina batez ere, beldurraren eraginez lortutako garaipena izan da. Pasa den legealdiaren egoera zailean ez zegoen irabazterik beti aurretik ibili gabe. Antizipazioa izan da gakoa, batetik; eta joko eremuaren kontrola, bestetik.

Ikasi deguna ere, itzela. Gauza bat azpimarratu nahiko nuke hemen: aktibisten eta jende prestuaren indarrik gabe ez dago ezer egiterik gisako egoera batean. Agentziak ezin du hori ordezkatu, ezta esparru instituzionalek ere. Aktibistak dira gakoa, batez ere haien ezagutzak eta indarrak ondo bideratzen badira. Politikari zintzoak ere aipatu behar dira, batez ere ikasteko erreparorik ez dutenak. Hauek ere, gu bezala, beldurraren aholkupean aritu dira. Txorakeria da, badakit, mila aldiz esana, baina irakasten ikasi duguna…!

Eta, jakina, lan taldea. Estrategian, zuzendaritzan eta ejekuzioan ondo antolatuta dagoen taldeak beti lortuko ditu emaitza onak, galdu edo irabazi. Elaborazio estrategikorako nahikoa tarte zabala eta ejekutatzeko nahiko bertikalitatea daukan taldea, itzal luzeko taldea da, seguru. Haatik, autoesijentzia-maila ezberdinek ez dute taldea tentsio larrietatik libratuko, eta izan, hala da beti, kultura korporatibo/militante batzuek gehiago erreparatzen diotelako bere buruari “jendeari” baino, arrazoiak arrazoi.

Taldeaz ari naiz bere zentzu soilenean: pertsona kopuru jakin bat behar da holako lan bati ekiteko, bestela jai; ez bi, ez hiru… Gehiago. ¿Nola bestela?

Egunen baten, indarrak eta gogoak bat etorriko direnean, guztiaren berri osoagoa eta ordenatuagoa eman beharko da, baina orain xanpairik gabeko gozatu lasai barnerakoiaren garaia da, “ehiztari bakarti eta lotsaiengisara, erraietan kabroia izorratzearen plazerra sentituz, eta kausa on baten alde egindako lanarekin pozik.

“Munstroa akatzea baituzu xedea…” ;)

Jendetza bildu zen

Ez naiz nekatuko esaten: okerkeria galanta da edozein ekintzaren ostean gisako titularrak erabiltzea. Lehen erraza zen soluzioa: “kazetariak ez dira enteratzen”. Baina, orain, erakundeak hedabide ere bihurtu direnetik, matraka berdinarekin segitzen dute beren twitter, facebook eta blogetan.

Zergatik? Ez al dute beste ezer esateko? Hori al da beren lanaz esateko duten onena? Sinesgaitza.

Akaso arazoa da denok barneratu ditugula kazetarien esamolde hutsak modu akritiko jasangaitzean. Kazetaritzak eskuratu du gizarte komunikazioaren aitzindaritza, gizarte komunikazioaren beste ofizio “gaizto” batzuen gainetik.

Ez al dago bada kazetaritzaz besteko komunikazio ikuspegirik? Ba al da, izan, ezberdintasunik komunikazio korporatiboa (harreman publikoak) eta kazetaritzaren artean?

Kazetaritzaren eta komunikazio korporatiboaren pertsuasio-estrategiak, zertan bereizten dira? Berdinak al dira hedabidea-irakurlea, erakundea-herritarra, erakundea-bazkidea, erakundea-zalea harremanak? Eta berdinak ez badira zergatik jorratzen ditugu denak kazetaritzaren eredupean bakarrik?

Datuak ez baitira informazioa, are gutxiago komunikazioa.

Kazetaritzaren garai industriala guztiz ahitua dagoen honetan, baten batek konturatu beharko du erakundeen garai industriala ere ahitu dela, eta ezin direla gehiago tratau pertsonak jende gisa, horrek inoiz esanahirik izan bazuen ere. Sakonago: kazetaritzaren krisia produktuan dago.

Zer esan nahi du “jendetza bildu zen” horrek? Ezer ez. Erakundearen egituran diahardutenen kudeaketaren laudorio hutsa da, erakundeari ezer ekartzen ez diona estrategikoki komunikazioaren aldetik.

Googlek 68.600 emaitza eman dizkit “jendetza bildu zen” eskatu diodanean. Oraindik uste duzu zerbait esaten duela titular horrek?

Ai ama, badakit, bulto egiteko deitu ninduzun.

————————————————————————————————

Kazetaririk ez, mesedez postan ere badira antzeko ideiak, gaia gehiago jorratu nahi baduzu.

PS/1.- Kazetaritzak erakutsi digun guztia ondo ikastea komeni zaigu, orain inoiz baino gehiago, batez ere generoen aldetik, edukiak sortze aldera. Baina horrek ez du esan nahi komunikazio korporatiboak kazertaritzara jo behar duenik. Jakina, komunikazio-estrategiarik ez baduzu, hobe duzu bai kazetaritzara jotzea, besterik ezean.

