Itzuli orri nagusira Bidali hau

Gorbataren lokarria

© cc-by-sa  leire narbaiza ¦ 2011-10-17 ¦ 08:34 ¦ zer-erantzi

Atal honetako artikuluak irakurri dituenak jakingo du ez ditudala larregi maite gizonezkoen trajeak eta hedaduraz, edo pieza honengatik beronengatik, gorbata. Zentzugabeko zintzilikarioa, berorik eman ez, sama laburtu, kokospea bikoiztu eta bilur itogarri bihurtzen dena, zentzunbako apaingarri zatar eta alferra. Hala ere, batzuendako uniforme bilakatuta, seriotasun eta formaltasun ikurra izan da duela 40 urte arte, baztertzen hasi zelako, eta gizonezkoendako janzteko beste modu batzuk ere zabaldu zirelako, zorionez. Gaur egun, ordea, bakoitzak ikusiko du zer jantzi, nola joan behar den saraoetara. Baina gehiegizkoa deritzot Iñaki Anasagastik (moda-joera sortzaile horrek) Paul Riosi esatea gorbata jantzi behar duela, hori izango delako esku artean duen eginkizuna serio hartu duen seinale!

Publizitatea

Gauza asko konta niezazkizkioke Anasagasti jaunari bere itxuraz, baina ez dut txiste errazean jausi nahi. Dena dela, esan nahiko nioke, beharbada, Riosek zeraman alkandora ez zela politena, edo egokiena, baina inoren begiko zamarra ikusi, eta norberarena ez, huts larria dela; eta seriotasuna ez diola ematen eginkizunari janzkerak, baizik eta eginkizun hori burutzeko erak eta moduak. Esango nuke Anasagastik eskaparatismoaz diharduela, itxurakeriaz; kanpokoak barrukoak baino gehiago balio duela bere pentsaeran, alegia: “nola jantzi, halakoa izan”. Eta hori aspaldi amaitu zen, zorionez.


Creative Commons Aitortu © cc-by: Paul Rios

Iruzkin horrekin ez du Riosen janzteko modua soilik kritikatzen; inplizituki gorbatarik janzten ez dutenena ere kritikatzen du, eta makinatxo bat dira! Har dezagun Martin Garitano. Sekula ez du gorbatarik janzten. Horregatik, bere jardunari seriotasuna kendu dio? Beharbada, Anasagastiren iritzirako bai. Orduan, Markel Olanok esan nahi du oposizioa ez dela hain serioa? Zeren, ez dakit konturatu zareten, baina Garitano ahaldun nagusi denetik, Olanok ez baitu janzten gorbatarik! (askoz hobeto dago, esan beharra dut). Gaztelaniaz den bideo honetan, Olano eta Garitanoz gain, Basagoiti ere agertzen da gorbata barik. Azken honek ere ez dio Eusko Lege Biltzarrari seriotasunik ematen, antza.

Baina goiko hirurez gain, hainbat aipa ditzakegu. Odon Elorza, esate baterako. Elorzak gorbata jantzi izan du, baina beste estilo bat ere badarabil, eta argazkiotan ikusten den moduan, zapi-moment nahiago izaten du. Honek ere Donostiako alkate izateari 20 urtean seriotasuna kendu ote dio?

Aitatutakoez gain, beste hainbat ere badaude: Pello Urizar, Juan Karlos Izagirre, Dani Maeztu, Mikel Arana... Ia beti gorbatarik gabe, baina gauzak serioski egin nahian. Gainera, emakumeok gorbatarik gabe janzten garenez, ez ote diegu merezi duen seriotasuna ematen gure aktibitateei?

Hauetaz gain, era berezi batean hiru politikari ekarri nahi nituzke hona euren dotoretasun gorbata gabekoagatik; izan ere, pertsona batzuek berezkoa den elegantzia badutela esango nuke, eta elegante izaten ikas litekeela, baina zaila da oso. Horregatik, hemen nire aukeraketa:

Batetik, Mikel Basabe aipatu nahiko nuke, nire ustez politikari goapoena, trajerik jantzi barik ere, normaltxo, egoki joaten dena. Tira, genetikak ere laguntzen dio, baita esateko moduak ere. Anasagasti jauna, ez da serioa Basabe parlamentaria?

