Euskal Kazetarien Elkarteak, Ignacio Ellacuría Zentruaren laguntzarekin batera, datorren urriaren 31an, astelehena, arratsaldeko 19.30etan, Nikos Megrelis kazetari eta zuzendari greziarraren SHOOTING vs SHOOTING dokumentala emango du.
Gainera, Megrelis bera ere dokumentalaren ematean egongo da. Munduan zehar erahildako kazetarien inguruko dokumentala da.
Gaueko irratsaio batean entzuten ari nintzen eta halako batean norbaitek aipatu du Euskalmeten agertzen den eguraldi mapari itxura aldatu diotela. Euskal Herria txikiago egin zaigu eta inguruko beste probintzi eta elkarte autonomoak desagertu dira. Nafarroa desagertu egin da!Non ezkutatu dute Nafarroa? Nola jakin dezakegu nafarroan zein eguraldi egiten duen? Zer egiten ari diren mapekin? Eguraldia ere polizatu egin zaigu.
Bitxikeria atzo Espainiako telebista publikoan. Cuéntame cómo pasó telesailean Antonio Alcantara pertsonaia nagusiak kooperatibismoaren aldeko solasa bota zuen atzoko atalean. Eta, besteak beste, Mondragon Korporazioa osatzen duten enpresa kooperatibistak goratu zituen. Ordaindutako iragarkia balitz ere, nekez halako propaganda onik. Hauxe bideoa , RTVEren web-gunetik. Mondragoni buruzkoa 47. minutuan botatzen du Alcantara jaunak.
Donostiako Pintxos & Blogs topaketetako hurrengo afaria, gaur zortzi izango da, azaroaren 4an, eta euskaraz eta gaztelaniaz izango da. Euskal Hiria da gaia eta gonbidatuak dira Igor Calzada soziologoa (gaiari buruz liburua laster kalean), Kepa Korta Donostiako Plan Estrategikoko zuzendaria, eta Antxon Lafont enpresaria. 45 lagunentzako tokia dago Astoria7 hotelean, eta erreserba egin behar da Paypal bidez.
Azken egunotan prentsan dabilen zurrumurrua: Gipuzkoako Autopistetako peajea garestitu egingo omen da, Bidegik zor handia duelako. Beste bide batzuk, berriz, doan izaten jarraituko dute. Beti berdinek ordaindu beharko dituzte zorrak? Eneko Astigarragak lerro batzuk idatzi ditu Eibartarrak zerrendan eta guk hona ekarri ditugu CC-by-sa lizentzia erabilita.
Larunbatean hasten den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. astean, 12 film luze
eta film laburren lehiaketako lan guztiak "ikusi ahal izango dira euskaraz, azpititulatuta.": http://irutxulo.hitza.info/2011/10/18/euskaraz-ikara-batean/ Film luzeetarako, gainera, Donostiako Euskara Patronatuak sarrera bikoitzak ematen ditu opari: beraien Facebook-eko hormatik igaro, hartu nahi badituzu. Ikusgai dauden filmen artean, klasikoak hala nola Laranja mekanikoa edo Gizajaleen holokaustoa.
*Duela astebete ETAk armak utzi zituela iragarri eta gutxira, bertso saio teknologiko bat gertatu zen Bilbon. Une berezi hori jaso du Joseba Erremundegik, eta hona ekarri dugu, bere baimenarekin.*
Egunek abiadura bizian egiten dute aurrera, eta ia-ia ohartu gabe iritsi zaigu Gaurko Hitzaren 3. urteurrena ospatzeko ordua. Iaz laguntza eskatu nuen ekimenaren 2. urteurrena ospatzeko: nork bere gustuko hitza aukeratu, bideo bat atondu eta youtube-ra igo. Zalantzarik gabe, arrakastatsua eta emankorra izan zen eskea; izan ere, denon artean 84 bideo/hitz grabatzea lortu baikenituen. Gaurko hitzaren kanalean dituzue denak ikusgai.
Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea Donostian irekiko da ostiralean, eta euskaltzainburu izandako Luis Villasanteren izena eramango du. Era berean, Ibaetako Tolare baserriko egoitza hau, Donostiako Euskaltzaindiaren ordezkaritza izango da.