PS/2.- Zure gustokoak ez diren hedabideek “jendetza bildu zen” titularra erabiltzen dutenean zuk antolatu duzun ekintza baten ondoren, ez ezazu pentsa inolako mesederik egiten dizutenik.

PS/3.- Gutxi/asko polemiketan sartu aurretik, bi aldiz pentsatu, jendearen ahaleginak eta lanak alienatzeko modu ederra izan daiteke.

Genozidioa Sri Lankan

Irudia

List of designated terrorist organizations

Image via Wikipedia

Badira egun batzuk beti gogoan dituzunak. Txekian nengoen, herri zoragarri bat bisitatzen, eta ez zait inoiz ahaztuko tigreen agiriak zioena: “amore eman dugu gure herria guztiz akabatu ez dezaten“. Nere burua madarikatu nuen, suminduta, eta hoteleko bidea hartu nuen, Sri Lanka, tamilak eta tigreak gogoan.

 

Ostegunez salbatu genuen euskera

Donapaleukoa joan zela uste nuenean, artikulua eskatu zidaten Alda astekaritik, eta han bezala hemen daukazue, luze samar, disertazio baten antzera.

Otsailaren 3an Donapaleun izan nintzen hizketan euskalgintzaren komunikazio-estrategiei buruz, entzule-talde anitz baten aurrean, Zabalik Elkarteak gonbidatuta. Baziren onespen-keinuz entzun zutenak eta baziren mesfidati entzun zutenak ere, denak adi eta txintxo. Marketing hitzak herri mugimenduetan sortzen dituen desenfokeak saiheste aldera, merkaturatu eta gizarteratu berdinkide jotzeko eskaera egin nuen, baina ez dut uste halakorik lortu nuenik, hitzen ubideak lubaki izan daitezkeelako, entzulearen arabera, poesian bezala marketinean ere. Horixe da gure gaurko gaia: marketina, komunikazioa, euskara eta euskalgintza.

Marketinaren justifikazio ideologiko txoroak alde batera utzita, iruditzen zait herri mugimenduek goitik behera ezagutu beharko lituzketela marketinaren eskutik datozen ikuspegi eta estrategia operatiboen nondik norakoak. Hori horrela balitz aukera minimo bat izango lukete ulertzeko nondik datozkien erasoak, non-nola zulatu daitezke eta non-nola eraiki daitezke gure kausarako estrategia emankorrak. Ez da hau gure errealitatea, zoritxarrez, eta aurreiritzi ideologikoek ukatu egiten digute gertatzen zaiguna ulertzeko aukera. Izan ere, herri mugimenduek pairatzen dituzten erasoak marketinean eta komunikazioan aditu direnen aholkupean antolatzen dira. Une honetan, herri mugimenduen ohiko tresna analitikoak ez dira gai gertatzen zaigunaz argirik emateko.

Marketina oso azkarra izan da hainbat eta hainbat ezagutza-esparruk eman dutena eskema-analitiko eta -operatibo sinple batera ekartzen, batetik; bestetik, jarrera eta enfoke egokia definitu ditu mota guztietako antolakundeentzako: kanpotik barrurako jarrera behar dute antolakunde guztiek eraginkor izan nahi badute. Jendea da abiapuntua, ez antolakundea bera. Badakit hau badakigula, baina badakit praktikan hor dagoela gure akatsik handienetakoa: jendearekin ahaztu egin gara. Areago: herri mugimenduen kasuan jarrera hori ez da justifikatzen termino estrategikoetan bakarrik; ideologikoki ere hala behar du, sektarismoan erori nahi ez bada behintzat.

Ba al da marketinak erakusten diguna modu jator eta emankor batean erabiltzea herri mugimenduen ekintza kolektiboan, geure ingurua aldatzeko? Marketinak eta komunikazioak asko eman dezakete, baina horretarako diziplina analitiko eta operatiboa behar dira, estrategiak konsistenteak izan daitezen denboran zehar.

Bai, genio politikoa ere behar da, eta sormena, etengabe, baina hori ez da gure gaurko gaia.

Lan-bolumena ere asko hazi daiteke, erronkaren arabera, eta horrek ekipoen berrantolaketa eska dezake. Gure antolakundeetan estatusa irabazita daukaten pertsona eta lanbideen garrantzia erlatiboa berrikusteko adorerik ba al da inon? Nola definitzen dira gure antolakundeen lehentasunak, definitzen badira? Nago gehiago jarrita gaudela betetzera lortzera baino, orokorra baita helburu zehatzik gabeko herrigintza, hala makro nola mikro esparruetan. Hauxe marketinak uzten digun beste irakaspen bat: helburupekoa izan bear du gure jarduera guztiak. Nola neurtu bestela egiten dugun lanaren balioa? Nola definitu bestela berrikuntza-lerroak? Nola antolatu formazioa? Gizartea militanteez osatutako masa amorfo gisa ikusten duenak ez du, jakina, gisako galderarik behar, baina beste guztiontzako hor daude gure erantzun guztiak. Izan ere, marketing ikuspegi jator batek ertzak maite ditu, pertsonen eta giza-taldeen ezaugarri ezberdinak helduleku ezin hobeak direlako haiekin konektatzeko estrategiak pentsatu eta garatzeko tenorean.