Bestetik, Denis Itxaso, beste estilo bat zeharo desberdina. Ez dut gogoratzen gorbatarik jantzi duen. Hala ere, nik oso serio ikusten dut bere lanean. Eta ondo jantzita beti, oso ondo, Anasagasti senataria. Bera izango da ondoen janzten den politiko gizona.

Eta azkenik, Oskar Matute. Serioa gizona, irribarre gutxikoa, gorbata barik, alabaina. Beti txukun jantzita, fisikoak ere lagundu egiten dio. Nolanahi ere, Anasagasti, ez duzu uste serio ari denik?

Gorbatarena aitzakia da, argi dago. Bakoitza gusturen sentitzen den moduan jantzi behar da-eta. Ez litzateke barregarriagoa Paul Riosek gorbata jantzi janzteagatik egingo balu, jotzen ez dion alkandorarekin, edota ganorarik gabe? Ez ote daki senatari jeltzaleak askotan gorbata janzten dela barre eragiteko, Beranduegi saioko aurkezleek kasu?

Azken batean, Paul Rios gorbataduna edo kantinera jantzita joanda, garrantzitsuena egunotan egingo den lana eta emaitza izango dira. Eta espero dut hain positiboa izatea, non parranda itzel horren ostean gorbatak bekokian jantzita irtengo garen! Hala bedi!

Erantzunak

#1. Lokarrikoen gorbata

Goio Arana ¦ 2011-10-17 ¦ 09:45

Batean eta bestean ibili da Elkarriko Paul Rios gaurko Konferentzian gorbata jarri beharreko egokitasunaz.

Azkenean, esan daiteke Riosek kasu egin diola Imanol Muruari: Jantzi gorbata.

Hemen duzue atzo gauean Paul Riosek botatako tuita:


Argazkiak.org | Gorbata 2 © cc-by-sa: goioarana

#2. Re: Gorbataren lokarria

Sustatu ¦ 2011-10-17 ¦ 12:23

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia korbatarekin azaldu da bada. Ez ordea, Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea.

#3. Re: Gorbataren lokarria

Jozulin ¦ 2011-10-17 ¦ 13:17

 Patxi Lopezek ere ez darama gorbatarik konferentziaz NewYorketik ari den bideo honetan. Euskarazko lokuzioarena beste egun batean komentatuko dugu.

#4. Lokarriren logo berria

Goio Arana ¦ 2011-10-17 ¦ 14:26

Txapuzero samarra errealizazioan, baina hemen Lokarrik gaurtik aurrera hartu duen logo berria:
Argazkiak.org | Lokarriren logo berria © cc-by-sa: goioarana

#5. Re: Gorbataren lokarria

Martin ¦ 2011-10-17 ¦ 14:37

Duela zenbait urte Aralarko Mikel Basabe izan zen Anasagastiren gorbatafiliaren biktima.

#6. otegi gorbatarik gabe

kendu gorbatak ¦ 2011-10-18 ¦ 08:35

Apustu egingo nuke Arnaldo Otegi ere gorbatarik gabe joango litzatekeela, baina elegante, okasiyuak merezi duen piuran. Pello Urizar ere gorbatarik gabe joan zen.

#7. Re: Gorbataren lokarria

Garitano mola ¦ 2011-10-18 ¦ 10:36

Ba neri irudittu jatan Garitano super-sexi egoala gorbatakin. Uniformeak hain dira erakargarixak...

#8. Re: Gorbataren lokarria, Errufinoa be bai

baietz ba, ¦ 2011-10-18 ¦ 12:46

Errufino, bere guay.
http://static.deia.com/images/2011/10/18/10661890_11.jpg.


Irlandarrenganik zerbait ikasi ete dabe?