ETAren amaieraren ondoren idatzi behar omen den errelato/kontakizuna du gaitzat Luistxoren artikuluak, baina bide batez azaltzen du zer den Interneten katutxo bat hiltzea:
Inork azalekoa edo alferrekoa den klixe edo berba-fetitxe bat aipatzen duen bakoitzean, katutxo bat hiltzen du (berak pertsonalki, edo Jainkoak haren izenean). Argitasuna eskertzeko modu bat da, topiko nekosoak arbuiatuz; edo bullshit hizkera mordoiloa (kaka esplikatzea) salatzeko bidea. Ez izan nekosoa, ez izan nagia; modan jarritako fetitxe lexikoak errepikatu baino, esan ezazu esan beharrekoa bihotzetik, benetako berbekin, esan ezazu argi, edo bestela isildu, baina ez ezazu katutxorik hil mesedez.
Udal taldeak lanean jarri zenetik 100 egun pasa direla eta, Zabiel Kultur Etxera deitzen digu herritar guztioi beraien lanaren berri ematera. Ondo dago nere ustez zer egin duten eta zer ezin izan duten egin herriari jakitera ematea. Hau ikusi, eta galdera etorri zait burura: “Mutrikuko Udaleko web gunean jarriko al zuten deialdia ?” Zoritxarrez, espero nuen erantzuna aurkitu det: ez, web gunean ez dago ezer honi buruz.
Bateragune epaiketaren auzia gaitzesteko eta Arnaldori herritarron bultzada emateko Elgoibarko Arnaldo Askatu Herri Ekimenak Kontzertu Akustikoa antolatu du Urriak 27an ostegunean arratsaldeko 19:30tan Elgoibarko Herriko Antzokian. Kartel izugarri bikaina osatu da lehen mailako 11 euskal musikariren partehartzeaz: Oreka TX, Napoka Iria, Asier Serrano, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Ion Gurrutxaga, Kerobia, Zea Mays, Ken 7, Esne Beltza eta Gose!
Galder Unzaluk hitzaldia emango du Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargoan urriaren 26an, asteazkenean, 19:00etan. Hitzaldiaren izenburua: Sugea dantzan, She's in fashion-etik Bilbao Euskaraz-era. Saiakera-lan horrekin 2. saria lortu zuen Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu sarietan.
Euskal aditz laguntzailea jokatzeko tresna bat da Aditzak.com. Adizki egokia aurkitzeko modurik errazena. Interfazeko ezkerretik eskuinerako aukeretan, hautatu modua, denbora, eta aditz mota, eta hortxe agertuko zaizu. Gure adibidean,genkizkiakeen / genkizkinakeen. Garikoitz Knörr filologoak sortu du, Ideateca enpresaren laguntzarekin.
Komunikazio korporatiboaren hizkuntz politika zehatz bat ezartzeko proposamen irekia da hau. Euskararen normalizazioa eta komunikazioaren eraginkortasuna izan dira irizpide nagusiak proposamena osatzeko. Hainbat betekizun dakar aldean proposamenak: erakundeen aldetik, hedabideen aldetik eta profesionalen aldetik. Jendea uste duguna baino aurrerago dagoela sinetsita nago, eta garaia da gauzak positiboki definitzeko.
Gaur egun teknologia berrien hedapena dela-eta, gero eta gutxiago erreparatzen diogu gure pribatutasunari: ordenagailua, telefono mugikorra, bankuak, sare sozialak... batzuetan ez daukagu oso argi nola egin behar ditugun gauzak, seguru egoteko norbaiten laguntza behar dugu. Horixe da ikastaro honen helburua: Teknologia berriak eta intimitatea.
Global Wave Conference,Olatuen Babesari buruzko nazioarteko biltzarra, Miarritzen (Bellevue aretoan) eta Donostian (Kursaal jauregian) egingo da datorren gaur eta bihar (hilak 24 eta 25), Surfrider Fundazioak eta Donostia 2016 Hiriburu Kulturalaren antolakuntzaren eskutik. Bi egunetan 9.00etatik hasita, ekitaldi irekiak dira.
Diario Vascok gaur dakarren artikulu batean, gaztelaniazko ortografia okerraren gaitza tratatu dute. Bi kontu omen dira kulpanteak, batetik Internet eta mugikorrak, eta bestetik, elebitasuna. Euskara, alegia.
«Estamos en una enseñanza bilingüe, lo que se nota en la ortografía porque se producen interferencias entre el euskera y el castellano, sobre todo en las bes, las ges y la ka», señala Jesús Grisaleña. Estas interferencias afectan sobre todo al castellano, que es donde se detectan más errores.