Euskalgintzak komunikazio-estrategiarik ez duela diote batzuek. Ez da egia; izan badu, bat baino gehiago gainera. Zein dira? Noiz-nola sortu ziren? Zein marko teorikoren gerizpean? Zein da horietako bakoitzaren eraginkortasuna helburu eta xede-talde jakinekiko? Ez dakigu. Gure komunikazio-estrategiak biluztuko bagenitu, karga ideologikoa baztertuz, aukera txiki bat izango genuke gure jarduera osoa trinkotzeko, hainbat eraso indargabetzeko eta gizartean esparru berriak irabazteko. Izan ere, marketina erlatiboa da, beste batekiko definitzen baitu borroka, ez absolutu batekiko.

Hartara, soziolinguistika ez da nahikoa. Soziolinguistikak eman ditzake errealitatearen zertzelada batzuk, akaso arazoa ulertzeko zertzeladak emango dizkigu, baina nola igarotzen gara arazoaren ulermenetik ekintza trasformatzailera? Datuak ez baitira informazioa, eta ez dute egiarik/gezurrik definitzen. Arrazoia ere ez da datuen arabera definitzen, arrazoia baita munduan hobekien banatu den ondasuna: bakoitzak badu berea.

Euskalgintzak jendearekiko hurbilketa jatorrak behar ditu, apriorismorik gabea, eta ez du bere egia ideologikoa ezarri behar, ez oihuka ezta manifestazio jendetsuen kopurua arrazoitzat hartuta. Ez behintzat horrela bakarrik. Hori baino sakonagoa da lana: herrigintza. Euskalgintzak pertsona eta jendarte-talde bakoitzaren egia topatu behar du euskarekiko, eta hortik lan egin. Zein dira egia horiek? Batzuk badira. Esaterako, jendea euskaldundu behar dela diogunean, ez gara konturatzen horrek jende asko eramango duela pentsatzera bere nortasun nazionalaren ukazioa ekarriko duela. Ondo pentsatu: espainolek eta frantsesek ez dakite bere naziotasuna pentsatzen termino elebidunetan edo eleanitzetan. Alegia, zaila egiten zaie pentsatzea espainol edo frantses on bat izateko beste hizkuntza batzuk ikasi behar dutenik, horrek gizabanako gisa ere abantaila praktikoak ekarriko dizkien arren. Aitzitik, ohituta daude naziotasuna pentsatzera elebakartasunean, batez ere espainolen kasuan. Beraz, marketinaren ikuspegi batetik, balazta hori gainditzeko premia dago, gure egia ideologikoa lau haizetara oihukatuta ere ez dugulako gisako jendea ekarriko, legearen indarra erabili arte behintzat, eta kasu horretan ere garaipen “praktikoa” lortuko genuke, ez ideologikoa. Eta, jakina, bada talde bat inoiz ekarriko ez duguna, eta horiei begira bat ere lanik ez da egin behar. Seguruena horien lana neutralizatzeko estrategiak sortu beharko ditugu.

Hartara, non daude euskararen aurka garatzen diren estrategien ibilbidea mozteko estrategiak? Nola zatituko ditugu estrategia horien baitan gizentzen diren jendarte taldeak? Ez daude! Nonbait pentsatzen dugu borroka bat irabazi daitekeela etsaia ahuldu gabe, etsaiaren oinarri moral eta filosofikoak zulatu eta indargabetu gabe. Horren ordez euskalgintza aieneka aritzen da erasoak salatzen behin eta berriz, aktibismo defentsibo nekagarria josten ad infinitum. Zertarako salatu ordea? Salatu edo zulatu, horra hor kontu garrantzitsu bat euskalgintza eta beste gintza batzuentzako ere.

Beraz, euskalgintzak taktikak behar ditu, eta bat ere ez du plazaratzen, nik dakidala. Bere komunikazio-lan bakarra egia ideologikoa zabaltzera mugatzen da: euskaldunak gara eta euskaraz jakin/hitz egin behar dugu. Kitto. Mezu edo estrategia hori balekoa da hainbatengana iritsi eta horiek mobilizatzeko, eta oso ondo dago hori, emaitzak ere begi-bistakoak direlako, baina ez du balio denengana iristeko une oro. Taktika soziolinguistikoak behar dira, eta horien araberako komunikazio-estrategiak behar dira. Eta premiazkoa da hori egitea. Euskalgintzaren marken arkitektura nahikoa anitza da estrategia ezberdinak garatzeko, unean unekoak eta  jendarte-talde ezberdinen araberakoak. Haatik, ematen du denok esaten dugula berdina, zuzentasun ideologikoaren izenean segur aski.

Donapaleuko hitzaldia berandu bukatu zen, eta hegoaldeko kalekumearen hainbat hari galdu egin ziren, iparralde hartan entzulerik topatu ez zutelako. Baina ondoko mokaduen artean, bertako xelebre batek honakoa bota zidan, eta ni poz-pozik eta esker onez joan nintzen handik: “Hitzaldiaren erdia nazkagarria iruditu zait, baina beste erdia oso interesgarria ematen du”. Bada zerbait.