#9. Re: Gorbataren lokarria

Xabier Euzkitze ¦ 2011-10-18 ¦ 13:25


Leire;

Neurri batean ados nago zure mezuarekin, baina ez zait iruditzen Aasagasti oker dagoenik. Zure hausnarketari, nire irudiko, funtsezko alderdi bat falta zaio: testuingurua. Argi dago gizon edo emakumeok gure jarrera eta portaerek bihurtzen gaituztela serio, edo kaxkarin, edo azaleko. Nortasun edo izaera hori geurekin eramanen dugu noranahi goazelarik ere, aste eta jai, baina leku eta egoera denetan itxura berberaz ibiltzea ez zait egokia iruditzen, ezta onargarria ere, pertsona publikoen kasuan bereziki. Normala irudituko al litzaizuke Paul Rios Nafarroa oinez-en eta nazioarteko bake konferentzian berdin jantzita azaltzea? Glenn Closek Donostia Saria jasotzera joan zenean zeraman soinekoa ez du jantziko supermerkatura fruta erostera doanean.Edo ez da gauza bera haurrei zuzendutako saio bat aurkeztea edo albistegian aurpegia ematea, kate berean izan arren. Rufi eta Garitano ttattarra jantzita joan ziren konferentziara. Arraro ikusten nituen, baina jarrera bat erakusten du. Bakoitzak nahi duela egin dezakeela? Bai, jakina! Edozein gisaz, aitortzen dut behin baino gehiagotan erabat desegoki iruditu izan zaidala hainbat pertsona publikok jendaurrean emandako itxura. Zaintzen duguna baino gehiago zaindu beharko genukeela uste dut. Bereiz ditzagun, otoi, itxura zaintzea eta itxurakeria. Izan ongi!

#10. Re: Gorbataren lokarria

Oroz Gogait ¦ 2011-10-18 ¦ 15:38

"Onargarria" adjetiboa erabili da hemen. Gehitxo, ala?

Garitanok edo Riosek edo dena delakoak, itxura "onargarria" zuen atzo, beraz. Ba nik nahiago nuke eguneroko itxuraz joan izan balitz. Bestela ondorio erraz bat atera dezaket: horrela agertzen ez bada ni bezalako herritar xumeen ekitaldi formal batera, eta bere eguneroko itxura informala erabiltzen badu, ulertu dezaket ez didala hainbeste errespetu edo ez duela uste "onargarria" den itxura eman behar duenik nire aurrean.

Eta hori bai ez dela onargarria. Hori bai litzatekeela jendeari errespetua ez erakustea.

Horrelako gauzei horrenbesteko garrantzia ematea absurdoa iruditzen zait. Itxurakeria hutsa, konbentzionalismo estetiko baten araberako azalkerian geratzen den ikusmolde antzua.
Itxura formal (eta zaharkitu) konkretu bat onargarritasunarekin edo errespetagarritasunarekin lotzea ezin sinestukoa iruditzen zait III. milurtekoan.

Zein kristok ezarri du zer den "onargarria" eta zein den egokia une jakin batzuetan? Niri behintzat inork ez dit iritzia galdetu.
Zer da onargarriagoa edo errespetagarriagoa: alkandora txukun hutsean ganoraz jokatzen duen politiko bat, edo txaketa+gorbata uniforme "onargarriarekin" herritarroi errespeturik gabeko portaera eta hitzak etengabe eskaintzen dizkiguna?
Zer arraiogatik ezin da aurkezle bat albistegian aritu alkandora hutsean? Korresponsalak informal agertzen dira kamera aurrean eta inori ez zaio arraroa iruditzen: mezua interesgarria bada, askorik ez zaigu inporta itxura.

Ezkontzetan hain zabaldua dagoen konbentzionalismo estetiko barregarriaren usaina hartzen diot honi. Ezkontzetan mozorrotu egin behar da (mafiosoz edo kakatuaz), eta kitto... eguneroko janzekera txukuna ez da "onargarria". Ba, niri, hain justu alderantziz iruditzen zait.



#11. Re: Gorbataren lokarria

leire narbaiza ¦ 2011-10-18 ¦ 16:16

Mila esker erantzun duzuen guztioi.

Goio, zure logo & marrazkiak ikaragarriak dira. Barre asko egiten ditut zuri esker. Mila esker, wapo!

Jozulin, "mi arma", Patxi Lopezenak ez dauka izenik. Eta euskaraz irakurtzearena, askotan esan dudan bezala, Borbon samarra da: bizitza erdi diskurtsoak irakurtzen eta oraindik ikasi barik.

Martin, ez nuen ezagutzen zuk jarritako artikulua, baina lotsagarria dela deritzot. Mikel Basabe iraindu egiten du, zikin deitzen dio-eta. Anasagastik pentsatuko du ondo janzten dela, baina bere estiloa oso pasatuta dagoela begitantzen zait. Zer esanik ez bere orrazkera! Esan dudan moduan txiste erraz eta merkerik ez dut esan nahi. Nahiko luke Anasagastik Basabek duen planta!!!

Kendu gorbatak, Garitano mola, baietz ba,ezizenez sinatu duzuenoi esan, nik ere uste dut Otegi gorbatarik gabe joango zela. Garitano sexy zegoela? Ez da nire gustukoa, baina behintzat, ondo jantzita zeraman, eta ez da gutxi. Eta Rufi Etxeberriarenak harritu ninduen gehien: gorbatak ez zaizkit gustatzen, marroi kolorea ere ez, eta ondo geratzen zitzaion, normal jantzita baino hobeto zegoela onartu behar dut! Zelako gauzak!!

Xabier, beharbada ez dut ondo azaldu zer esan nahi nuen. Alde batetik itxurakeriarena, zuk aipatu duzun moduan. Baina, beste aldetik, ez dut uste gorbata dotoretasunaren sinonimoa denik. Ados nago okasio bakoitzak arropa bat eskatzen duela, eta atzokoa egun berezia eta solemnea izanik zer esanik ez. Hala ere, jantzitako arropan eroso egotea garrantzitsua dela begitantzen zait, eta gorbata deserosoa da ohitu bakoa izanez gero. Askotan, hori dela eta, barregarri suerta liteke eroatea, takoiekin gertatzen den moduan. Horregatik jarri nuen beranduegikoen bideoa. Halaber, aipatu nituen Itxaso eta Matute gorbata barik ere dotore egoten dira. Nik neuk Matuteri atzo "amerikana" bat jarriko nion, baina ederki zegoela pentsatzen dut. Itxasori eskatuz gero gorbata bako look dotorea seguru lortuko zuela. Askotan itxurakeria eta itxura zaintzearen artean dagoen muga hain da meharra, ezta?

Mila esker denoi, benetan estimatzen ditut zuen erantzunak.

#12. Re: Gorbataren lokarria

Xabier Euzkitze ¦ 2011-10-18 ¦ 20:34

Leire;

Arrazoi duzu, askotan oso da meharra eta nahasia marra hori. Erosotasunari ere garrantzitsua deritzot. Erabat mozorrotuta doala dirudienak agian eman nahi duen itxuraren guztiz kontrakoa eman dezake. Bistan denez, uniformerik dotoreenarekin barregarri joan liteke, eta hura gabe txukun ez ezik dotore.

Oroz gogait;

Ez zaitez sutu garrantzirik gabeko gai absurdo batekin, gizona! Edo anderea! Ulertzaile kaxkarra zarela uste izateko oinarririk ez dudanez, gauzak gaizki azaldu ditudala pentsatu beharko dut. Ez dut inon aipatu, ustez, ttattarra itxura onargarriaren sinonimo denik, hori zure irakurketa izango zen. Grazia egin dit ator hutsean doan aurkezlearenak. Bazeneki zenbat kosta zitzaigun hori lortzea! Halere, badaezpada atorra aipatu duzu, eta ez, demagun...tirantedun kamiseta. Onargarri iruditzen ez zaizulako agian? Errespetu hitza ez dut nik erabili, zuk baizik, baina hori ere sartzen da, menturaz, jendaurrean erakutsi beharreko jarreran. Zeuk biribildu duzu ederki: eguneroko janzekera txukuna ez da "onargarria". Beraz, nonbait ezarri duzu zuk ere onargarritasunaren marra, hau ere aski nahasia: txuntasunean. Azkenean ados egon behar dugu gainera... Finean, logikan eta zentzuan datza gakoa, nire iduriko. Atzoko konferentzian Kofi Annan niki narrats batekin agertzea bezain desegoki neritzoke haurren udaleku batera egun pasa traje eta gorbataz joateari.

Izan ongi!

#13. Re: Errufino,a, teatro hutsa

baietz ba, ¦ 2011-10-18 ¦ 20:48

Gaur, korbata barik, bere betiko itxura agerian, askoz naturalagoa.
Ez da gai izan atzo erabakitakoaren inguruan kazetariak egindako galderari baietz esaten bere ahotik. Zeharka baino.

#14. Re: Gorbataren lokarria

Oroz gogait ¦ 2011-10-19 ¦ 14:41

Xabier,
ez naiz zehazki zure kontra ari, arrazoi horien aurka baizik, eta sutzen banaiz, ez da zure errua, nirea baizik, jakina. Baina lehenago ere horrelako argumentazioen ondorioak jasan izan ditut, eta gai honek malaletxean jartzen nau, zer nahi duzu. Izan ere, ez dakit 'garrantzi gabeko gai absurdo bat den hau', noizbait alkandora hutsean norabait joan eta jendea atentzioa deitzen hasi(ko) bazait.

Txaketa-gorbaten aurka aritzean, alkandora bai baina kamiseta tiranteduna ez dudala aipatu, diozu. Nolabait nire muga marraztu banu bezala.

Anasagasti oker ez zegoela zenionean, ez zinen kamiseta tirantedunaz ari, baizik eta txaketa eta gorbataz... versus alkandora hutsa. Anasagasti behintzat horretaz ari baitzen. Beraz, Anasagasti oker ez dagoela uste baduzu, baina zu alkandora hutsean joatearen alde aritu bazinen, egia izango da ulertzaile kaxkarra naizela edo gauzak argi ez dituzula azaldu.
Zeren eta... esan nahi baduzu telebistan alkandora hutsa zilegi dela, baina parlamentuan edo bake konferentzia batean ez, ba berriro nire lehengo idazkira noa: Kofi Annanen aurrean gorbata beharrezkoa dela uste aurkezle edo politikariak, erakuts diezadala niri (telebista ikusle edo herritar xume honi) hari bezainbeste errespetu estetiko eta formal.
Nik justu alderantzizkoa defendatzen dut, noski.

Azkenik, kamiseta tiranteduna aipatzean, gizonezkoez ari zara ala? Ze emakumeak sarri ikusi baititut telebistan aurkezle lanetan beso-agerian, eta inori ez zaio gaizki iruditzen (Anasagastiri ez dakit). Itxura txukuna esatean hondatuta ez dagoen arropa garbi txukunaz ari nintzen, nik ez neukake-eta ezertxo ere kamiseta tirantedunean agertuko litzatekeen albistegi-aurkezle baten kontra. Edo politikari baten aurka. Donostiako alkatea txankletan omen doa udaletzean barrena, eta nire kritika bere agintari lanari egingo diot, ez besteri.
Facta non verba esaten den bezala, Facta non itxurae diot nik.

PD: gorbataren alde egon ala ez, ez al duzue uste tamalgarria dela konferentzia mamitsu honetako gai eztabaidatuenetako bat ditxosozko gorbatak izatea? Facta..

Erantzun (klik zabaltzeko)

Publizitatea

Zer Erantzi

Zer erantzi: moda, estetika, estiloa... Estereotipoak borrokatzeko gogoz, hiru estilista: Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna elastikoa.

Badakizu zuk ezer estiloaz edo estilo faltaz? Zure kamisetak, modak edo abarrak hemen agerrarazi nahi? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com

 

Albiste gehiago

zer-erantzi gaia duten albiste gehiago

 

Pil-pilean!

Erantzun gehien izan dituzten albisteak

 

 Nabigatu euskaraz